Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Zumaiako merkataritzan 'Euskara txanpan'

Zumaiako merkataritzan 'Euskara txanpan'

2007-03-21 / 07:00 / Josune Herrarte - Xabier Azkue   BESTELAKOAK

Merkatariekin elkarlanean eta parte-hartzea bultzatzen duen metodologia erabiliz, Zumaiako Udalak merkatariak euskaraz saltzeko bidean jarri ditu, gainerako herritarrek euskaraz eros dezaten.

EBPNren barruan

EBPNren barruan

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan kokatu behar da asmo hau. Diagnostikoa egiterakoan merkataritzaren arloa landu beharraren garrantziaz jabetuta, 2005eko udaberrian plan berezia diseinatzeari ekin zitzaion. Horretarako Elhuyar Aholkularitzaren zerbitzuak kontratatu eta dendari eta tabernarien laguntza ere izan genuen Euskara Zerbitzuan.

Parte-hartzea bultzatzen duen metodologia erabili da prozesu guztian zehar, hasiera-hasieratik. Grafiko eta matrize sinpleak baliatuta, ondorio sakon eta oinarrizko proposamenetara iristea lortu dugu, betiere dendari eta tabernarien inplikazioa lortzea ahaztu gabe.

Aurreneko lana herriko dendari eta tabernariekin batera plana diseinatzea izan zen. Horretarako hainbat bilera egin genituen eta bilera horietan Zumaiako denda eta tabernetan zeuden hizkuntza ohituren azterketatik abiatu, euskara gehiago egiteko zeuden arazoak identifikatu eta euskararen erabilerak gora egiteko zer egitea komeni zen adostu genuen.

Hurrengo bileretan komunikazioa eta sentsibilizazioa landu ziren eta 2005eko abenduan ekitalditxo bat antolatu zen; bertan aurkeztu zen dendariekin eta zenbait herritarrekin batera diseinatutako plana. Dendari guztiak gonbidatu ziren eta giro atseginean planaren berri emateaz gain, arkatz-pote bana banatu zitzaien, Euskara Zerbitzuak eskaintzen zituen aukeren berri emateko.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

2006ko zenbait ekintza

2006an zerbitzuen alorra jorratzen ahalegindu zen Zumaiako Udala eta dendariekin bezalaxe, bilera batzuk antolatu genituen haiei begirako plana diseinatzeko. Alor horretan sartzen dira bidaia-agentziak, aseguru-etxeak, ile-apaindegiak, higiezinen zerbitzuak, etab. Bien bitartean, hala ere, dendariekin bilerak egiten eta tabernariekin harremanetan jarraitu genuen; izan ere, haiek arduratu dira batez ere planari segimendua egin eta proposamen berriak egiteaz.


Merkatariekin egindako bileren ondorioz landutako hainbat ekintza:

  • Tabakoaren legearen kartelak:

    Tabakoaren legea atera zenean, egoera berriaren aurrean Euskara Zerbitzuak 2 kartel banatu zituen: "tabakorik gabeko gunea" eta "hemen erre daiteke" ziotenak.

  • Ikastaroa dendarientzat: 12 orduko oinarrizko ikastaroa:

    Dagoeneko euskaraz bazekitenentzat izan zen, hau da, euskalduna izan baina euskaraz idazterako orduan konfiantza falta zutenentzat.

  • Ostalarientzat euskara ikasteko materiala banatzea:

    Batez ere etorkinekin pentsatuta, autoikaskuntzako materiala banatu zen zenbait tabernariren artean. Horretarako aurkezpen bat egin zitzaien eta materiala nola erabili ere azaldu zitzaien.

  • Euskara klaseak ordutegi bereziak: gurasoekin batera.

    Gurasoen ordutegian euskara eskoletara joateko aukera eman zitzaien merkatariei ere. Merkataritzako ordutegien zailtasunak aipatzen zituzten eta ikasturte honetan bazkalondoetan euskara ikasten hasi dira merkatari batzuk.

  • Errotuluak euskaraz jartzeko laguntzak eta itzulpen laburrak egiteko zerbitzua.

    Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak aspalditik eskaintzen zituen zerbitzuok, baina plana martxan jartzearen ondorioz eskaria asko hazi da.

Merkatariekin harremanak erraztu egin dira eta beldurrik gabe jotzen dute Euskara Zerbitzura zalantzak argitu eta itzulpen laburrak eskatzeko. Errotuluei dagokienez, herrian irekitzen diren establezimendu berri ia guztiek jasotzen dituzte diru-laguntzak eta beste batzuek laguntzak aprobetxatzen dituzte errotulua aldatzeko.

2006ko Gabonetan kanpaina berezia

Planak bere martxa hartu duen honetan, konturatu gara beharrezkoa dela bi alderdi indartzea: HIZKUNTZA PAISAIA alde batetik eta BEZEROEN IKUSPEGIA lantzea, bestetik. Horretarako, Gabon sasoia hartu eta gosari-prentsaurreko moduko batean 3 produktu aurkeztu genituen, zenbait merkatarirekin elkarlanean, kazetarien aurrean.

  • Aho-zapiak ostalarientzat: euskara ahora lelopean, 240.000 aho-zapi banatu ziren 54 taberna eta kafetegitan. "euskara ahora" leloa ipinita dagoen bezala, gaztelaniaz nahiz euskaraz irakur liteke eta bietara du zentzua, hitz jokoa egin nahi izan da euskaldunentzat eta euskaldun ez direnentzat balio izan dezan.

  • Merkealdia kartelak arropa-denda eta antzekoetan. Kalean dabilen jende guztia konturatu da euskara-plana badela eta Zumaiako merkatariak euskara bultzatzen dihardutela. Horrez gain, kartel hauen ondoan jarri ohi diren bestelakoetan euskara gehiago erabiltzea ekarri du: prakak, poltsak, % 30, % 50...

  • Koadernoa bezeroentzat: Zumaian euskaraz erosi. Zumaiako etxe guztietako postontzietan banatu ziren, Gabonak baino lehen. Asmo nagusia da bezeroen ikuspegia lantzea, dendarien ahaleginari bezeroena gehitzea, horiek ere euskaraz eskatu eta merkatariekin dituzten harremanetan euskara gehiago erabil dezaten.

2007rako asmoak

2007an zehar martxan jarri nahi ditugun ekintzak azterketan eta hausnarketan zentratu beharrean herritarrengan eragingo duten ekintzak bideratu nahi ditugu, herritarrak konturaraztea merkatariek egiten duten ahaleginaz.

Horregatik merkatariei zuzendutako kanpaina konkretuek indar handiagoa jarriko dute Zumaiako hizkuntza paisaia euskalduntzen alde batetik, eta bestetik komunikazioak pisu handiagoa izango du. Hona hemen ditugun egitasmo batzuen aurrerapena:

  • Katalogoa dendarientzat: Zumaian euskaraz saldu.

    Euskara Zerbitzuak bere eskaintza zabaldu egingo du, gauza gehiago eskainiko ditu 2007tik aurrera eta horiek guztiak katalogo batean bildu dira, gero merkatari bakoitzak behar duena eska dezan. Katalogoa merkatariei banatu zaie, baina interneten ikusteko aukera ere badago.

    Zenbait produktu eta zerbitzu:
    Zabalik/itxita karteltxoak
    Kartel mutuak
    Hemen menua euskaraz
    Fakturak eta entrega-agiriak

  • Arlokako azterketak eta kanpaina bereziak egingo dira: kartak eta menuak jatetxeetan, higiezinen zerbitzuak...

  • Lantaldearekin bilerak: dendariekin eta zerbitzuetako ordezkariekin lanean jarraituko dugu, denari segimendua egin eta ekimen berriak bideratzeko.

Euskarak hartu du olatua eta jarri da txanpan, beste alor batzuetan bezalaxe, merkataritzan ere. Aurrerantzean, denok batera arraun egiten jarrai dezagula.


(JOSUNE HERRARTE eta XABIER AZKUE, Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzua)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus