Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Gipuzkoan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena

Gipuzkoan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena

2007-04-26 / 08:00 / erabili.com   ENPRESA

Gipuzkoa Donostia Kutxak, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkar hartu dute hiru erakundeen artean, alde batetik, eta Gipuzkoako herrietan, bestetik, euskararen erabilera sustatzeko. Lankidetza hori jasotzen duen hitzarmena Donostian sinatu zuten herenegun (2007-4-24).

Gipuzkoako lurraldean garatzeko, eta euskararen erabilera sustatzea helburu, Aldundiak, Kutxak eta EUDELek adostu duten hitzarmena sinatzeko ekitaldian parte hartu zuten Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri; Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrika; EUDEL-Euskal Udalen Elkartearen ordezkariak, Tolosako alkate Jokin Bildarratz; eta Kutxaren ordezkariek, Carlos Etxepare lehendakaria, eta Carlos Ruiz Giza Baliabideen zuzendaria.

Abiapuntuak

Hitzarmenaren abiapuntua koka daiteke HPSk iaz aurkeztu zuen LanHitz hitzarmenean. Une horretan, hiru sinatzaileen ibilbideek Gipuzkoa elebidunago baten alde topo egin zuten, eta bidelagun bihurtzeko aukera ikusi zen. Harrezkero, EAEko hiru Kutxek Jaurlaritzako Kultura Sailarekin sinatu dute hitzarmen bat, euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin urratsak emateko. Hitzarmen haren baitan kokatzen da herenegun Gipuzkoarako sinatutakoa.

Konpromisoak

Hiru aldeen arteko konpromisoak hiru puntu nagusi ditu:

  • Elkarren arteko harremanetan euskararen erabilera sustatzea, ahoz nahiz idatziz, ahal den guztietan.
  • Euskararen erabilera sustatzeko ekimen bateratu edo sinkronizatuak bultzatzea. Espresuki aipatzen da, adibide gisa, errenta aitorpenaren kanpaina.
  • Norabide berean, hitzarmenaren eranskin gisa adostu dute udalentzako hitzarmen marko bat, herriz herri edo eskualdeka lankidetzan aritzeko, Kutxako bulegoak eta udaletako euskara zerbitzuak.

Izenpetutako hitzarmenak bost urteko iraunaldia du.

Ohitura aldaketa, ausardia eta anbizioa

Sinadura ekitaldian, hitza hartzen lehena Patxi Baztarrika izan zen, berak kokatu zuen hitzarmenaren sinaketa LanHitz ekimenaren baitan. LanHitz-en helburu nagusia, "lan munduko agente naturalen arteko adostasuna, konpromisoa eta elkarlana sustatzea da, euskararen erabilera areagotzeko". Eta Kutxari eskertu zion "euskararen erabilera normalizatzeko egin duen eta egiten ari den lana". Azken hitzak baikorrak izan zituen: "Aurrera goaz. Horren lekuko da gaurko hitzarmena".

Ondoren, Carlos Ruizek jardun zuen. Mintzaldi mardulena berari zegokion, eta errepasoa egin zion Kutxak egindako ibilbideari, elebitasuna jomuga hartuta. Azterkutxa ikerketaren datu batzuk erabili zituen, adierazteko "datu onak dira, baina, enpresako hizkuntza ohiturak aldatzen ez badira, elebidun sartzen direnak elebakar bihurtzeko arriskua dago". Arrisku hori sahiesteko, bi tresna ditu Kutxak: Hizkuntza Politika Orokorra eta Elebitasun Plana. Biak laster onartuko diren itxaropena azaldu zuen Carlos Ruizek.

Sinatzaileen txandan, Jokin Bildarratz izan zen lehena, eta garrantzi handia eman zion Kutxaren konpromisoari, gipuzkoarren eguneroko bizitzan eragile handia den aldetik. Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik eskatu zuen ausardia eta anbizioa, hizkuntza gaietan. "Ez naiz elebidun formalaren oso aldeko, euskarak bultzada berezia behar du. Eta ekimen hau norabide onean doa". Azken hizlaria Kutxako lehendakaria izan zen, Carlos Etxepare. Gogorarazi zuen EAEko hiru Kutxek Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena, eta haren ildoan jarri zuen Gipuzkoakoa. Eta bidelagunei argi esan zien: "Kutxa zintzoa izango da, hartutako konpromisoak bete egingo ditu".


Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak eta EUDELen hitzarmenaren edukia ikus dezakezue HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus