Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  CAF euskararen trena hartuta

CAF euskararen trena hartuta

2006-10-02 / 07:00 / Joxe Begiristain Aizpurua   ENPRESA

Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresan euskararen inguruan gertatzen den guztiaren berri emateko komunikazio tresna izango den euskara aldizkari berria sortu dute: Galardi. Horrezaz gain, ordea, CAF-eko beste edozertaz ere arituko da aldizkaria, baina beti ere euskaraz.

Asko egin da CAF-en euskararen normalizazio bidean, lehenagokoaz gain, dagoeneko 11 urte badirenean Elhuyarren aholkularitzaz Euskara Plana abiatu zenetik.

Orain artean enpresako eremu jakinetan eta txandaka burutzen ziren egitasmoak. Aurrerantzean, ordea, Hizkuntza Politika Orokorra (HPO) deituz onartu berria den egitasmoan oinarrituz, egingo dena Beasaingo lantegia bere osotasunean hartuz izango da, Irungoan ari garen bezalaxe.

Barne-komunikazioa bermatu

HPO hori kudeatuko duen Euskara Arduraduna ere izendatu da eta aldizkari berriaren zeregina ere HPOren baitan kokatzen da, langile guztien arteko barne-komunikazioa bermatzea delarik bere helbururik nagusiena.

Hori bat; baina berezkoak dituen bestelako helburuak ere beteko ditu aldizkariak, hala nola, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duenari eta euskaraz egunero irakurtzen duenari ere aukera berri bat irekiko zaio, geure lantegiko, gertuko berrien jakin nahia, asetzeko... euskaraz.

Lehen alean jorratutakoak

CAF-en Beasaingo lantegiaren inguruan dagoen Galardi menditik izena hartu duen aldizkariaren lehen alea 2006ko irailean argitaratu dugu.

Estreinekoa izanik, neurri handi batean aurkezpen lanerako erabili dugu, orain arte egindakoa laburrean gogora ekarri eta aurrera begira bultzada hartzeko.

Horrela, euskarak gure lantegian azken hamarkadetan izan duen ibilbidearen berri ematen dugu aldizkariaren lehen alean, bere presentzia hutsaren hurrengoa zen garaietatik hasi eta 1995ean abian jarri zen Euskara Planaren bilakaeraraino. Dagoeneko aipatu eta jarraian azalduko dugun HPO egitasmoaren ingurukoak ere txertatu ditugu aldizkarian; lantegi barruan hizkuntza-politikaz arduratuko den koordinatzaile taldea ere aurkezten dugu, besteak beste.

Urtean hiru ale argitaratzea aurrikusten da eta Galardiren bigarren alea abenduan kaleratuko dugu.

HPO egitasmoa, 2006

Hizkuntza Politika Orokorra (HPO) egitasmoak 2006 urterako aurrikusitako helburuak honako hauek izan dira:


A) Helburua: erabilera gauzatzea

  • A-1. Aldizkaria

    Aldizkariaren helburua euskararen inguruan gertatzen den guztiaren berri ematea da, barne komunikazioa bermatzea.

  • A-2. Euskara Klaseak

    Datorren kurtsorako, euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten langileak Euskaltegietara bultzatuz kanpaina egingo dugu, matrikula enpresak ordaintzen diela gogoraraziz.

  • A-3. Talde Naturalak

    Urtea amaitu aurretik hiru Talde Natural osatzea da helburua.

    Lehenengoa, III. Dibisioan, iraila eta urria artean egingo dugu: ondorengoak, jarraian.

  • A-4. Hizkuntza Ezagutza

    Lanpostuetako euskararen hizkuntza-eskakizunetara egokitze-prozesuan pausoak ematen joan.


B) Erabilerarekin hainbesteko zerikusirik ez duten beste zenbait helburu

  • B-1. Errotulazioa

    Beasaingo errotulazio guztia egokituko dugu: horretarako, prestatutako fitxen bidez jaso eta behar izanez gero, hala legokienak zuzendu eta berriak ere jarriko lirateke.

  • B-2. Paperetako Idazpuruak

    Egunero erabiltzen diren ohiko idazpuru jakina duten paperen bilketa eta egokitzapena (fax-orriak, eskutitz formatuak, kartazalak, baimen agiriak eta abar).

  • B-3. Hiztegi Irudiduna

    III. Dibisioan egin den Hiztegi Irudiduna fabrika osora zabaldu (koordinatzaileei banatuko zaie), eredu horretan oinarrituta antzekorik egin daitekeen aztertzeko.

Galardi aldizkariaren lehen alea osorik ikus dezakezue HEMEN


(JOXE BEGIRISTAIN AIZPURUA CAF-eko Euskara Arduraduna da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus