Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Aurrezki kutxetan euskara sustatzeko akordioa sinatu dute

Aurrezki kutxetan euskara sustatzeko akordioa sinatu dute

2007-03-29 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   ENPRESA

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Aurrezki Kutxek (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Caja Vital Kutxa) euskararen erabilera sustatzeko lankidetzarako hitzarmen markoa sinatu zuten atzo (2007-3-28) Gasteizen. Miren Azkarate Kultura sailburuak eta Carlos Etxepare Kutxako eta Euskadiko Aurrezki-Kutxen Federazioko presidenteak "aurrerapauso garrantzitsutzat" jo duten hitzarmenak lau lan-ardatz garatuko ditu.

<b>Hitzarmenaren lan-ardatzak</b>

Hitzarmenaren lan-ardatzak

Hizpide dugun akordioa lau lan-ardatz nagusitan gauzatuko da:

  1. - Sinatzaileek informazioa eta ezagutza elkarri trukatzeko borondatea agertzen dute honako gaien gainean:
    • Egoera soziolinguistikoaren eta hizkuntza-politikaren inguruko diagnostikoak konpartituko dituzte, etorkizunerako estrategia bateratuak lantzeko.
    • Kutxen jardun-eremuetan euskararen presentzia areagotzeko tresna eta beharrizanak identifikatuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin horiek diseinatzeko eta zabaltzeko.
  2. - Beste lan-ildoa honakoa da: aholkularitza, komunikazioa eta produktu eta zerbitzuen eskaintza. Eusko Jaurlaritzak, LanHitz programaren bidez, esparru sozio-ekonomikoan euskararen integrazioa bultzatzeko aholkularitza orokorra emango die kutxei, eta tresnak nahiz bestelako baliabideak jarriko dizkie eskura beren euskara-planak eta jarduketak planifika ditzaten.

    Halaber, aurrezki kutxa sinatzaileetako bakoitzaren ingurumaria kontuan hartuta, ahalik eta produktu eta zerbitzu gehienetan euskararen integrazioa zabaltzeko eta sustatzeko lanean bideratutako jarduketak abian jartzeko lankidetza bultzatuko da, eta, horrekin batera, bezeroek jarduketa horiek erabil ditzaten ahalegina egingo da, batik bat modu zuzen eta pertsonalizatuan.

  3. - Erakunde sinatzaileok elkarlaneko proiektuak eta egitasmo partekatuak aztertuko dituzte, egitasmo konpartituak abiatu eta euskararen proiekzio sozialean lankide izateari begira.
  4. - Azkenik, akordio-marko honen barruan, akordio espezifikoak gauzatu ahal izango dira kutxekin, banaka hartuta. Aurrezki kutxek bereizgarritasun propioak dituztenez gero, bakoitzak banakako akordio espezifikoak adostu eta garatu ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzarekin.

Eragile nagusiak bide-erakusle

Miren Azkarate sailburuak nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzak "berebiziko garrantzia" ematen diola esparru sozio-ekonomikoan euskararen "erabilera eta presentzia areagotzeari", eta horretarako, "hainbat urrats" eman dituztela gizarte-eragileen "partaidetza eta inplikazioa lortzeko". "Horren erakusgarri dira, pasa den irailean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresarien elkarteekin eta lau sindikatu nagusiekin, sinatutako hitzarmenak", gaineratu zuen prentsaurrekoan Azkaratek, honako mahaikideak ondoan zituela: Carlos Etxepare Zugasti jauna, Gipuzkoa Donostia Kutxako lehendakaria; Gregorio Rojo García jauna, Caja Vital Kutxako lehendakaria; Guillermo Ibañez Bilbao Bizkaia Kutxaren ordezkaria (Xabier de Irala presidentearen ordez); eta Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

Halaber, oroitarazi zuen Euskalitekin elkarlanean ari direla euskara "kalitatearekin, bikaintasunarekin eta berrikuntzarekin" lotuko duen ziurtagiri ofiziala zabaltzeko, eta LanHitz programa ere jarri dutela martxan "enpresei euskararen normalizazioan irizpideak, laguntzak eta aholkularitza teknikoa eskaintzeko".

"Hortaz -jarraitu zuen sailburuak- euskara lan munduan sustatzeko helburuarekin, esandako guztiak barne hartzen dituen plan integral horren baitan, beste urrats garrantzitsu bat da" atzo EAEko kutxekin sinatutako akordioa. "Izan ere, euskarak aurrera egin dezan esparru guztietan ezinbestekoa da alor bakoitzeko gizarte-eragile nagusien inplikazioa, eta horretan ari gara: enpresari elkarteak, sindikatuak eta, orain, kutxak euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak garatzeko ahaleginean bidelagun izaten. Horixe baita euskararen garapenerako testuinguru egokia bermatzeko modurik onena: esparruan esparruko eragile nagusiak eta entitate eredugarriak bide-erakusle izatea".

"Alde horretatik, eztabaidaezina da Bilbao Bizkaia Kutxaren, Gipuzkoa Donostia Kutxaren eta Caja Vital Kutxaren garrantzia", azpimarratu zuen Azkaratek, zeren, zerbitzu-enpresa diren aldetik, "harreman estua eta etengabekoa dute herritarrekin; presentzia eta pisu ukaezina dute gure gizartean, bai eta bertan diharduen langile-kopuruari erreparatuta ere".

"Hitzarmen sinatzaile diren hiru kutxek kalitatea eta etengabeko hobekuntza kudeatzeko egunero erakusten duten konpromisoaren barruan, eta bezeroei ahalik eta zerbitzurik onena emateko egiten duten ahaleginaren baitan ulertzen dute euskara", esan zuen sailburuak, zeinaren ustez horregatik hartzen duten euskara "lan eta zerbitzu-hizkuntzatzat. Bezeroei produktu eta zerbitzu elebidunak eskaini nahi dizkietelako, erabiltzaile bakoitzak nahi duen hizkuntza hautua egin dezan kutxekiko harremanetan. Horiek horrela izanik, hiru aurrezki kutxek, akordio honen bidez, berretsi egiten dute gizartearen arlo sozialean eta ekonomikoan euskararen erabilera arian-arian gehitzeko lanean Eusko Jaurlaritzarekin batera aktiboki inplikatzeko nahia, euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa helburu".

Ezaguna da, bestalde, hiru aurrezki kutxek, beren lurraldean sendo errotutako erakundeak diren aldetik, beti agertu izan dutela euskara sustatzeko eta indartzeko borondatea. "Eta abagadune hau aprobetxatuz -zioen Azkaratek-, Eusko Jaurlaritzaren izenean aitortu egin nahi diet gizartean euskararen erabilera normalizatzeko egin duten eta egiten ari diren ahalegina, bai erakundean bertan euskararen erabilera areagotzeko plangintzak garatuz, bai euskararen inguruko ekimenak babestuz, eta abar". Sailburu gisa ezezik, herritar soil moduan ere, eskertu egin nahi izan zizkien hiru aurrezki kutxei bezerook aukeratutako hizkuntzan "arreta emateko" egiten ari diren "esfortzuak". "Eskertu nahi diet, bezero eta erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzuaren etengabeko hobekuntzan gure hizkuntza aintzat hartzea", esan zuen. Aurrerantzean kutxek ekarpen horiek eta beste batzuk LanHitz programaren barruan egingo dituztela nabarmendu zuen, "esparru sozioekonomiko pribatuan euskara sustatzeko, herri-administrazioek, enpresari-erakundeek eta sindikatu nagusiek adostutako programaren baitan hain zuzen".

Euskararen presentzia hobetuz

Carlos Etxepare Zugasti Kutxako eta Euskadiko Aurrezki-Kutxen Federazioko presidenteak ere hartu zuen hitza prentsaurrekoan. Eusko Jaurlaritzatik, oro har, eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik bereziki, Euskal Herriko jarduera sozial eta ekonomiko desberdinetan euskararen erabilera normalizatzeko egindako lana txalotu ondoren, adierazi zuen Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko desberdina "modu bertsuan islatzen" dela geure hiru euskal aurrezki-kutxetan ere; "izan ere –azaldu zuen- enplegatuen arteko euskaldunen proportzioa % 75 ingurukoa baita kasurik onenean", lurraldeko biztanleen artean dagoen giro euskaldunarekin bat etorriz, "% 30-33ko proportzioetaraino jaitsiz" gainerako lurraldeetan. Hala ere, gaineratu zuen zifra horiek "etengabe hobetuz" doazela, egunetik egunera "elebitasun-maila handiagoa" duten enplegatu eta langile berrien sarrerak eraginda.

Atzo sinatu akordioaren kariaz, Etxeparek esan zuen lankidetza bateraturako "esparru garrantzitsua" ezartzen duela, bizitza sozial eta ekonomikoan euskararen erabilera pixkanaka eta "modu progresiboan gehitzeko", lanean modu aktiboan "parte hartzeko dugun borondatea finkatu eta sendotzeko balioko diguna", bi hizkuntzen artean, euskararen eta gaztelaniaren artean alegia, erabilera sozialaren berdintasuna izanik betiere "helburu nagusia".

Era berean, Etxeparek aipatu zuen Euskal Aurrezki Kutxek euskararen erabileraren eta euskal kulturaren sustapenarekin zuzenean lotuak dauden "jarduketa ugari babestu" izan dituztela, hala nola, "Klasikoak Fundazioari, Auñamendi entziklopediari, Gure Mendeari, edota bertsolaritzari, oro har, eta euskara sustatzeko jaialdiei emandako laguntza". Mugarri historiko bezala, duela 60 urtetik jadanik, Euskaltzandiaren literatura-sariei eskainitako "babesa eta laguntza" nabarmendu zuen. Era berean, esan zuen, Gizarte Ekintzaren bidez sarritan aritu izan direla euskal kulturaren "mezenas edo babesle moduan", kultura-eremuko ekimen desberdinak "garatzen eta bizkortzen", era guztietako laguntza eta lankidetzen bidez: "testuak itzuliz, hainbat literatura-sari diruz hornituz, eta une honetan banan-banan aipatzea luzeegi joko lukeen konta ezin ahala ekimen eta jarduera bultzatuz".

Bere mintzaldia amaitzeko, EAEko Aurrezki-Kutxen Federazioko presidenteak eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari, eta bereziki Kultura Sailburuari, Euskadi lurralde "gero eta elebidunagoa" bilakatzen joateko eginkizun eskerga horretan "gure aletxoa eskaintzeko eta denon indarrak biltzeko eskaini zaigun aukera emateagatik", euskarak hizkuntza minoritarioa eta irismen laburrekoa izaten jarrai ez dezan, "euskal hiztunen, euskaldunen kopurua areagotuz" eta hizkuntzaren erabilera "geure eguneroko bizimodura zabalduz".

LanHitz programa: adostasuna eta inplikazioa

Bukatzeko, LanHitz programa ekarri zuen gogora sailburuak, pasa den urtean hiru foru-aldundiekin, EUDELekin eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan sailekin batera, alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko martxan jarritako programa-markoa.

Bere irudiz, ekimen integral horretan kokatu beharra dago atzoko hitzarmena, enpresariekin eta sindikatuekin sinatutakoei "segida ematen diena". Izan ere, LanHitz programak "lan munduko agente naturalen artean adostasuna, konpromisoa eta elkarlana" bilatzen du.

Euskarak lan munduko agente natural guztien "ardura, inplikazioa eta konplizitatea behar" dituela esan zuen Azkaratek, esparru sozio-ekonomikoan "benetako aurrerapausoak egingo baditugu". Bere aburuz, finantza-munduan, oraingoan, EAEko hiru aurrezki kutxekin (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Caja Vital Kutxa) sinatu duten hitzarmenak erakusten du, berriro ere, euskarak "elkartzeko eta kohesionatzeko indarra" baduela. Eusko Jaurlaritzak bide horretatik jarraituko du, euskararen normalizaziorako indarrak batzen hain zuzen", amaitu zuen Kultura sailburuak.


Gai honi lotutako artikuluak (ikusteko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus