Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Gazteentzat ere gatza eta piperra

Gazteentzat ere gatza eta piperra

2006-05-16 / 07:00 / Busturialdeko Hizkuntza Normalizazio Taldea   KULTURA

Gazte euskaldunek beraien sentimenduak adierazteko gaztelaniara jotzen dutela konturatuta, eta euskara gaztelania bezain hizkuntza funtzionala izan daitekeela erakutsi asmoz, betiko esamoldeen bilketa eta zabaltze lan interesgarria burutu dute azken urteotan Busturialdean.

Busturialdeko esakerak, irainak, berbak... askotan galtzorian zeuden ahozko adierak bi liburutan bildu eta plazaratu dituzte Busturialdeko Ikastetxeetako Hizkuntza Normalizazioko arduradunek: Berbeteari gatza eta piperra eta Busturialdeko esakerak. Arratzuko Barrutialde BHI, Bermeoko Arozena-Barrueta BHI, Gernikako San Fidel Ikastola, Seber Altube Ikastola eta Gernika BHI ikastetxeetako kideak dira bi lan horiek egin dituztenak.

Gazteen hizkerak kezkatuta

Eskualdeko gaur egungo gazteen hizkerak sortu zuen kezka. Gazte hauek euren gurasoek baino gehiago erabiltzen dute euskara euren harremanetan. Hau izan zen alde baikorra, eta ikastetxeen lanari esker gertatu dela argi dago.

Baina, erabiltzen den hizkerak baliogarria izan behar du beharrizan guztietarako. Kasu honetan, gazteen egoerako maitasuna, gorrotoa, haserrea, poza, lotsa... hizkuntzaren bidez adierazi behar dira. Eta hemen dago gakoa. Edozein berbetak bizitasuna behar du eta gazteenak oraindik gehiago, eta funtzionala izan behar du.

Askotan, funtzionaltasun horren izenean gazteek gaztelaniara jotzen dute: ligatzeko, poza eta haserrea adierazteko, iraintzeko... erdarara jotzen dute. Gazteen ustetan, ikasi duten euskara artifiziala egiten zaie egoera horietan erabiltzeko.

Adierazkortasuna berreskuratu

Horregatik, taldekideek egoera honi aurre egitea erabaki zuten eta aukeratutako bidea eskualdeko hizkeraren adierazkortasuna berreskuratzea izan da.

Hurrengo urratsa ikasgelan landu behar den ala ez erabakitzea izan zen, eta horretarako Kike Amonarriz eta Asisko Urmenetaren laguntza izan du taldeak. Unitate didaktiko baten moduan planteatuz gero, gazteen motibazioa galduko litzateke eta hori beharrezkoa da erabilerarako. Eskualdeko berba, esakera, berba gozo, irain eta abarren bilduma egitea izan zen hartu zen azken erabakia.

Bilduma hauek material osagarri moduan erabiliko dira ikastetxeetan, euskaltegietan, aisialdietan, eskolaz kanpoko jardueretan... hau da, gazteak dauden leku guztietan. Lehen fasean irainen bilduma egin zen eta, bigarrenean, esaerena.

Lanaren prozedura

Hasieran, ikasleek eurek erabiltzen dituzten irain eta berba gozoen bilduma egin zen. Eta erdarakada horiei zelan bere parekoa eman izan zen lanik handiena; kalkorik gabekoak izan behar ziren, hurbilak eta eurentzako adierazkorrak. Era berean, eskualdean bilketa lan bat egin zen, gehienbat euskaldun zaharren artean, eta hainbat berba agertu ziren oraindik erabiltzen zirenak.

Bigarren urratsa bildutako materialaren orrazketa egitea izan zen, bildutakoa zuzenduz eta txukunduz. Bestalde, formato erabilgarria behar zuen eta, horrela, liburuxka bat egitea erabaki zen, irudiak txertatuz, erakargarriago egiteko.

Lanak egiterakoan, didaktikotasunak izan du garrantzia; kontuan izan behar da gazte jendeari zuzenduriko lana izan dela. Pauso honek argitaratzeko diru-laguntza eskatzen zuen. Eta hor Gernika-Lumo eta Bermeoko udalen laguntza izan du talde honek argitalpena ziurtatzeko. Asisko Urmenetak egin zuen sarrera eta irudigilea ikastetxe bateko ikaslea izan zen, Mikel Egia.

Emaitzak

Lehenengo liburua Berbeteari gatza eta piperra izenez argitaratu zen 2002an. Eskualdeko irainak agertzen dira bertan, sailkatuta, itxurazko ezaugarrietarakoak eta izaerazko ezaugarrietarakoak bereiztuta. Irain bakoitza bi eratara idatzita agertzen da: alde batetik, gaur egungo arau ortografikoak kontuan harturik eta, bestetik, eskualdeko ahoskera erakusten duen grafian, eta horren azpian bere esanahia agertzen da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Bigarren liburua Busturialdeko esakerak izenez argitaratu zen eta hor eskualdeko betiko esakerak agertzen dira. Agertzen direnak eskualdean erabiltzen dira; honek ez du esan nahi horietako asko beste eskualdeetan erabiltzen ez direnik. Baina, galtzeko arrisku handia dago eta, horregatik, esakera hauen erabilera indartzeko asmoz egin da bilduma, horretarako ahalik eta formatorik egokiena aukeratuta. Esanahi aldetiko sailkapena egin ondoren, eskualdeko hizkeraren ahozko forman agertzen dira, eta irudiak dituzte lagungarri eta erakargargarri egiteko.

Ahozko eremuetaranzko jauzia behar

Lehen aipatu da gazteek euren egunerokotasunean erabil ditzaten dela lan hauen helburu nagusia. Materiala egin da eta argitaratu da. Baina gazteek euren hizkeran erabili ahal izateko bide batzuk jarratu dira eskualdean: material osagarri moduan jarri da ikastetxeetan, gaztelekuetan ere badaude ale batzuk, gazteak biltzen diren lekuetan ere badago materiala. Euskaltegien esku ere jarri da materiala.

Hala ere, oraindik falta da ahozko eremuetan honen berri izatea gazteek, hau da, Euskadi Gaztean erabiltzea edota gazteentzako diren beste programa batzutan, nahiz eta ETBko Mihiluze programan ikusi diren liburu hauetariko bat baino adibide gehiago.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu):

(BUSTURIALDEKO HIZKUNTZA NORMALIZAZIO TALDEA)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus