Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  zabaldu.com: euskarazko albisteak zabaltzeko giltza

zabaldu.com: euskarazko albisteak zabaltzeko giltza

2006-03-28 / 07:00 / Arkaitz Zubiaga Mendialdua   INTERNET

Zabaldu.com domeinupean abian jarri da euskara hutsean sortutako albisteen webgune berri bat. Baina ez da albisteen ohiko webgune bat, badu berezitasun bat: guztion artean egindakoa dela, alegia. Azalean dauden albisteak modu demokratikoan hautatzen dira.

Proiektua ingelesezko digg.com eta gaztelaniazko meneame.net -en ildo beretik doa, izan ere azken honek eskaintzen duen kode irekian oinarrituta baitago.

Nola da posible denon artean egindakoa izatea?

Zabaldu.com -en edonork bidali ditzake albisteak, horretarako erregistratzearekin nahikoa da.

Ezinezkoa da Interneten dauden albiste guztiak irakurtzea. Horregatik, denon artean onenak eta interesgarrienak hautatzea bide egokia izan daitekeela kontuan izanez jaiotzen da zabaldu.com proiektua. Bertan, Interneten aurkitutako albisterik interesgarrienak besteei erakusteko aukera ematen zaigu.

Eta zer gertatzen da guztiok bidalitako albiste hauekin?

Albiste hauek ilara batera pasatzen dira. Ilara horretako albisteak ikusi ditzakegu, eta guri interesgarrienak iruditzen zaizkigunak bozkatu. Horrela, boto gehien jasotzen dituzten albisteak azalean agertzen dira eta, ondorioz, azalean denon artean hautatutako albisteak agertuko dira.

Zer da beraz erabiltzaile moduan egin dezakezuna?

  • Albisteak bidali

    Edozein webgunetan albiste interesgarri bat aurkitzen baduzu, eta beste zenbait pertsonentzat ere interesgarria suerta daitekeela uste baduzu, zabaldu.com erabili dezakezu honetaz jakinarazteko. Zabaldu.com webgunearen eskuinaldean "Albistea bidali" loturan klik egin eta hiru pauso sinpletan bidali dezakezu albistea:

    • 1. Albistearen lotura erantsi: Albistea aurkitu duzun helbidea zehaztu.
    • 2. Albistea azaldu: Albistea deskribatzeko izenburu bat eta azalpen bat idatzi, eta kategoria batetan sartu, bidali duzun lotura horretan zer aurkitu daitekeen jakin dezagun.
    • 3. Albistea konfirmatu: Albistearen aurreikuspena izango duzu orain. Dena ongi badago, konfirmatu besterik ez duzu egin behar.
  • Albisteak "zabaldu" (edo bozkatu)

    Beste erabiltzaileek bidali dituzten albisteak ere bozkatu ditzakezu. Horretarako modu ezberdinak daude. Alde batetik, hasierako orrialdean ditugun azaleko albisteak daude, eta bestalde ilarakoak (eskuineko "Ilarakoak zabaldu" loturara joz). Guztiek "zabaldu" lotura bat dute ezkerraldean. Albistea interesgarria iruditzen bazaizu, egizu klik "zabaldu" lotura horretan eta boto nahikoa jasotzen baditu, azalera pasako da.

    Bestalde, albistea ezegokia dela baderitzozu, albiste bakoitzaren alboan "arazorik?" formulario bat dago, boto negatiboak emateko. Boto negatibo nahikoa jasotzen baditu, albistea baztertuen artera pasako da.

  • "Karma" kontzeptua

    Erregistratutako erabiltzaile orok "karma" bat du, 6 eta 20 arteko balio bat, alegia. Honen arabera bere botoak gehiago edo gutxiagoko balioa izan dezake.

    Karma hau erabiltzailearen partaidetza mailaren arabera aldatzen da. Sarritan parte hartzen duen erabiltzaileak karma altua izango du, eta beraz, bere botuak garrantzi handiagoa izango du.

    Erregistratu gabeko erabiltzaile batek bozkatu dezake, baina albisterik bidali ez. Bere botoa, ordea, 4 puntuko karma batena izango da.

Eta noiz jaso ditu albiste batek azalean agertzeko boto nahikoa?

Hau erabakitzeko 5 minuturo exekutatzen den prozesu konplexu bat dago. Azalera pasatzeko behar den boto kopurua erlatiboa da. Alde batetik, boto negatiboak jasotzeak boto positibo gehiago eskatzen ditu argitaratu ahal izateko. Eta honez gain, boto kopurua azken bi asteetako mugimendu eta karma guztien batezbestekoaren arabera kalkulatzen da.

Aipatutako prozesu honek albiste batek boto nahikoa jaso duela antzematen duenean, azalean argitaratzen du.

Nola egin daiteke albisteen jarraipena?

Alde batetik, webgunean nabigatuz, albisteak ikusteko modu ezberdinak dauzkagu, hala nola Azalekoak, Ilarakoak, Boto gehien dutenak, Gaien arabera, eta abar.

Bestalde, RSS jario ezberdinak eskaintzen dira, nahi diren albisteak jarraitu ahal izateko. RSS kontzeptua zer den jakin nahi baduzu, Euskarazko Wikipediak azaltzen du.

Besterik gabe, proiektua zuen gustokoa izatea eta parte hartzera animatzea espero dugu, mila esker!

Proiektuaren webgunea: zabaldu.com.

(ARKAITZ ZUBIAGA MENDIALDUA zabaldu.com egitasmoaren sortzailea da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus