Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskal Herria 2.0 jardunaldiak

Euskal Herria 2.0 jardunaldiak

2006-09-13 / 07:00 / Patxi Gaztelumendi   INTERNET

Datorren irailaren 21ean eta 28an -biak ostegunez- Euskal Herria 2.0 jardunaldiak burutuko ditugu Donostiako Artelekun. Lokalizazioa eta Internazionalizazioa jorratuko ditugu, Euskal Herriak Interneten dituen erronkei buruz mintzatu eta proiektu berriei aukera emateko.

Bete betean sartuta gaude XXI. Mendean; Informazioaren aroan. Informazioaren jendartea, Internet eta informazio eta komunikazio teknologia berrien (IKT) garaia bizi dugu eta esparru berri horretan eman behar dugu ezagutzera gure burua, aditzera gure nahia.

Internet da bizi dugu garaiaren adierazpena. Sarea, komunikazioa, interakzioa, ezagupena eta informazioa. Ekonomia berria, jakintzaren sozializazioa…. kontzeptu berri asko. Etengabe aldatzen ari diren egoerak eta dinamika berriak. Anabasa dirudien ondo eraikitako errealitate berria.

Eta Interneten ere aldaketak daude, aldaketak datoz, aldatzen ari da. Eta gu; erabiltzaileok, sortzaileok, berarekin batera. Internet berri bat ezagutzen ari gara, web 2.0 kontzeptuaren baitan. Eta partehartzea, kolaborazioa, jarrera berriak ari dira nagusitzen. Negozioetan bezala, informazioan ere. Blogak, wikiak, software soziala, guzti hori ez zaigu arrotza, eta gu ere ur hoietan barneratzen ari gara.

Euskal Herriak; herri bezala, nazio txiki eta ukatua den honek, hizkuntz eta kultur komunitate gisa ere, erronka berriak ditu aurrean dugun mundu berri honetan. Eta erronka hoiek hizpide hartu eta horren gainean eztabaidatu gura dugu Euskal Herria 2.0 izeneko mintegian.

Lokalizazio eta internazionalizazio estrategiak hizpide

Aztertu nahi dugu mundu globalean ematen ari diren hausnarketa eta aldaketak, gure eremutik. Gure izaeratik. Programak, guneak, joerak gurera ekarri eta euskalduntzen ditugu. Geure egiten ditugu. Lokalizazioa, geure egitea delako, geure geurea dena gehituz.

Nazioartean gertatzen denak eragina du gurean, baina guk ba al dugu eraginik nazioartean? Olatu handiak dira mundukoak, baina munduan ez bagaude ez gara izango. Intenazionalizazioa: munduari aurre egin baino, munduan behar dugu izan, egon, erakutsi. Internazionalizazio estrategiak ere beharrezko dira. Kultura txikia da gurea, baina irauteko kanpoan gertatzen denari so egon beharra dago. Garena erakutsiz, ondo eginez, kanporatuz, ezagutaraziz…. Besteak beste.

Mintegia Artelekun

Guzti horretaz berba egiteko mintegi irekia prestatu dugu Donostiako Arteleku gunean. Irailaren 21ean eta 28an (ostegunez biak) kezka hauek izango ditugu mintzagai. Hemengo eta kanpoko adibideak mahaigainean jarriz, Euskal Herrian Interneten inguruan izan diren esperientzia positiboak ezagutuz (sustatu.com, zabaldu.com…) nazioarteko esperientzien lokalizazioak (software librea, Indymedia, Wikipedia…), edota .cat dominioa Katalunian onartu izanak gurea bezalako komunitateoi zelan eragiten digun aztertzeko.

Aurrera egiteko ditugun erronken berri jaso, eztabaida bultzatu eta ekimen berrietarako abiapuntuak ezarriz. Mintegi honek hausnarketa eta gogoetarakorako gune bat eskaini nahi dio gai hauekin kezkatuta dagoen orori.

Plaza bat Euskal Herrian kezka hauek zabaltzeko; topagune, Internetetiko ardura irekitzeko unea ere badelako. Abiapuntu bat, datorkigun errealitateari aurre egiteko helburuarekin.


Inprimatu


Erantzun

 
Euskal Herria 2.0 bloga
2006-09-17 / 21:44 / bipuntuzero.org

Euskal Herria 2.0 jardunaldietarako bloga antolatu dugu. http://euskalherria.bipuntuzero.org

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus