Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  412 enpresak adierazi dute Lanhitz egitasmoan parte hartzeko interesa

412 enpresak adierazi dute Lanhitz egitasmoan parte hartzeko interesa

2007-10-10 / 07:50 / Eusko jaurlaritza - HPS   ENPRESA

Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritza Lanhitz programaren bitartez 1.646 enpresarekin jarri da harremanetan eta horietatik 412k Lanhitz programan parte hartzeko interesa azaldu dute.

Dagoeneko 412 enpresak interesa azaldu dute LanHitz egitasmoan parte hartzeko. Datu baikor hori atzo goizean (2007-10-09) eman zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Donostian, LanHitz egitasmoaren lehen urteko jardueraren balantzean. Hortaz, gaineratu zuen Baztarrikak, gutxienez 412 enpresa berri direla euskararen sustapena "aurten beren agendan sartu dutenak". Horietatik 241 Gipuzkoakoak dira (%58,5a), 156 Bizkaikoak (%37,86a) eta 15 Arabakoak (%3,64a). Interesa adierazi duten enpresa horietako 270 (% 65,53a) industria sektorekoak dira, eta 142. (% 34,47a) zerbitzuetakoak.

Enpresetan euskararen erabilera areagotzea helburu, LanHitz ekimena iaz jarri zuen abian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, foru-aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan Sailekin bat eginik. LanHitz ekimenaren lehenengo fase honetan, elebidun kopurua %45etik gorakoa duten guneetan kokatutako 15 langile baino gehiago dituzten enpresekin jarri dira harremanetan.

Prentsaurrekoan ere izan dira: Koro Garmendia andrea, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko sailburuordea, Marina Bidasoro andrea, EGAILANeko Zuzendari- kudeatzailea, Agustin Otsoa Eribeko jauna, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, Gotzon Lobera jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, Estibaliz Alkorta andrea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, eta Eudel-eko ordezkari bat.

Baztarrikak azpimarratu duenez, azken 20 urteen erradiografiak agerian uzten du euskarak Euskadiko Autonomia Erkidegoan "hazkunde demografiko, geografiko eta funtzionala" izan duela. Esaterako, 200.000 hiztun (potentzial) irabazi ditu euskarak hogei urtetan. Gaur egun biztanle guztien artean heren batek daki euskaraz, eta 25 urtetik beherako gazteen artean % 50etik gora dira elebidunak. Elebidunen kopuruak, halaber, gora egin du hiru lurraldeetan eta udalerri guztietan. Gainera, hazkunde demografiko eta geografikoarekin batera, hazkunde funtzionala ere gertatu da: gaur egun orain dela 20 urte baino gehiago erabiltzen da euskara, eta arlo gehiagotan erabili ere. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen den hezkuntza-sisteman -unibertsitatea barne-, komunikabideetan, kultur sorkuntzaren adierazpen guztietan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan edo Administrazioan bertan.

Dena den, onartu du euskararen erabileraren erronka "oraindik irabazi ez dugun erronka" dela. Eta erabileraren erronka irabazteko, hiru baldintza nagusi bete behar direla: hiruetan garrantzitsuena, "herritarren atxikimendua, herritarren borondatea euskara erabiltzearen alde". Beste baldintza bat da euskararen ezagutza areagotzea, gero eta herritar gehiago izatea euskaraz "asko edo gutxi" hitz egiten "dakitenak". Baztarrikaren esanetan, hori beharrezkoa da, "baina ez da nahikoa". Hirugarren baldintza da euskara erabiltzeko aukerak sortzea gizarte-bizitzako esparru ugarietan: "euskaraz hitz egiten jakite hutsa ez da nahikoa, gero eguneroko bizitzan euskaraz jarduteko aukera egiazkorik ez baldin badago".

Horren harira nabarmendu du Eusko Jaurlaritzarentzat euskara lan munduan sustatzea "lehentasunezko jardunbidea" dela eta bere Sailburuordetzak euskara lan-munduan eta esparru sozio-ekonomiko pribatuan sustatzeko xedez ekimen ugari jarri dituela beste herri-erakundeekin "buru-belarri" elkarlanean.

Hutsaren hurrengoa euskararen presentzia lan-mundu pribatuan

Bere ustez, "hutsaren hurrengoa" da gaur oraindik euskararen presentzia lan-mundu pribatuan. "Gaur egun, eskolan euskaldundu eta euskaraz ikasketak jaso dituen gazteak euskara gutxiko lan-mundura egin behar izaten du jauzi". Eta hori "ekidin nahi dugun eta behar dugun zerbait" dela gaineratu du. "Eskolan euskaldundutakoa eta euskaraz formatu dena ez dezala lan-munduak erdaldundu". Izan ere, nabamendu du Baztarrikak, Unibertsitatera doazen gazteen %52ak selektibitate-probak euskaraz egitea erabaki du. "Horrek esan nahi du gure herria hemendik 15 urtera zuzenduko dutenak, gehienak behintzat, elebidunak izango direla. Gazte hauek, etorkizuneko heldu hauek, euskaraz jarduteko aukera izan behar dute lan-mundurako saltoa egiten dutenean". Esan duenez, horretara dator LanHitz, ekimen guztien bizkarrezurra: "lana eta hitza euskaraz uztartzeko/lotzeko aukerak sortzen laguntzea da bere helburua".

  • 1) Herri-erakundeak bat eginik aritu dira: Eusko Jaurlaritza (Eusko Jaurlaritzaren barruan, gainera, Lan Saila, Industria Saila eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), hiru Foru Aldundiak eta Udalak EUDELen eskutik.
  • 2) Lankidetza-hitzarmenak sinatu eta garatu dituzte lan-munduko eragile garrantzitsuekin: enpresaburuen elkarte guztiekin, lau sindikatu nagusiekin, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin, Euskadiko hiru Aurrezki Kutxekin eta Makina Erreminta Institutuarekin (IMH).
  • 3) Lantokietan euskarari lekua egiteko markoa eta metodologia sortu eta enpresen esku jarri dute (EME Erreferentziazko Marko Estandarra).
  • 4) Enpresaz enpresa sentsibilizazio eta sustapen lan sistematizatu bat egin dute.
  • 5) Laguntza teknikoak eta ekonomikoak jarri dituzte enpresen esku: legealdiko bi urteetan bikoiztu egin ditugu diru-laguntzak.
  • 6) Euskararen Kalitate Ziurtagiria, hau da, euskararen erabileraren ebaluazio eta errekonozimendu ziurtagiri publiko eta ofiziala sortzeko lanak egin dituzte.
  • 7) Komunikazio plan iraunkorra garatu dute.

Esparru sozio-ekonomikoko eragile naturalekin harremanak finkatu eta sendotu

2006ko irailean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatu zituen hitzarmenak enpresaburuen elkarte guztiekin (CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA) eta lau sindikatu nagusiekin (ELA, CCOO, LAB eta UGT). Gerora, Euskadiko hiru Aurrezki Kutxekin (Gipuzkoa Donostia Kutxa, BBK eta Caja Vital), Makina Erreminta Institutuarekin (IMH) eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin sinatu ditugu hitzarmenak.

Sentsibilizazioa eta sustapena enpresaz enpresa

Baztarrika azaldu du lehen urte honetarako aukeratu dituzten enpresak ondorengo irizpideok betetzen dituztenak izan direla:

  • Elebidunen kopurua %45etik gorakoa duten zonalde soziolinguistikoetan kokaturiko enpresak.
  • 15 langile baino gehiago dituztenak.
  • LanHitz webgunearen edo 012 telefonoaren bidez espresuki eskaera egin dutenak.

Irizpide horiek betetzen dituzten enpresak 1.929 dira.

Baztarrikak esan du enpresa horietara guztietara hurbilduko direla 2007 urte hau bukatzerako. "Gutuna eta informazio idatzi bidaltzen diegu lehenik; ondoren, telefonoz deitzen diegu; segidan, hala nahi duenari bisita pertsonalizatua egiten diogu; jarraian, hala nahi duenari bere enpresaren oinarrizko hizkuntza-diagnostikoa egiten diogu; hurrena bigarren bisita pertsonala egiten diegu, eta jarraipenerako bidea irekitzen saiatzen gara".

Hizkuntza Politikarako buruak azaldu du irailaren 30 arte 1.646 enpresetara heldu direla. "Horietatik 1.227 dira erantzun dutenak (deia egin diegunen %74a)". "Erantzun duten 1.227 enpresa horietatik 448 momentuz interesik ez dutela adierazi digute, eta badira beste 367 oraindik erantzunik eman ez digutenak. Nolanahi ere, 412 enpresa dira (jadanik erantzun dutenen % 33,58a) LanHitz egitasmoan parte hartzeko interesa adierazi dutenak".

412 enpresa horiekin beren enpresetako hizkuntza-egoerari buruzko oinarrizko diagnostikoa egiteko lan-bilera egin diete. Hortaz, gehitu du gutxienez 412 enpresa berri direla euskararen sustapena "aurten beren agendan sartu dutenak".

  • Interesa adierazi duten enpresa hauei lurraldeka erreparatuta, 241 Gipuzkoakoak dira (%58,5a), 156 Bizkaikoak (%37,86a) eta 15 Arabakoak (%3,64a).
  • Interesa adierazi duten enpresa horietako 270 (% 65,53a) industria sektorekoak dira, eta 142. (% 34,47a) zerbitzuetakoak.

Baztarrikaren arabera, urte honetan egin duten, eta egiten jarraitzen duten, "sustapen eta sentsibilizazio" lan hau, "inolako zalantzarik gabe", gure gizartean orain arte egin den "ahaleginik zabalena, handiena eta sistematizatuena" dela. Gainera, herri-erakundeen eta enpresaburuen eta sindikatu nagusien "bermeaz" egin den lehen saioa da.

Laguntza tekniko eta ekonomikoak

Enpresaren hizkuntza-egoeraren gaineko oinarrizko diagnostikoa egin eta prozesua aurrera eramatea erabakitzen duten enpresentzat hainbat laguntza tekniko eta ekonomiko jarri dituzte abian urte honetan: euskakdi.net atariko Lanhitz web orriaren bidez eta 012 telefonoaren bidez informazio eta aholkularitza zerbitzua; EME (Erreferentziazko Marko Estandarra); agiri-ereduen banku telematikoa; CRMa (bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistema hedatuena) euskarara lokalizatzea; euskalduntzeko eta alfabetatzeko moduluak, eta trebakuntza saioak HABEren eskutik; prestakuntza saioak: Linguanet Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioarekin, 30 + 10 mintegia Makina Erreminta Institutuarekin IMH; beste zenbait baliabide informatiko; eta diru-laguntzak.

Diru-laguntzei erreparatuta, sailburuordeak esan du 2007an 2.300.000 euro banatu dituela Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera planen diseinua, garapena eta kudeaketa diruz laguntzeko. Argitu du diru-kopuru hori "2006an baino %26 gehiago" dela, eta legealdiko lehen urtean, "2005ean baino % 105,6 gehiago".

Guztira 141 enpresa izan dira diru-laguntza jaso dutenak, horietatik 33 berriak.

Euskararen Kalitate Ziurtagiria

Bestalde, gogorarazi du 2007 urtean zehar "lan isila baina sakona" egin dutela Euskalit Fundazioarekin elkarlanean, aurreratuz hilabete gutxi barru, aurtengo urtearen amaierarako, enpresen esku jarriko dutela Enpresetako Euskararen Kalitate Ziurtagiria, "ziurtagiri publiko eta ofiziala, egituratu eta finkatzeko". Horrela, euskarari lekua egitearekin, euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza bihurtzearekin, enpresek zerbitzu "hobea eta kalitate handiagokoa ematea lortuko dute". Ziurtagiri honen bitartez, euskararen erabilera enpresa munduan ohikoak diren "kalitate parametroetan ebaluatu eta errekonozitu dadin nahi dugu". Ziurtagiri bat, azpimarratu du, enpresek "ordaindu beharrik izango ez dutena, baina irabazi beren merituei esker irabazi ahal izango dutena".

Esplikatu duenez, urte honetan jarduera eta zonalde ezberdinetako hainbat enpresatan ari dira testatzen Ziurtagiri honen ebaluazio-eskema, eta berehala izango da kalean. Urte honetan jadanik eratu dituzte Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren Artezkaritza Batzordea (mahai honetan gauden herri-erakundeok eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEAk osatzen dutena), eta Ziurtagiriaren Kudeaketa Batzorde Exekutiboa (oraingoz Artezkaritza Batzordeak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak osatzen dutena).

Erronkak epe motzera

Aurrera begira hainbat erronka dituztela esku artean adierazi du Baztarrikak; lehenbizi, herri administrazioen arteko elkarlana, "bideratzen eta koordinatzen jarraituko duguna". Baita ere mundu sozio-ekonomikoko eragile nagusiekin, enpresaburuen elkarteekin eta sindikatuekin. Bigarrenik, sustapen eta sentsibilizazio lan sistematizatuarekin jarraituko dutela iragarri du, eta bigarren faserako honako bi irizpide hauek hartuko direla aintzat: "gune soziolinguistiko gehiagotara hedatzea, eta, Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Legearekin lotuta, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko atala garatzen duen dekretuan jasotako sektore estrategikoak lehentasunezkotzat jotzea". Hirugarrenik, laguntza tekniko eta ekonomikoekin jarraituko dutela esan du; eta, azkenik, berretsi du euskararen erabileraren errekonozimendu eta ebaluazio sistema finkatuko duen Euskararen Kalitate Ziurtagiria kaleratuko dutela, EUSKALITekin elkarlanean.

Errentagarritasun sozial eta ekonomikoa

Amaitzeko, Baztarrikak esan du aberastasun ekonomikoa sortzea dela enpresen helburu nagusia, "baina ez bakarra". Izan ere, bere iritziz, enpresen helburua "ere bada" gizartearen kohesio eta elkarbizitzaren alde lan egitea: "enpresek euskarari lekua eginez ekarpen handia egin diezaiokete Herri honetako hizkuntzen elkarbizitzari eta, ondorioz, gizarte honen elkarbizitzari". Gizartearen oraina eta geroa "eleaniztasuna" dela esan ondoren, iragarri du lehiakortasunaren deman "abantaila bat" irabaziko dutela euskarari heltzen dioten enpresek. Sailburuordea konbentzituta agertu da "errentagarritasun ekonomikoa eta soziala berarekin" dituela lan honek, eta adierazi "izpiritu horrekin" jarraituko dutela datozen hilabeteetan.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Ba al dago jakiterik?
2007-10-10 / 09:20 / Aitor Etxeberria

Ba al dago jakiterik enpresa horiek zeintzuk diren? Herri eta eskualdeetan euskararen sustatze-lanetan ari garen euskara-talde edo elkarteontzat lagungarria izan dakiguke jakitea gure inguruko zeintzuk enpresak duten euskararen aldeko sentsibilitatea, indarrak batzeko edo kanpainaren batean parte hartzeko gonbidapena luzatzeko... Horretaz aparte, eta gizarte mailan, ez legoke batere gaizki hainbat enpresaren euskararen aldeko apustua sozializatzea. Horrela, une honetatik bertatik ezagutu litzakete beraien apustu horrek ekar liezazkiekeen abantailak.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus