Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Jose Irazu euskaltzain izateko hautagai

Jose Irazu euskaltzain izateko hautagai

2006-01-28 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Jose Irazu Garmendia "Bernardo Atxaga" euskaltzain izateko hautagai proposatu dute Juan Mari Lekuona euskaltzainaren heriotzaren ondorioz hutsik dagoen aulkia betetzeko.

Hauxe izan da Euskaltzaindiak Donostian egin duen osoko bilkuran (2006-01-27) aurkeztu duten hautagaia:

  • Jose Irazu Garmendia Bernardo Atxaga: Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Ana Toledo euskaltzainek aurkeztua.

Hautagai gehiago izateko aukera

Euskaltzaindiko arauek agintzen dutenez, euskaltzain batek utzitako hutsartea betetzeko proposamenak ondoko bi batzarretan aurkez daitezke. Beraz, urtarrileko bilkuran ez ezik, otsailekoan ere aurkez daitezke hautagai gehiago, Juan Mari Lekuonaren aulkirako.

Azkenik, 2006ko martxoaren 31n egingo den osoko bilkuran, egingo da bozketa euskaltzain berria aukeratzeko.


Erantzun

 
Iradokizuna
2006-01-28 / 09:37 / Dionisio Amundarain

Ondo eta egoki iruditzen zait Bernardo Atxaga euskaltzain izateko proposatzea, Joan Mari Lekuona zenaren aulkirako. Hain zuzen, Joan Mariri entzuna genion, euskaltzain asko gramatikazaleak-edo zirela, eta ez zela gehiegi pentsatzen literaturazaleengan. Beraz, ondo Bernardo Atxagan pentsatzea.

Halere, Alfontso Mujika Etxeberria-k SENEZ 25. zenbakian, 2005ean, argitaratu duen artikuluak zer pentsa ematen du. Jose Ramon Etxeberria aspaldidanik aipatzen ari den arazoa aztertu du Alfontsok, hau da, euskara batuko hiztegian zientzia zehatzetako adituen eskua falta dela.

Horiek horrela, zergatik ez litzateke pentsatu behar Elhuyarreko norbait edo UZEIko norbait edo ... norbait izendatzean? Nik neuk pozik ikusiko nuke euskaltzain Andoni Sagarna bat, Jose Ramon Etxeberria bera...

Horra nire iradokizuna. Zerbaitetarako balio badu, ondo.


(DIONISIO AMUNDARAIN SARASOLA itzultzailea da)

 
Beste iradokizun bat
2006-01-28 / 16:40 / Patxi Saez Beloki

Dionisio Amundarain iradokizuna ematen ikusita neurea ere ematera ausartu naiz.

Euskararen ahozkotasuna sekula baino indartsuago dago eta euskaltzainen artean ez dago horren isla nabarmenik. Andoni Egaņa euskaltzain ezin hobea litzateke nire ustez: prestakuntzaz filologoa, historiako bertsolaririk onena eta sarituena, eta hizkuntzaren kalitate eta komunikagaitasunarekin zeharo kezkatua. Horra, beraz, nire iradokizuna.


(PATXI SAEZ BELOKI Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus