Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Donostiako merkatari eta ostalarientzako webgunea

Donostiako merkatari eta ostalarientzako webgunea

2007-07-12 / 08:30 / Donostiako Euskararen Udal Patronatua   INTERNET

Merkataritza eta ostalaritza arloen euskara beharrak asetzen lagundu nahi duen tresna berria sortu eta amaraunean jarri du Donostiako Euskararen Udal Patronatuak: www.merkatari.net.

Donostiako merkataritza eta ostalaritzan eragiteko egitasmoa

Donostiako merkataritza eta ostalaritzan eragiteko egitasmoa

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko zenbait ekimen jarri ditu abian azken hilabeteetan.

Hasteko ostalariei eta merkatariei eskaintzen dizkien zerbitzuen berri emateko asmoz, 5.000 esku orri banatu zituen hiriko sektoreko profesional guztien artean. Zerbitzu horiek euskara jakin ez edota euskara ondo menderatzen ez dutenei zuzenduta daude bereziki: errotuluak euskaraz jartzeko diru-laguntzak, jendaurreko testuen itzulpen eta zuzenketa dohainik...

Zerbitzu ugari

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkatari eta ostalarientzat espreski sortu berri duen web-a da www.merkatari.net. Bertan, Euskararen Udal Patronatuak ematen dituen diru-laguntzen berri ematen da: euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntzen gaineko informazioa, establezimenduetako kanpo errotulazioa euskaraz edo ele bietan jartzeko ematen dena...

Bestalde, Donostiako establezimenduetan euskarazko jendaurreko testu laburren presentzia areagotzeko asmoz, patronatuak zabalkunde soziala izango duten testu laburrak (errotuluak, ordutegi-txartelak, prezio-zerrendak, oharrak, esku orriak eta abar) itzuli, zuzendu edota zalantzak argitzeko zerbitzua ere eskaintzen du webgunean.

Horrez gain, albiste buletina sortu da ostalari zein merkatarientzat interesgarri izan daitekeen edozein informazio emateko: prentsan argitaraturikoa, merkataritza eta ostalaritza elkarteek sortutakoa...

Bestelako informazio praktikoa ere aurki daiteke merkatari.net-en ikastaroei buruzko informazioa, hiztegiak on line erabiltzeko aukera, euskara lan esparruko idatzietan erabiltzeko Lanerako Idazkiak argitalpena, Donostiako euskaltegien zerrenda, Koldo Izagirre idazlearen Euskara Platerean izeneko atala, gastronomiarekin zerikusia duena, eta abar.

Diruz lagundutako ikastaroak

Bestalde, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako oinarrizko euskarazko ikastaroak antolatuko ditu irailetik aurrera. Oinarrizko ikastaro praktikoak izango dira eta bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da helburua.

Ikastaro bakoitzak, bai merkatariei zuzendutakoak, bai ostalariei zuzendutakoak, 60 ordu iraungo ditu. Izena emateko epea zabaldu da dagoeneko eta interesatuek abuztuaren 10a baino lehen eman beharko dute izena Euskararen Udal Patronatuaren bulegoan, www.merkatari.net edo www.euskaraz.net webguneetan edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea.

Ikastaro praktikoak izango dira eta ahozko komunikazioa eta ulermena landuko dira. Horretarako HABEK espresuki sortutako ikasmateriala erabiliko da: Dendaketan izeneko materiala merkataritza sektoreko ikasleentzat eta Ostalaritza izenekoa ostalaritzan ari direnentzat. Material hauetan, besteak beste, honakoa lantzen da: sektore hauetako oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak...

Taldeak eskariaren arabera antolatuko dira Donostiako hainbat euskaltegitan.

Ikastaroan izena ematen dutenek 50 euro ordaindu beharko dituzte. HABEk diruz lagundutako ikastaroak izateaz gain, Euskararen Udal Patronatuak ikastaro hauen kostuaren ia % 60a hartuko du bere gain. Horrekin batera, bertan erabiliko den materiala ere doan lortzeko aukera izango dute parte-hartzaileek asistentziaren % 85 gainditzen badute.

Ostalaritza eta merkataritzaren garrantzia euskararen erabileran

Donostia da euskaldun kopuru gehien duen hiriburua. 60.000 donostiarrek ondo hitz egiten dute euskara, eta guztira, 110.000 lagunek ulertu egiten dute. Horien artean, gehienak 40 urte azpikoak dira. Kontuan izatekoa da gainera Donostiak ingurutik jasotzen duen euskaldun kopurua, Gipuzkoako hiriburu izanik, jarduera askotako erdigune baita.

Egun Donostian 3.556 merkataritzako establezimendu irekita daude eta 1.499 ostalaritzakoak. Datu hauek agerian uzten dute sektore honen garrantzia hiriko ekonomi jardueran eta gizarte bizitzan. Gainera, dinamismo handiko sektorea da, saltokiak itxi ahala berriak irekitzen baitira.

Hau guztia kontuan hartuta, Euskararen Udal Patronatua ahalegin berezia egiten ari da sektore honetan euskararen presentzia eta erabilera gero eta handiagoa izan dadin.


(DONOSTIAKO EUSKARAREN UDAL PATRONATUA)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus