Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  1+1=bi: ele bi

1+1=bi: ele bi

2006-02-10 / 07:00 / Alkarbide   IRAKASKUNTZA

2-3 urteko umeen aurrematrikulazio epea hasteaz batera, Bizkaiko 43 udalerrik 1+1=bi, benetako elebitasunaren alde lelopeko kanpaina bultzatu dute, hezkuntza elebidunaren onurak eta, batik bat, euskarazko ereduen onurak ezagutarazteko asmoz.

Bizkaiko 12.500 familiak baino gehiagok hartuko dute kanpainaren berri etxean. Bestalde, kanpaina honek aintzat hartu nahi ditu beren beregi seme-alabak lehenengo aldiz euskarazko ereduetan matrikulatzen dituzten etorkinen familiak.

Euskarazko ereduetara erakarri

Informazio-kanpaina hau 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia hasteaz batera zabaldu da eta Alkarbidek, Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak, koordinatu du ekimena. 1+1=bi, benetako elebitasunaren alde Bizkaiko 22 udalerri eta 3 mankomunitateren ekimen bateratua da:






  • Arrieta
  • Arrigorriaga
  • Balmaseda
  • Basauri
  • Berango
  • Bilbao
  • Enkarterri
  • Erandio
  • Etxebarri
  • Fruiz
  • Galdakao
  • Gamiz-Fika
  • Getxo
  • Gordexola
  • Laukiz
  • Leioa
  • Maruri-Jatabe
  • Mungia
  • Muskiz
  • Ortuella
  • Sestao
  • Txorierri
  • Uribe-Kosta
  • Urduña
  • Zaldibar

Kanpaina honen sustatzaile diren udalerrietan 725.000 lagun inguru bizi dira eta haietarik 12.500 familiak jasoko dute kanpainaren berri etxean. Gainera, udalerri batzuetako ikastetxeetan ere eskuratu ahalko dira liburuxkak. Etxeetan kanpainaren materiala jasoko duten familiek, argibideen liburuxkarekin batera udal ordezkari batek sinatutako gutuna ere jasoko dute.

Guztira, ia 13.000 liburuxka eta kanpainaren leloa idatzita duten 13.000 arkatz banatuko dira, azken hauek eskolan hasiko diren neska-mutikoentzako opari gisa.

2006-2007 ikasturtean lehen aldiz eskolaratuko diren txikiei begira ireki den aurrematrikulazio kanpainari lotuta abiatu den 1+1=bi kanpainak bi helburu nagusi ditu:

  • Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei gure hezkuntza-sareko eskolatze-ereduen berri ematea, euskarazko irakaskuntzaren alderdi onak azpimarratuta.
  • Etorkinen seme-alabak Euskal Hezkuntza Sistemaren euskarazko ereduetara erakartzea.

Datuak eta argibideak

1+1=bi kanpainaren baitan argitaratu den liburuxkan, besteak beste, egungo 2005-2006 ikasturtean Bizkaian hizkuntza ereduen araberako ikasle kopuruen datuak (behin behinekoak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emandakoak) ematen dira, ondoko taulan ageri direnak, hain zuzen:


Haur HezkuntzaLehen Hezkuntza
Guztira41.10051.647
A eredua3.4657.857
B eredua12.00315.627
D eredua25.24827.358
X eredua384805

Datu horietan ikus daitekeenez, ikasturte honetan Bizkaian Haur Hezkuntzan dabiltzan haur guztien gehiengoa, % 61,4, D ereduan ari da ikasten. Jarraian datoz B eredua (% 29,2) eta A eredua (% 8,4), eta azkenik X eredua (% 0,9). Azken honetan euskarak ez du presentziarik eta ikastetxe pribatuetan soilik agertzen den eredua izaki, ez da eskola publikoen eskaintzan sartzen.

1+1=bi kanpainaren liburuxkan gurasoei zuzendutako zenbait argibide ere agertzen dira, ondoko galdera hauei erantzunez:

  • Zer eskaintzen dau Euskal Eskola Sistemak?
  • Zer hartu behar da kontuan seme-alabentzako ikastetxea hautatzerakoan?
  • Eleaniztasunak eragina ete dauka umeen eskola-errendimenduan?

Liburuxkaren edukia bere osotasunean HEMEN ikus dezakezue

Elebitasunaren zalantzak argitzeko

Aurrematrikulazio epearen harira abian jarritako kanpainarekin batera beste argitalpen bat ere iritsiko zaie Bizkaian 0 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituzten hainbat gurasori. Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburuak bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituzten umeen gurasoek egindako ohiko galderen erantzunak eta bestelako aholkuak jasotzen ditu. Eskuliburuak hainbat aholku ematen ditu, gurasoek euskara garatzen lagun diezaieten seme-alabei, hezkuntza elebidunean edo eleaniztunean oinarrituta eta etxeko hizkuntzaren edo hizkuntzen erabilera aintzat hartuta.

Argitalpena elebitasunean adituak diren Alma Flor Ada eta Colin Baker irakasle entzutetsuen Guía para Padres y Profesores de Niños Bilingües liburuan oinarritua dago, eta gure egoerara moldatuta. Bizkaiko Euskara Zerbitzuek 23.000 liburuxka banatuko dituzte urtearen barruan, tokian tokiko plangintzaren arabera, ondorengo udalerri eta mankomunitateetan:

  • Amorebieta-Etxano
  • Arrigorriaga
  • Balmaseda
  • Basauri
  • Berango
  • Elorrio
  • Enkarterri
  • Erandio
  • Etxebarri
  • Galdakao
  • Gernika-Lumo
  • Getxo
  • Gordexola
  • Leioa
  • Markina-Xemein
  • Muskiz
  • Urduña
  • Uribe-Kosta

Hala, argitalpena euskarri lagungarria izango da Alkarbidek 2006an abian jarriko dituen beste kanpaina batzuetan. Eskuliburua osorik HEMEN ikus dezakezue.

(ALKARBIDE Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilgunea da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus