Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen kronologia ia 600 urte aurreratu daiteke Iruņa-Veleian

Euskararen kronologia ia 600 urte aurreratu daiteke Iruņa-Veleian

2006-06-19 / 07:00 / erabili.com   KULTURA

Arabako Iruņa-Veleiako aztarnategian aurkitu dituzten euskarazko idazkiak III. eta VI. mende artekoak direla baieztatu dute. Horrela, euskararen aztarnen kronologian mugarri berria ezartzeko balioko dute aztarnok. Veleiakoak dira orain arte euskaraz idatzita aurkitu diren hitz arrunt eta esaldi zaharrenak, orain arte ezagutzen zirenak baino ia 600 urte aurreragokoak, hain zuzen.

Astebete lehenago zabaltzen hasitako zurrumurruak baieztatu egin dira: Iruņa-Veleiako aztarnategian euskarazko hitzak eta esaldiak aurkitu dituzte eta, hauen data zehatza erabaki ahal izateko oraindik goizegi den arren, III. eta VI. mende artekoak direla aurreratu dute dagoeneko. Joan den ostegunean (2006-6-15) eman zuten horren berri Henrike Knorr eta Joakin Gorrotxategi filologoek eta Eliseo Gil, aztarnategiko zuzendariak.

Lehendabiziko hitz arruntak

Aztarna berri hauek euskararen kronologiari astindu garrantzitsua emateko balio dute, gutxienez. Izan ere, euskarazko lehen idatzien agerpen data lau eta zazpi mende artean aurreratuko litzateke.

Gaurdaino, euskarazko inskripzio zaharrenak Akitanian aurkitutako hilarrietakoak ziren, I. eta III. mende artekoak hain zuzen. Lehendabiziko esaldiak, ordea, Donemiliaga Kukulako (Errioxa, Espainia) Susoko monastegian aurkitutako glosak dira, XI. mendekoak. Horrenbestez, orain arte aurkitutako euskarazko esaldi zaharrenak dira Iruņa-Veleiakoak, aurrez ezagutzen zirenak baino ia 600 urte lehenagokoak bai behintzat, ikertzaileek emandako datuak kontuan hartuta.

Akitaniako inskripzioetan latinezkoekin batera agertzen ziren euskarazko hitzak izen bereziak ziren (Andere, Bihox, Cison, Nescato, Sembe edo Umme), baina Veleiakoak hitz arruntak dira, eguneroko bizitzan erabiltzen zirenak eta, gainera, esaldietan ageri dira, Akitaniakoak ez bezala. Horixe da aurkikuntza honen berezitasuna, aparteko garrantzia ematen diona

Arruntak eta erlijio kutsukoak

Ikerketaren arduradunek bi multzotan bereiztu dituzte Iruņa-Veleian aurkitu dituzten euskarazko idazkiak.

Alde batetik izen arrunten multzoa legoke:

  • Urdin isar
  • Zuri urdin gori
  • Edan ian lo
  • Ian ta edan

Beste multzo batean, berriz, kristau kutsuko erlijio erreferentziak dituzten hitz eta esamoldeak kokatu dituzte:

  • Geure ata zutan
  • Iesus
  • Ioshe ata ta mirian ama

Beste domus batekoak

Iruņa-Veleian erromatar garaiko multzo epigrafiko garrantzitsua aurkitu zela jakitera eman eta astebete beranduago iritsi da euskarazko aztarnen berriaren baieztapena.

Lehendabizikoa Pompeia Valentinaren domusean, bere garaian Iruņa-Veleiako etxe garrantzitsuenetakoa izandakoan, aurkitu zuten. III. mendeko kalbario baten irudia eta hieroglifiko egipziarrak dira, besteak beste, lehen multzo epigrafiko horren barruan aurkitu dituztenak. Paedagogium baten aztarnak dira, irakasle batek etxeko nagusien seme-alabak hezteko erabiltzen zen gelarenak, hain zuzen.

Euskarazko aztarnak, ordea, beste domus batekoak dira. Bigarren etxe horren zimenduetan, adreilu, beira eta hezur pusketan idatzita agertu dira euskarazko hitzak.

Bi multzo epigrafikoak ez direla nahastu behar nabarmendu nahi izan dute ikerlariek, nahiz eta lehendabizikoaren data zehaztu izana bigarrenaren azterketarako oso lagungarria izango dela aitortu duten.

Garrantzia handia, baina tentuz

Aurkikuntza honek "izugarrizko garrantzia" duela onartu dute aztarnategiaren ondarea ikertzeaz arduratzen ari direnek, baina tentuz jokatu beharraren garrantzia ere maila berean jarri nahi izan dute, oraindik goizegi baita gauza asko zehaztu ahal izateko.

Izan ere, Iruņa-Veleiako hizkuntz aztarnen ikerketa ez da oraindik bukatu, eta hilabeteak emango dituzte oraindik ikerlariek lan horretan. Ikertzaile horien lana errespetatzeko eskatu dute arduradunek, eta ikerketa bukatu arte ez dela datu gehiago emango. 2006ko urrian edo azaroan amaitu daiteke ikerketa.

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus