Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskarazko webgune elebakarrak gora

erabili.com / Internet / 2006-05-17 / 07:00


Aurreko urteetan egin izan duen bezala, Cybereuskadi elkarteak euskal webguneen rankinga plazaratu du (2006-03-31), Alexa konpainiaren erabiltzaile paneletik ateratako datuak erabiliz. Eta erabili.com-ek, iaz bezala, Euskal Herri osoko web orriak jasotzen dituen zerrenda horretatik euskara hutsezko webguneen sailkapena atera du.



Cybereuskadi elkarteak zabaldu duen sailkapen-zerrendan Euskal Herri osoko ia 6.200 webgune agertzen dira, jasotzen dituzten bisiten arabera sailkatuta. 2005ean bezala, guk zerrenda luze horretatik euskarazko webgune elebakarren beste zerrenda bat osatu dugu. Hain zuzen ere, Euskal Herriko web orri guztien artean euskara hutsez egindako lehendabiziko hogeiak hartu ditugu bigarren sailkapen hau osatzeko.

Cybereuskadik Alexa webgune estatubatuarraren datuak erabiltzen ditu euskal webguneen zerrenda osatzeko. Interneteko joan-etorriak zenbatzen ditu Amazon taldeko enpresa horrek.

Aldaketak

Euskarazko webgune elebakarrei dagokienez, 2005ekotik hona lehen bi postuetan gune beraiek mantentzen dira, baina tokiz aldatuta: aurten Sustatu agertzen da sailkapenaren buruan, eta Eibar.org, berriz, bigarren postuan. Hirugarren tokian Berria.info ageri da. Iaz euskarazko berripaperaren amarauneko gunea ez genuen sartu euskarazko webgune elebakarren zerrendan, Argia.com sartu ez genuen bezala, bietan ere erdarazko edizioak zituztelako. Bi webgune horiek berritu egin dituzte, eta diseinu berrietan dagoeneko ez dira agertzen erdarazko edizioak (guk behintzat ez ditugu ikusi). Horrexegatik, aurten bai, euskarazko web orri elebakarren artean sartu ditugu.

Sailkapenean gora

Euskara hutsezko webguneek euskal webguneen zerrendan gora egin dutela ere esan dezakegu. 2005ean euskarazko webgune elebakarren hogeiko zerrenda osatzeko zerrenda orokorraren ia 1.000. posturaino iritsi behar izan bagenuen (20.a 988. postuan agertzen zen), aurten 20ko zerrenda hori Cybereuskadi ren zerrendako lehenengo 500en artetik osatu ahal izan dugu.

Eta 2005ean bezala, aipagarria da bisita gehien izaten dituzten euskarazko webgune elebakarren artean Azpeitiko bi agertzen direla: Erabili.com eta Uztarria.com

Euskarazko webgune elebakarren hurrenkera

Hona hemen aurtengo sailkapena (parentesi artean agertzen den zenbakia, bakoitzak euskal webguneen zerrenda orokorrean daukan postuari dagokio):

  1. Sustatu.com (32)
  2. Eibar.org (47)
  3. Berria.info (48)
  4. Euskalerria.org (93)
  5. Aurki.com (97)
  6. Goiena.net (122)
  7. Argia.com (171)
  8. Herria.info (258)
  9. Librezale.org (285)
  10. Dantzan.com (300)
  11. Mutilmedia.com (349)
  12. Badihardugu.com (361)
  13. Sagarrondotik.com (378)
  14. Ondopasabizkaian.com (387)
  15. Erabili.com (398)
  16. Uztarria.com (399)
  17. EKTsa.net (401)
  18. Ikasbil.net (425)
  19. Tropela.net (431)
  20. Anboto.org (476)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu):

Inprimatu


Erantzunak


Pozgarria

Arkaitz / 2006-05-17 / 12:09

Pozgarria albistea :) Sailkapenean oraindik Zabaldu.com falta da; Alexaren arabera 79. postuan beharko luke. Jarrai dezagun horrela!


Sailkapen okerra

Fermin / 2006-08-10 / 13:23

Alexaren sailkapenaz datu zehatza: gure zerbitzarietan 200en bat webgune dugu. Badakizkit bakoitzaren benetako sarrerak egunez egun eta urtez urte(6 urteko historikoa batzurena) eta benetako sailkapena eta Alexaren sailkapena ez datoz bat…. ezta urrutitik ere ez. Esate baterako benetako sailkapenean (ostatatutako zerbitzarian zenbatutako sarrerak) beste bat baino nabarmen atzerago egon baina Alexaren sailkapenean bi milioi postu aurretik agertzen denik badugu…

Ezaguna da Alexaren sailkapena nola manipulatzen den eta ezaguna da sarri egiten dela, baita Euskal Herrian ere.


(Fermin Plazaguneako kide da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/berriak/1147789882