Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara gaietan mugaz gaindi

Euskara gaietan mugaz gaindi

2006-12-20 / 07:00 / HPS - Eusko Jaurlaritza   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskara gaietarako mugaz gaindiko hitzarmena sinatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak

Lankidetzak Eusko Jaurlaritza eta aipatu Erakundea lotuko ditu; azken hau, Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikarako gaietarako erakundea, Frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoak, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Elkargoak osatua.

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian helburu duen mugaz gaindiko Hitzarmen honek Eusko Jaurlaritza eta Ipar Euskal Herriko EEP lotuko ditu; azken hau, Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikarako gaietarako erakundea, Frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoak, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Elkargoak osatua. Gaur onartutako hitzarmena datozen asteetan izenpetuko dute Miren Azkaratek, Kultura sailburuak eta Max Brissonek, EEPren presidenteak, bi herri-erakundeen izenean. Hitzarmenak 2007. urtetik 2010 urte bitartean izango du indarraldia. 2010 urtean, berriz, alde biek horrela erabakiko balute hitzarmena berritzeko/luzatzeko modua egingo da.

Lankidetzarako borondatea

Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren HPSren eta Ipar Euskal Herriko EEPren artean euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea agertzea eta erakunde mailako harreman iraunkorrak ezartzea eta garatzea, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuta.

Hitzarmenak Baionako Protokoloa ordezkatzen eta garatzen du. Protokolo hura, hitzarmena baino maila txikiagokoa, 2003ko irailaren 3an izenpetu zuten Jaurlaritzak eta EEPren aurrekari izan zen Obragintza Publikoko lurralde egiturak. Garrantzi handiko hitzarmena dugu hau, beronek Eusko Jaurlaritza eta Frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoak, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Elkargoak osatutako EEP lotzen ditu eta hizkuntza politikarako ardura duten euskararen eremuko bi herri-erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetza ahalbideratuko du, Ipar Euskal Herrian euskararen geroa ziurtatze aldera.

Bakoitzaren berezitasunak errespetatuz

Hitzarmenean alderdi biek adierazten dute hizkuntza politikaren arloan garatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute. Hitzarmena mugaz bi aldeko erakunde publiko ezberdinen arteko euskara sustatzeko politika garatzeko tresna izatea nahi dutela aitortzen dute sinatzaileek.

Euskadin eta Ipar Euskal Herrian hizkuntza komuna delako euskararen praktika garatzeko eta atxikitzeko nahia baieztatzen dute alderdiek, beti ere bakoitzaren berezitasunak errespetatuz. Alderdi biek adosten dute, dituzten eskumenen esparruan, bakoitzaren gizarteko errealitate politiko eta sozialak gero eta hobeto ezagutarazi eta elkarren arteko adiskidetasuna garatu nahi dituztela. Halaber, alderdi biek aitortzen dute beharrezkoa dela bien arteko harremana indartzea jadanik abian dituzten edo aurrerantzean izan ditzaketen ekimenak bermatzeko eta bien intereseko lankidetza garatzeko. Alderdi biek mugaz bi aldeetako partaidetza bat azkartzeko borondatea eta euskararen arloan hizkuntza politika hitzartu baten egituratzea berresten dute.

Lau erronka nagusi

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko HPSren eta Ipar Euskal Herriko EEPren egitekoak eta lan-lerroak kontuan izanik, hitzarmenaren sinatzaileek ondoko lau erronka horiei lotutako jarduerak elkarrekin antolatzeko edo sustatzeko konpromisoa hartzen dute:

  • 1.- Euskararen transmisioa: erronka horrek adin guzietako hiztunen kopurua emendatu nahi du, eta ondorioz aitzineko urteetan inkesta soziolinguistikoak agerian jarri duen bilakaera aldatu.
  • 2.- Hizkuntzaren presentzia eta erabilera: euskararen presentzia garatu nahi du bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guzietan:
    • hizkuntza gehiago ikusia eta entzuna izan dadin
    • gisa horretan, dinamika berri bat sortzeko hiztunek euskara gehiago balia dezaten
    • hizkuntzak urratsez urrats bere komunikazio funtzioa berriz eskura dezan edo irabaz dezan
  • 3.- Hizkuntzaren kalitatea: hizkuntzaren kalitatea zaindu eta areagotu nahi da, ahoz eta idatziz, erabilera publiko zein pribatuko esparru ezberdinetan.
  • 4.- Gogoa, aldeko jarrera: zeharkakoa da. Helburua da aldeko jarrera bultzatzea, gizartearen atxikimendua azkartzea, aitzineko beste lan sail guzietan eraginkorragoak izateko gisan.

Bestalde, esandako erronkak erdiesten laguntzeari begira eta euskararen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzen joateko, ikerketa-lerroak sustatuko eta bideratuko dira: Euskal Herriko IV Inkesta Soziolinguistikoa, euskararen presentzia eta erabilera neurtzeko adierazleen definizioa eta horien gaineko informazio trukaketa, besteak beste.

Azkenik, HPSk eta EEPk, aldian-aldian, elkarri adieraziko dizkiote hizkuntza-politikaren esparruan bi aldeek jakingarri izan ditzaketen ekimenak, hitzarmen honetan jasotako arloen gainekoak izan zein beste arlo jakin batzuetakoak izan.

Urtero eranskin berria

Hitzarmena elkarlanerako marko eta erreferentzia nagusia izanik, urtero sinatuko da alde bien artean elkarlanerako eranskina.

Urtero, Eranskin horretan zehaztuko dira bi erakundeek elkarlanean gauzatuko dituzten programa zehatzak, bai eta gauzatze horren xehetasunak, alde bakoitzak egingo dituen ekarpenak, baliabideak, ekimenen zabalkundea, eta beste. Euskararen erabilera areagotzeko xedez, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile pribaturen lana finantzatzeko moduaren gaineko zehaztasunak ere jasoko dira eranskinean. Proiektuak finantzatzeko tresna alde bien arteko diru-laguntza deialdi bateratua izango da eta hau gauzatzeko xedez, lankidetzarako fondoa eratuko da, alde bien ekarpenez osatua. Alde bien arteko adostasunez kudeatuko dira aipaturiko diru-laguntza deialdia eta dagokion lankidetza fondoa.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

 
Ez dut ulertzen
2006-12-20 / 16:35 / Gilen Mejuto

Azkenean erabaki dut ez irakurtzea artikulu hau --zeinak, bestalde, arras interesgarria zirudien lehen begiratuan-- zeren sarrerako paragrafoa kontrako eztarritik joan zait, hots, ez dut ulertu hiru aldiz irakurri arte.

Etsigarria, zinez

 
Aldatu dugu
2006-12-22 / 04:39 / erabili.com

Gilen Mejutoren eskariari erantzunez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik sarrerako bi paragrafoak berridatzi dituzte.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus