Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Ahozko jarduneko akats ohikoenak zuzentzeko programa

Ahozko jarduneko akats ohikoenak zuzentzeko programa

2006-03-02 / 07:00 / Estepan Plazaola Otadui   IRAKASKUNTZA

Ahozko hizkeran eta bereziki haur eta gazteen ahozko jardunean zabalduta dauden hainbat akats gramatikal zuzentzeko asmoarekin programa bat sortu eta garatzen ari dira Bergaran: Gehixago eta Hobeto.

Sarrera

Sarrera

Hizkuntza normalizatuetan gurasoak, nagusiak, izaten dira umeen hizkuntza eredu.

Euskararen kasuan askotan ez da hori betetzen; kasu batzuetan nagusiek jakin ere ez dakitelako eta beste batzuetan beren euskara gutxietsi eta ez dutelako eginkizun hori euren gain hartzen.

Eta, are okerrago, gertatu ohi da batzuetan ondo egiten duten guraso edo aitajaun-amandreek umeen akatsak zuzendu beharrean umeen akatsak berenganatzea ere. Nire zorionak dira, Realak ondo jolastu dau, betiko bezala... ez dira ibili izan oraintsu arte gure inguruko euskaldun onen ahotan, baina gaur gutxien uste denak botatzen ditu.

Egoera horretaz kezkaturik, 1998-1999. urte inguruan Bergarako ikastetxeek, Eibarko Berritzeguneak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak herri mailako programa bateratua abian jartzea erabaki zuten: Gehixago eta Hobeto programa.

Helburua

Programaren bitartez, ahal den neurrian, bergararren ahozko euskara hobetzea lortu nahi da; eta, batez ere, akats ohikoenak zuzentzea. Eta, Bergaran, normalean, ahozko komunikazioan euskalkia erabiltzen denez, programak ere euskalkia du langai.

Hartzaileak

Programako hartzaile nagusiak haur eta gazteak eta hizkuntza jarraipenean protagonismo handiena duten giza-multzoak dira: gurasoak, irakasleak, entrenatzaileak, astialdiko begiraleak... Beraz, programaren pisu nagusia eskolak hartzen du baina ahalegin berezia egin dugu hizkuntza transmisioan eragin handiena duten beste taldeengana ere iristeko.

Programa barruko baliabideak

Sarreran esan bezala, 1998-1999. urte aldera ekin zitzaion programa honi eta, harrez gero, baliabide ugari erabili izan dira. Jarraian horien azalpen laburra egiten saiatuko gara.


EGITASMOAREN KOMUNIKAZIO OROKORRA

  • Hasierako komunikazioa

    Programan partaide nahi genituen guztiei berri emanez eta beren lankidetza eskatuz eman zitzaion lanari hasiera:

    • Irakasleei: klaustroak edo aparteko bilerak baliatuz azaldu zitzaien zer egin nahi genuen. Garrantzitsutzat jo genuen guztiek parte hartzea eta euskalkia jakinez gero erabiltzea gomendatu genien.
    • Ikasleei: tutoretza-orduak erabili genituen informazioa emateko eta hausnarketa eragiteko.
    • Gurasoei: gutun bidez azaldu zitzaien abian jarri nahi genuen programaren berri.
    • Eskolaz kanpoko jardueretako agenteei: aisialdi taldeetakoei, katekesietakoei, musika eskolakoei... Horiei ere asmoaren berri eman zitzaien, eurak ere eredu ona ematen eta egitasmoan laguntzen saia zitezen. Ahal zen neurrian, jendearekin zuzenean egoten saiatu ginen eta ezinezkoa izan zen kasuetan idatziz jakinarazi zitzaien.
  • Gaur eguneko komunikazioa. Gaur egunean ere hasieran pentsatutako multzoei eskaintzen zaie programa, nahiz eta zuzenen ikastetxeen ingurua (ikasleak eta irakasleak) eta gurasoak inplikatzen diren.

    Gurasoei ikastetxeetan ematen zaie programaren gaineko informazioa, ikasturte hasierako bilerak aprobetxatuz. Horretaz aparte, gero azalduko dugun moduan, hiruhilabetero landuko den unitatearen gaineko informazioa bidaltzen zaie.


AKATSAK LANTZEKO BALIABIDEAK

  • Unitate didaktikoak

    Programaren helburua adieraztean esan dugu, batez ere, akats ohikoenak zuzentzera bideratua dagoela. Zehatzago esanik, esan beharko genuke akats gramatikalak zuzentzera bideratuta dagoela. Akatsok lantzeko baliabideak sortu eta eskaintzen egin dugu, beraz, lanik handiena. Izan da, gainera, nolabaiteko bilakaera bat, hasierako material solteetatik azken urteetako unitate didaktikoetara:

    • Hasieran, material solteak. Programaren hasierako urteetan, akatsaren inguruko material solteak prestatu ohi genituen: azalpen gramatikala, gurasoei bidaltzeko azalpenak... Hasiera hartan, beraz, ikastetxeen edo programako beste partaideen esku geratzen zen akatsak zuzentzeko baliabideak sortzea.
    • Bigarren urratsa, unitate didaktikoak. Bigarren aro batean, akatsak lantzeko unitate didaktikoak egitea erabaki genuen, akatsen lanketa ahalik eta bateratuen eta osatuen egiteko.
      • a) Unitateen gaia

        Unitate didaktiko bakoitzean normalean bizpahiru akats landu ohi dira eta, jeneralean, hiruhileko bakoitzerako unitate bat prestatu izan dugu. Akatsok, batzuetan, elkarren artean loturarik ez dutenak izan dira eta beste batzuetan, ikasturte osoko lanketari batasun bat eman guran, gai bat aukeratu (joko eta jolasak, adibidez) eta gai horretako hizkuntza baliabideak eta hizkuntza akatsak landu izan dira.

        Arlo guztietako akatsak jorratu dira: aditzari dagozkionak, morfosintaxiazkoak, lexikoarekin lotuak, gaztelaniazko lokailuak erabiltzea...

        Adibide gisa, hona hemen jorratutako akatsetako batzuk:

        • Nor / Nor-Nork nahasketa: hankia apurtu naiz, balkoitik bota da.
        • Singularra / plurala: praka gorrixak jantzi biot.
        • -t(z)ea egin: jatia egin dosta.
        • Jo: ostikadia jo dost, atiakin jo naiz.
        • Eragin: jatia egin dosta.
        • Baliotu: baliotzen dau.
        • -a egin: pailazoa egiten dabil.
        • Baino ago: zure baino haundixagoa.
        • Baleike: baleike jun komunera.
        • Bezala: zure bezala, betiko bezala.
        • buruz: zure buruz berba egin dogu.
        • Ere: ezebezena, iñobezekin.
        • -rena berba egin / gustau / fixau: zuria berba egin dogu.
        • Zertara jokatu: futbolera jokatu.
        • Erdarazko lexikoa: moratoia, koskorroia...
        • Generoa pluralean: maisuek esan doskue.
        • Ume hizkera: lolitos, chupetito, patxito...
        • Zorionak: nire zorionak dira.
        • Erdaratiko lokailuak: ake, asike, aunke...
      • b) Unitateen sortze prozesua

        Programaren sorreratik bertatik, Eibarko Berritzeguneak, Bergarako ikastetxeek eta Bergarako Euskara Zerbitzuak osatutako koordinazio-gune bat osatu zen eta une honetan programa hau eta hezkuntza eta euskararekin lotutako beste hainbat gai EBPNren baitan iaz sortu zen Hezkuntzako azpibatzordean lantzen dira. Azpibatzorde horretan, aurrekoez gain, Udaleko Hezkuntza teknikariak eta herriko euskara elkarteko ordezkariak ere hartzen dute parte.

        Talde horren bileretan abiatzen da, beraz, ikastunitatea. Hain zuzen ere, unitate didaktikoen langaiak (akats solteak, gai jakinen baten inguruko akatsak...) aukeratzea da lehenengo lana. Eta landuko diren akatsez gain, bultzatuko diren hizkuntza formak ere erabakitzen dira.

        Bigarren fase batean, Udaleko Euskara Zerbitzuaren ardura izan ohi da unitatearen behin-behineko proposamena osatzea eta batzordekideei bidaltzea hurrengo bilera aurretik aztertu ahal izateko. Unitatea sortzeko lan hau ere era batean baino gehiagotan bideratu izan da eta azken urteetan AEK-k gauzatu izan du Udalaren enkarguz.

        Lehenengo unitate-zirriborroari egokitzat jotzen dituzten proposamenak egiten dizkiote ikastetxeek eta Euskara Zerbitzuak behin betiko proposamena osatu eta behar beste kopia egin eta banatu ohi die ikastetxeei bai paperean eta baita formatu digitalean ere. Tamaina desberdineko unitateak egin izan dira baina, batez beste, 35-40 orrialde ingurukoak izan ohi dira. Ikastunitatea eta dagokion materiala eskuan izanda, ikastetxeen lana hasiko da: normalkuntza arduradunek ikastetxean unitatea aurkeztea, lanketa...

        Hurrengo koordinazio-bileran jasoko dira gauzatzean jasotako iritziak eta balorazioak: irakasleek esandakoa, ikasleen harrera...

      • c) Unitateen egitura

        Edukiari dagokionez, unitate didaktiko guztiek, eduki bertsua izan ohi dute, 3 atalotan labur dezakeguna:

        • Ikastetxeetan lantzeko materiala. Oro har, honako edukiak izango ditu:
          • Unitatearen helburuak eta egitura. Irakaslearentzako aurkezpen atala da. Bertan, unitatearen egitura eta irakasmaila bakoitzean lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira: Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Bigarren Hezkuntzakoak.
          • Landuko diren akatsen azalpen gramatikalak eta proposatzen diren eredu zuzenak. Zein den akatsaren jatorria, zeintzuk bertako ordezko zuzenak, zeintzuk zabalduenak, eta abar.
          • Akatsak lantzeko ariketak. Hauek ere mailaka bereiztuta: txikienendako ahoz lantzekoak eta LHko 3. ziklotik gorakoendako ahoz lantzekoak eta baita ariketa analitiko apur batzuk ere.
          • Ariketa analitikoen erantzunak.
          • Ariketa bakoitzarekin lotutako eranskinak.
          • Bibliografia-erreferentziak: Akatsaz gehiago jakin nahi duen irakaslearentzat; eta, ikastunitatean landu ez diren beste testu erabilgarriak: ipuinak, kantak eta abar.
        • Gurasoentzako materiala. Bertan, eskoletan landuko diren akatsen azalpen laburra agertu ohi da, euren adibideekin eta ariketa batzuekin. 4 orrialde izan ohi ditu. Gurasoendako atal honen bi ale osatzen dira, bata euskara hutsean eta bestea ele bietan, euskaraz ez dakiten gurasoentzat. Material hau ikastetxeetan kopiak atera eta biorriko gisa banatu ohi zaie gurasoei.
        • Proposamen berezien atala. Unitatean landu diren akatsez aparteko proposamenak dira. Normalean hizkuntza eredu egokiak bultzatzeko helburua dutenak. Hau ere mailaka bereiztuta, proposamen bat edo bi HHrako, proposamen bana LHko ziklo bakoitzerako eta beste proposamen bat edo bi Bigarren Hezkuntzarako.
      • d) Adin-tarte bakoitzerako zuzenketa estrategien ezaugarriak

        Adin-tarte guztiek ez dute hizkuntzarekiko eta hizkuntzaren jabetzarekiko harreman bera. Beraz, bai adin bakoitzean erabiliko diren zuzenketa estrategiak erabakitzerakoan eta baita horretarako sortuko diren ariketak sortzerakoan ere kontuan hartu beharrekoa da harreman hori. Mugak zehaztea oso zaila bada ere, hona hemen adin-tarte bakoitzaren ezaugarriak (Nora Palmitano, hasierako unitate didaktikoen sortzaileak prestatua):

        • 3 - 7 urtekoak: Hizkuntza osatuz doaz. Ezin dugu esan huts egiten dutenean benetako akatsa den ala tarteko hizkeraren urrats iragankorra. Ez dute ikasten, hizkuntza bereganatu egiten dute, besterik gabe. Akatsetan eta forman ez dute arreta jartzen, edukia da inportanteena.

          Horregatik, adin honetan, jasotzen dituzten ereduek dute garrantzia: irakasleen eta gurasoen hizkera, eta erabiltzen duten materiala (ipuinak, jolasak, abestiak...). Honen kalitate eta kantitatea zaindu behar dira, eredu zuzenak eta ugariak maiz, etengabe, eskainiz.

        • 8 - 11 urtekoak: Akatsez jabetzen dira, askok oso gogor zuzentzen die gurasoei, beste askok guraso erdaldun traketsari erdaraz egiten dio. Beren gaitasun guztiak garatzen dituzten heinean arlo guztietan hobetu nahi dute.

          Adin honetan beraz, aurrekoak baztertu gabe, akatsak identifikatu eta zuzentzera bideratutako materiala ere erabili beharko da. Bide egokiak erabiliz etxean duten jarrera berbidera daiteke.

        • 12 - 16 urtekoak: Euskararen erabilerari buruzko ikerketek adin honetan aurkitu dute inflexio-puntua. Batzuen ustez adin honetan hizkuntz aukeraketa egiten dute gazteek, eta kopuru handi batek euskara alde batera uzten du.

          Adin honetan, hausnarketa egiteko gaitasuna dute, beren nortasuna definitzeko saioak egiten dituzte, gizartean eragiten hasten dira. Gazte hauek euskara eta herriko hizkeraren arazoa azter dezakete, zein den akatsen jatorria eta nola zabaltzen diren. Gazteek, ahozkoaren akatsak eta galera herri arazotzat hartuz, horren aurrean beraien rola definitu beharko lukete.

        Beste autore batzuk ere nahikoa bat datoz planteamendu honekin. Adibidez, Roy Lister eta Leila Ranta ikerlariek LHko 4. eta 5. mailako umeekin egindako azterketa baten arabera, adin-tarte horretan estrategiarik emankorrenak bost hauek lirateke:

        • Ikasleari forma egokia nola izango litzatekeen galdetzea: "nola esaten da ondo?"
        • Pista metalinguistikoak eskaintzea, hau da, adierazpenaren zuzentasunaz galdetzea, forma egokia inondik inora esan gabe: "hori ondo dago?, etxeak singularra ala plurala da?"
        • Argitzea eskatu: "ez dizut ondo ulertu, zer jo dotsazu?"
        • Erabili den forma desegokia errepikatu. Errepikapen hau zerbait ondo ez dagoela adieraziko duen tonu bat erabiliz egin beharko da: "jo dotsut!?"
        • Zuzenketa esplizitoa: ez da "jo dotsut" esaten; "jo zaitut" esaten da.
  • Baliabide osagarriak

    Akatsak lantzeko gune nagusia eskola da. Edozein modutan, eskolaz gain, beste eremu batzuetara ere helarazten dira programako materialak:

    • Gurasoentzako biorrikoa eta Apatxi aldizkaritxoa. Unitate didaktikoak azaltzean 3.2.1. puntuan komentatu dugun moduan, hiruhileko bakoitzean zuzendu nahi diren akatsen inguruko informazioa eta ariketatxo batzuk bidaltzen zaizkie, ahal duten neurrian, eurek ere parte har dezaten.

      Eskola eta etxearekiko lotura hori sendotu eta gurasoen protagonismo hori indartu nahian, hilean behin, herri aldizkariaren gehigarri gisa banatzen da Apatxi aldizkaritxoa, 4 orrikoa, Eskolaurreko eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetakoei zuzendua. Unitate didaktikoetan aztertu diren edukiak eta beste batzuk lantzen dira bertan, modu ludiko batez: azalpenak, jokoak, ipuina, inkestak, magia jokoak...

      Urte bukaeran urtean argitaratutako Apatxi aldizkaritxoaren bilduma egin eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei banatu ohi zaie.

    • Komikiak. Unitate didaktiko bakoitza lantzean ikastetxeetan ikasleek beti sortu ohi duten material bat komikiak izan ohi dira. Komikiotan akatsen berri eman eta eredu ona proposatzen da. Komikiotatik batzuk ikastetxeetan bertan jarri ohi dituzte eta beste batzuk haur eta gaztetxoak ibiltzen diren guneetara eraman ohi dira:
      • Eskolaz kanpoko jarduerak gauzatzen diren guneetara: musika, kirola, katekesia...
      • Haur eta gazteak ibiltzen diren beste eremu batzuetara: denda, kirol-instalazio, taberna eta abarretara.


IGORLEEN FORMAZIORAKO BALIABIDEAK

Programa honen barruan garrantzi berezia du, bestalde, haur eta gazteei hizkuntza transmititzen dietenen eredua ona izateak. Hori dela eta, hizkuntza transmititzaile horiek formatzeko bideak eskaintzen saiatzen gara eta, horretarako, orain arte, honako bideak erabili izan ditugu:

  • Ikastaroak

    Programarekin zer ikusia duten giza-multzo guztientzako ikastaroak antolatu izan ditugu:

    • Irakasleentzakoak. Batez ere, bertako euskara lantzera bideratutako ikastaroak izan dira baina, horren barruan, akats ohikoenak ere aztertu eta landu izan dira. Kasu batzuetan Iraleko formazio ikastaroak aprobetxatu dira eta beste batzuetan ikastetxeek berek antolatu izan dituzte Irale programatik kanpo.
    • Guraso, zaintzaile eta edozein herritarrentzakoak. Kasu honetan ikastaroen helburu nagusia ume eta helduek berba egitean egiten dituzten akatsik ohikoenak lantzea da. 10 orduko ikastaro laburrak izan dira. Bi urtetan talde bana osatu da.
    • Aisialdiko begiraleentzako ikastaroa. Euskara elkarteak bertako aisialdiko begiraleei zuzendutako ikastaroetan txertatu izan da gaia.
  • Liburua: Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak

Liburua HEMEN eskura dezakezu

Adin-tarte bakoitzerako zuzenketa-estrategiak aztertzerakoan (3.2.1.d. atala) komentatu dugu nerabezarotik aurrera garrantzitsua dela akatsaren beraren azalpen argia izatea.

Unitate didaktikoak sortzen joan garen heinean akats askoren azalpenak gertatu izan dira eta azalpenok eta akatsok lantzeko hainbat ariketarekin Ahozko Jarduna Hobetzeko Proposamenak liburua osatu eta Badiharduguk argitaratu zuen (Liburua HEMEN eskura dezakezu).


Balorazio orokorra

Ezeren aurretik esan dezagun Gehixago eta Hobeto programa honen langaia (hizkuntza kalitatearena) gai korapilotsua dela hainbat arrazoigatik:

  • a) Komunikazio-gaitasuna gaitasun gramatikala baino askoz gehiago da. Gaitasun komunikatiboak hainbat osagai ditu:
    • Gaitasun gramatikala: hiztegia, morfologia, sintaxia, fonologia...
    • Gaitasun soziolinguistikoa: komunikazio-testuinguruaren arabera, hizkuntza-forma egokia aukeratzen jakitea. Desberdin hitz egiten dugu gure berbalagunaren edadearen arabera, ezagun-ezezagun izatearen arabera, lagunartean edo testuinguru formal batean badihardugu...
    • Gaitasun diskurtsiboa: testu-mota bakoitzaren egitura, diskurtsoaren sarrerak, gai-aldaketak...
    • Gaitasun estrategikoa: hizkuntza gabeziak gainditzeko edo osatzeko errekurtsoak: parafrasiak, hitzak asmatzea, mimika...

    Gehixago eta Hobeto programan nagusiki gaitasun gramatikala hartu dugu langai: hizkuntza zuzentasuna eta hizkuntza akatsa. Gure ume eta gazteek euskara bizia, euskara malgua, azkarra... erabiltzeko gai izan daitezen zenbait akats zuzentzea baino askoz gehiago behar dute.

  • b) Esaldi bat okerra noiz den esatea ere ez da beti erraza. Guk, batez ere, euskaraz txukun samar moldatzen diren hiztunen berbeta hartu dugu zuzentasunaren eta jatortasunaren neurri. Horrek baditu bere arriskuak: munduko hizkuntza guztiak ari dira etengabe aldatzen eta gurean ere hori ezinbestekoa da.

    Bestalde, guk lantzen ditugun akatsak ere ez dira guztiak maila berekoak. Nire urtebetetzea edo nire eguna-ren ordez nire zorionak erabiltzeak ez dio, gure ustez, euskarari ezelako ekarpenik egiten. Gaztelaniatik jasotako zenbait lokailu (eske, adibidez) edo euskararen baitako bilakaeratik sortutako beste egitura batzuk (kristoren ona) lagunarteko erregistroan onartu beharrekoak izan litezke, ostera.

    Beraz, behar-beharrezkoa dugu adostea zer zuzendu eta zer ez, "zuzentzaileok" koherentziaz jokatzeko.

    Hiperzuzenketarako arriskua ere badugu. Hainbat urtetan baztertu egin izan da eta gaur ere askorentzat ez da zuzena, esaterako, zergatik lokailu gisa erabiltzea, nahiz eta adinekoetan oso normalak diren hau bezalako esaldiak: Etzaittez biar etorri, zegaittik eze biar illan azkena da ta jente asko egongo da. Gaur Euskaltzaindiaren gramatikan ere onargarritzat jotzen da.

  • c) Batzuetan errazagoa da gaizki zer dagoen esatea irtenbide onak ematea baino. Akats guztiak ez dira berdinak zuzentzeko erraztasun edo zailtasunaren aldetik ere. Ez da gauza bera lexikoaren erabilera okerra ("Nire zorionak dira") zuzentzea edo erabilera oso konplexua duen juntagailu batekin (esaterako ere-ren) egiten den akatsa zuzentzea.

    Bestalde, ez dugu ahaztu behar hizkuntzaren helburua komunikatzea dela eta proposatzen ditugun irtenbideak komunikazio aldetik egokiak, bideragarriak, arrakasta izateko modukoak, izan behar dutela. Euskaraz aurreko lokailuen gabezia dugu. Horregatik sartu zaizkigu eske, yake, osea, incluso... Askotan ez da batere erraza horien ordain bideragarriak bultzatzea.

  • d) Ume edo gazteen euskaraganako motibazioa kaltetzeko arriskua egon liteke. Akatsean, gaizki egindakoan, indar gehiegi jartzen badugu, gerta daiteke zuzentze-lanaren presioa jasanezina izatea eta jendea gogaitzea. Beraz, ondo aukeratu beharko dugu zuzenketa-unea: kontuan izan beharko dugu, adibidez, emozio handiko une bat ez etetea...

    Bestalde, gure indarrak bereziki eredu onak ematen eta alderdi positiboak nabarmentzen jarri beharko ditugu: ondo esanak baloratu eta errefortzatzen.


LORPENAK ETA HOBETU BEHARREKOAK

Beraz, balorazio orokor bat eginez, guk ondorengo lorpenak eta hobetu beharrekoaak aipatuko genituzke:

  • Lorpenak:
    • Ahozko euskara hobetu beharraren inguruko sentiberatasun bat sortu da eta gai horren inguruko herri mailako programa iraunkor bat jarri da abian. Alde batetik, inportantetzat jotzen dugu programa iraunkorra izatea, gai hau ez baita urte batean eta bitan bukatzekoa eta, bestetik, haur eta gazteekin lan egiten duten sektore guztien nolabaiteko parte hartzea, eta bereziki, herriko ikastetxe guztien inplikazio zuzena lortu izana.
  • Hobetzekoak:
    • Emaitzak ebaluatzeko sistema bat finkatzea. Usteetan oinarritutako balorazioak egiten ditugu baina sistema bat falta zaigu.
    • Eskolaren jardun arruntean (curriculumean) txertatzea. Gaur egun ikastetxeek badakite ikasturtean zehar unitate didaktikoak landu behar dituztela baina ez dute beren curriculumean txertatuta. Ariketa solteak baino gehiago jarrera orokor bat behar da.
    • Eredu onen corpus antolatu erabilgarri bat osatzea: adibidez, jolas eta jokoen esparruko lexiko, esamolde...

(ESTEPAN PLAZAOLA OTADUI Bergarako Udalaren Euskara Zerbitzuaren arduraduna da)

Inprimatu


Erantzun

 
Possibilitate monolithikoak (edo bakarrak) eta possibilitate pluralak (edo aukeran aukeratuak)
2006-03-02 / 01:19 / Erramun Gerrikagoitia

Zer dauka txarto eta zer da zuzendu behar dena an esaldia: praka gorrixak jantzi biot?


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus