Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  35 euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Euskaltzaindiak

35 euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Euskaltzaindiak

2006-05-29 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Euskaltzaindiak Elantxoben 2006-05-26an egin duen osoko bilkuran, 35 euskaltzain urgazle berri izendatu ditu. Esparru ezberdinetako profesionalak dira: zientzia, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, kazetaritza, bertsolaritza, itzulpengintza, bibliotekonomia edota literatura arlokoak

Akademiaren Arautegia eta Barne-Erregelak oinarritzat harturik, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu euskaltzain urgazle berriak. Testu horietan esaten denari jarraikiz, euskalaritzan pertsona ezagunak nahiz idazle hautak edo euskararen jagoletzan nabarmenduak direnak hautatzen dira.

Hala bada, oraingo bilkuran, esparru ezberdinetako adituak proposatu dira: zientzia, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, kazetaritza, bertsolaritza, itzulpengintza, bibliotekonomia edota literatura arlokoak.

Akademiak 2003ko urtarrilaren 31n izendatu zituen azken aldiz urgazle berriak. Orduan batzorde akademikoetako kideak izendatu ziren, 21 orotara.

Hona hemen Euskaltzaindiko osoko bilkurak izendatutako euskaltzain urgazleak:

  1. Dorleta Alberdi Aretxederreta. Barakaldon jaioa, 1967an. Informazio Zientzietan lizentziatua. Bizkaia Irratiko zuzendaria eta programazio arduraduna da.
  2. Sagrario Aleman Astiz. Etxalekun jaioa, 1952an. Farmazian lizentziatua. 1981-82 ikasturtetik aurrera Arturo Campion euskaltegian helduen euskalduntze eta alfabetatzen dihardu. Euskaltegiko arduraduna izana da.
  3. Ur Apalategi Idirin. Parisen sortua, 1972an, Donibane Lohizunen bizi da. Paueko Unibertsitatean doktoratu zen Euskal Ikasketak sailean. Paueko eta Aturri herrietako Unibertsitateko irakaslea, Euskal Ikasketen departamentuan. Idazlea da. Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeko kidea.
  4. Iñigo Aranbarri Alberdi. Azkoitian sortua, 1963an. Euskal filologian lizentziatua. Doktorego biurtekoa, literatura programan. Euskara irakaslea, Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean
  5. Luis Aranberri Mendizabal, Amatiño. Eibarren sortua, 1945ean. Kazetaria.
  6. Xabier Artola Zubillaga. Donostian sortua, 1957an. Informatikan doktorea. Irakaslea da, Donostiako Informatika Fakultatean, Lengoaia eta Sistema Informatikoak Sailean.
  7. Josu Bijueska. Filosofian doktorea, Hizkuntza Hispaniko eta Literaturan. Euskal Filologiako irakaslea, Deustuko Unibertsitatean.
  8. Mikel Bujanda Oñederra. Donostian jaioa, 1955ean. Filologia Erromanikoan lizentziatua. Kazetaria. Euskalerria Irratiko zuzendaria.
  9. Jean-Baptiste Coyos Etchebarne. Maulen sortua, 1952an. Euskal Filologian doktorea. CNRSaren Baionako UMR 5478 - IKER Euskarari eta Euskal Testuei buruzko Ikerketa taldearen ikerketa arduraduna. Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea.
  10. Agnés Dufau. Donapaleun sortua, 1965ean. Magisteritza (euskaraz). IKAS pedagogia zerbitzuaren zuzendaria da, argitalpen arduradunaren eginkizunak barne.
  11. Andoni Egaña Makazaga. Zarautzen sortua, 1961ean. Euskal Filologian lizentziatua. Bertsolaria. Lau aldiz izan da txapeldun, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian.
  12. Aingeru Epaltza Ruiz de Alda. Iruñean sortua, 1960an. Informazio Zientzietan lizentziatua. Idazlea. Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea da.
  13. Jose Luis Erdozia Mauleon. Etxarri-Aranatzen sortua, 1956an. Euskal Filologian doktorea. Euskara eta euskal literaturako irakasle. Euskaltzaindiko Corpus Batzordeko Euskalkien Lantaldeko kidea.
  14. Jose Ramon Etxebarria. Gernikan jaioa, 1948an. Doktore Industria Ingeniaria. Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailean irakasle ohia.
  15. Patxi Galé. Bilbon sortua, 1960an. Euskal Filologia saileko OHOko Irakaslegoan Diplomatua eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua. Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko kidea.
  16. Pruden Gartzia. Oñatin jaioa, 1964an. Filosofia eta Letretan doktorea. Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria. Azkue Biblioteka batzordeko idazkaria.
  17. Ricardo Gómez. Bilbon sortua, 1964an. Euskal Filologian lizentziatua. EHUko irakaslea, Filologia eta Geografi-Historia Fakultatean.
  18. Joakin Gorrotxategi. Eibarren sortua, 1953an. Filologian Klasikoan doktore. Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko Katedraduna, EHUko Filologia eta Geografía-Historia Fakultatean.
  19. Angel Ibisate. Gasteizen sortua, 1932an. Filosofia eta Teologian eta Gizarte Zientzietan lizentziaduna. Bibliotekari laguntzailea da, Elizbarrutiko Seminarioan.
  20. Jacinto Iturbe. Bilbon sortua, 1951ean. Zientzia kimikoetan doktorea. EHUko Kimika Fisikoa Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakaslea.
  21. Joxemari Iturralde. Tolosan sortua, 1951ean. Hizkuntz Erromanikoetan lizentziaduna. Euskara eta Euskal Literaturako Katedraduna "Orixe" Institutuan, Tolosan.
  22. Peio Jorajuria. Senperen sortua, 1955ean. Idazlea. Herria astekariaren kazetaria.
  23. Felipe Juaristi. Azkoitian sortua, 1957an. Kazetaritza eta Soziologia ikasi zituen. Idazle eta kazetaria.
  24. Paula Kasares. Iruñean sortua, 1969an. Filosofia eta letretan (Euskal Filologian) eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua. Euskara teknikaria Baztango Udaletxean.
  25. Odile Krutzeta. Eibarren jaioa, 1957an. Zientzia Fisikoetan lizentziatua. Kazetaria. Euskadi Irratiko, Euskadi Gaztea eta EiTB Irratiko zuzendaria.
  26. Itziar Laka. Bilbon sortua, 1962an. Hizkuntzalaritzan doktorea. EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakaslea. Euskaltzaindiko Gramatika batzordeko kidea.
  27. Miren Agur Meabe. Lekeition sortua, 1962an. Euskal Filologian lizentziatua. Giltza (edebe taldea) argitaletxearen arduraduna da. Idazlea.
  28. Laura Mintegi. Lizarran sortua, 1955ean. Psikologian doktoratua. EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailaren irakasle. Idazlea.
  29. Alfontso Mujika. Donostian sortua, 1959an. Industria Ingeniari Teknikoa. Testu-zuzentzaile, hiztegigile eta itzultzailea, Elhuyar Fundazioan. Euskaltzaindiko Exonomastika batzordeko kidea.
  30. Eneko Oregi. Bergaran jaioa, 1953an. Ekonomia- eta Enpresa-Zientzietan Lizentziatua. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko burua.
  31. Elixabete Pérez Gaztelu. Errenterian sortua, 1961ean. Euskal Filologian doktorea. Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Giza Zientzien Fakultateko irakaslea
  32. Jakes Sarraillet. Maulen sortua, 1959an. Euskal Filologian lizentziaduna. Euskarazko ikuskaritza karguduna (Bordeleko Erretoretzan)
  33. Bernadette Soule. 1968an jaioa. Euskal Filologian lizentziaduna. Euskararen Erakunde Publikoko kudeatzailea.
  34. Jesus Mari Zabaleta. Legazpin sortua, 1948an. Filosofian lizentziatua. Itzultzailea
  35. Juan Jose Zubiri. Goizuetan jaioa, 1961ean. Euskal Filologian doktorea. Irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Zenbakiak

  • 12 unibertsitateetako irakasle: 6 EHU, 3 NUP, 2 Deustu, 2 Baiona
  • 4 Komunikabide mundukoak. 3 irrati zuzendari: Euskalerria Irratia, Euskadi Irratia eta Bizkaia Irratia. Bat, Zeruko Argian hasita
  • 2 AEKko arduradun izandakoak, Nafarroako eta Arabako ordezkari izanak
  • 7 idazle
  • 2 itzulpengintza alorrekoak
  • 2 artxibistikan, bibliotekan adituak
  • 1 herri literaturan, 4 aldiz Euskal Herriko bertsolari txapelduna
  • 1 udal teknikari, hots, udal administrazioko hizkuntza normalizazio lanetan ari dena
  • 2 hezkuntza zerbitzuko erakundean, kudeatzaile edota arduradun Iparraldean
  • 1 IVAP delako erakundean, Euskara Itzulpen Zerbitzuburua
  • 4 Zientzia alorreko irakasle edo aditu
  • 2 Onomastika eta Exonomastika ikerketan dihardutenak

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus