Egin klik hemen INPRIMATZEKO


zabaldu.com: euskarazko albisteak zabaltzeko giltza

Arkaitz Zubiaga Mendialdua / Internet / 2006-03-28 / 07:00


Zabaldu.com domeinupean abian jarri da euskara hutsean sortutako albisteen webgune berri bat. Baina ez da albisteen ohiko webgune bat, badu berezitasun bat: guztion artean egindakoa dela, alegia. Azalean dauden albisteak modu demokratikoan hautatzen dira.



Proiektua ingelesezko digg.com eta gaztelaniazko meneame.net -en ildo beretik doa, izan ere azken honek eskaintzen duen kode irekian oinarrituta baitago.

Nola da posible denon artean egindakoa izatea?

Zabaldu.com -en edonork bidali ditzake albisteak, horretarako erregistratzearekin nahikoa da.

Ezinezkoa da Interneten dauden albiste guztiak irakurtzea. Horregatik, denon artean onenak eta interesgarrienak hautatzea bide egokia izan daitekeela kontuan izanez jaiotzen da zabaldu.com proiektua. Bertan, Interneten aurkitutako albisterik interesgarrienak besteei erakusteko aukera ematen zaigu.

Eta zer gertatzen da guztiok bidalitako albiste hauekin?

Albiste hauek ilara batera pasatzen dira. Ilara horretako albisteak ikusi ditzakegu, eta guri interesgarrienak iruditzen zaizkigunak bozkatu. Horrela, boto gehien jasotzen dituzten albisteak azalean agertzen dira eta, ondorioz, azalean denon artean hautatutako albisteak agertuko dira.

Zer da beraz erabiltzaile moduan egin dezakezuna?

Eta noiz jaso ditu albiste batek azalean agertzeko boto nahikoa?

Hau erabakitzeko 5 minuturo exekutatzen den prozesu konplexu bat dago. Azalera pasatzeko behar den boto kopurua erlatiboa da. Alde batetik, boto negatiboak jasotzeak boto positibo gehiago eskatzen ditu argitaratu ahal izateko. Eta honez gain, boto kopurua azken bi asteetako mugimendu eta karma guztien batezbestekoaren arabera kalkulatzen da.

Aipatutako prozesu honek albiste batek boto nahikoa jaso duela antzematen duenean, azalean argitaratzen du.

Nola egin daiteke albisteen jarraipena?

Alde batetik, webgunean nabigatuz, albisteak ikusteko modu ezberdinak dauzkagu, hala nola Azalekoak, Ilarakoak, Boto gehien dutenak, Gaien arabera, eta abar.

Bestalde, RSS jario ezberdinak eskaintzen dira, nahi diren albisteak jarraitu ahal izateko. RSS kontzeptua zer den jakin nahi baduzu, Euskarazko Wikipediak azaltzen du.

Besterik gabe, proiektua zuen gustokoa izatea eta parte hartzera animatzea espero dugu, mila esker!

Proiektuaren webgunea: zabaldu.com.

(ARKAITZ ZUBIAGA MENDIALDUA zabaldu.com egitasmoaren sortzailea da)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/berriak/1143453636