Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskalbar: 7 hiztegi klik bakar batean

Euskalbar: 7 hiztegi klik bakar batean

2006-05-23 / 07:00 / erabili.com   INTERNET

Sarea arakatzeko Firefox erabiltzen dutenek 7 euskal hiztegietan bilaketak aldi berean egiteko aukera daukate. Nahikoa da aurkitu nahi dugun hitza behin idaztea, ondoren, klik bana eginez, zazpi hiztegietan aurkitu ahal izateko.

Euskalbar tresna-barra 2006 honen hasieran plazaratu zen tresna-barra dugu. Firefox sare-arakatzailearentzat espreski sortutakoa da, gainera, software librearen eremu gero eta aberats eta zabalagoan buru-belarri ari direnen eskutik. Juanan Pereira izan zen tresna-barra berriaren sortzailea, eta Internetekin, telekomunikazioekin eta teknologia berriekin lotutako gaiak jorratzen dituen Internet & Euskadi elkartearen webgunean eskura daiteke.

Lehen bertsioa plazaratu zenetik aste asko igaro ez badira ere, dagoeneko zenbait eguneratze izan ditu Euskalbar-ek. Azkena eta osatuena, noski, 1.4 bertsioa da, eta honen sortzailea Asier Sarasua Garmendia izan da.

Gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania

Euskalbar tresna-barrak amaraunean aurki daitezkeen gaztelania-euskara zein euskara-gaztelania hiztegi ezagunenak esku-eskura jartzen dizkie erabiltzaileei, Firefoxen erabiltzaileei, hain zuzen.

Tresna-barrak ezkerreko muturrean daukan botoitxoari emanda, gaztelania-euskara ala euskara-gaztelania bilaketak aukeratu behar dira:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Gero, testu-kaxan itzuli nahi den hitza idatzi, eta testu-kaxa beraren eskuinaldean ageri den hiztegi-zerrendatik bat (edo guztiak) aukeratu besterik ez dago, klik bakar batekin eta oso azkar, bilaketaren emaitza begi bistan agertzeko:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Zazpi hiztegi aukeran

Euskalbar-en lehendabiziko bertsioan Euskalterm, 3000 Hiztegia, Elhuyar eta Hiztegi Batua hiztegiak agertzen baziren, 1.4 bertsiorako lau horiei beste hiru gehitu zaizkie: Itzul (Euskal Itzultzaileen zerrendetan bilaketak egiteko), Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa eta Justo Mokoroaren hiztegia.

1.4 bertsioaren beste berrikuntza bat ikonoen desagerpena da. Hasieran, euskara-gaztelania edo gaztelania-euskara aukerak egiteko botoiak zezenarekin (gaztelania) eta lauburuarekin (euskara) irudikatzen ziren, eta hiztegi bakoitzaren botoiak ere ikono bidez ikusten zire.

Nola instalatu

Euskalbar oso modu errazean instalatu ahal da Firefox nabigatzailean. Internet & Euskadi elkartearen webgunean tresna-barra honi eskainitako orrian bertan instalazioa egiteko pausoak azaltzen dituzten bi bideo ikus ditzakegu: Euskalbar Firefoxen nola instalatu ikusiko dugu batean, eta tresna-barra nola erabili bestean.

Euskalbar instalatzeko lehen pausoa, noski, Internet & Euskadiren webguneko bere orrialdera joatea da. Han, gaur egun, bertsiorik berriena aukeratzea litzateke hurrena, 1.4 bertsioa alegia, eta gainean klikatzea. Hori egindakoan, Firefoxek oztopatu egingo du instalazio prozesuaren zuzeneko hasera, pop-up erako mezuak blokeatzeko erabiltzen duen antzeko abisu baten bidez. Abisuaren eskuinaldean Aukerak Aldatu botoian sakatu behar da orduan:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Blokeorako leihoa itxitakoan, berriz, ondorengo koadrotxoa agertuko zaigu, softwarea instalatzeko baimenari dagokiona:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Baimendu botoiari sakatuta, www.interneteuskadi.org webgunea baimendutako guneen zerrendari gehituko dio Firefoxek eta, horrenbestez, bertatik gure ordenagailuan softwarea instalatzeko bidea irekiko digu.

Baimentzearen leihoa itxi ostean, berriro Euskalbar 1.4 bertsioaren gainean klikatu behar da, eta jarraian azalduko den koadroan Orain instalatu dioen botoiari eman:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Horrenbestez, Euskalbar gure ordenagailuaren gehigarrien zerrendan azalduko zaigu azken koadro batean:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Eta hortik aurrera, Firefox berrabiaraztea besterik ez dugu beharko, hiztegiak eskura jarriko dizkigun tresna-barra dagoeneko gure sare-arakatzailean agertzeko.


Inprimatu


Erantzun

 
Eskerrak, hobekuntzarako iradokizunak eta zuzenketa
2006-05-23 / 23:22 / Asier Sarasua... Garmendia

Kaixo,

Eskerrik asko hain artikulu osatua idazteagatik Euskalbarren inguruan. Eskertzekoa da ikustea holako ahaleginek zerbaitetarako balio dutela.

Euskalbarren erabilgarritasunaz ez daukat zalantzarik, baina hala ere, uste dut oraindik hainbat gauza hobetu daitezkeela. Euskal itzultzaileen ItzuL posta zerrendan dagoeneko hainbat iradokizun egin dituzte, ikusi hemen. Lan horretan hasteko denbora apur bat behar da, noski, ez da berehala egiten den zerbait.

Bestalde, zuzenketa bat egin nahi nioke testu honi: Euskabarren egiletzat agertzen den Asier Sarasua hori eta estekan sakatuz agertzen dena ez dira pertsona bera. Lan honetan parte hartu duena Asier Sarasua... Garmendia da.

Agur eta eskerrik asko.

Asier.

 
Zuzenduta
2006-05-24 / 09:24 / erabili.com

Kaixo, Asier.

Eskerrik asko zure ekarpenagatik, eta barkatu okerrarengatik. Zuzenketa egina dago jada.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus