Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara, katalana eta galegoaren aldeko hitzarmena Madrileko Kongresuan

Euskara, katalana eta galegoaren aldeko hitzarmena Madrileko Kongresuan

2007-05-11 / 08:00 / HPS - Eusko Jaurlaritza   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskal Autonomia Erkidegoko, Kataluniako eta Galiziako hizkuntza politikarako arduradunek 2007ko martxoan sinatu zuten hitzarmen orokorra aurkeztu dute Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Estatuko aginteen aurrean beraien konpromiso eskaerak plazaratzeko aukera izan da agerraldia.

Eusko Jaurlaritzaren, Kataluniako Generalitatearen eta Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako arduradun nagusiek, Patxi Baztarrikak, Miquel Pueyok, eta Marisol Lopezek, hizkuntza politika gaietarako hiru Gobernuen arteko lankidetza protokolo orokorra aurkeztu zuten herenegun (2007-5-9) Madrilen, Diputatuen Kongresuan egindako ekitaldian hain zuzen, parlamentuko taldeetako ordezkarien zein hedabideen aurrean. Protokoloa hiru gobernuek sinatu zuten duela gutxi Bilbon, eta hirurek bat egin dute lankidetza protokolo historiko honetan berezko hizkuntzen alde elkarrekin jarduteko.

Estatuak eleaniztasuna bere egin dezala

Dokumentua aurkeztu ostean, sinatzaileek bilera bat egin zuten Administrazio Publikoetako Ministerioko ordezkariekin, hain zuzen, José María Vidal jaunarekin, Autonomien arteko Lankidetzarako zuzendari nagusiarekin; José María Pérez jaunarekin, Autonomien arteko Lankidetzarako zuzendariordearekin; eta José María García jaunarekin, ministroaren aholkulariarekin.

Bilkura horretan, hiru gobernuek hitzartutako lankidetza-protokoloaren edukia aurkezteaz gain, hiru autonomia erkidegoetako ordezkariek Estatuko erakundeei eleaniztasunaren praktika bere egiteko eta hizkuntzen erabilera sustatzeko eskatu nahi izan diete, eta horretarako euren lankidetza eskaini eta Estatuko erakundeekin elkarlanean aritzeko borondatea adierazi dute.

Aurkezpenean, erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia nabarmendu dute sinatzaileek, etorkizunean euskarak, katalanak eta galegoak Estatuko erakunde zentralen aldetik tratamendu bidezkoagoa eta erabilera sozialarekin bat etorriko dena jasoko dutela ahalbidetze aldera, horixe bera baita Estatu eleanitz horri dagokiona, batez ere kontuan hartuta bertako biztanleen % 40 berezko hizkuntza gaztelania ez den erkidegoetan bizi dela.

Konpromiso tinkoa

Euskadi, Katalunia eta Galiziako gobernuek konpromiso tinkoa erakutsi dute beren hizkuntza berezkoak (euskara, katalana eta galegoa, hurrenez hurren) biziberritzeko eta haien erabilera normalizatzeko lanean. Horren ondorioz, herrialdean herrialdeko hizkuntzaren aldeko politika positiboak bultzatu dituzte, hizkuntza normalizazioa helburu. Hiru gobernuek uste dute, gainera, benetan eraginkorra eta positiboa dela hizkuntza alorrean elkarlanerako esparru egonkor eta iraunkorra zehaztea eta garatzea, gobernu bakoitzaren politikak eta bereizgarritasunak osoki errespetatuz. Esparru horri esker, esperientziak trukatu eta aztertu, eta egitasmoak eta jarduketak bultzatuko dira, hizkuntzen arteko berdintasun sozial handiagoari begira.

Jakina da Euskadiren, Kataluniaren eta Galiziaren egoera soziolinguistikoak ezberdinak direla. Baina egia da, era berean, hiru aginte publiko horien hizkuntza-politiken azterketak eta elkarlanak onura baino ez diola ekarriko herrialde horien hizkuntza normalizazioari eta Espainiako hizkuntzen tratamenduari. Hiru herrialdeok dituzte aztertu eta partekatzeko moduko esperientzia, informazio eta ezaupideak eta horiek elkarrekin jorratzea da lankidetza iraunkor honen xedea.

Lankidetza-protokoloaren edukiak

Akordio honen argitan, Estatuaren Administrazioan eta Europar Batasunean ofizialak diren hizkuntzak babesteko eta erabiltzeko neurriak sustatzeko garaian, sinatzaileek bidera daitezkeen neurri normatibo, exekutibo eta aurrekontuzkoak bultzatuko dituzte Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean.

Halaber, Estatuak bere erakundeetan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialen erabilera ahalbidetzeko neurriak har ditzan bultzatuko dute, bereziki hauetan: Kongresuan, Senatuan, Justizia Administrazioan, sozietate estataletan, zerbitzu-enpresa publikoetan (Correos eta RENFE, adibidez) eta titulartasun publikoa duten Estatuaren eremuko hedabideetan.

Hezkuntza alorrean ere, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitatek eta Galiziako Xuntak, elkarlanean jardungo dute Espainiako Estatuak gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak ulertzea eta haiekiko tolerantzia bultzatu, eta hizkuntza horiek adierazi ohi dituzten historia eta kulturaren irakaskuntza ziurtatzeko neurriak har ditzan, zeren konpromiso hori hartu baitzuen Estatuak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi zuenean.

Horren haritik, behar diren egintzak sustatuko dituzte, eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzarik ez dagoen Espainiako lurraldeetan bizi diren ikasleen eskola-programek Espainiako eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzen presentzia, horien historia eta izaera tradizionala (edo autoktonoa) jaso dezaten. Orobat, behar diren egintzak sustatuko dituzte, Estatuko unibertsitateetan Estatuko berezko hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza bultza daitezen. Hori guztia, bestalde, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren jarraipen-txostenean Europako Kontseiluak emandako gomendioen esparruan kokatu behar da.

Hizkuntzaren erabilera sozialari dagokionez, euskararen, katalanaren eta galegoaren erabilera areagotzeari begira herritarrak sentsibilizatzeko estrategiak trukatuko dizkiote elkarri, baita hedabideen alorreko politikari dagokionez ere.

Hizkuntzak eta kulturak nazioartean zabaltzeari dagokionez, kultura ekoizpenak eta horien sortzaileak nazioartean zabaltzeko estrategiak sustatuko dituzte, eta nazioarteko hedapen hori baliatuko haien hizkuntza eta kulturen izen ona munduan zabaltzeko. Era berean, euskara, katalana eta galegoa beraien mugetatik kanpo ere presente egon daitezen, estrategiak bultzatuko dituzte.

Hitzarmen honen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, jarraipen batzorde bat osatuko da, honako kideak izango dituena: hiru ordezkari hitzarmena sinatzen duen gobernu bakoitzetik, gobernu horien hizkuntza-politikaren alorrean ardura gorena duten pertsonak batzordeburu direla.

Agiri horretan harturiko konpromisoak 2009ko abenduaren 31 arte egongo dira indarrean. Hala eta guztiz ere, berariaz adierazi gabe ondoko ekitaldian urtez urte luzatzen dela ulertuko da beste protokolo berri bat indarrean jarri arte, edo alderdietako batek protokoloaren amaiera iragartzen duen arte, urtea amaitu baino bi hilabete aurretik gutxienez aurre-abisua aurkeztuta.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus