Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Oinarrizko Hiztegi Juridikoa

Oinarrizko Hiztegi Juridikoa

2006-01-18 / 07:00 / Deustuko Unibertsitatea-Euskal Gaien Institutua   HIZKUNTZA

Oinarrizko Hiztegi Juridikoa argitaratu du berrikitan Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak Euskaltzaindiaren baimenarekin. Hiztegiaren egileak Andres Urrutia, Ester Urrutia, Cesar Gallastegi eta Arantza Etxebarria dira. Hiztegia oso-osorik erabili.com-en eskura dezakezu.

Hiztegiaren helburua hauxe da: zuzenbidearen hizkeran erabilgarri diren hainbat eta hainbat hitz bertan aurkitzea, den-denak Euskaltzaindiaren Hiztegi Batutik hartuak. Horrela, erabiltzaileak oinarrizko hiztegi juridikoa ikasi eta lantzeko aukera izango du, betiere, Euskaltzaindiak hitz horien inguruan emandako arauei (ortografia eta bestelakoak) men eginez. Halaber, behar duenean, zalantzak argitu eta kontsultak egiteko tresna arina izango du eskura (esaterako, nola idatzi? aborto/abortu, erahil/erail, ministeritza/ministraritza/ministerio, senadore/senatari...).

Beraz, hiztegi hau interesgarria izan daiteke zuzenbidea euskaraz barneratu behar duten ikasle berrientzat, eta, oro har, zuzenbidearen inguruan eguneroko lana euskaraz bideratu nahi dutenentzat. Horientzat guztientzat batu da hitz-andana hau, zuzenbidea eta administrazio mundua euskaraz gauzatu eta ahalbidetzeko.

Norabideak

Lan horren gidari izan dira jarraiko norabideak:

  • 1. Zuzenbidearen hitzak: Hiztegi Batuaren nondik norakoak

    Jurislinguista direnentzat, alegia, zuzenbidea eta hizkuntza batera lantzen dituztenentzat, ohikoa izaten da hitz arruntak eta hitz bereziak zedarriztatzea, zuzenbidearen ikuspegitik behinik behin. Horretarako, jurislinguista euskaldunek ezinbesteko abiapuntua dute gaur egun: Hiztegi Batua. Izan ere, Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren lanketari ekin dio azken urteotan. Bukatua eta argitaratua du, dagoeneko, Hiztegi Batu horren lehen itzulia. Bigarrena hasita dago, eta hirugarren itzuli baterako itxaropenean ere, badabil gure akademia.

    Oinarrizko Hiztegi Juridiko honen uztarria da lehenengo idatzizko argitalpen hori, hain zuzen ere, EUSKALTZAINDIAren Euskera aldizkarian, "Hiztegi Batua" izenburuarekin, 2000-2, 45. zk.an plazaratua.

    Hiztegi Batua ez da ortografia hutsean agortzen, eta hizkuntzaren hainbat ezaugarri bertara batzen ditu. Lerro nagusi horien artean, arloz arlo aritzen denak, hitz bilduma horretan, agerikoak izan ditzake landu beharreko hiztegi berezien hitzak ere. Halako berbek terminologiaren esparrua maiz-sarri uki dezakete. Euskaltzaindiak aspalditik aitortu zuen bere esparrutik kanpo zegoela langintza hori. Aitortza hori gorabehera, bistan da Euskaltzaindiaren ekarriaz balia gaitezkeela arloz arloko oinarri batzuk nabarmentzeko. Egia da Euskaltzaindiari ez dagokiola "administrazio-zuzenbidea" hiztegi berezia oso-osorik egitea. Alabaina, Euskaltzaindiak adierazi behar du hiztegi berezitu horretatik zer ekar daitekeen hiztegi batu eta orokorrera; alegia, hiztegi berezitu horren lehen urratsak Akademiatik bertatik etorri behar dira, hizkera erkidearen hiztegia zehazten doan neurrian.

    Lehen pauso horiek bilatzeko eta, zehatzago, administrazio-zuzenbidearen arloko hitz berezi(tu)ak bilatzeko, lehenengo eta behin, Hiztegi Batu horretara jo izan dugu. Gure asmoa, lehen so edo hurbilketa honetan, hauxe izan da: Hiztegi Batu horretatik euskal juristarentzat erabilgarrien zer izan daitekeen plazaratzea. Egia esan, hiztegi osoa du erabili beharrekoa euskal legelariak, edozein euskaldun ikasik egin beharko lukeen moduan. Lanbideko jardunean, lege-administrazio irakaskuntza bideetan, horietan guztietan du zimentarri Hiztegi Batua euskaldun adituak.

    Lege eta administrazio arloari dagokionez, Hiztegi Baturako lehendaurrezko egiaztatzeak garamatza puntu honetara, alegia, Zuz. eta Admin. laburdurak erabilita, ea nahiko izango litzatekeen halako laburdura daramaten hitzak jasotzea, Hiztegi Batutik molda dezakegun hiztegiño juridikoa osatzeko. Hori egin… eta hara zer aurkitu dugun:

    • Admin. laburdurarekin:

      ganbera 1 Ipar. "logela". 2 Admin.: diputatuen ganbera; merkataritza ganbera; ganbera musika. / ogasun 1 Bizk. "ondasuna". 2 Admin. "finantzak"

    • Zuz. laburdurarekin:

      oinordetza Zuz. / zehatu, zeha, zehatzen. 1 du ad. "jipoitu". 2 Zuz. "zigortu"

    Hiztegi Batuak bere lehen itzulian 21.119 sarrera dituela kontuan izanik, sinesgaitza da lau bakarrik izatea administrazio-zuzenbideari dagozkionak. Zerrenda sakon aztertuz gero, argiro-argiro ikus daiteke beste hitz batzuk, laburdura zehatzik ez duten arren, administrazio-zuzenbidearen arlo berezi horretakoak izan daitezkeela. Adibide gisa, aldera ditzagun deklaratu eta zitatu hitzak. Hona zer datorren, zehatz-mehatz, Euskaltzaindiaren argitalpenean, bi horien inguruan:

    • deklaratu, deklara, deklaratzen. du ad. 1 (epaiketaren inguruko adierarekin batez ere). 2 h. adierazi, agertu, aitortu, azaldu, etab. / zitatu , zita(tu), zitatzen. du ad. 1 "epailearen aurrean aurkezteko deitu". 2 g.er. "aipatu". 3 Heg. "hitzordua izan"

    Nabari denez, ez da nahiko Hiztegi Batuan Zuz. eta Admin. Laburduradun hitzak bilatzea, bertako hiztegi juridiko laburra osatzeko. Bilaketa-lana, beraz, ez zaigu hain erraz gertatuko. Zeintzuk izan behar dira, bada, lan horri ekiteko irizpideak?

  • 2. Hiztegi Batuan hitz juridikoak bilatzea: esklusibotasuna eta elkarrekikotasuna

    Esanaren arabera, Hiztegi Batuak, bere lehen itzuli horretan, hitz arruntak bildu ditu gehienbat. Horrek ez du esan nahi, ordea, hiztegi horretan hitz juridiko gutxi dagoenik. Aitzitik, guk 1.987 hitz juridiko aurkitu ditugu, eta horiek guztiak lan honen eranskin modura zerrendaturik datozkio irakurleari. Lehen itzuliko zerrenda osoko datuak kontuan hartuta (20.119 sarrera, 2.477 azpisarrera, 22.596 hitz guztira), ondorio gisa esan genezake %10ek, gutxi gorabehera, zerikusia duela zuzenbidearen esparruarekin.

    Hala eta guztiz ere, Hiztegi Batura zein hitz juridiko bildu den jakiteko, aurrenik, termino juridikoa zer den definitu behar dugu. Definizioari eutsiz, hitz jakin bat termino juridikoa izango da, baldin eta antolamendu juridikoak esanguraren bat ematen badio. Hortaz, hitz juridikoak esanahi edo karga juridikoa behar du izan, eta Zuzenbideko hiztegiaren barruan sartu behar da, eragile juridikoek hala erabiltzen dutelako. Edozein egitate, ekintza edo gertaera juridikotzat har daiteke, baldin eta zuzenbideak arautzen dituen ondorioak sortzen baditu.

    Bigarrenik, behin termino juridikoa zer den argitu eta gero, hitz juridikoen esklusibotasuna eta elkarrekikotasuna izan behar dira kontuan.

    Hitz juridiko esklusiboak dira zuzenbideari soil-soilean dagozkionak. Halakoek esangura juridikoa besterik ez dute. Edozein erabilera izan dezaketen arren, beti esangura juridiko zehatzarekin erabiliko dira hitz horiek, ez baitute Zuzenbidearen esparrutik kanpo inolako esanahirik. Bistakoa denez, hitz juridiko esklusiboak oso-oso gutxi dira; gainera, ez dira adierazgarrienak, ez dituztelako Zuzenbidearen munduko erakunde oinarrizkoenak islatzen.

    Bestalde, ez dira hitz juridiko esklusiboak eta, beraz, elkarrekikoak dira zuzenbidearen hizkera eta hizkera erkidea batzen dituztenak. Zuzenbideko hiztegietan termino gehienak horrelakoak dira. Hitz polisemikoak izan ohi dira, eta lexiko erkidea aberasten dute.

    • 2.1. Hitz juridiko esklusiboak

      Argi dago, beraz, hitz juridiko esklusiboak Hiztegi Batuan aurkitzea ia ezinezkoa izango dela. Saiatu, saiatu gara, eta hurrengoak agertu zaizkigu:

      • abokatu defentsaria / Euskal Autonomia Erkidegoa / departamendu "Frantziako administrazio barrutia" / Europar Batasuna / Foru Aldundi / Foru Diputazio / jaurlaritza (Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua izendatzeko) / Nafarroako Foru Erkidegoa

      Hala eta guztiz ere, badira hitz juridiko esklusibo batzuk, Hiztegi Batuaren lehenengo itzuli horretan ageri ez direnak, baina bigarrenerako alboraezin gertatzen direnak. Hurrean ere, gure foru zuzenbideetako zenbait erakunde berezi izendatzeko, euskal izenak erabili izan dira betidanik. Are gehiago, askotan euskal izen horiek ez dute erdarazko parekorik eta, horregatik, erdaraz hitz egin edo idatzi arren, euskaraz erabili behar dira (ikus, bestela, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko 3/92 Legea, uztailaren 1ekoa). Halako erakunde bereziak dira, besteak beste, hurrengoak:

      • alkar-poderoso / erdirako/erdirikoa / gasaila / ondazilegi
    • 2.2. Hitz juridiko esklusibo ez direnak

      Zuzenbideko hiztegietan halakoak badira gehienak, orobat Hiztegi Batuan. Hona hemen Hiztegi Batuaren lehen pasaldian ageri diren hitz batzuk:

      • agindu / arau / betebehar / botere / debeku / eskubide / erakunde / hitzarmen / ohitura / proiektu / proposamen / zigor / zor

      Azal dezagun, gaingiroki bada ere, zergatik hartu ditugun hitz horiek eta antzekoak, gure Hiztegi Batutik osaturiko hiztegi juridikoa moldatzeko.

      Har dezagun, esaterako, kaleko eta lagunarteko hizkera. Halakoetan ohikoa da ez dago horretarako eskubiderik! entzutea. Esaldi horretan, eskubide hitzak ez du karga juridiko berezirik. Zernahi gisaz, bizitzeko eskubidea edota grebarako eskubidea aipatzen direnetan, eskubide hitzak karga juridiko berezia bereganatzen du. Orobat ohitura hitzarekin. Urtero-urtero Ibilaldira joatea ohitura izan daiteke, eta hitzak, kasu horretan, ez du esanahi juridikorik. Alabaina, ohitura zuzenbidearen iturri izan daiteke adierazten dugunean, orduan hitz horrek karga juridiko saihestezina erakartzen du. Adibideak anitz izan daitezke: diruak boterea dakar / Montesquieu-k botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala bereizi zituen; asteburuan etxean geratu beharko zara, zigortuta zaude eta / urtebetetik sei urte arteko espetxealdi-zigorra. Agerikoa denez, kasurik gehienetan, hitz batek esangura juridikoa izateak ez du baztertzen hitz berberak esangura arrunta izatea, ezta alderantziz ere, esanahi arruntak ez baitu esanahi juridikoa alboratzen.

    Nabari denez, halako hitz juridikoak etengabe erabiltzen dira eguneroko hizkeran eta, horregatik, orokortu egin dira. Horrek berarekin ekarri du euren esangura guztiontzat ezaguna (edo, behintzat, erdi ezaguna) izatea. Ondorenez, inoiz gertatzen da hitz juridikoen erabilera irudizkoa baino ez izatea.

  • 3. Hitz juridikoei Hiztegi Batuan dagozkien markak
    • 3.1. Euskalki marka

      errentero Heg. h. Maizter / kastigu Heg. h. zigor / hartzedun Ipar. h. hartzekodun / tratulant Ipar. h. tratulari

      • a) Heg. marka dutenak:

        derrigor h. baitezpada, nahitaez / derrigorrean h. behartuta / derrigorrez e. derrigorrean / derrigorre(z)ko h. baitezpadako, nahitaezko / derrigortu, derrigor(tu), derrigortzen. du ad. h. behartu / doarik h. doan / eragotzi, eragotz, eragozten. du ad. 1 Ipar. Zah. "egotzi". 2 Heg. "debekatu": argia ikustea eragozten didatenak. 3 (erdarazko molestar, déranger): eragozten dizu hain berandu deitzeak? / errentero h. maizter / heredatu, hereda, heredatzen. du ad. "jarauntsi" / herentzia "ondoretasuna" / juez h. epaile / juizio "epaiketa" / juzgatu, juzga, juzgatzen. du ad. h. epaitu / kargu hartu "erantzukizuna eskatu" / karrera h. ikasketak: Zuzenbide karrera h. Zuzenbide ikasketak. / kastigatu, kastiga, kastigatzen. du ad. h. zigortu kastigu h. zigor / kontzeju / letradu "legelaria" / lukurreru h. lukurari / manifestatu, manifesta, manifestatzen. 1 Heg. da ad.: milaka lagun manifestatu ziren Bilboko kaleetan. 2 Ipar. du ad.: milaka lagunek manifestatu zuten Baionako kaleetan. / merkantzia h. salgai, gai / ofenditu, ofendi, ofenditzen. du ad. "iraindu" / partidu 1 h. partida. 2 h. alderdi / pertsegitu, pertsegi, pertsegitzen. du ad. / petxa 1 "zerga" / petxatu, petxa(tu), petxatzen. du ad. "zerga ipini" / protesta / sasiletradu sasiletraduentzat ez dago legerik. / tesoro h. altxor / testigantza "lekukotasuna" / testigu "lekukoa" / tokamen: irabazietan bakoitzari dagokion tokamena. / zuzendu, zuzen(du), zuzentzen. da/du ad.

      • b) Ipar. marka dutenak:

        asurantza "asegurua" / asurantza hartu / bastart / boz 2 1 "botoa, autarkia". 2 "bozketa, hauteskundea" / eragotzi, eragotz, eragozten. du ad. 1 Ipar. Zah. "egotzi". 2 Heg. "debekatu": argia ikustea eragozten didatenak. 3 (erdarazko molestar, déranger): eragozten dizu hain berandu deitzeak? / erregelamendu h. araudi, arautegi / galdatu, galda, galdatzen. du ad. 1 "goritu". 2 Ipar. "galdegin, eskatu" / galde 1 "galdera, itauna". 2 Ipar. "eskaera" / galde-erantzunak / gaztigatu, gaztiga, gaztigatzen. 1 dio ad. "abisatu, ohartarazi. 2 Ipar. du ad. "zigortu" / gaztigu 1 "abisua". 2 Ipar. "zigorra" / gizalde batez ere Ipar. "giza taldea" / hartzedun h. hartzekodun / igurikimen "itxaropena" / inkesta 1 "iritzi-bilketa" 2. Ipar. "auzitegiko ikerketa" / izpiritu Ipar. edo Jas. h. espiritu / jabaldura / jujamendu "epaiketa" / jujatu, juja, jujatzen. du ad. "epaitu" / juje "epaile" / kitantza "ordainagiria" / kobratu, kobra, kobratzen. du ad. 1 Ipar. "berreskuratu". 2: soldata kobratu. / laido Ipar. edo Jas. / langilego 1 Ipar. "langiletasuna". 2* e. langileria, langileak / lekatu 1, leka(tu), lekatzen. du ad. Zah. "kanpo utzi, salbuetsi" / libera 1 "Frantziako dirua". 2 Ipar. h. libra libertate batez ere Ipar. "askatasuna" / librantza / luzamendu / manamendu "agindua" / manatu, mana, manatzen. Ipar. eta Naf. du ad. / manatzaile Ipar. eta Naf. / manifestatu, manifesta, manifestatzen. 1 Heg. da ad.: milaka lagun manifestatu ziren Bilboko kaleetan. 2 Ipar. du ad.: milaka lagunek manifestatu zuten Baionako kaleetan. / manupeko / meneko / ofentsatu, ofentsa(tu), ofentsatzen. du ad. "iraindu" / ofentsatzaile "iraintzailea" / ordenu "hilburukoa, testamentua" / paga 1 Ipar. eta Naf. "lansaria": apezen paga. 2 Heg. (haurrei ematen zaiena) / partitu, parti, partitzen. Zah. edo Herr. 1 du ad. "zatitu, banatu, bereizi". 2 Ipar. da ad. "joan, irten, abiatu" / petzero "mendekoa" / populu / prefet / premu "seme nagusia; "oinordekoa" / premugo / premutasun / profitatu, profita, profitatzen. Ipar. du ad. Herr. / prometatu, prometa, prometatzen. Ipar. du ad. Zah. "promestu, agindu" / prozedura 2 h. isun / tratulant h. tratulari / ukan, ukaiten. du ad. "izan" / ukandun Ipar. g.er. / utzietsi, utziets, utziesten. du ad. "bertan behera utzi".

      • c) Bizk. marka dutenak:

        apartatu, aparta, apartatzen. du ad. Lgart. 1. Gip. eta Bizk. "aukeratu". 2 "bereizi" / behargin / beharrizan batez ere Bizk. "beharra, premia" / gizaldra "giza taldea" / gizateria / jagon, jagoten. du ad. / legegin "legegilea" / ogasun 1 Bizk. "ondasuna". 2 Admin. "finantzak" / ostendu, osten, ostentzen. da/du ad. "ezkutatu" / pentzudan: arazo hori nire pentzudan utz ezazue ("nire ardurapean") / postura "apustua" / senikera "senidetasuna, ahaidetasuna" / testigutza "lekukotasuna".

      Bada beste bat, Bizk. markarik ez duena, baina argi eta garbi lurralde historiko horri dagokiona:

      elizate "Bizkaiko lur zabaleko herria"

      • d) BNaf. marka duena:

        auzapez Lap. eta BNaf.

      • e) G-B marka dutenak:

        Ez dugu halakorik bilatu.

      • f) Gip. marka dutenak:

        Bailara hitzaren kasuan izan ezik, bestelakoetan beste laburdura batzuekin ageri da.

      apartatu, aparta, apartatzen. du ad. Lgart. 1. Gip. eta Bizk. "aukeratu". 2 "bereizi" / bailara "eskualde txikia" / lizentzi izan da ad. Herr. "zilegi izan".

      • g) Lap. marka dutenak:

        auzapez Lap. eta Bnaf.

      • h) Naf. marka dutenak:

        manatu, mana, manatzen. Ipar. eta Naf. du ad. / manatzaile Ipar. eta Naf. / paga 1 Ipar. eta Naf. "lansaria": apezen paga. 2 Heg. (haurrei ematen zaiena).

      • i) Zub. marka dutenak:

        jesan, jesa(i)ten. Zub. du ad. "maileguz hartu" / ogen Zub. h. hoben.

    • 3.2. Mailegu zaharkituak eta gutxi erabiliak

      Erabileraren aldetik, hitz zaharkituak —zah.—, gutxi erabili direnak —g.er.— eta gaur egun gutxi erabiltzen direnak —g.g.er.— ere markatu dira.

      • a) Zah. marka dutenak:

        eragotzi, eragotz, eragozten. du ad. 1 Ipar. Zah. "egotzi". 2 Heg. "debekatu": argia ikustea eragozten didatenak. 3 (erdarazko molestar, déranger): eragozten dizu hain berandu deitzeak? / ero 1, eraiten. du ad. "hil, erail" / heredero h. oinordeko / juramentu 1 h. zin. 2 h. arnegu, birao / konplimendu 1 "bururatzea, bukatzea". 2 "kortesiazko hitza, ele onak" / kontsultatu, kontsulta(tu), kontsultatzen. du ad. "argibidea, kontseilua eskatu" / lekatu 1, leka(tu), lekatzen. Ipar. du ad. Zah. "kanpo utzi, salbuetsi" / narrio "akatsa, orbana" / ofentsagarri "iraingarria" / partitu, parti, partitzen. Zah. edo Herr. 1 du ad. "zatitu, banatu, bereizi". 2 Ipar. da ad. "joan, irten, abiatu" / prometatu, prometa, prometatzen. Ipar. du ad. Zah. "promestu, agindu" / traditu, tradi, traditzen. du ad. "saldu, saldukeria egin".

      • b) g.er. marka dutenak:

        salerosi 1, saleros, salerosten. du ad. / ukandun Ipar. / zitatu 1, zita(tu), zitatzen. du ad. 1 "epailearen aurrean aurkezteko deitu". 2 g.er. "aipatu". 3 Heg. "hitzordua izan".

      • c) g.g.er. marka dutenak:

        tribunal 1 "auzitegia". 2 "epaimahaia".

    • 3.3. Terminoen maila: Behe mailakoa / Goi-mailakoa / Herri-mailakoa / Jasoa

      Hainbat sarreratan hitzaren maila adierazi da, behe mailakoak —lagunartekoak eta herrikoiak— eta goi mailakoak edo jasoak —literarioak etab.— bereiziz.

      • a) Beh. marka dutenak:

        prenda Heg. 1 Beh. "bahia". 2 Zah. "dohaina".

      • b) Goi. marka dutenak:

        Ez dago halakorik.

      • c) Herr. marka dutenak:

        edade Heg. h. adin / edadeko Heg. h. adineko / inozente 1 "errugabea". 2 "tolesgabea" / justu / kiebra Heg. "porrota" / konpromiso Heg. / lizentzi izan Gip. da ad. Herr. "zilegi izan" / partitu, parti, partitzen. Zah. edo Herr. 1 du ad. "zatitu, banatu, bereizi". 2 Ipar. da ad. "joan, irten, abiatu" / profitatu, profita, profitatzen. Ipar. du ad. / segurantzia Heg. "segurantza" / tokatu, toka(tu), tokatzen. Heg. da/zaio ad.

      • d) Jas. marka dutenak:

        eskudantzia 1 "ausardia". 2 "boterea" / iraungi, iraungitzen. da/du ad. "itzali; ahitu" / izpiritu Ipar. edo Jas. h. espiritu / judizio "epaiketa" / laido Ipar. edo Jas.

    • 3.4. Sinonimia

      Hitz juridikoen kasuan, sinonimo beteak gertatu dira gehienak, eta horrek azaltzen du, bat ematerakoan, horren alderantzizkoa ere zerrendaratzea. Ikus, bestela, hurrengo adibideak:

      ageriko: politikarien ageriko bizitza; ageriko aurrezkia. Sin. jendaurreko, publiko / aholkatu, aholka, aholkatzen. du ad.: norbaitek norbait zerbait egitea aholkatu; aholkatu zuen Adan hark ere har zezan sagar hartatik. Sin. aholku eman / atzerrialdi Sin. erbestealdi / doan Sin. dohainik / dohainik Sin. doan / enkante: enkantean jarri, saldu. Sin. erremate / erantzukizun Sin. erantzunbehar / erantzunbehar Sin. erantzukizun / erbestealdi Sin. atzerrialdi / erkide 1 iz. "partaidea, bazkidea". 2 izond. Sin. común / erremate 1 Heg. Herr. "azkena, bukaera": erremate txarra eraman ("fin gaizto egin"). 2 "enkantea" / espetxe Sin. kartzela, presondegi / idazk Sin. inskripzio / inskripzio 1 "izen ematea". 2 Sin. idazkun / itsasketa: itsasketan ohituak diren gizonak. Sin. nabigazio / jabego Sin. jabetasun, jabetza / jabetasun Sin. jabego, jabetasun / jabetza Sin. jabego, jabetasun (kale) agerraldi Sin. manifestazio / kontzientzia(-)eragozle Sin. kontzientzia(-)objektore / kontzientzia(-)eragozpen Sin. kontzientzia(-)objekzio / kontzientzia(-)objektore Sin. kontzientzia(-)eragozle / kontzientzia(-)objekzio Sin. kontzientzia(-)eragozpen / lankidego Sin. lankidetza / lankidetza Sin. lankidego / legedi Sin. legeria / legeria Sin. legedi / manifestazio Sin. (kale) agerraldi / merkatalgo Sin. merkataritza / merkataritza Sin. merkatalgo / monarkiko Sin. erregetiar / nabigazio Sin. itsasketa / publiko Sin. ageriko, jendaurreko; herri(-).

  • 4. Hitzen osaera

    Atal honen azterketak lan oso baterako emango luke. Horregatik, hitz juridikoetan gehien erabiltzen diren atzizki eta aurrizkiak besterik ez ditugu aztertuko.

    • 4.1. -keta/-pen atzizkiak
      • a) -keta atzizkia daramaten hitzak:

        atxiloketa / bahiketa / bihurketa / bilketa / bortxaketa / bozketa / epaiketa / erailketa / erosketa / galdeketa / hilketa / itaunketa / itzulketa / kanporaketa / kenketa / kudeaketa / lehiaketa / lekualdaketa / miaketa / mugaketa / ordainketa / salaketa / salerosketa / suntsiketa / tokialdaketa / zatiketa / zerga-bilketa / zigorketa / zuzenketa.

      • b) -pen atzizkia daramaten hitzak:

        adierazpen / agerpen / aitorpen / aurreikuspen / baieztapen / berrespen / ebazpen / egiaztapen / ekarpen / eragozpen / esleipen / ezarpen / ezespen / ezeztapen / galarazpen / hautapen / hautespen / idazpen / igorpen / ihardespen / irizpen / izendapen / jakinarazpen / jaulkipen / jesapen / legeztapen / luzapen / onarpen / onespen / salbuespen / salerospen / sorospen / suntsipen / ustiapen / xedapen

    • 4.2. -garri/-kor atzizkiak
      • a) -garri atzizkia daramaten hitzak:

        aberasgarri / arbuiagarri / aringarri / erabakigarri / eragingarri / ezeztagarri / frogagarri / iraingarri / kitagarri / kaltegarri / kondenagarri / ofentsagarri / ordaingarri / suntsigarri / zigorgarri

      • b) *-kor+ atzizkia daramaten hitzak:

        bihurkor / eraginkor / higikor / iraungikor / mugikor / suntsikor / zatikor

    • 4.3. Aurrizkien aipamen laburra

      Aurrizkiei dagokienez, ezin da esan aurrizki jakin bat edo batzuk berezko zaizkienik zuzenbideko hitzei. Esate baterako, ber-/bir- bikoteari dagokionez, berjabetasun eta birsaldu hitzak besterik ez dira ageri; aurre- aurrizkiaz denaz bezainbatean, zerbait gehiago, baina ezer gutxi (aurreikusi, aurreikuspen, aurrekari, aurrekontu).

  • 5. Ondorioak: lehenengo itzulitik bigarren itzulira

    Horra hor Hiztegi Batuaren lehenengo itzuliak izan dituen emaitzak. Alabaina, Euskaltzaindia ez da hor geratu. Haatik, bigarren itzulirako irizpideak onartu ditu, 2000ko uztailaren 21ean, Donibane-Lohizunen, eta horiek berretsi, 2000ko irailaren 29an, Zizur Txikian. Irizpide horien arabera, aurreko iturrietatik (batez ere, OEH eta EEBS) lortutako zerrendak osatu egingo dira arloz arlo oinarrizko ikusten diren termino eta hitz berezituekin. Bigarren pasaldi horretan, beraz, Hiztegi Batuaren altxor juridikoa osatzeko aukera egongo da.

    Zuzenbidearen arloan, ostera, euskarak baditu bere zailtasun oinarrizkoenak. Lehena datorkio izatetik bertatik, hain zuzen ere, hizkuntza erromantze ez izate horretatik, horrek eragozten baitio latinezko hitz juridikoen maileguak besterik gabe bereganatzea. Hurrena, eta ez txikia, ingurutik ezartzen zaio, euskarak ez baitu ezagutzen (Foruaren aztarnak izan ezik) bestelako sistema juridikorik Europako kontinentean dagoena baino. Hizkuntza eta legea estekatzen dituen lokarria sakona izan eta hori ere aintzat hartu behar da, askotan gerta baitakiguke, besterik gabe, zailtasunak areagotzea. Horretara ñabardurak eman behar dira bigarren itzulian. Horretara ere, elkarrekin egiteko paradaren premia, guztion ekarriak ontzeko moduan.

    Geroko bide horretan, Hiztegi Batu horren bigarren itzuliak eskatzen du hiztegi berezituetako edukiak artez jasotzea, bere luze-zabalean baino, hizkera arruntarekin dituen koska eta esparru komun horietan. Hartara, Euskaltzaindiaren baitan "administrazio-zuzenbidea" izeneko lan-taldea eratzeko proposamena, esparru horri hizkuntzaren baitan beti aitortu ohi zaion garrantzi berebizikoa azpimarratzeko. Lan-talde horren egitekorik premiazkoena da Hiztegi Batuko bigarren itzulirako zerrenda egokia prestatzea, administrazio-zuzenbidearen munduan dabiltzan kontzeptu oinarrizkoenak biltzeko. Egitekoak horiek izanik, argi dago lan-taldearen osaera bikoitza izan behar dela: bateko, Euskaltzaindiko ordezkariak bertan izan behar dira; eta, besteko, zuzenbideko adituek ere parte hartu behar dute. Horrela bakarrik berma daiteke emaitzarik onena erdiestea.

    Egingarri izan dezake horrek ere, Hiztegi Batuko hirugarren itzulirako ametsetan, aurreko materiala gaurkotu, bilduta ez dagoena batu eta sistematizatzeko. Horretarako, testugintza juridiko-administratiboaren lekukotasunak izango ditugu, Ipar zein Hego Euskal Herrikoak.

    Euskarak erronka luzea du lege eta administrazio barrunbean. Mendeetan urrunegi ibili da horretatik, eta denbora berreskuratu beharra du. Ez nolanahi, zentzuz eta taxuz baino. Gure ustez, langintza horretan garrantzitsua da euskararentzat esparru berriak aldarrikatzea (Administrazioa, justizia, lanbide juridikoak...). Aurreko hori bezain garrantzitsua, jakina, Hiztegi Batu hori bezalako tresnak sortzea, bestelako hiztegi berezituentzat irizpide-emaile eta erakuslea. Ekin diezaiogun lanari.

(DEUSTUKO UNIBERTSITATEA - EUSKAL GAIEN INSTITUTUA)

  • Oinarrizko Hiztegi Juridikoa osorik jasotzen duen dokumentua eskuratu nahi izanez gero, sakatu HEMEN

Zuzenbide arloko hiztegi interesgarriak (Ikusteko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus