Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Sabino Aranaren euskara garbizalea

Sabino Aranaren euskara garbizalea

2006-03-06 / 07:00 / Euskaltzaindia   HIZKUNTZA

Euskarazko hitz berriak asmatzen Sabino Arana Goiriren ahalegina, egina eta eragina liburu bakar batean elkartu ditu Ines Pagolak. Hitz bakoitza noiz eta nola sortu zen, zer hiztegi eta testutan agertzen den, baita sortutako iritziak ere jasota daude Neologismos en la obra de Sabino Arana Goiri liburuan.

Neologismos en la obra de Sabino Arana Goiri liburua aurkeztu dute (2006-03-03an) Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Donostian.

Aurkezpena honako hauek egin dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Ludger Mees, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara errektoreordeak; Ibon Sarasola, liburuaren sarrera egileak; eta Ines Pagola egileak.

Neologismos en la obra de Sabino Arana Goiri liburua Ines Pagolaren doktorego tesiaren bertsioa da eta, izenburuak adierazi bezala, Sabino Aranaren neologismoak hartzen ditu aztergai. Horiek ulertzeko, baina, testuinguru historikoan kokatzen gaitu egileak. Pagolaren hitzetan, "XIX. mendearen bukaera aldera, Bilbo, abertzaletasunaren jaioterria, euskal letren kokagune bilakatzen da, bertan sortzen baita Pizkundea izeneko mugimendu edo eskola garbizalea, euskara eta euskal literatura irauliko dituena. Tradizioak etsaitzat izan dituen gizon biren ideien fruitu da mugimendu hau, hots, Arana Goiri eta Azkueren euskarari buruzko ideien emaitza. Haien eskutik purismoa, ideia politikoak bezala, erradikalizatzen da, eta hiztegi eremutik gaindi, morfologiaren eta are joskeraren eremuetara zabaltzen".

"Honela -gaineratzen du Pagolak- euskara berri bat sortzen da, garaiko idazle gehienek, onenak eta ezagunenak barne, hautatzen dutena. Hasiera batean, euskara berri hau Bizkaiko gertakaria da, baina aurki hedatzen da, ideia politikoekin batera, beste eskualdeetara, bereziki, Gipuzkoara. Ipar Euskal Herrian, ez zuen, hala ere, eragin handirik izan: Lhande, Jean Etxepare salbuespen dira".

Hala bada, "morfologiaren berritzea Azkuek egin zuen; Arana Goirik, hiztegi berritzea. Erdaratiko hitzak baztertzea da berritze honen ezaugarririk nabarmenena".

Liburuaren hasieran, Ibon Sarasolaren "Irakurle euskaldunari" hitzaurrea dago. Sarasolak esaten duenez, "Pagolaren lanaren gorputza hiztegi moduan dago antolatua eta bertan, Sabinok sorturiko edo berari egotziriko neologismo guztien berri ematen digu". Hitz bakoitza noiz eta nola sortu zen azaltzen du Pagolak, baita zer hiztegi eta testutan agertzen den edota aldeko eta kontrako iritziak ere.

Askotariko bibliografia eta lehen eskuko informazioa erabili ditu Ines Pagolak. Sabino Aranak sortu zituen neologismo asko politikaren eremukoak dira (Euzkadi, alderdi, burukide); edota hizkuntza, literatura eta kultura arlokoak (idazki, antzoki, zenbaki). "Euskara -dio Pagolak- erdaratiko hitzez garbitzen duen bezala, logikaren izenean, euskarazko zenbait forma oker zuzentzen, garbitzen ere ditu, historiaz kanpoko garai batean, ustez, ziren bezala ematen. Begiraturen lekuan nahiago du begiztu; bi(g)urturen lekuan, birgurrtu, bir- delako aurrizkia; joskera okerra duelako, Jaungoiko baztertu eta Goiko jaun erabiltzen du; eta abar". Ibon Sarasolaren aburuz, "sabindarren ahaleginaren eta eraginaren entziklopedia moduko bat, zabala eta fidagarria, eskaintzen zaigu liburu honetan".

Sarasolaren hitzak aipatuko ditugu berriro: "Ardura bereziz -dio euskaltzain osoak- azaltzen du Pagolak Azkueren jarrera Aranak sortutako hitzei buruz. Uste dut argibide benetan interesgarriak direla, topikoak alde batera utzita, benetako Azkuerengana hurbiltzeko". Eta Ines Pagolak gaineratzen du: "Azkuerekin konforme egon gaitezke Aranaren neologismoak gaizki eratuak daudela dioenean, baina zuzentasun gramatikalak zer ikusi gutxi du hitz baten erabilerarekin: Azkueren bazterreko forma eta aitzakiarik gabeko neologismoak bidean gelditu ziren bitartean, Arana Goirirenak eta, bereziki, bere jarraitzaileek haren estilora, haren egiteko modu berezian egindakoek aurrera egin zuten".

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus