Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Makina erreminta sektorean euskara ere erreminta bihurtzeko ahaleginean

Makina erreminta sektorean euskara ere erreminta bihurtzeko ahaleginean

2006-10-17 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - HPS   ENPRESA

Makina erreminta sektorean euskara komunikazio-erreminta edo tresna bihurtzeko ahaleginean jardunaldia antolatu dute urriaren 26an, Goazen eta LanHitz ekimenak elkarlotuz, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuaren egoitzan: "30+10 Mintegia: Makina Erreminta arloko enpresen erantzukizun soziala, euskara baliabideak eta praktika onak".

Helburua da makina erreminta sektorearen inguruan diharduten enpresengana hurbiltzea eta horiei ezagutaraztea euskaraz garatutako praktika onak, zerbitzuak, makinak eta tresnak; egun merkatuak eskaintzen dituen aukerak ezagutu ditzaten.

Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak (IMH), Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta "Asociación de Fabricantes de Máquina Herramienta" erakundeak, elkar hartuta, makina erreminta sektorean euskararen erabilera areagotzeko saioei buruzko jardunaldia aurkeztu dute.

IMH Institutuak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak uda aurretik sinatu zuten hitzarmenaren garapenean, "30+10 Mintegia: Makina Erreminta arloko enpresen erantzukizun soziala, euskara baliabideak eta praktika onak" izeneko jardunaldia antolatu da 2006ko urriaren 26an, IMHren egoitzan.

Izan ere, IMHk eta HPSk uztailean sinatutako protokoloan finkatutakoari jarraiki, herri-aginteek abian jarritako LanHitz programa eta IMHren Goazen ekimena elkarlotzearen isla da jardunaldi hau. Hain zuzen ere, lan-munduko eragile natural eta pribatuen eta herri-aginteen arteko elkarlana ezinbesteko da ekimen eraginkor bezain iraunkorrak abian jarriko badira.

Makina erremintako sektoreak berebiziko garrantzia du EAEko enpresa-egituraketan; aldi berean, abian diren euskara-planei dagokienez, makina-erremintaren sektorea da zeregin honetan diharduen multzo nagusietako bat.

Horrekin batera, Elgoibarko IMH institutua alor honetako prestakuntza eta Berrikuntza Teknologikoko zentroa da, formazio teknikoaren eta hedatze teknologikoaren bitartez industriari eta gizarteari zerbitzatzen diona eta aitortza zabala duena: 3.000 ikaslerengana iristen da, eta elkarlanean dihardu sektore honetako 300 enpresa baino gehiagorekin.

Jardunaldiaren helburua da makina erreminta sektorearen inguruan diharduten enpresengana hurbiltzea eta horiei ezagutaraztea euskaraz garatutako praktika onak, zerbitzuak, makinak eta tresnak; egun merkatuak eskaintzen dituen aukerak ezagutu ditzaten.

IMH institutuaz, AFM–Makina Erreminta Ekoizleen Elkarteaz eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaz gain, mintegiaren kolaboratzaile dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta AHIZE–AEK hizkuntza aholkularitza.

Jardunaldiaren egitaraua

Mintegiak lau atal izango ditu:

  1. Jardunaldiaren aurkezpena. IMHko zuzendari Kudeatzaileak Elgoibarko alkateak, Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta AFM, Makina Erremintaren Ekoizleen Elkarteko Zuzendari Nagusiak hartuko dute parte bertan.
  2. Metodologia, esperientziak eta praktika onak. Bederatzi erakundek azalduko dituzte beren esperientziak: Danobat, Etxepe, Kondia, Incress, Elay, Euskalan, Ahize-AEK, Elhuyar eta Emunek.
  3. Enpresentzako zerbitzuak eta produktuak. Honako hauen eskutik: Fagor Automation, Artez, Codesyntax, Plazagunea, Igarle, IMH, Eleka, Indaba-KAM, Ardatza Egitasmoa, Ela, Lab, Euskadiko Langile Komisioak eta Euskadiko Kutxa.
  4. Itxiera ekitaldia. Danobat, Etxepe eta Kondiari esker ona emango zaie, euskara munduan izan duten ibilbidearengatik. Eta bukatzeko, Iñigo Unanuek landu duen txirbil harroketa eskuliburua aurkeztu eta banatuko da.
  • Egitarau osoa, izena emateko argibideekin eta zehaztasun guztiekin HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus