Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara barra-barra

Euskara barra-barra

2006-06-06 / 07:00 / Joxe Rojas Granja   KULTURA

Euskara barra-barra entzuteko aukera izan zen Iruñerrian (2006-06-03an), Topaguneak antolatutako lehenengo Mintza Egunean. "Mingaina askatzeko egunak" Euskal Herriko bazter guztietatik (Bergara, Bilbo, Donostia, Durango, Erandio, Gernika, Getxo, Hernani, Lasarte, Muskiz eta Ordiziatik, hain zuzen ere) etorritako 160 lagun baino gehiago bildu zituen, euskarazko egunpasa jai-giroan egiteko asmoz.

Eguzkiaren berotan

Eguzkiaren berotan

Iruñeko Gazteluko Plazan zen hitzordua, eta inork ez zuen huts egin: eguzkitarako betaurrekoak jantzita, kapela burua, eta baten batek zorroan eguzkitarako krema ere zeramala, eguerdi partean ekin zioten Arga ibaiaren ertzean zeharreko ibilaldia, Iruñerriko lekurik adierazgarrienetakoak ezagutzeko parada ederra eman zuena. Mintza Egunean bildutakoek Karrikoluzio, Katedrala, Redingo harresiak eta Magdalenako zubia bisitatu zituzten, eta txoko bakoitzaren historia entzuteko parada ere izan zuten, Kike Diaz de Ultzurrun iruinsemea gidari zutela.

Ibilbidea luzeegi ez egiteko, bermuta hartzeko atsedenalditxoa ere izan zen, Burlatako bide zaharrean, Lagunartea elkartearen parean. Ordu eta erdi inguruko ibilbidea eginda, oso giro polita zegoen ordurako, eta bermutak ere lagundu zuen hasiera taldetxo txikietan sakabanatuta zebilen jendea gero eta multzo handiagoetan batzen. Animosoenak kantu kantari ere hasi ziren.

Otordu eta omenaldia

Atsedenaldiaren ostean, bideari berrekin zioten mintzalagunek, Atarrabiaraino. Bazkaria prest zeukaten orduko, Paz de Ziganda ikastolako jantokian. Han ere ez zen giro makala eta, bazkalorduko ardotxoaren laguntzaz seguruenik, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako lagunak elkar ezagutzeko parada izan zuten.

Bazkaria amaituta, jai giroa aprobetxatuz, mintzakideek eskerrak eman nahi izan zieten Donostiako Mintzalagun proiektuan oso garrantzitsuak izan diren lagun biri: Josetxo Errazkini batetik, "ikasle" izatetik "irakasle" izatera pasatutako aitzindaria izan delako, eta Jokin Sarasolari bestetik, hamar urte baino gehiago baitarama egitasmoan lanean. Biek ere Koldo Dometx Bitxigileak egindako oroigarri ederra jaso zuten.

Erantzun bikaina

Iruñerriko Mintzakide proiektuko koordinatzaile Oskar Zapata, Mintza Eguna prestatzen buru-belarri ibili dena, “oso pozik” azaldu da ekimenak lortutako oihartzun eta erantzunarekin. “Iruñerria bezalako gune batean halako talde bat euskaraz aritzea ez da makala. Jendeak eskualdea ezagutu du, lagun berriak egin ditu, eta hori guztia euskaraz. Ezin gehiago eskatu!”. Beno, gehienak, gainera, beltzaran-beltzaran iritsi ziren etxera. Susmoa dugu lehenengo mintza egun hau ez dela azkena izango!

(JOXE ROJAS GRANJA Topaguneako Hedabide Sailaren arduraduna)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus