Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara errazago erabiltzeko liburua merkatarientzat

Euskara errazago erabiltzeko liburua merkatarientzat

2006-01-25 / 07:00 / Alex Aisa Alberdi   ENPRESA

Donostiako 5.000 saltegitan liburu bana jasoko dute eguneroko lanean erabiltzen dituzten idazkiak txukun eta euskaraz egin ahal izateko. Liburua Donostiako Euskararen Udal Patronatuak prestatu du eta erabili.com-en lor dezakezu.

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak “Lanerako Idazkiak” liburuxka kaleratu du Gipuzkoako Merkatarien Elkartearekin, Zaharrean, Centro Erdi, Auzoa eta Dendass merkatari elkarteekin eta Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearekin lankidetzan.

Donostiako merkatari guztiei banatuko zaien argitalpen honek, tresna baliagarria izan nahi du euskara normaltasunez eta gero eta maiztasun handiagoz erabiltzeko ahalegina egiten ari diren merkatari eta ostalari donostiarrentzat. Merkatariek hamaika ohar, informazio eta errotulu jarri behar izaten dituzte euren saltokietan bezeroak informatzeko, baita zenbait testu idatzi edota inprimakiak egunero bete ere. Lan horretan lagundu nahi du argitalpenak, merkatariari euskara lan esparruan erabiltzeko bidea erraztu nahi zaio argitalpenarekin zenbait aholku, ohar eta eredu eskainiz.

Eduki zabala eta lagungarria

“Lanerako Idazkiak” argitalpenak merkatari eta ostalari oro hartu du kontuan. Euskara ezagutzen ez duenak, euskara gutxi menderatzen duenak edota alfabetatu gabe dagoen euskaldunak informazio baliagarria eta lagungarria aurkituko du bertan, baina baita euskara dakienak eta euskaraz idazten ohituta dagoenak ere. Guztiei zuzenduta dago liburuxka, eta guztientzat erabilgarria izan nahi du. Horregatik dago bi eletan idatzita, argibideak euskaraz zein gaztelaniaz daude eta edonork ulertzeko moduan eratu da.

Hiru ataletan banatuta

Liburuxkak 54 orrialde eta hiru atal nagusi ditu. Lehenengoan eduki orokorrak jaso dira: establezimendu mota desberdinak jasotzen dituen hiztegi bat dago, zenbait laburdura erabilgarri, helbideak euskaraz idazteko informazioa eta Donostiako kale-izendegia, zenbakiak, ordutegiak eta datak zuzen idazteko arauak eta adibideak, edota merkatariek euren establezimenduetan jarri ohi dituzten ohar eta errotulu erabilienen zerrenda.

Bigarren zatian, lanerako idazki ereduak aurki daitezke: gutun komertzialak idazteko aholkuak ematen dira eta zenbait eredu ere jasotzen dira: udal inprimakiak, egiaztagiriak, bilera-deiak, erreklamazioak, fakturak, nominak, kontratuak eta abar.

Azken zatian, inprentetarako zenbait eredu biltzen dira: gonbitak, zorion-agurrak, oroigarriak…

Liburuxka bi eletan idatzita dago, argibideak euskaraz zein gaztelaniaz daude, eta Donostiako merkatari eta ostalari guztien artean banatuko da, 5.000 ale guztira.

Argitalpenaz gainera, Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren www.euskaraz.net web gunean izango da eskura.

Sektorearekin lankidetzan bideratutako ekintza

Donostiako Euskararen Udal Patronatua bideratzen ari den Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorrak lan munduan euskara sustatzea du helburuetako bat. Gauzak horrela, Euskararen Udal Patronatuak interesgarritzat jo du euskararen erabilera areagotzen laguntzeko ekimenen hau abian jartzea Donostiako merkatari eta ostalarien artean. Izan ere, merkataritzak eta ostalaritzak garrantzi handia dute gure hirian eta behar beharrezkoak dira euskararen erabileran lagunduko duten ekimenak sortzea, bideratzea eta baliabideak eskaintzea.

Laguntzaren beharra

Euskararen Udal Patronatuak, Gipuzkoako Merkatarien Elkartearekin harremanetan jarri eta gero, berehala antzeman zuen Donostiako merkatariek gustura jasoko luketela euskara lan esparruan erabiltzeko laguntza. Hortik aurrera, abian jarri zen proiektua. Liburuxkaren edukia Euskararen Udal Patronatuak prestatu zuen Gipuzkoako Merkatarien Elkartearekin elkarlanean eta honen adostasuna eta onespenarekin. Behin liburuaren edukia zehaztuta, hiriko merkatarien elkarte guztiei aurkeztu eta hauen oniritzia jaso zen.

Lankidetza hitzarmenak

Ondoren, Euskararen Udal Patronatuak Gipuzkoako Merkatarien Elkartearekin, Zaharrean, Centro Erdi, Auzoa eta Dendass merkatari elkarteekin eta Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearekin lankidetza hitzarmen bana sinatu zuen. Hitzarmen horietan patronatuak ondoko konpromisoak hartu ditu bere gain: liburuxka egitea, Donostiako ostalari eta merkatari guztien artean banatzea eta horrek dakartzan gastuak bere gain hartzea.

Elkarteek bere aldetik, bazkide guztiei gutun bana bidali diete liburuaren berri emanez eta patronatuak eskaintzen dituen laguntza eta zerbitzuen informazioa helaraziz; beraien aldizkarietan eta web orrietan honen berri eman dute eta liburuaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu dute ( zenbait bazkideren artean galdeketa egingo dute liburuaren erabilpenaren gaineko informazioa eta iritzia jasotzeko).

Patronatuaren beste zenbait zerbitzu eta laguntza

Horrekin batera, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie merkatariei: errotuluak euskaraz edo ele bietan jartzeko diru laguntzak ematen dizkie; hizkuntza aholkularitza ere eskaintzen die, testu zuzenketak eta itzulpen laburrak eginez hala eskatzen duten merkatariei; eta euskara ikasteko diru laguntzak ere ematen dizkie urtero. Zerbitzu hauek merkatarien eskura daudela gogoraraziko zaie merkatariei elkarte bakoitzak dituen komunikazio bideak erabiliz: gutuna, aldizkaria, web orria…


(ALEX AISA ALBERDI Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren teknikaria da)

  • Liburua eskuratu nahi baduzu sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus