Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Urte berri, asmo berri euskararentzat

Urte berri, asmo berri euskararentzat

2006-01-17 / 07:00 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Frantziako erakundeek euskarari aitormen ofiziala egin diezaioten lege proposamen bat aurkeztuko duela iragarri du Alain Lamassoure Frantziako eurodiputatu eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko lehendakariak.

Lanean hasteko prest

Lanean hasteko prest

Frantziak hizkuntza gutxituak aintzakotzat har ditzan eta euskara bezalako hizkuntzei ofizialtasun mailaren bat aitortzeko ahalegina egiteko prest dagoela adierazi du Alain Lamassoure Angeluko hautetsiak. Era berean, prest azaldu da hori lortzeko lege proposamen bat idazteko eta bultzatzeko 2006an barrena.

Frantziako Konstituzioa aldatu gabe

Alain Lamassourek hizkuntza gutxituen onarpena bultzatu nahi du Frantzian lege proposamen baten bitartez baina, aldi berean, Frantziako Konstituzioa aldatzeko beharrik gabe.

Aholkulari juridikoa

Horrelako lege proposamena Frantziako konstituzioa aldatu beharrik gabe harilkatzea lan nekeza eta denboraz luzea izango dela ere esan du Lamassourek. Horregatik, lan juridiko zehatza eginarazi nahi dio lege aholkulari bati legearen hari mutur guztiak ondo txirikordatuak izateko.

Bide ezberdinetatik

Lamassuren azken asmoa lege proposamena Frantziako gobernuari aurkeztea da eta Frantziako legebiltzarreraino eramatea. Bide hori guztia egiterik ez balego, gutxienez, 2007ko lehendakaritzako hauteskundeetako aipagai bilakatu nahiko luke. Lamassuren esanetan «Eskualdeetako hizkuntzen onarpenaren gaia Frantziako Legebiltzarreraino iritsiko ez balitz, aski zalaparta eginen dugu 2007ko lehendakaritzarako hautagai guztien aipagaia izan dadin».

Inprimatu


Erantzun

 
Egin beharko
2006-01-17 / 14:17 / Ixabel Etxeberria

Oihu egiteko gogoa eta isilik gelditu behar! Bai, arduradun politikoen arduragebekeria ikustean oihu egiteko gogoa heldu zait, hain erreski iritziz aldatzen dutelarik, gorrotatzen zutena sostengatzen hasten direlarik, hondatzerik ez balute sortu bezala, dena ahantzia balitzaren irudia. Alegia gauzak aldatzen direla, iritzi publikoa beste begirada bat botatzen duela eta beste urrats batzuk eman nahiaren itsuran dabiltza.

Hor tartean azken egun hauetan Lamassoure eurodiputaua, Ipar Euskal Herriko hautetsien biltzarraren lehendakaria itzultzen zaigu, hizkuntz guttituen aldeko lege proposamen bat prestatzen hasten dela. Denbora beharko omen da , denbora badute horrelako kasuetan, ez badira entzunak, lehendakaritzarako hautagaiei proposamena entzunarazi omen diete. Hasten zaigu mehatsu beldurgarriekin noski.

Zertaz hitz egiten digu Lamassourrek, nora joan nahi du lege proposamen honekin ez bada bere buruari publizitatea egitea. Ez baitugu sinesten bere proposamena bururaino eramateko determinazio izpirik duenik. Ez baitzuen denborik galdu frantsesa estado osoko hizkuntz ofiziala bakarra frantsesa zelaren legearen bozkarazteko. Orai denbora behar omen da.

Euskal nortasunari ezagupen mota baten emateko bidean omen dira, legearen bitartez bide hori prestatzen ari omen dira. Nola sinetsi Euskarari iruzur egin zuena. Horrelako praktika politiko bat nola ulertu? Horrelako arduradun politikoak noiz arte onartuko ditugu? Zer gertatu zaigu gure geroa horien eskuetan uzteko? Zer konfiantza egin geniezakeen? Hain garrantzitsua den gure hizkuntza erasotzeko gai izan denari nola onar geniezaokeen hemengo ordezkari izatea? Zer babes dugu horrelako harrokeriaren aintzinean?

Sartuak beren proiektu politiko pertsonaletan, hauteskundez hauteskunde irauteko helburuetan ez zaie euskararen egoera importa, Euskararen ofizialtasunaren garrantziaz hitz egiteko gai dira gaur egun, martxan noiz emanen dutenerako datarik sekulan eman gabe. Debatearen proposamenaren aldekoak bihurtu dira, hau da egin duten aurrerapausua. Horrek ez du euskararen gibelapen urratsik geldituko. Ez dute presiorik jasaten, hitza libro denez oraindik hitz eginen dute. Egin? Prest izanen direlarik.

Prefetak? Bai, prefetek beren iritzi politikoak ematen baitituzte! Orai arte uste nuen estadoaren lekuko hutsak zirela, baina gaur egun gero eta gehiago hitz egiten dute. Ez dute noski aldaketarik proposatzen. Lehenik ABrekin antolatutako biltzarrean euskararentzat ez dela ofizialtasunik izanen erran zuten, Lamassourren hitzak hutsak direla frogatuz. Ondotik laborantza ganbara, presoen hurbiltzea, hori dena zakar untzira bidali zituzten. Hau al da elkarrizketa bat? Politikaren bidea hartu dugu, hori egin behar omen genuen egoeraren aldatzeko. Aldaketarik izan al da benetan. Oinarrizko eskubideak bermatzeko bidean al gara? Jartzen dizkiguten trabak oso altuak dira. Sekulako indarra beharko dugu. Oihu gehiago bota beharko dugu, entzun dezatenaren esperantzan.


(IXABEL ETXEBERRIA irakaslea da)

  • Estreinakoz Garan argitaratua, 2006-01-16an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus