Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hitza azti, hizkuntzarekin jolasean

Hitza azti, hizkuntzarekin jolasean

2006-06-14 / 07:00 / Iñaki Arranz Ibañez   KULTURA

Hitz jokoak hizkuntzaren mekanismoak hobeto ulertzeko tresna eta hizkuntza aberasteko bide gisa. Horrelaxe aurkeztu nahi izan ditu Iñaki Arranzek bere Hitza azti liburuan, eta hemen egileak berak azalduko digu Alberdania argitaletxeak plazaratutako lanean jaso duena.

Zein da euskal hitzik luzeena? Eta alfabetoko letra guztiak erabilita osa daitekeen esaldirik motzena? Ba al dago bokal bakar bat hartuta –gainontzeko lauak bazter utzita– ipuin bat (edo olerki bat, edo eleberri bat) idazterik? Eta silaba bakarreko hitzak ez beste erabilita? Noraino irits gintezke gure jardunaren hitz guztiek letra berdinetik hasi behar balute?

Hitzak asmatu, moztu, luzatu, nahastu, desitxuratu... egin ditzakegu. Hizkuntzaren arauak bihurritu ahal ditugu. Hizketa eta idazketa egintzetan, muga berriak ezar ditzakegu. Horietan guztietan, hitza azti bihurtzen zaigu. Aztia legez jokatzen du, ez mozorro bat janzten duelako, mozorro guztiak erantsita bere benetako funtsa erakusten duelako baizik.

Hiru saio

Horixe da Hitza azti liburuaren gaia. Bi hitzetan, hitz jokoak. Eta gai horren gainean, hiru saio:

  • Hitz jokoak identifikatu, izendatu eta adibideez hornitu. Laurogeitik gora prozedura biltzen dira liburuan, zein bere definizioarekin eta adibide ugarirekin: ziklogramak, totelgramak, hitz kateak, aho korapiloak, tautogramak, anagramak, karramarro hitzak, aurpegi biko hitzak, hitz trabatuak, hitz hautsiak, sentonak, hitz osatugabeak, sorgin solasa, gaizki ulertuak, lapsusak, ezkutuko kodeak, hieroglifikoak, hizpanaldiak, lipogramak, pangramak, mimogramak...
  • Sailkapena egin. Sailkapenak prozedurak biltzen eta bereizten ditu, multzoak eta azpimultzoak proposatzen ditu, eta ahalegin horretan hitz jokoen azpiko logikari eta mekanismoei erreparatzeko aukera ematen digu.
  • Gogoeta egin eta eragin. Hitz jokoak bazterreko kontutzat jotzearen arriskua dago: hainbatek pentsa liteke bitxikeria hauek huskeriak direla, gehiegikeriak, garrantzirik gabeko kontuak, balio literarioaren aldetik hutsaren hurrengoak. Ideia horren kontrako hausnarketa eragin nahi du liburuak, hitz jokoena ez baita hesiz inguratutako barruti mugatua, aitzitik hizkuntzaren osagai ezinbestekotzat jo dezakegu eta hizkuntzaren mekanismoak hobeto ulertzeko balio digu.

Bilketa lana

Oinarrian, liburua bilketa lana izan da. Garai eta mota guztietako testuak arakatu ondoren, aipuak dira nagusi.

Garai guztietako literatura, idazle ezagunena (Etxepare, Lazarraga, Oihenart, Argaignarats, Gazteluzar, Kirikiño, Zamarripa, Zubikarai, Lizardi, Mirande, Mitxelena, Artze, Sarrionandia, Lertxundi, Atxaga) eta hain ezagunak ez direnena, bertsolarien lana, hiztegiak, atsotitz bildumak, egungo eta aspalditxoko kazeta artikuluak eta denbora pasak, komikiak eta gramatikak, publizitate esloganak, lagun arteko hizki-mizkiak... hizkuntza presente dagoen eremu guztietan ageri da alde ludikoa eta, hortaz, badago zer jaso eta zer ikasi. Izan ere, filologoek ohartarazten digutenez, euskaraz "jolasa" eta "solasa" jatorri bereko hitzak dira.

Adibideak

  • Palindromoa: ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza. Liburuaren izenburua bera, Hitza azti, palindromo bat da (nahiz eta h letrak palindromo osoa izatea eragozten duen). Nik enara neraman amaren aranekin (Teresa IGEREGI).
  • Monobokalismoa: bokal bat hartu eta horixe bakarrik erabili ahal izatea, nahi beste kontsonante lagun dituela. Inki-minki ikiriki kirik. Triki-miki indibiri kirrik. Kili-kili jili-jili irrik (Joxantonio ORMAZABAL).
  • Antanaklasia: hitz pare homonimoak (berdin idatzi arren esanahi ezberdina duten hitz pareak, alegia) esaldi batean paratzea. Politikan ez dago gauza politikan! (LAZKAO TXIKI).
  • Anagrama: Hitz bateko letrak nahastu eta beste hurrenkera batean jarrita sortzen den hitza. Probie, pobrie.
  • Asmatitzak: Eskribizitzen, izkhiriatzen, idihazten jarrahituko drugu gruk ofikzio lagun iragurgarriok (Joseba SARRIONANDIA).
  • Sintaxia / Morfología lardaskatzea: Salgai naukagu (Iñaki SEGUROLA).
  • Zentzu biko esaldiak: Zuk eta biok badugu zerbait komunean, maitea (Joxerra GARZIA).
  • Eten nahasiak: Zer uko Loreak, zeruko loreak zeru koloreak baditu? (Anjel LERTXUNDI).
  • Metaketa: Nola geroko benturaren benturan benturaturik galtzen garen (AXULAR).
  • Hitz eskailerak: Horrekin da mundu bat hasten, hazten, hezten, hesten eta bukatzen (DAVANT-IRATZABAL).
  • Errima errebesak: Xentimoko xentimentuak (JosAnton ARTZE).
  • Hitz beteak: Kafka sentitzen naiz, garbi-garbi, f bat gorabehera (Juan Kruz IGERABIDE).


(IÑAKI ARRANZ IBAÑEZ Hitza azti liburuaren egilea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus