Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Juan Mari Lekuona euskaltzaina zendu da

Euskaltzaindia / Bestelakoak / 2005-12-05 / 12:30


Juan Mari Lekuona poeta eta euskaltzaina gaur zendu da (2005-12-05), goizeko ordu bietan, Donostian, 78 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar, abenduak 6, izango da, Oiartzungo San Esteban parrokian.



Gaur bertan (2005-12-05), baina, goizeko 11:00etatik aurrera, Oiartzungo San Esteban eliza ondoan dagoen San Juan Kultur Etxean, hilkapera jarri dute.

Juan Mari Lekuona Berasategi Oiartzunen jaio zen, 1927. urtean. Teologia ikasketak egin zituen eta meza berria Oiartzunen bertan egin zuen, 1953an. Urte horretan berean Erromara joan zen Teologia Izpirituala ikastera eta han aurkeztu zuen tesia, “Ideario ascético-pastoral de Fray Bartolomé de los Mártires (1514-1592)” izenburupean. Erroman, hain zuzen ere, idatzi zuen bere euskarazko lehen poema, Mindura gaur izenekoa.

Oso gaztetandik sentitu zuen Juan Mari Lekuonak literaturarekiko zaletasuna: idaztea gustatzen zitzaion eta euskaraz idaztea erabaki zuen, euskal kulturaren egoera zaila ikusita, herriari euskararen arlotik zerbitzua eskainiko ziolakoan. Orixe, Lauaxeta eta Lizardi izan ziren gazteetako lehen poetak, lehendabiziko influentziak. Hamar bat urte idatzi barik egon ondoren, bigarren fase batean sartzen da Lekuona poeta eta Aresti deskubritzen du: haren eraginez, batez ere, hasten da poesia sozial eta existentziala egiten. Ordukoa da bere lehendabiziko liburua, Mindura Gaur deitutakoa.

“Oianburu” izenordea erabili izan du Juan Mari Lekuonak bere lanak argitaratzeko. Egan, Olerti, Zeruko Argia, El Bidasoa eta beste hainbat aldizkaritan argitara eman ditu bere lanak.

Aita Barandiaranek eta Jorge Oteiza eragin handia izan dute Lekuonaren poesian. Bestetik, literaturaz gain, kantua eta bertsolaritza ere oso gustuko izan dira berarentzat.

2002ko apirilean, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, oiartzuar poeta honen inguruko jardunaldiak egin ziren, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Jardunaldi hauen izenburua “Juan Mari Lekuona, kezkaren antropologoa” izan zen.

Euskaltzaindian

1953an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta 1987an, berriz, euskaltzain oso. Manuel Lekuona bere osabaren ordez hautatu izan zen Juan Mari eta Oiartzunen egin zuen bere sarrera hitzaldia, 1988ko uztailaren 30ean. Ahozko literatura ardura bereziz ikasi duenaren froga ere bertan eman zuen, “Erdi-Ahozkotasunaren literatur estiloaz” mintzatu baitzen orduantxe. Jean Haritschelharrek eman zion erantzuna.

Urte askotan zehar, 1989az geroztik, Juan Mari Lekuona Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaria izan da, 2005eko maiatzera arte. Literatura batzordeko burua izana da ere, 2005 arte; urte horretan bertan, batzorde horretako ohorezko buru izendatu zuten. Jagon Sailaren Sustapen batzordeko kide ere izana da. Bestetik, 1989tik 1996ra Akademiako buruordea izan zen.

Sariak:

Argitaratutako lan nagusiak:


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/berriak/1133782243