Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Juan Mari Lekuona euskaltzaina zendu da

Juan Mari Lekuona euskaltzaina zendu da

2005-12-05 / 12:30 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Juan Mari Lekuona poeta eta euskaltzaina gaur zendu da (2005-12-05), goizeko ordu bietan, Donostian, 78 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar, abenduak 6, izango da, Oiartzungo San Esteban parrokian.

Gaur bertan (2005-12-05), baina, goizeko 11:00etatik aurrera, Oiartzungo San Esteban eliza ondoan dagoen San Juan Kultur Etxean, hilkapera jarri dute.

Juan Mari Lekuona Berasategi Oiartzunen jaio zen, 1927. urtean. Teologia ikasketak egin zituen eta meza berria Oiartzunen bertan egin zuen, 1953an. Urte horretan berean Erromara joan zen Teologia Izpirituala ikastera eta han aurkeztu zuen tesia, “Ideario ascético-pastoral de Fray Bartolomé de los Mártires (1514-1592)” izenburupean. Erroman, hain zuzen ere, idatzi zuen bere euskarazko lehen poema, Mindura gaur izenekoa.

Oso gaztetandik sentitu zuen Juan Mari Lekuonak literaturarekiko zaletasuna: idaztea gustatzen zitzaion eta euskaraz idaztea erabaki zuen, euskal kulturaren egoera zaila ikusita, herriari euskararen arlotik zerbitzua eskainiko ziolakoan. Orixe, Lauaxeta eta Lizardi izan ziren gazteetako lehen poetak, lehendabiziko influentziak. Hamar bat urte idatzi barik egon ondoren, bigarren fase batean sartzen da Lekuona poeta eta Aresti deskubritzen du: haren eraginez, batez ere, hasten da poesia sozial eta existentziala egiten. Ordukoa da bere lehendabiziko liburua, Mindura Gaur deitutakoa.

“Oianburu” izenordea erabili izan du Juan Mari Lekuonak bere lanak argitaratzeko. Egan, Olerti, Zeruko Argia, El Bidasoa eta beste hainbat aldizkaritan argitara eman ditu bere lanak.

Aita Barandiaranek eta Jorge Oteiza eragin handia izan dute Lekuonaren poesian. Bestetik, literaturaz gain, kantua eta bertsolaritza ere oso gustuko izan dira berarentzat.

2002ko apirilean, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, oiartzuar poeta honen inguruko jardunaldiak egin ziren, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Jardunaldi hauen izenburua “Juan Mari Lekuona, kezkaren antropologoa” izan zen.

Euskaltzaindian

1953an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta 1987an, berriz, euskaltzain oso. Manuel Lekuona bere osabaren ordez hautatu izan zen Juan Mari eta Oiartzunen egin zuen bere sarrera hitzaldia, 1988ko uztailaren 30ean. Ahozko literatura ardura bereziz ikasi duenaren froga ere bertan eman zuen, “Erdi-Ahozkotasunaren literatur estiloaz” mintzatu baitzen orduantxe. Jean Haritschelharrek eman zion erantzuna.

Urte askotan zehar, 1989az geroztik, Juan Mari Lekuona Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaria izan da, 2005eko maiatzera arte. Literatura batzordeko burua izana da ere, 2005 arte; urte horretan bertan, batzorde horretako ohorezko buru izendatu zuten. Jagon Sailaren Sustapen batzordeko kide ere izana da. Bestetik, 1989tik 1996ra Akademiako buruordea izan zen.

Sariak:

  • 1950 eta 1951n Premio Santo Tomas (Educación y Descanso), lehen saria jaso zuen.
  • 1966an Arantzazu lehen literatura saria eman zioten, Mundura gaur obrari esker; bertan amaren gaia jorratzen zuen Oiartzungoak.
  • 1979an, Euskadi Literatur Saria, Ilargiaren eskolan poema liburuagatik.
  • 1990ean Euskadi Literatur Saria eman zioten, Mimodramak eta ikonoak poema liburuagatik.
  • 2002an Koldo Mitxelena kulturuneak eta Gipuzkoako Aldundiak omendu dute, “Juan Mari Lekuona, kezkaren antropologoa” jardunaldien bidez.
  • 2002. urtean, EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen
  • 2002. urteko abenduan, Egan aldizkariak omendu zuen Oiartzunen
  • 2003ko maiatzean, Donostian omendu zuten, beste 18 apaizekin batera, apaiz bezala, 50 urte betetzeagatik.

Argitaratutako lan nagusiak:

  • Mundura gaur. 1966
  • Muga Beroak. Gero, 1973
  • Salmoen olerki alderdia. Jaunaren Deia, 1974
  • Txirrita eta Basarri. Euskera, 1975.
  • Ilargiaren eskolan. Erein, 1979
  • Ahozko euskal literatura. Erein, 1982.
  • Mimodramak eta ikonoak. Erein, 1990.
  • Manuel Lekuona: Bio-bibliografia. 1995
  • Mistika liburuak. 1997
  • Ibilbidea/Itinerario. UPV-EHU, 1996.
  • Ikaskuntzak eta euskal literaturaz (1974-1996). Aldizkarietan sakabanaturik zeuden hainbat artikuluren bilduma.
  • Hondarrean idatzia.
  • Glasguiren eskolon.
  • Oiartzungo kantutegia. Bertako herri memoriatik. 2001


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus