Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Recuperación del euskera en Navarra' liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak

'Recuperación del euskera en Navarra' liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak

2007-09-25 / 08:35 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

XX. mendearen azken laurdenera arte ez bezala, azken 20 urteotan, Nafarroan euskarak berreskuratzeko zantzuak erakutsi ditu. Halaxe ondorioztatu du Miquel Gros i Llados ikertzaileak Euskaltzaindiak Vianan aurkeztu duen lanean, Recuperación del euskara en Navarra liburuan.

1986. urteaz geroztik, udal erroldatan bildutako datuak hartu ditu oinarri egileak aipatu ondorioari heltzeko. Izan ere, liburuan nafarrek udal erroldetan (1986tik 2001era) euskararen ezagueraz ematen dituzten erantzunak aztertzen dira.

Gros i Lladosen aburuz, fenomeno harrigarria gertatu da tarte horretan. Hala, bada, "euskarak 50.000 hiztun baino gutxiago zituelarik, bazirudien desagertzeko gertu zegoela, gehienez ere belaunaldi batez iraungo zuela". 1986tik 2001era 2 puntu gora egin du ezagutzak, ehuneko 10etik 12ra. 15 urtetik beherakoen artean, gainera, ehuneko 21era iritsi da: euskara ohiko komunikazio-tresna zen eremuetan indartu delarik, ahulago zegoen eskualdeetan ere hobekuntza antzeman da.

Etorkizunari begira, gainera, prozesuak etenik izango ez duen ustekoa da Miquel Gros. Liburuan aurreikuspen-taulak ere erantsi ditu eta, haiek erakusten dutenez, euskararen indartzea ume eta gazteen alfabetatzeaz etorriko da.

Hori ere azpimarratzen du Andres Iñigok, liburuaren aitzinsolasean: "Euskarak Nafarroan azkeneko hogei urteetan, irakaskuntzaren bitartez batik bat, izan duen bilakaeraren erakusleihoa da liburu hau eta bertan ikus daitezke emandako urratsak, oro har, handiak izan direla, euskararen lege murriztailetik espero zitekeen baino anitzez hobeak. Biziki interesgarria da -gaineratu du euskaltzainak- egileak 2001eko erroldako datuekin egin duen 25 urtetik beherakoen azpi-sailkapena, eta interesgarriagoa oraindik egiaztatu ahal izatea zein den leku bakoitzean 15 urtetik beherakoen artean euskara dakitenen ehuneko kopurua. Nafarroako kopuru orokorra, 1986 eta 2001 bitartean 2 puntu igo ondotik, ehuneko 12,1ekoa baldin bada, 15 urtetik beherakoena 21,3koa da. Begi bistakoa da igoera nabari hori D ereduko irakaskuntza publikoari eta ikastolei zor zaiela.".

Errolda errealitate objektiboa ezagutzeko tresna eraginkorra izan daitekeelakoan, lan sistematiko zehatza burutu du Miquel Grosek, datu estatistikoen eboluzioa xehetasun osoz aurkeztuz, baita udalez udal eta eskualdeka ere. Hortik ateratako emaitzek azaleratzen dute, Andres Iñigo euskaltzain osoaren esanetan, "egoera berri eta itxaropentsu baten aitzinean gaudela", nahiz eta aitortzen duen datuok euskara jakitera mugatzen direla: "Euskararen benetako biziraupenerako jakitetik erabiltzera eman beharko da urratsa", erran du euskaltzainak.

Liburuaren egilea eta Andres Iñigo bat etorri dira adieraztean lan honek indarrean dagoen euskararen mapa zalantzan jartzen duela. Gros i Lladok nabarmendu du "nafarrak euskararen berreskurapenaren alde" daudela. Hortaz, "agintari administratiboek bat egin beharko lukete, hizkuntzaz gaindiko ezein interferentzia gaindituz".

Omenaldia eta eztabaida

Recuperación del euskera en Navarra liburuarekin, Nafarroan euskararen alde lan egin/egiten duten guztiak omendu nahi izan ditu Grosek. Bestalde, Nafarroako euskararen etorkizunari buruzko zentzuzko eztabaida proposatu nahi du egileak.

Miquel Gros i Lladós katalana da eta gaztaroan Iruñean bizi izan zen 10 urtez. Abokatua da lanbidez, baina benetako bokazioa soziolinguistika du. Hizkuntza gutxituak ditu kezka nagusi eta urteak dira Nafarroako euskararen egoera ikasten hasi zenetik, "ikuspuntu diakroniko zein soziologikotik abiatuta".

Nafarroa Oinez 2007 festarekin bat

Miquel Gros i Lladósen liburuaren aurkezpena Euskaltzaindiak joan den astean Vianan burututako ekitaldietako bat izan zen. Izan ere, antolatzaileengandik jasotako gonbitari erantzunez, aurten ere Nafarroa Oinez festarekin bat egin du Euskaltzaindiak eta Vianan hainbat ekitaldi burutu ditu: 2007-9-20an, arratsaldean, Onomastika batzordea bildu zen, 21eko goizean ere Onomastika batzordea eta, arratsaldean, Sustapen batzordea.

Bestalde, Vianako Erentzun ikastola bisitatu zuten Onomastika eta Sustapen batzordeetako kideek. Han, ikasle talde batek harrera egin zien euskaltzainei.

2007-9-21ean, arratsaldez, Vianako Kultura Etxean ageriko bilkura egin zen. Gregorio Galilea Vianako alkateak, Ventura Gonzalez Ikastolako lehendakariak eta Aritz Lizarraga Ikastolako zuzendariak eman zioten hasiera eta Andres Urrutiak, aldiz, amaiera. Ondoren, Recuperación del Euskera en Navarra liburua aurkeztu zen. Liburua Miquel Gros i Lladósek idatzi du eta Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 4. liburua da.


Gai honekin zerikusia duten artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus