Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Bertsoaren zirrararekin hunkituta

Bertsoaren zirrararekin hunkituta

2005-12-19 / 07:00 / erabili.com   KULTURA

Bertsolaritzak goia jo zuen atzo (2005-12-18) Barakaldon, Bertsolari txapelketa Nagusiko azken saioan:

Milaka bertsozale hunkituta

Milaka bertsozale hunkituta

12 milatik gora bertsozalek zutik eta esku-zarta betean hartu zituzten bertsolariak goizean eta gisa berean agurtu zituzten iluntzean bertso aldiaren bikaina eskertzeko.

Bertsoaren eta bertsolarien indarra behin eta berriro ikusi zen goiz nahiz arratsaldeko bertso saioetan: orain irribarre, gero algara eta hurrena, berriz, begiak malko betean ziren entzuleak bertsoaren esanak eta sortutako giroaren zabalak hunkituta.

Zirrara, gainera, bukaera-bukaera artekoa izan zen: Imanol Lazkanok Andoni Egañari txapela jantzi artekoa.

Zazpi Euskal Herrietatik etorritako jendetza elkartu zuen Barakaldok eta guztiek bertsoa eta euskara zuten elkargune eta ulergune. Euskararen Herria atzo herriago izan zen Barakaldon.

Gaztetuta

Bertsolaritza gaztetuta dago. Atzo oholtza gainean eta beheko eserlekuetan gazte jendea zen ugari. Bertsolaritzan gaztea ere bultzaka dator: bertsozale eta bertsolari. Atzoko protagonistetako bat, zalantzarik gabe, Bilbao Exhibition Centerren bertsoak entzutera elkartu ziren gazteak izan ziren.

Gosea

Bertso gosea nabari zen goiz-goizetik Bertsolari Txapeketa Nagusiko azken saiora joandako jendartean. Bertso irrika sumatzen zen. Bazkalondokoan ere entzule jendeak otorduko babarrunekin sabela ondo berdindu bazuen ere, bertso goseak amorratzen eseri zen bertsolaritzaren plazako aulkietan. Baina bertso gosea ez zen nolanahikoa: bertsoaren mokofinak ziren nagusi, bertso onaren gose eta egarri.

Egaña: "ez gaizki ulertu"

Zortzikotearen artean buru bakarrak janztea zeukan txapela eta epaileek Andoni Egaña Makazagaren aldekoa hartu zuten azken erabakia.

Andoni Egañak kantatu zuen lehenengo bertsoan, agurreko bertsoan, ongi asko adierazi zuen zertara zetorren: "dena ematera nator eta, hau ez gaizki ulertu". Eta bere hitzak ondorengo zortzi orduetan gertatuko zenaren erakusgarri izan ziren: Txapelketa Nagusiko finalaren bertso aldi osoan, hasi eta buka, Andoni Egañak garbi utzi zuen berak ez zuela txapela oparitan emango, kendu egin beharko zitzaiola eta ondo kostata gainera.

Andoni Egaña bertsolaritzaren historian Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko 4 txapel jantzi dituen bertsolari bakar bihurtu da. Inork ez du lortu sekula horrenbeste txapel janztea.

Baina Andoni Egañak laugarren txapela janzteko bidea ez zuen nekerik gabekoa izan: estu hartu zuen txapeldunen txapelduna Durangoko Unai Iturriaga txapeldunordeak baina atzokoan Bertsolarien finala Gipuzkoatik Bizkaira eraman bazen ere, txapelarekin ez zen gauza bera gertatu eta laugarren aldiz jarraian Gipuzkoako Zarautzen geratu zen.

Honatx finalean kantatu zuen zortzikoteak lortutako puntuak eta azken sailkapena:

  1. Andoni Egaña 1.796,5 puntu
  2. Unai Iturriaga 1.746
  3. Maialen Lujanbio 1.206,5
  4. Amets Arzallus 1.206,5
  5. Igor Elortza 1.174
  6. Sustrai Colina 1.171, 5
  7. Aitor Mendiluze 1.156
  8. Jon Maia 1.156

Bertsoaren erakustazoka

Euskararen Herriak erdigune izan zuen atzokoan Barakaldo. Goiz-goizetik eta egunak amaitu artean bertso ale bikainak entzun ziren 12.000 bertso lagunetik ondo gora elkartu zituen Bilbao Exhibition Center (BEC) bertsoaren erakustazoka erraldoian.

Zortziko handiko saioarekin ekin zioten finalari bertsolariek. Lehenengo ekinaldian Igor Elortza eta Andoni Egaña egokitu ziren kantu lagun, urte bi greban eman ondoren lantokiko aldageletan lanean hasteko dauden langile biren larruan jarrita. Gaiak begitartea ilundu eta goibeletik jarduteko gehiago bazuen ere, Andoni Egañak atera zizkion umore printza batzuk.

Jon Maia eta Amets Arzalluz etxea erosi berri duen bikote gazte bihurtuta aritu ziren ondoren. Jon Maiak ale bikainak eman zituen:

Paper guztiak aurrean daude
Amest hurbildu parera,
une honetan hastera doa
urte luzeko karrera.
Ene! hauxe da konpromisoa!
sakon-sakon gainera.
ez elizatik, ez zibiletik
bankotik ezkonduko gera.

Ondorengo bertsoetan ere arrazoi politak eman zituzten bi bertsolariek baina bereziki gogoangarria da 50 urte luzeko ordainaldian sartu behar zutela-eta "gure harremanak ba al du horrenbeste kreditu?" galdetu zuenean Jon Maiak.

Goiz parteko saiorik bizienetakoa Maialen Lujanbiok eta Unai Iturriagak egin zuten. Hiru ume txikiren gurasoen tokian gertatu ziren eta aspaldiko partez asteburu osoa bakarrik pasatzeko aukeran. Maialen hasi zen zirika:

Ezta bat eta, ezta bi ere
hiru ta hiru, da hiru
hiru neke eta hiru lan karga
bider hiru, zenbat diru.
Umeak nola gainetik kendu
pentsatzen gabiltz beti gu,
orain bakarrik geratu eta
ia zer ein ez dakigu

Eta Maialenen lehendabiziko zirikaldiari bikain baino bikainago erantzun zion Unai Iturriagak. Gainera, Unaik bertso honetara ekarritako "ejem" baliabide adierazkorra Andoni Egañak erabiliko zuen arratsaldean Unai berarekin izan zuen buruz burukoan eta baita agurreko azken bertsoan ere:

Hain emankorrak izan gu
eta hiru haur etorri ziren
presarik gabe behingoagatik
elkartu gaitezen hemen
igoal aukera dugu gaurkoa
zera egiteko: ejem
ia ahaztuta daukat maitea
gu lehen nondik hasten ginen

Iturriaga ondorengo bertsoetan ere eroso ibili zen senar eta aitaren kolkoan sartuta:

Nire laztana, nire maitea
etzaitez jarri horrela,
zurekiko dut berotasun bat
berotasun bat itzela.
Ez dakit zer den berago edo
berotu zaidan sabela,
"caguen la leche" berriz mobila,
ziur zure ama dela.

Ondoren zortziko txikiaren txanda izan zen. Andoni Egañak eta Jon Maiak umore ederrean zukutu zuten gaia: "Igande goizaldean, parrandatik bueltan etxera heldu eta gose zara, Andoni. Sukaldera sartu, eta eguerdirako ziren txipiroiak jaten hasi zara. Bat-batean, Jon ama agertu da kamisoian".

Hona hemen Andoni Egañak kantatutako bi ale zoragarri:

Pasilluan utzita
balantzen aztarna
iaupaka hor sartu naiz
sukaldean barna,
eta ordu hauetan
hauxe panorama
ze kamisoi polit
dakarkizun ama.
Gauean zazpi whiski
hor nonbait edanda
kolpetik iritsi zait
gosearen txanda,
ezpainak tintaz dauzkat
egia esanda
kazuelatik salto
egingo zidan-ta

Lan berean ere, Unai Iturriaga eta Sustrai Kolina elkartu ziren. Esku-zarta ederrak atera zituzten entzuleengandik, izan ere, gaiak ere bide ematen zuen umorerako: "Laneko bilera batera zoaz zu Unai, Sustrai nagusiarekin, haren auto haundian. Azkarregi doa Sustrai autopistan, eta ez dakizu nola esan mantsoago joateko".

Unai Iturriagak bertso honekin ekin zion:

Hau da hau kotxe zarra
hau da hau bainera
GPS eta guzti
daukazu gainera,
Ehunda berrogeian hor
dijoa topera,
jakin nahi nuke zelan
joaten den ehunera.

Goizeko saioan hamarreko txikian entzundako beste saio gogoangarri bat Jon Maiak eta Maialen Lujanbiok egin zuten, punta-puntako bertsolarientzat gai zailik ez dagoela erakutsiz: "Zu Jon herriko plazan landatu berri duten arbola txikia zara. Maialen, berriz, hazi arte eutsiko dizun makila".

Hauxe kantatu zuen Jon Maiak:

Nire makil laguna
zu nere zaindari
nere aldamenean
zaude adi-adi
eutsi behar diogu
hego haizeari
ekaitz guztiei eta
neguko elurrari
sustraiak lotu arte
heldu enborrari

Maialen Lujanbiok botatako ale hau ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, batez ere, bukaerako arrazoiari dagokionez:

Ni inbiriz begira
zure loreari
ni ere lehen izan
nintzen zuhaitz handi
baina ebaki ninduten
eta jarri adi
paradoja bat degu
biok argi-argi
hildakoak nola eusten
dion bizitzari

Kartzelakoa

Goizeko saioa kartzelako lanarekin amaitu zuten bertsolariek: "Aspaldiko partez bi begiak busti zaizkizu". Gaiaren zabalak mugatu beharra ekarri zuen bertsolarien aldetik eta bide ezberdinetatik joz bertso sorta ederra entzuteko aukera izan zen:

  • Igor Elortza:

Sentimentuak batzutan sartzen
dira zuzen-zuzenean
horrexegatik kantatu nahi dut
naizenaren izenean,
euforia dago denean
baita neure barrenean
egun haundia zela zeozerk
ematen zidan senean,
gure ordua helduta ez naiz
erori etsipenean
malko txiki bat egin zait beste
zazpien aldamenean
hona igo garenean.
Sentimentuak halakoetan
hartzen du harrapalada
hainbeste txalo, hainbeste jende
hemen bertatik bertara;
disgusto txiki ilada
izan dut azkenboladan
txaloen hotsak berriro ere
sortu dit niri dardara.
Ospitalean zaude zaude zu eta
Ni nabil hona ta hara,
denei begira bidaltzen dizut
zuri agur bat osaba,
laister ikusiko gara.

Ta behin bihotza martxan jarrita
noski ezin du gelditu
bapatekoak dauzka holako
makinatxo bat istripu,
sentimenen zirrikitu
gure bertso ta prediku
jente aurrean kantatzeko nik
ba ote dut nahiko meritu,
hamaika malko klase badaude
horixe dut konprenitu
batzutan penaz eta bestetan
pozetan ezin kabitu,
bizitzak biak behar ditu.

  • Andoni Egaña:

Atzo arratsaldez muxu emanda
han utzi nitun etxean.
«Benga aitatxo, gogoarekin»,
semeak ate ertzean,
andreak berriz irripartxo bat
ere semean atzean.
«Saiatuko naiz», agindu nien
nere aldarte motzean.
Hemen eguna igaro eta
zortzietan arratsean
nere burua hor sentitu dut
oso modu narratsean.
Izena entzunda, eztenkada bat
sentitu dut bihotzean,
beti lehena izandako hau
zortzigarren geratzean.
Zazpigarrena ta seigarrena
esan dituzte xuabe
gero zortziok zutitu gara
zortzi lagun ta zutabe.
BEC-eko hau zen bertsolarien
helburu eta aldare
besteak haundi, kikara ziran
eta ni berriz titare.
Nere Olimpo uste nuena
bilakatu zait urkabe
zerrenda hori entzundakoan
ene zenbat atsekabe.
Barrun mina sentitu det bai,
sentitu det ta halare
momentu hori aixe pasa dut
malkorik isuri gabe.

Jende aurrean al dan moduan
mantendu dut bai kontrola
horren gogorra izango zenik
ez nuen uste inola
gerta liteke haundi usteko
kaxkarraren parabola.
Zarautza joan naiz, burumakurka,
erdi etsirikan hola
pentsatzen nuen, hau kultura da,
gurea ez da kirola,
eta horrekin baretzen nuen
barrunpeko bihotz zola.
Lehenen ttantta bat, gero bi ttantta
azkenik malko uhola
nere semeak hala esan dit:
«Aita ez dio ajola».

  • Jon Maia:

Langile ohia nauzue
gaur BECera natorrela
labe garai zahar haietan
soldadoreen papela
bizitza osoan borrokan,
borroka zen erregela,
kalera bota gintuzten
ze sentsazio zimela.
Orduko oroitzapena
jauzi da orain orbela
finalera etorri naiz
ta ez da gauza ustela,
pozten nau hau ikusteak
euskaldunaren ergela
orduko basamortua
euskerak bete duela.
Guri pasa zitzaiguna
juzga genezake grabe,
dena kontatu nahi nuke
orain xuabe-xuabe.
Enpresa usteldu zuten
hori ez da nobedade
hortako enpresarioek
ai zenbat abilidade.
Gaur BECen senti ninteke
halare guztien pare,
lehengo borroka haietan
ginen arrazoien jabe
ez dezala inork ahaztu,
memoria da zutabe,
guk botatako harriak
oholtzaren azpian daude.

Begirada ipini zait
umela baina ez iluna
neure herrian ikusiz
bertsolarien jarduna.
Hau ez da izan sekula
herri hontan ezaguna
nola hau beti izan den
industriaren erresuma,
asko euskaldundu gera
zer ikasi eta zer suma
jadanik bertsolaria
da gure bidelaguna,
begiak dauzkat malkotan,
hau da hau ikuskizuna,
gaurtik hasten da biharko
Barakaldo euskalduna.

  • Amets Arzalluz:

Arratsaldeko zortziak dira
txapelketaren aitzaki
nere aulkitik altxatu eta
begirada bota BECi,
epaia ere eman digute
zeinen ongi, zein ederki,
txapeldunaren izena ere
jakina izango da aurki
ta nik iztarrak ia itsatsiak
nere galtza eta aulki.
Puntuak mila ta zazpi
garaitzeko ez zen aski
malko txiki bat atera zaio
begiko iturri bati,
BECek jo didan txalo aldia
gogoratuko dut beti.
Eta jendea epaiaren zai
zer etorriko zer suma
aurkezlearen mintzaera da
hain mantsoa, hain astuna
hirugarrena ta bigarrena,
ene bai gizon kuttuna,
zarauztarrari eman diote
bigarren postu txukuna.
Bihotza daukat esku batean
begirada dut zurruna
lehen gure ezaguna
egunez egun laguna
ene Andoni gaur bigarrengo
bukatu duzu eguna
baina betiko izango zara
zu Ametsen txapelduna.

Ta aurkezlea izenez izen
tirri tarra, tirri tarra
txapelduna nor esan behar du
orain gainditu du marra
izango al da gipuzkoarra
izango al da bizkaitarra
izena esan eta saltoka
hasi zait barneko arra.
Lasai nik zein den ez dut esango
suspentsearen indarra
azken orduko hausnarra
ta denen txalo aparra
txapeldun berri, txapeldun haundi
eta txapeldun bakarra
neri ezkondu dizkidazuna
malkoa ta irriparra.

  • Sustrai Colina:

Euskal Herria da inor
nahi ez duen erresuma
lagun batek amesten zun
herrian askatasuna
hargatik ospa egin zun
utziz gomu ta bilduma
Guardia Zibilek atzetik
egin zioten jarduna.
Zoritxarrez dula gutxi,
preso harturik laguna,
lagun oro egon gara
zer pentsa eta zer suma.
Gaurko honetan jaso dut
malkozko opari kuttuna,
ziegatik bidali didan
lehendabiziko gutuna.
Aupa Colina, ze moduz,
ongi al doa bizitza?
Hemen jasaten gabiltza
errepresio bortitza
kartzela beti izan da
bizitzeko toki hitsa
ta ukatu dizkigute
patioa eta hitza.
Horri erantzun nahiean
gu gose greban gabiltza
dukaguna ez delako
nor izateko baldintza,
deus baino nahiago nuke
hauxe izango balitza
hemendik idazten dudan,
azkeneko eskutitza.

Toneladako malkoak
dauzkadanean begitan
memoria iltzatzen zait
Donostiko afaritan
nun luze ibiltzen ginen
eztabaidan, ika-mikan
sexuan, kirol kontuan
eta gero politikan.
Baina kondena luzea
daukadanez oraindikan
jarraitu beharko dugu
garai zaharren inbiritan,
agur bat eta bi muxu
La Santeko ziegatikan,
ta ea txapel ta guzti
etortzen zaren bixitan.

  • Aitor Mendiluze:

Zenbait egunez lanetik ere
hartu genuen erdi jai
etxean bertan egon nahi nuen,
ahal nuen artean lasai.
Hasi aurrera begira eta
ustezko hamaika dohai
banituela pentsatzen nuen
bila joan nintzen, baina ai,
ilusioa izan daiteke
halakotan geure etsai,
ez nintzen sinisteko gai
ez nuen sinisterik nahi
ez zetorren nahiz eta luzaro
egon ginen gu bere zain,
zoritxarrean ez nuen egin
gero zorionean bai.
Aita bakarrik izan nahi nuen
helburu haundia bera
amagaia ere pronto zegoen
ta jo genuen aurrera,
ustekabean erdi bidean
eten zen gure karrera,
mediku batek hala esan zigun
eta ametsak gainbehera.
Aurretik egin genituenak
ondoren geure kaltera
pentsatuz beste aukera
nola irtengo ote da,
bigarrena ere galdu genuen
ilusioaz batera
baina orduan ere zergatik
ez zen malkorik atera.

Halere Idoia animatzeko
hartu nuen nahiko kemen
bere gogoa, bere indarra,
akitu baitzuen nabarmen
holakoetan aitaren lana
babes ematea omen
eman nuen bai, baina neuk ere
beharra sentitu hemen,
pasa zaionak ondo badaki
haurtxo bat galtzea zer den,
baina bi galdu ondoren
horra Jontxu non dagoen
eta malkoak atera zaizkit
eskuz estali baino lehen,
zuk lasai seme, utzi negarrez,
aspaldi egin nahi nuen.

  • Maialen Lujanbio:

Animoak ta eupadak
luzatu elkarrena
ta oholtzara gindoazen
eskaileran barrena
saioan eman nahi gendun
bakoitzak ahal zuena
baina Donostin izan nun
alderdirik txarrena (bi aldiz)
gaur heldu da galdu nuen
finalerako trena,
hor doaz bertsolariak
Elortza da aurrena
ze emozio, ze tentsio
finalak dakarrena
pena ni izan nintzela
bederatzigarrena (bi aldiz).
Publikotik ikusten det
zortzi nere antzerako
noiz bertso ona botako ta
saio ona aterako
hamahiru mila lagun
hintxada aukerako
lan ona egin dezaten
eurak bultza beharko (bi aldiz)
eta ni oholtza gain hortan
egona naizelako
inbidi ta emoziorik
ez dut ukatu ahalko
ta txalo zaparradako
jausten zaizkit bi malko
publikoak danak berdin
txalotzen dituelako (bi aldiz).

Ezagun ta ez ezagun
nere eskubi ezker,
gainezka bete zaizkigu
erdigune ta bazter,
saioaren azkenean
baietz BEC berbera leher.
Hemen zerk biltzen gaituen
ezin da ondo uler (bi aldiz)
igual bereizten gaituen
politikari esker
honek batu egiten gaitu
eta ze egun eder,
gauza haundia ez gera
hortan ez nago oker
gauza haundia ez gera
baina bagara zeozer (bi aldiz)

  • Unai Iturriaga:

Beti izan naiz tipo bat
gogorra eta suharra
zenbaiten gustorako igual
baita apur bat makarra,
nik ere ez dut gustoko
ez jendetzaren marmarra
baina barruko indarra
lehertu zait barra-barra
nahiz ta pentsatu geratu
naizela triste xamarra,
pentsatu eta oraindik
daukat ebatzi beharra
tristurak edota pozak
sortu didan gaur negarra.
Sentimentuek horixe
dute bere erregela
ebidentzien aurrean
ezin bota errezela
egun luzea izan da,
saioa eta kartzela,
baina guztiok nibela
uste genuen bezela
eman dugu ta sinesten
dugu merezi zuela,
malko leun batek gozoki
zeharkatu dit mazela
hamasei urte ta gero
Bizkaian dago txapela.

Ai txapel beltz horrek badu
nahiko karga, nahiko pixu
urrunetik begiratu
ze dardara ta ze izu
ostetik ekarriko du
makina bat konpromisu.
Lehengoa genuen maixu
Egaña kristona aizu,
baina denborak kentzen du
agian ematen dizu
eta zorionak Igor
ta utzi ezkero bi muxu,
denok merezi genuen
baina zeuk eraman duzu.

Arratsaldeko saioa

Goizean baino apalago aritu ote ziren ustea nagusitu zen arratsaldekoan. Dena dela, bikainetik kaskarretik baino askoz gehiago izan zuen arratsaldeko saioak.

Lehenengo lana binaka egin zuten, Aizak hi mutil mainontzi doinuaren neurrian, 3na bertso kantatuz.

Unai Iturriaga eta Amets Arzalluz soldadu bihurtuta aritu ziren: "Zu Unai soldadu zaharra zara eta Amets soldadu gaztea. Lubakian zaudete eta etsaiak hubiltzen ari dira. Gerra galtzear zaudete. Zuk Unai, etsita ikusten duzu Amets".

Unai Iturriagak gaia ongi ulertu ez ote zueneko ustea nagusitu zen entzuleen artean. Amets, berriz, Unairen gaizki ulertuaz konturatu zen eta paperak aldatuta jardun zuten bi bertsolariek. Horrela hasi zen Unai Iturriaga:

Gurea patu kaskarra
lurrean tirri ta tarra
zer dala-eta bihurtu ote
nintzen militarra?
zuk aditu ondo, zaharra
ez ezazu pasatu marra
hildako ausarta baino hobea
da bizi koldarra (bi aldiz)

Amets Arzalluz:

Poesiarik ez bota
gerra erdian nago-ta
ikusten zaitut erdi dardarka
dudatan koloka
segitu zazu tiroka
segi edozeinen kontra
hemen galdutzat emate hutsa
delako porrota (bi aldiz)

Unai Iturriagak:

Porrota da garestia
garaipena ez da eztia
ez zaite horrela piztu laguna
ez izan piztia
zer tiro ta zer hostia
hau da muduan uzkia
bulego on baten erabakita
daukate guztia (bi aldiz)

Amets Arzalluz:

Petxu ondoan zauria
odol tantatan euria
baina ez al da okerragoa
malko isuria
bulegoko irudia
har zazu, berdin du ia
zapia baino nahiago dut nik
maindire zuria (bi aldiz)

Unai Iturriaga:

Ba, tira maindireari
ikus dezatela argi
ez gaitezela bihurtu biok
inoren afari
badator bat, badatoz bi
etzan ta eutsi lurrari
egin hildako baten itxurak
ta eutsi arnasari (bi aldiz)

Amets Arzalluz:

Ez zazula egin tranpik
nik ez daukat arnas faltik
itsu-itsuan aurrera segi
nahi nuke haatik
galtzen badugu, zergatik?
badakizu ta badakit
koskabilorik ez daukazuen
soldaduengatik (bi aldiz)

Andoni Egaña eta Mendiluze larunbat gauean taberna batean elkarrekin topo egin zuten bi lankide izan ziren. Hizketan hasi eta ohean bukatu zutenak. Astelehena iritsi eta lantokiko kafe makinaren ondoan elkatutakoan hasi ziren gertatutakoaz hizketan. Andoni Egañaren lehenengo arrazoia "ni bezalaxe kalbo, sexu joera lehen argi neukan, orain dudan nago". Hurrengo bertsoan ere horrela jarraitu zuen Andonik: "sexu joerak joera, guk zer egin behar dugu hemendik aurrera'" eta Mendiluzek erantzun zion: "gau hortan zerbait pasa da baina ez da ezer pasa. Eta Andoni Egañaren erantzuna gogoangarria izan zen:

Gauri jarri kandela
ez nuen espero bela
nik pentsatzen det
errepikatu behar litzakela
eskatzen dizut horrela
beste saio bat itzela
al bada luze ta gozoa
kafe hau bezela

Ondoren puntuka aritu ziren eta lan horretan Amets Arzalluz eta Andoni Egaña nabarmendu ziren: "Bi neska zarete. Barraketara joan zarete zuen mutil-lagunekin. Han hasi dira bi mutilak indarra neurtzeko tramankulu bati ukabilkadaka elkarrekin lehian. Zuek begira zaudete". Ekinaldi honetan umorea eta ironia gainezka izan ziren:

Amets: Zure nobioa bai, inteligentea!
Andoni: Ta zurea ez degu bat ere betea.
Amets: Zureak besotan du indar dexentea
Andoni: Zurea bestetikan al da potentea?

Andoni Egañari ere beste gai hauxe egokitu zitzaion bakarka aritzeko: "Madrilera egin duzu opor-bidaia koadrilan. Hango kaleen bizitasunaz liluratuta, besteengandik bereizi eta galdu egin zara. Taldearen bila zenbiltzala, Auzitegi Nazionaleko eskailerekin egin duzu topo". Hauxek Andonik botatako arrazoiak:

  • "Ni izango naiz zitatu gabe presentatu den bakarra"
  • Audientzia Nazionaleko sumariotan bertsolariez esaten dituztenei errefentzia eginez hauxe bota zuen: "Ni naiz juglares sabelotodo deitu zenutena".

Arratsaldeko saioko bertsoak aletzen joan ziren banan-banan buruz burukoa Andoni Egaña eta Unai Iturriagaren artean izango zela jakin zen arte.

Buruz burukoa

Gaia: Unai Iturriaga, Maritxu zara. Aitak iturrira bidali zaitu han freskatzen utzitako ardo txuriaren bila. Iturrira iritsi eta Andoni Egaña, Bartolo, aurkitu duzu mozkor mozkor eginda. Hiruna bertso Unai Iturriaga hasita".

Iturrira nentorren
aitak bialduta
niretzat ze ezustea
zu hemen aurkituta
aukera bat genuen
eta zuk galduta
behin egongo bakarrik
ta zu mozkortuta (bi aldiz)

Tentazioa neukan
ardoa tarteko
pittinka hasi naiz ta
gero edan lepo
trago batzuk egina
neronen kalteko
baina oraindik kapaz naiz
ejem egiteko (bi aldiz)

Holako erantzunik
bizitza guztian
mozkorrik baina hartu
hain modu eztian
ejema joan ez dadin
halako hostian
sartu zazu burua
iturri azpian (bi aldiz)

Hau esatera ere
al nauzu behartu
erdi piripi nago
ta ez odol txartu
Maritxu hurbiltzera
pittin bat ausartu
ta neuk ikusiko det
burua nun sartu (bi aldiz)

Hara mozkorrik baina
zaude bero-bero
biok gaude gogotsu
ba tratua bego
ikusi nahi baduzu
hamaika genero
ostadarra ikusten da
makurtu ezkero (bi aldiz)

Makurtu egin naiz ni
asmo onez beteta
ia Maritxu honek
zer zeukan gordeta
ostadarrik ez dago
caguen la puñeta
eguna argi zen baina
ilundu du eta (bi aldiz)

Gaia: "ikuspegi desberdina duzue etorkizunari buruz. Andoni, zuretzat beltza da mundu honen etorkizuna. Unairentzat, zabalik dago geroa. Hiruna bertso Andoni hasita".

Abiadura Haundiko Trenaz
egin liteke zenbait marmar
eta presoen egoera horrek
nauka arduratu xamar;
lehen lantokiak komertzio gune
berrogei metroan hamar,
etorkizuna aurrikustean
ia egiten dut dardar
horrenbesteko ongizateak
gaizki bizitzea dakar (bi aldiz)

Desarrollismo madarikatu
hori ibili arren mugan,
nik ikusten dut etorkizun bat
ta mantentzen nau liluran,
ez nago ziur zu kutsatzerik
Andoni lortuko dudan,
baina utopia etzazu bila
ez Europan ta ez Kuban
konponbidea egon badago
bilatu dezagun gugan (bi aldiz).

Gu oso gauza txikia gera
hartzazu geure neurrira
nik onartzen det etorkizuna
orain egosten ari da
Euskal Herriko politikaren
egoeraren harira
sukalde lana ein omen dute
hori ondo dago tira
baina egongelan sartu aurretik
logelara joan dira (bi aldiz).

Euskal Herriko egoera zuk
nahi zenuen nabarmendu
zuretzat antza egoera honek
logurea ematen du
ba ni pozten naiz ta alde onak
nahi nituzke nabarmendu
herriak dira pertsona multzo
berez ohi dira baimendu
hitza pertsonen dohai bat da ta
hori ezin digute kendu (bi aldiz).

Halare hitza eduki arren
ogia lortzeko lana
konparazioz joan nahi nuke
Afrikako batengana.
Gure asea haien gosea
ta bizitzeko zer zama
bere herritik bere tributik
iparralderantz joana,
galdetu hari geroa ez den
beltza edo beltzarana (bi aldiz).

Bai nahi ezkero haserretzeko
nahiko motibo da hemen
zu hor zabiltza denak zerrendan
orain amen orain omen
dena tristea ta dena beltza
noski Afrika ondoren
nahiz ta goseak nahiz ta hiesak
agertu zaite Sudanen
ta esaiozu bere barruan
argirik ikusten duen ( bi aldiz).

  • Unai Iturriaga:
    • Aulkia

      Izan aulki bat fashion
      edo miserable
      ipurdiak eiten du
      sarri bere alde;
      izan leike larrua
      edo sare-sare
      jezertzeko ona da
      noski, alafede,
      bertan bare-bare
      Jesukriston pare
      patxadaren jabe
      baina hala ere
      gaur seinale ona da
      hutsik bazaude. (bi aldiz)

    • Gaia: "Gau eskola bateko irakaslea zara. Aurrean dituzu dozena bat pertsona, neka-neka eginda eta, hala ere, gogotsu".

      Berriro ere klasean
      bueno zer moduz gabiltza?
      Kaixo Omar aspaldiko,
      etorri zara Haritza.
      Klaseak nahiz eta dugun
      igual kutrea ta hitsa
      zuen begietan dago
      ikasi nahiaren printza;
      zein etxeko lan gogorrak
      fabrikakoa bortitza
      lanak bukatu ta gero
      hona praktika ta mintza,
      euskeraz egin nahi hori
      zuen geroko bizitza
      hori ez da subjuntibo bat,
      hori da lehen baldintza.

      Astean bost egunetan
      eta bi ordu gainera
      zuek ekartzen nauzue
      sarritan neure onera,
      guk beti pentsatzen dugu
      hor goazela gainbehera
      nahiz batzui ahoa bete
      euskera eta euskera;
      nahiz administrazioan
      erantzungo duten zera:
      “zuek zeuen poltsikotik
      Ordaindu eta klaseraa”.
      Batzuk lanetik besteak
      lanera doaz ostera,
      eskertu behar dizuet
      etorri izana bera.

      Beti baldintza txarretan
      hori da gure problema,
      hizkuntza politika honek
      ezarri digun kondena,
      azalduko dute gero
      txosten polit baten dena;
      hona etorri behar da
      hori da baina lehena.
      Gero etorriko dira
      horrenbeste teorema
      euskara eskasten dabil
      batzutan ez da zuzena
      eta ez da egokia,
      erdalgunean txarrena,
      egokia da ikasi
      eta erabiltzen dena.

  • Andoni Egaña:
    • Gaia: Aulkia (hauxe izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioko puntu saririk handiena lortu zuen bertsoa: 55,5 puntu)

      Atsedena hartzea
      ez degu kalteko
      eta hori lortzen da
      bera tarteko;
      aulkia gauza ona da
      bila joateko
      nahiz aspaldian hemen
      gu gauzkan menpeko,
      hainbat ikusteko
      edo erosteko
      Ikean bai lepo
      desberdinak seko
      baina ezetz txikirik
      behiak jeizteko. (bi aldiz)

    • Gaia: "Gau eskola bateko irakaslea zara. Aurrean dituzu dozena bat pertsona, neka-neka eginda eta, hala ere, gogotsu".

      Ordiziarra naiz baina Santurtzin
      hautatu nuen langintza
      izan nintekeen zenbaitentzako
      behar zuten argi printza.
      Ezkerraldea erdalduna zen
      neretzat a ze desditxa
      euskaldun izan nahi zuten haiek
      behar nituen zerbitza.
      Ia hamarrak jo dute eta
      nekarturikan gabiltza
      halare eutsi pixka batean
      eta dantzatu lapitza,
      ia euskeraz pentsatu eta
      euskeraz luzatu hitza
      ez al da hori euskaldun baten
      lehendabiziko baldintza?

      Ia, Edurne, etorri zaite
      orain pizarra aldera,
      ahal dan goxoen egingo dizut
      ikasgaiaren galdera.
      Bueno, mesedez, ez hainbat neka
      ez al zintezke hor gera?
      Kontatuko dut nik zenbat amets
      egingo dudan aurrera.
      Hau sumatzen det zonalde dena
      euskalduntzeko bezpera,
      ahalegin hortan zuek eta nik
      lana daukago ospera.
      Eta gauza bat bururatu zait
      nor nori nork hau nabarmena da:
      zuek, ni eta euskera.

      Ekarri ditut pastaren batzuk
      gainera hainbat kutizi,
      ari den harek nola gustora
      ari behar dun lehenbizi.
      Zatoz Leandro alde hontara
      zure kuaderno ta guzi,
      atzo idazlan oso politik
      nola ez nizun ikusi.
      Aizazu, Mertxe, etzazu egin
      gela hontan aharrausi,
      ez ezazula logurea ta
      gure helburua nahasi.
      Lortzen badegu hiru hitzetan
      hau egingo dugu kasik,
      ordu mordo bat galduta, ordea,
      mundutxo bat irabazi.

Orbana

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioak izan zuen orban bakarra bukaerako sari banaketan hainbat bertsozalek izandako jarrerarekin gertatu zen. Bertsolaritza laguntzen dabiltzan hainbat erakudetako ordezkari (Bilbao Bizkaia Kutxakoa, Bilboko Udalekoa, Bizkaiko Foru Aldundikoa, Eusko Jaurlaritzakoa...) txistuka hartu zituen entzulegoaren zati handi batek.

Hainbat bertsozale egun ederra baino ederragoa igaro ondoren azken irudi ozpindu horrekin atera zen bertso aretotik. Bertsozale azpeitiar batzuk zera zioten: "txistu egiten duten horiek zergatik ez dute errespetu piska bat erakusten bertsolaritza saritzen eta laguntzen ari diren erakundeekin? Ados ez badaude, errespetuak agintzen du, gutxienez, isilik geratzea. Tamalez, Bertsozale elkarteak ere, txapelketa etorri eta txapelketa joan, ez du ezer egiten horrelakorik gerta ez dadin eta ohitura ere bihurtzen ari da zenbait bertsozaleren artean diruz laguntzen duten erakudeetako ordezkariei egiten duten ahalegina txistuka eskertzea".


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Ni ere han izan nintzen eta txalo egin nuen
2005-12-19 / 20:15 / Joseba Huarte Garate

Gogoan iltzatuta geratuko zait igandekoa betiko: itzela izan zen. Zorionak Bertsozaleen Elkarteari eta bertsolariei, bereziki, Egañari.

Zorionak ere Erabili.com-ekoei finalari buruz egin duzuen kronika bikainarengatik (nire ikasleekin eredu bezala erabiltzeko asmoa dut) eta erabat ados nago txistuen kontuarekin. Hori zuzendu beharrekoen artean jarri beharra dago. Ni ere han izan nintzen eta ingurukoak txistuka ari zirenean, nik txalo egin nuen.


(JOSEBA HUARTE GARATE irakaslea eta bertsozalea da)

 
«IKEAtik mezua bidali dute behiak jezteko aulkiak badituztela esanez»
2005-12-20 / 11:12 / erabili.com

Harrituta zebilen atzo laugarren txapela jantzi duen Andoni Egaña finalak izan zuen oihartzunarekin. Dozena bat elkarrizketatik gora egin zituen egunean zehar, eta tarte bat aprobetxatuz kafe bat hartzera zihoala, eskale batek zorionak eman zizkion Zarautzen. IKEAtik, berriz, mezua bidali zuten behiak jezteko aulkiak bazituztela esanez.

Ez da makala Andoni Egaña. Lau bat ordu egin omen zituen lo final bezperan. Goizaldean bukatu zuten festa BECen, eta goizeko zortzietarako zutik zegoen. Euskadi Irratia etxepean zuen zain zortzi eta erdietan. Bizkaia Irratia, ETB, DV, “Hitza”koak, telefonoz elkarrizketa bat, Galdakaora joan zen, “Pásalo” saiora, Miramonen lau elkarrizketa egin zituen, eta, GARArekin hitz egin ondoren, Galdakaora zihoan “Bertatik bertara” saiora.


Ikusgarria izan zen sarrerakoan jendeak egin zizuten pasiloa eta harrera.

Emozio sakon asko pilatu ziren. Kanpoko batentzat esplika ezina dela dirudi, eta geuretzat ere ez da erraza. Jende artetik sartuko ginela erabakita genuen, gu jende horri zor baikatzaio. Pasiloan aurkitu nituen asko eta asko ezagutu egiten nituen, kaletik edo bertso saioetatik. Zergatik joan behar dugu oholtzara zuzenean jende horren lagunak bagara? Atera ginen unetik oso garbi ikusten zen festa batean geundela, ez ginela ari kalkulu hotzak egiten txapelaren bila. Poz kolektibo bat sumatzen zen. Mezatan baino gehiago zutitu eta eseritzen zineten. Belauniko jartzea soilik falta zitzaizuen. Liturgia moderno eta autogestionatu bat izan zela esan daiteke. Gauza txiki asko elkartu ziren han. Euskaldunak harro sentitzen ginen erdaldunengana hurbildu garelako. Finaletan askotan izan diren taldeak harro sentitzen ziren, «ongi etorri gazteak, baina gu antzeko askotan egonak gara», esango balute bezala, eta lehen aldiz joan ziren gazteak ere gustura zeuden, lehen aldia zutelako. Lekuak berak ere asko lagundu zuen. Belodromoa askoz nabariagoa da, beldur eszeniko gutxiago genuen BECen. Eta, azkenik, Barakaldon geundela ere ezin da bazter utzi.


Zeure buruaz adina besteenaz arduraturik ikusi zintugun, batez ere arratsaldean. Taldearen gidaritza eramanez.

Hori zen nire egitekoa. Hori zen nire buruari jarritako lana. Irteeran esan nien besteei oholtza gainean bildu eta jendeari txalo egin behar geniela, eta eskuak gora bazen, hobeto. Futbolariak astean behin egiten dute, eta ea guk zergatik lau urtez behin hori egingo esan nien. Banekien zortziok talde bezala saio on samarra egin genuela, eta gustura geunden; arratsaldean zehar ere saiatu nintzen animatzen.


Dena harrapatzen zenuen, dena kontrolatzen. Eskarmentua edo zakurkeria da hori?

Oso lasai nengoen, burua argi. Jendeak ez du sinesten, baina nik saio ona egin nahi nuen, berdin zitzaidan txapela galdu edo irabazi. Ondo nindoala ohartu nintzenetik, ez nuen ezeren kezkarik. Unai eta biok geratu ginenean, pixka bat deskolokatuta ikusi nuen, eta animatzen saiatu nintzen; irabaz zezakeela esan nion. Txapela jokoan jarri zen une horretan, deszentratu egin zelako inpresioa izan nuen.


Buruz bururako bikotekide ona zen Unai. Antzekotasunak ere badituzue.

Badugu antza gauza batzuetan. Nik, gainera, asko ikasi dut haiengandik. Maialenengandik asko ikasi dut, eta Unairengandik ere bai. Horiekin ibiltzeko horiengandik ikasi beharra daukat.


Zein izan zen unerik hunkigarriena, Imanol Lazkanok txapela jantzi zizunekoa?

Denontzat uste dut izan zela hunkigarria une hori, eta beretzat ere bai. Ederra izan zen. Izan ere, bertsolaritzaren azken urteotako historian giltzarria izan da.


Noiz izan zenuen ondo ari zinen sentipena?

Goizean banekien gaizki ez nintzela ari, baina distirarik gabe ari nintzela ere bai. Halere, banekien punta harrapatzen hasten nintzen unetik gora egingo nuela. Hasten beti naiz hotza. Bata eta bia egokitu zitzaigun Igorri eta niri, eta gaia ere, 8ko handian, bi urteko grebak ez zigun lagundu. Maiarekin 8ko txikian txipiroien kontuarekin bidea egiten hasi ginen. Baina hasiera grisak kalte egiten du.


Igorrek berak aipatu zuen lo gutxi eginda joan zela. Zeu deskantsaturik joan al zinen?

Ez dakit zenbat den lo gutxi. Nik bost bat ordu egin nituen. Gaur (atzo) gutxiago egin dut.


Kartzelakoan oso ondo iritsi zinen jendearengana malkoen gaiarekin.

Zalantzan ibili nintzen. Beste istorio bat etorri zitzaidan burura, baina konplikatzeko arriskua nuen, eta egiazko kontu bati heldu nion. Amak esaten dio semeari «Julen, gogoarekin!» eta berak gauza bera esan zidan etxetik irten nintzenean.


Barraketan ondo moldatu zineten Amets eta biok.

Oso ondo. Ametsi beldurra zioten puntuka, abiadura izugarrian erantzuten duelako, eta ondo moldatu ginen. Ez naiz alferrik ibili ni Sebastianekin puntuka plazarik plaza.


Zein ikusten zenuen buruz bururako?

Unai distiratsu ikusten nuen, baina oholtzatik ez da erraza kontaduria eramaten. Neure burua ere ez nuen seguru ikusten. Ondokoek esaten zidaten baietz.


Maritxu eta Bartolorekin ere, primeran.

Han hasi nintzaion gaina hartzen. Deskontzentratuta ikusi nuen pixka bat Unai.


Aulkia txiste batekin bukatu zenuen ia-ia.

Ez zen txistea. Hori da egungo bertsolaritza. IKEAk erantzun egin du. Sustatu.com-en dago mezua. Atzo Andoni Egañak hori esan zuen, baina ikusten da ez dela pasatu gure dendatik. Badaukagu modelo hori. Aitari erakutsi diot, eta esan dit lau hanka dituela eta behiak jezteko aulkiak hiru behar dituela. Baina multinazional batek euskaraz erantzuteak erakusten du finalak zer-nolako oihartzuna izan duen.


Agurrean amak aipatu zenituen. Esker oneko gaia da.

Gure ama aipatu nahi nuen, baina bakarra aipatzea ez nuen nahi.

­«Ejem!» izan hitz magikoa.

Hori izan zen finaleko aportazio handiena. Horri esker jantzi nuen txapela. Genialtasun bat iruditu zitzaidan. Maritxurenean Unaik ezin zuen erabili hitz hori, autoerrepikatzea zelako, nik bai ordea, eta puntu asko irabazi nituen hor.

  • Estreinakoz Gara egunkarian argitaratua, 2005-12-20an
 
«Nik amets nezakeen posturik onena bigarren izatea zen»
2005-12-20 / 13:06 / erabili.com

Dena atera zitzaion borobil, 8ko nagusian Maialen Lujanbiorekin hiru haurren aitaren paperean kantatu zituenetatik hasi (orduan bota zuen atzoko hitz talismana bihurtu zen lehen «ejem!»a), eta Maritxuren ahotik buruz burukoan kantatu zituenetara arte. Bere bi aurpegiak erakutsi zituen: istorio asmatzailearena batetik, eta gai sakonetan, sakona bestetik.

Txapela irabazi balu bezala ospatu zuen atzo Unaik bigarren lekua. Berak ez omen zuen txapelik nahi, eta amesten zuen lekuan geratu zen, bigarrenean.


Zer gogoeta eragiten dizu atzo BECen sortu zen erritualaren giroak?

Izugarria izan zen. Ez dugu asmatzen zer den azaltzen. Saioa bukatu ondoren, Joxe Anjel Irigarairekin egon nintzen horretaz hizketan, eta horixe esaten zuen. Gure jarrerak eragindako zerbait zela esaten zuen. Lehia hor dago. Gu lehiatzen ari gara, eta bakoitzak bere zaleak ditu, baina lehia hori gure artean nola eramaten dugun da polita. Eta, bestalde, jendea oso kontziente da bera ere protagonista dela, badaki. Publikoa da bederatzigarren finalista. Norbaitek komunioa aipatu du, baina ez da ezer pasiboa, ez da guri amen esatera mugatzen den masa bat gure publikoa. Askotan, berak agintzen du saioa nondik nora joango den.


Sarrerakoan izan zenuten harrera ikusgarria izan zen.

Itzela izan zen. Pasilo hartan pasakeran oso jende ezberdina ikusi eta agurtzen duzu.


Belodromotik desberdina.

Bai, bai. Atseginagoa da. Belodromoan tenplu baten itxura du, sabaiagatik, beharbada. Hau bilduagoa da. Goitik betekada ikusten zen, baina ez zuen ematen 13.000 lagun zeudenik.


Eman diezaiogun gainbegirada saioari. 8ko nagusian hasi zinen ondo Maialenekin. Lehen «ejem!»a hantxe esan zenuen. Askotan erabili al duzu talisman bilakatu zen hitz hori?

Atzoko baliabide bat izan zen. Adonik eguerdian komentatu zuen hitz horrek jokoa emango zuela, eta finaleko hitz bezala geratuko zela. Badirudi neurri batean hala izan zela.


Andonik bertsotan egiteaz gainera, taldeko gidaritza egiten du horretan eta beste gauza askotan.

Harriagarria da indibidualki egiten duen lanaz gainera, taldearekin atzo egin zuen lan guztia.


Zortziko txikian bertsoaldirik politenetako bat Colina eta biok nagusia eta langilea autoan zindoaztela. Kolpe askoko saioa egin zenuten.

Nik zabaltzen nituen bideetan berak erantzuten beti asmatu zuen. Eta hori da 8ko txikiko klabea. Saio borobila izan zen. Gogoratzen «botaka» eta «botata»rekin egin zuen hitz jokoa.


Lubakian Ametsekin ere, bikain.

Amaieran gaizkiulertu bat izan genuen, baina ondo moldatu ginen. Zapiarena eta maindirearena ez nion ulertu. Gauza horiek gertatzen dira. Hirutik bitan asmatzea ez dago gaizki.


Neuri urtebetetze egunekoak gustatu zitzaizkidan gehien. Pertsonaia ziniko bat eraiki zenuen. Beharbada zeu antzekoa izango zara.

Espero dut ezetz. Ni ez naiz hain kabroia eta zinikoa. Inoiz ez diet nobiarik kendu nire lagunei. Beldurra baneukan. Ideia nagusi hori hartu nuen, eta beldurra nuen ez ote nintzen gai izango matizatzeko, pertsonaia bat osatzeko eta zinikoa nintzela-eta, gainera, harro nengoela adierazteko.


Forma aldetik, badirudi ez zaizula hainbeste axola, baina istorioak eta pertsonaiak eraikitzen dituzu.

Zalantza horrekin geratu nintzen, nigandik bereiztea lortu ote nuen. Bertso munduan gutxi agertzen den pertsonaia da, nahiz eta beste genero batzuetan asko erabiltzen diren.


Buruz burukoa seguru ikusten al zenuen?

Nik ez. Igor ari zitzaidan esaten eta gehiagok ere esan zidaten. Nik Amets eta Maialen ere oso ondo ikusten nituen. Han goitik zaila da ezer seguru ikustea, bertsoak ere modu intermitenteak entzuten ditugu. Banekien ondo ari nintzela, baina xehetasunik ez da atzematen.


Oso desberdinak izanik ere, badituzu Andonirekin gauza komunak, istorioak eraikitzeko joera, esaterako.

Andonik nahi izanez gero edozeinen antza hartzen du. Baditugu antzekotasunak. Ni narratsagoa naiz. Ez dut nahita egiten, baina poesia egiten hasiko banintz, erridikulo sentituko nintzateke.


Buruz burukoa ez zen izan orain lau urtekoa bezain distiratsua.

Ni nekatuta nengoen eta lehen aldiz beldurra sentitu nuen atzo. Bederatzikoa bota behar nuen, baina ez nuen egin. Andoni azeleradorea zapaltzen hasiko zela banekien, eta, gainera, nik amets nezakeen posturik onena bigarrena zen. Hortik gorakoa hobe Andonirentzat.


Beti zure alderdi minimalistarekin ibiltzen gara. Atzo gai sakonetan sakon ibili zinen. Ametsekin gizon alargundu berriaren paperean, esaterako.

Gustura ari zarenean, dena errazago da. Nik oso garbi ikusi nuen gizon hori eta erraz irudikatu nuen.


Gorabehera handikoa al zara, artista asko bezala?

Artista izateko gorabeherak izan behar badira, ni oso artista naiz, bai bertsotan eta bai bizitzan. Baina azken pare bat urtean oso gustura nabil bertsotan, Egunak ere izaten dira. Atzo Hendaiako antzeko sentipenak nituen, eta Donostian ez nituen sentipen horiek.


Behetik begiratuta oso gogorra dirudi zortzi orduko lan bati ekin beharrak.

Gogorra ere bada, eta fisikoki ere nekatu egiten zaitu, baina goizean bereziki plaza batean bageunde bezala kantatu genuen, eta horrek asko arintzen du txapelketa. Mikrora bidean jarri eta ondo aterako zaizula pentsatzeak arindu egiten du zama, eta igandean sentimendu horiek nituen.

  • Estreinakoz Gara egunkarian argitaratua, 2005-12-20an.
 
Txistuak, bertsoen aitzakian
2005-12-20 / 18:45 / Pello Elorza

Lehenengo eta behin, adierazi behar dut igandeko ekitaldia oso ederra izan zela. Jendea erruz, bertsolarien maila oso ona, bertsozale guztiak asebetetzeko ekitaldia. Egun hauetan hedabide guztietan egin dira horren gaineko azalpenak, laudorioak, zorionak eta goraipamenak, denak ere ondo merezitakoak.

Baina oraingo nire idazkitxo honen arrazoia Bertso Txapelketaren amaieran gertatutako orbana da, halako kezka bat utzi baitit barruan. Sei-zortzi orduko saioaren baitan gertakari txikia da denborari dagokionez, baina ekitaldia pixka bat ilundu zuena. Sarien banaketan entzun ziren txistuez ari naiz, jakina.

Artikuluan beste norbaitek adierazten duen moduan, gizalegerik oinarrizkoenari jarraituz gustura ez zegoenaren jarrerarik egokiena isilik geratzea izango zen. Baina, dirudienez, zenbaiten buruan nonbait gizalegearen kontu horrek ez du leku handirik, eta bere ezadostasuna txistuaren soinu ozenez agertu behar larria zuen.

Barka iezadazue “politikoki zuzena” ez izatea, baina gertaera horren azpian nik jokabide edo jarrera politiko konkretu batzuk ikusten ditut. Betiko kontu bera da: euskal kulturaren adierazpenak kolore konkretu batzuetara lerratu nahia. Beti ari gara aho betean esaten euskara eta euskal kultura alderdikerietatik eta politikaren zurrunbilotik atera behar dugula, baina gero asmo hori astoak jaten du, berdea delako-edo. Izan ere, pertsona konkretu batzuk oholtzara igo zirenean entzun ziren txistu-hotsak, eta ez beste batzuk igo zirenean. Zergatik izan zen? “Kapitalismoari” lotutako erakundeak zirelako? Gobernu edo erakunde “epel” batzuen ordezkariak zirelako? Zergatik?

Eta dirua aipatu dudanez, hausnarketatxo bat: Bertsolari Txapelketa bat antolatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Lan luzea eta handia, pertsona, material, baliabide tekniko eta ordu asko eskatuko ditu. Eta hori guztia, azken batean, dirutan neurtu daiteke, erabat eta osorik ez bada ere. Zenbat izango da guztira? Pentsatzen dut kontu horien berri izango duela euskal gizarteak, laster batean. Eta txistuak entzun zituzten erakunde horiek lagunduko dute aurrekontua berdintzerakoan, ala? Ala zer gertatzen da, dirua eman behar dute eta gero ixil-ixilik geratu, ez agertu laguntzaile moduan? Eta, gainera, txistuak entzun, denen aurrean lotsagarri geratzeko ahalegin hori jasan?

Haize berriak omen zetozen euskal gizartera. Politikan, kulturan, gizartean eta gizakiak egunaren bueltan egiten dituen jarduera guztietan jokatzeko joku-arau berriak omen zetozen. Ba, haize berri horiek era honetako ekitaldietara ere iritsi behar dute, bertso mundua -euskara bezalaxe- denona baita, alde bateko eta besteko pentsamoldeak ditugunona, nahiz eta sektore batzuk, oker, uste izan “beraiena” bakarrik dela.

Aurten ahalegina egin du bertso munduak erdal mundurari hurbiltzeko, gu hunkitzen gaituzten ekitaldi eta kultur adierazpideak ulertzen hasi daitezen haiek ere, elkarren hurbilago gertatzeko. Baina jarrera itxiak erakusten badira, berriro uxatu ez al ditugu egingo?

Euskal kulturari -eta euskarari- denona izateko, gutako bakoitzak jarri ohi dizkiogun konnotazio guztiak kendu behar dizkiogu, geure koloreekin “pintatu” gabe utzi. Eta, gorago esan dudan bezala, gizalegearen bidetik, gustuko ez dugun zerbait gertatzen denean, isilik geratu, txistuka eta oihuka hasi gabe, ustez atzean utzitako garai batzuetako portaerak azaleratzen baitira horrela.

A, eta bide batez: Bertsolari Txapelketa antolatu duen erakundeak zerbait esan beharko al luke kontu honetaz?


(PELLO ELORZA URIBESALGO itzultzailea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus