Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara, zure laneko erreminta

Euskara, zure laneko erreminta

2006-03-17 / 07:00 / Gorka Ovejero Ganboa   ENPRESA

Lan-munduan ere euskararen erabilera sustatzea ezinbestekoa da hizkuntzaren normalizazioa lortu nahi bada. Helburu horrekin, eta gaur egun beren mugak zeintzuk diren jabetuta, lanari ekin diote Sakanako Mankomunitatean. Enpresek beraien lan-hitzarmenetan euskara kontuan hartzea dute lehen asmoa.

Handia da ekonomiak gizartean duen eragina gaur egun. Horrela, esparru ekonomikoan erabiltzen den hizkuntzak balioa eta prestigioa izanen ditu. Gainera, gizakiok lanean igarotzen dugun denbora kontuan hartuta, oso garrantzitsua da alor horretan erabiltzen dugun hizkuntza: euskarak esparru ekonomikoa bereganatu behar du gainontzeko alorretan (irakaskuntza, komunikabideak...) izandako lorpenak garatu eta iraunarazteko.

Motibazioa astindu

Askotan entzun dugu euskaraz ikasi dutenei dagokiela euskara lan munduan sartzea eta modu naturalean lortuko dela euskararen normalizazioa esparru honetan. Haatik, alderantzizkoa gertatu ohi da. Langile berriak ezin du aski errotuak dauden komunikazio zirkuituetan eragin, ez badu laguntzarik. Alde honetatik, lan munduan euskarak bere tokia har dezan ezinbestekoa da planifikazioa.

Soluziobiderik egokiena enpresa guztietan normalizazio plangintzak egitea litzateke, baina bide luzea dugu maila horretara iristeko. Izan ere, Sakanako Mankomunitatearen baliabideak urriak dira, eta, halaber, enpresen sentsibilizazio maila ere ez da altua oraindik.

Jakina denez, hitzarmenetan euskararen gaia jasotzeak, matrikulazio kanpainek eta oro har ekintza solteek ez dute bermatzen enpresen euskalduntzea, hori bakarrik ziurta baitezake enpresak bere osotasunean besarkatuko duen erabilera plangintza batek, baina egitasmo hauek guztiek motibatzeko eta giro aproposa lortzeko baliagarriak direlakoan gaude.

Eskuliburua

Horrela, eskuliburu bat prestatu dugu, enpresek beren hitzarmenetan euskara jasotzean lagungarri izanen delakoan. Izan ere, oro har euskararen tratamendua arautu gabeko alorra da Sakanako enpresetan.

Euskara, zure laneko erreminta izenburupean, euskaraz zein gaztelaniaz, euskara lan-hitzarmenetan jasotzeko zenbait proposamen jasotzen dira eskuliburuan, sei jarduera esparru edo atalekin lotuta. Hona hemen atalez atal jaso ditugun proposamenak:

  • Euskalduntze-alfabetatzea
    • Enpresan honetan euskalduntze-alfabetatzerako matrikulazio kanpainak egin ahal izanen dira langileei zein zuzendaritzako kideei zuzendurik. Matrikulazio kanpainak enpresak berak finantzatuko ditu, osorik edo portzentaia batean, eta beste enpresa batzuekin edota erakunde publikoekin elkarlanean burutu ahal izanen dira.
    • Euskara ikasten, alfabetatzen edota euskarazko trebakuntza jasotzen ari diren langileen matrikula eta kuoten ordainketa enpresak hartuko ditu bere gain, osoki edo ehuneko batean eta, horretarako, urteko aurrekontuan euskararako partida bat aurreikusiko du. Langileek matrikularen ordainagiria eta parte-hartze ziurtagiria entregatu beharko dituzte diru laguntza kobratu ahal izateko.
    • Testuliburuen eta oro har material osagarrien ordainketa enpresak berak hartuko du bere gain, osorik edo ehuneko batean, euskararako partida horretarako baliatuz. Diru hori kobratu ahal izateko langileek gastuen ordainagiriak entregatu beharko dituzte.
    • Zuzendaritzak aukera izanen du euskara ikasteagatik liberazioak emateko eta, ahal duen neurrian, ordutegiaren malgutasuna eskaini ahal izanen die euskalduntzen edota alfabetatzen ari diren langileei.
    • Zuzendaritzak konpromisoa hartuko du langileen eskaera aintzat hartzeko formaziorako jarduerak eskaintzerakoan langileek formazio jarduera horiek euskaraz burutu nahi badituzte. Beraz, ahalegina eginen du formazio jarduera horiek euskarazkoak izan daitezen.
  • Kanpo-harremanak
    • Enpresa honek konpromisoa hartuko du jarraian aipatuko ditugunak ele biz edo euskara hutsez egiteko. Ele biz egitekotan euskarazko atala erdarazkoaren maila berean izanen da edo, bestela, nabarmenagoa izanen da:
      • Fax azalak
      • Idazpurudun gutunazalak
      • Idazpurudun papera
      • Gomazko zigiluak
    • Ahozko harremanei dagokienez, enpresak telefono-harrera euskarazkoa izan dadin ahalbideratuko du, eta kanporako ahozko harremanak euskarazkoak izan daitezen lan eginen du.
  • Paisaia linguistikoa
    • Enpresaren paisaia linguistikoan euskararen presentzia bermatuko da. Horrela, enpresaren menpeko eraikin, ibilgailu eta bestelako ondasunak euskaraz errotulatuko dira eta beste hizkuntza batzuetan ere errotulatuz gero, euskarazko atala beste gainontzeko hizkuntzen maila berean egonen da edo, bestela, euskarazko atala nabarmenduko da.
  • Barne-harremanak
    • Jarraian zerrendatuko dugun dokumentazioan euskararen presentzia bermatuko da. Hala, dokumentu horiek ele biz edo euskara hutsean idatziko dira. Ele biz izanez gero, euskarazko atala erdarazkoaren maila berean egonen da edo euskarazko atala nagusituko zaio:
      • Deialdiak eta aktak
      • Lan-hitzarmena
      • Iragarki tauletako oharrak
      • Nominak
      • Harrera liburuxka
      • Kontratuak
      • Inprimakiak
    • Ahozko harremanez denaz bezainbatean, enpresa honek motibazioan eta jarreran eragiteko kanpainak, hala nola euskararen erabilera bulkatzeko kanpainak, egiten ahal ditu. Kanpaina horiek beste enpresa edota erakunde publikoekin elkarlanean egiten ahal ditu eta finantzatuko ditu, osorik edo ehuneko batean.
  • Euskara Batzordea sortzea
    • Enpresa honetan Euskara Batzordea sortu ahal izanen da. Batzorde hori bai enpresa batzordeko kideek (edo langileen ordezkariek) eta bai zuzendaritzako kideek osatuko dute. Batzorde paritarioa izanen da, eta kide kopurua zehaztean alderdi bat ez zaio besteari gailenduko. Batzorde horrek kudeatuko du euskararako aurrekontua, eta enpresako hizkuntza politikaren nondik norakoa bertan erabakiko da. Bestalde, berari dagokio euskararen normalizazioan trakzio lana egitea.
  • Erabilera planak
    • Enpresak erabilera plan bat garatzeko erabakia har lezake horretarako aholkularitza enpresa bat kontratatuz. Plangintza horren baitan euskararen egoeraren gaineko diagnosia eginen luke, ondotik helburuak eta helburu horiek lortzeko ekintzak planteatuko lituzke eta, azkenik, inplementazioa eta ebaluazioa kontuan hartuko lituzke.


___________________________________________________

  • Euskara, zure laneko erreminta eskuliburua eskuratu nahi baduzu sakatu HEMEN

(GORKA OVEJERO GANBOA Sakanako Mankomunitateko lehendakaria da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus