Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara, katalana eta galegoa sendotzeko hitzarmena

Euskara, katalana eta galegoa sendotzeko hitzarmena

2007-03-19 / 07:00 / HPS - Eusko Jaurlaritza   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzaren, Kataluniako Generalitatearen eta Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako arduradun nagusiek hizkuntza politika gaietarako hiru gobernuen arteko hitzarmen orokorra sinatu zuten joan den ostiralean (2007-3-16) Bilbon. Lehen aldiz, hiru gobernuek bat egin dute lankidetza hitzarmen historiko honetan elkarrekin berezko hizkuntzen alde jarduteko.

Jaurlaritzaren Sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, Generalitatearen Idazkariak, Miquel Pueyok eta Xuntako Idazkari Nagusiak, M.Sol Lopezek, sinatu zuten akordio berria.

Esperientziak aztertu eta partekatu

Euskadi, Katalunia eta Galiziako gobernuek konpromiso tinkoa erakutsi dute beren hizkuntza berezkoak (euskara, katalana eta galegoa, hurrenez hurren) biziberritzeko eta haien erabilera normalizatzeko lanean. Horren ondorioz, herrialdean herrialdeko hizkuntzaren aldeko politika positiboak bultzatu dituzte, hizkuntza normalizazioa helburu. Hiru gobernuek uste dute, gainera, benetan eraginkorra eta positiboa dela hizkuntza alorrean elkarlanerako esparru egonkor eta iraunkorra zehaztea eta garatzea, gobernu bakoitzaren politikak eta bereizgarritasunak osoki errespetatuz. Esparru horri esker, esperientziak trukatu eta aztertu, eta egitasmoak eta jarduketak bultzatuko dira, hizkuntzen arteko berdintasun sozial handiagoari begira.

Jakina da Euskadi, Katalunia eta Galizia soziolinguistikoki ezberdinak direla. Baina egia da, baita ere, hiru aginte publiko horien hizkuntza-politiken azterketa eta elkarlanak onura baino ez diola ekarriko herrialde horien hizkuntza normalizazioari eta Espainiako hizkuntzen tratamenduari. Hiru herrialdeok dituzte aztertu eta partekatzeko moduko esperientzia, informazio eta ezaupideak eta horiek elkarrekin jorratzea da lankidetza iraunkor honen xedea.

Espainiari konpromiso eske

Hitzarmenean, hiru gobernuek adierazten dute Espainiako estatuan ia biztanleen erdia (zehazki % 40) gaztelania ez beste hizkuntza ofizial berezkoa duten erkidegoetan bizi dela. Espainia estatu eleanitza da; hortaz, eleaniztasun hori aitortu eta hizkuntza horien erabilera errespetatu eta sustatu behar du.

Akordio honen argitan, Estatuaren Administrazioan eta Europar Batasunean ofizialak diren hizkuntzak babesteko eta erabiltzeko neurriak sustatzeko garaian, sinatzaileek bidera daitezkeen neurri normatibo, exekutibo eta aurrekontuzkoak bultzatuko dituzte Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean.

Halaber, Estatuak bere erakundeetan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialen erabilera ahalbidetzeko neurriak har ditzan bultzatuko dute, bereziki hauetan: Kongresuan, Senatuan, Justizia Administrazioan, sozietate estataletan, zerbitzu-enpresa publikoetan (Correos eta RENFE, adibidez) eta titulartasun publikoa duten Estatuaren eremuko hedabideetan.

Hezkuntza alorrean ere, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitatek eta Galiziako Xuntak, elkarlanean jardungo dute Espainiako Estatuak gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak ulertzea eta haiekiko tolerantzia bultzatu, eta hizkuntza horiek adierazi ohi dituzten historia eta kulturaren irakaskuntza ziurtatzeko neurriak har ditzan, zeren konpromiso hori hartu zuen Estatuak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi zuenean.

Horren haritik, behar diren egintzak sustatuko dituzte, eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzarik ez dagoen Espainiako lurraldeetan bizi diren ikasleen eskola-programek Espainiako eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzen presentzia, horien historia eta izaera tradizionala (edo autoktonoa) jaso dezaten. Orobat, behar diren egintzak sustatuko dituzte, Estatuko unibertsitateetan Estatuko berezko hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza bultza daitezen.

Sentsibilizazioa eta zabalkundea

Hizkuntzaren erabilera sozialari dagokionez, euskararen, katalanaren eta galegoaren erabilera areagotzeari begira herritarrak sentsibilizatzeko estrategiak trukatuko dizkiote elkarri, baita hedabideen alorreko politikari dagokionez ere.

Hizkuntzak eta kulturak nazioartean zabaltzeari dagokionez, kultura ekoizpenak eta horien sortzaileak nazioartean zabaltzeko estrategiak sustatuko dituzte, eta nazioarteko hedapen hori baliatuko haien hizkuntza eta kulturen izen ona munduan zabaltzeko. Era berean, euskara, katalana eta galegoa beraien mugetatik kanpo ere presente egon daitezen, estrategiak bultzatuko dituzte.

Jarraipen batzordea eta epeak

Hitzarmen honen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, jarraipen batzorde bat osatuko da, honako kideak izango dituena: hiru ordezkari hitzarmena sinatzen duen gobernu bakoitzetik, gobernu horien hizkuntza-politikaren alorrean ardura gorena duten pertsonak batzordeburu direla.

Agiri honetan harturiko konpromisoak 2009ko abenduaren 31 arte egongo dira indarrean. Hala eta guztiz ere, hitzarmena berariaz adierazi gabe ondoko ekitaldian urtez urte luzatzen dela ulertuko da beste hitzarmen berri bat indarrean jarri arte, edo alderdietako batek hitzarmenaren amaiera iragartzen duen arte.

Adierazpenak

Sinadura ekitaldian hiru gobernuetako ordezkariek hitza hartu zuten hitzarmen berriaren gainean aritzeko. Jarraian datozenak dira beraien adierazpenak.


Espainiako Estatuak "elebakarra balitz bezala jarduteari utzi" diezaiola eskatu du Patxi Baztarrikak

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan zuenez, "berri garrantzitsua da gaur hemen hitzarmen hau dela-eta sortu dena; garrantzitsua eta pozgarria ez bakarrik euskararen, katalanaren eta galizieraren osasunaz arduratuta gaudenontzat, garrantzitsua eta pozgarria hizkuntza aniztasunaren aberastasunean sinesten duten guztientzat". "Eta berri txarra -gehitu zuen-, oso txarra, hizkuntza hegemonikoen indarraren babesean elebakartasuna defendatzen dutenentzat, gizartearen errealitatearekin, gizarte modernoekin eta herritar guztioi zor zaigun berdintasunarekin zerikusirik ez duen elebakartasun zaharkituan eroso sentitzen direnentzat".

Baztarrikaren ustez, lankidetza iraunkor eta instituzionalizatu hau, hitzarmen hau, "eredugarria izango da munduan zehar testuinguru eleanitzetan hizkuntza gutxituak eta eremu urrikoak dituzten herrialdeetarako, eredugarri diren bezala euskara, katalana eta galiziera normalizatzeko tokian tokiko herri-erakundeak eta gizarteak urteotan burutzen ari diren hizkuntza politika arrakastatsuak".

Sailburuordearen irudiko, "onura ugari ekarriko ditu Lankidetza Hitzarmenak: alde batetik, hiru herrialdeetan aurrera daramatzagun hizkuntza-normalizazio prozesuei bultzada emango die, eta, bestetik, etorkizunean euskarak, katalanak eta galegoak Espainiako Estatuan tratamendu hobea, tratamendu duinagoa eta errespetu handiagoa jaso dezaten sustatuko du".

Baztarrikak nabarmendu zuenez, "Estatu espainiarrean biztanleen ia erdia gaztelaniarekin batera euskara, katalana edo galiziera ofiziala duten erkidegoetan bizi da. Eleanitza da Espainiako Estatuko gizartea, baina elebakarra da Estatuko erakunde eta aginte zentralen jarduera. Espainiako Estatuan gaur egun oraindik ez datoz bat aginte zentralen jarduera eta Estatuko legalitatea hizkuntza kontuetan. Beharrezkoa da, eta hala eskatzen dugu, Estatuko erakunde zentralek gizartearen eleaniztasun hori, Konstituzioan bertan balio positibo moduan aitortutako eleaniztasun hori benetan asumitu eta bere egin dezatela, eta ondorioz modu proaktiboan joka dezatela hizkuntza ofizial guztien erabilera sustatuz".

Hizkuntza Politikarako buruak eskatu egin du ("eta lankidetza eskaintzen dugu") Espainiako Estatuak elebakarra balitz bezala jarduteari utzi diezaiola eta euskararen, katalanaren eta galizieraren erabilpena babestu eta bultzatzeko neurri eraginkorrak har ditzala. "Eta horretan bidelagun izateko prest gaude, gogotsu izango ginateke horretan bidelagun. Proposatzen edo eskatzen duguna ez da aparteko ezer: Konstituzioan jasotako obligazioak betetzea esan nahiko luke alde batetik, eta Europako Hizkuntzen Karta betetzeko Europako Kontseiluak adierazitakoa aplikatzea, bestetik. Neurri hauek hartuko balituzte Estatuko erakunde zentralek legea beteko lukete eta hizkuntza aniztasunari hauspoa emango liokete. Eta Europako Hizkuntzen Kartaren aplikaziorako Europako Kontseiluak emandako gomendioak beteko lituzkete. Hori da eskatzen duguna, eta lan horretan bidelagun izateko borondatea adierazten dugu".

Azpimarratu zuen hiru gobernuek "balio positibotzat hartzen" dutela pluraltasuna, baita hizkuntza kontuetan ere; "helburu positibotzat hartzen dugu berdintasuna, baita hizkuntza kontuetan ere. Konbentzimendu osoa daukagu hizkuntzen arteko berdintasun sozial handiago batek mesede ikaragarria egin diezaiokeela gizarte-kohesioari eta mesede bikaina elkarbizitza baketsu eta orekatuari. Hau ez da inoren eta ezeren kontrako borroka: hau hizkuntza aniztasunaren eta berdintasunaren aldeko borroka besterik ez da".


Miquel Pueyo: "Kataluniako, Euskadiko eta Galiziako hizkuntza normalizaziorako prozesuak gizarte berdintasunaren aldeko politikak dira"

Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako Idazkariak azpimarratu zuen "Espainiar estatuan herritarren % 40a gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat hitz egiten den lurraldeetan bizi" dela eta "lege konstituzionaletan aipatutako berdintasuna gauzatzen ez den bitartean, herritar kopuru horrek, neurri batean, ez ditu bere eskubide osoak izango".

Miquel Pueyoren arabera, "tolerantzia ez da aski. Elkarren errespetua eta elkar ezagutza zor dugu. Esaterako, katalanak oso pozik gara Alemaniako 22 unibertsitatetan gure hizkuntza eta kultura erakusten dela jakinda, baina gustatuko litzaiguke katalanerak, euskarak eta gailegerak bere lekua izango balute Espainiako unibertsitate eta ikastetxeetan, estatutako ikasleentzat benetako hizkuntza arrotzak ez balira. Ziur gara horrela aurrera pausu handia emango litzatekeela kulturan, elkarbizitzan eta elkarren arteko errespetu eta ezagutzan".

Kataluniako Gobernuaren hizkuntza politikarako buruarentzat, "bistan da hizkuntza politikari buruzko lankidetza hitzarmen honek Eusko Jaurlaritzaren, Generalitatearen eta Xuntaren artean erroak eginak dituela, zeren historia luzea du atzean, gure herrien arteko estimu, errespetua eta kolaborazioaren ondorio".

Pueyoren aburuz "Euskadin, Katalunian eta Galizian sustatzen diren hizkuntza normalizatzeko prozesuak politika sozial jakin batzuetan legitimoki kokatzen dira, alegia, desberdintasun eta diskriminazioak gainditzeko konpromisoa azaltzen duten horietan, beti ere berdintasunaren alde benetan jokatuz. Uniformizazioaren aurrean, hiru gobernuek aniztasunaren balorea aldarrikatzen dugu".


Marisol López: "Elkarlanerako aro berria zabaldu dugu"

Xuntako Hizkuntza Politikarako Idazkari Nagusiak azpimarratu zuen "zabaldu dugun elkarlan iraunkor eta azkar honek eskarmentua trukatzeko eta metatzeko aukera eskainiko" diela. "Guk, Galiziatik hizkuntzaren erabilera eskaini dezakegu, herritarren % 90ak galegoa, gure hizkuntza ezagutzen du eta erabilera zabala du, horrekin batera hizkuntzen arteko elkarbizitza aberasgarria bizi dugu".

Marisol López andrearen arabera, "hitzarmenarekin elkarlanerako aro berria zabaldu da: elkarrekin lan egin dezakegu Estatuari begira, eta kontuan izanda orain arte emandako aurrerapausuak, etekin handia atera diezaiokegu elkarlanari urrats berriak emate aldera eta aurrerabide legalak sendotzeari begira. Elkarlan honek aukera ezin hobea eskaintzen digu, gainera, Europar Batasunaren esparruan elkarrekin lan egiteko; hots, galegoak, katalanak eta euskarak, hizkuntza ofizialak gure lurraldeetan, aitortza ofiziala izan dezaten Europan, gaztelaniarekin batera".


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus