Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lasarte-Oriako enpresak euskararekin irabazle

Lasarte-Oriako enpresak euskararekin irabazle

2005-12-13 / 07:00 / Marifer Gorostiza   ENPRESA

2005eko irailean ikusi du argia Lasarte-Oriako enpresa mundurako zerbitzuak biltzen dituen karpeta berriak: "Euskararekin zeu irabazle".

Euskararen erabilera normalizatzeko, giza errealitatea osatzen duten esparru guztietan dago eragin beharra. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udala, beste udal batzuk bezala, hainbat alorretan aritu da lanean: aisialdian, familia eta lagunartean, eskolan, irakaskuntzan eta merkataritzan, besteak beste. Azken horri dagokionez, badira 10 urte Udalak Euskara merkataritzara programa martxan jarri zuela, merkataritzara eta ostalaritzara zuzenduta.

Duela gutxi, aurrekoari jarraipena emateko, eta Euskara Biziberritzeko Planean aurreikusita zegoen bezala, Lasarte-Oriako enpresa-munduan euskararen erabilera sustatzeko plana onetsi eta abian jarri zen. Eta haren erakusgarria da Euskararekin zeu irabazle karpeta, Udalak dituen zerbitzuak bildu eta enpresetara helarazteko helburuarekin sortua.

Enpresa mundua esaten dugunean, modu orokorrean hartuta ulertu behar da, negozioa izan daitekeen aktibitate oro, merkataritza eta ostalaritza, zein beste edozein jarduera ekonomiko. Eta mezu hori helarazi nahi diogu karpeta ikusteko aukera duen edonori, azalean irudikaturiko lanbide ezberdinen argazkien bidez: okindegia, lurrin-denda, mekanikako tailerra, bulegoa, zapata-denda, taberna eta arotz enpresa bat.

Karpetaren edukiak

Banatzeko bideak

Karpeta ezagutarazteko, eta zerbitzuen berri emateko, komunikabideen bidez egindako lanaz aparte, hainbat bide jorratzen hasiak gara.

Karpeta berriaren lehenengo aurkezpena diptiko baten bidez egin dugu, eta enpresa mundua kudeatzeko erabiltzen dugun datu baseko hartzaile posible guztiei bidali diegu.

Jarraian, enpresa bakoitzak Euskara Zerbitzuko teknikariaren bisita pertsonala jasoko du. Bisiten bidezko karpeta banaketaren planifikazioa egitean, enpresaren inguruarekiko harremanak aztertu eta euskararen erabilera areagotzeko izan dezakeen potentzialtasunari erreparatuz finkatu ditugu lehentasunak.

Bisita hauen helburuen artean aurkitzen dira karpeta berria entregatzea, edukiak azaltzea eta euskararen erabilera areagotzeko proposamena egitea.

Hurrengoak dira bisitak antolatzeko aurreikusten diren taldeak:

  • Enpresa berriak. Udaleko Hirigintza departamenduarekin koordinatuta gaudenez, enpresa batek jarduera berri baten eskaera egiten duenean, Euskara Zerbitzura pasatzen digute informazioa Hirigintzakoek. Berehala jartzen gara harremanetan enpresa berriaren arduradunarekin.
  • Martxan dauden enpresak. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen berri dakiten enpresak zuzenean jartzen dira gurekin kontaktuan. Batzuetan Euskara Zerbitzura etortzen dira, eta beste batzuetan, enpresara bertara joateko eskatzen digute.
  • Bitartekariak. Izen honekin beste enpresentzako zerbitzuak eskaintzen dituztenak izendatu nahi izan ditugu. Bi helburu dauzkagu enpresa hauekin. Alde batetik, orokorra, goian aipaturikoa. Eta bestetik, gure zerbitzuen berri emanez, beraien bezeroekiko bitartekaritza lana egin dezaten eskatzea. Irudia eta errotulazioarekin loturiko elementuak euskaraz edota bi hizkuntzetan eginez gero Udalaren diru-laguntzak jaso ditzaketela helaraztea, alegia. Hurrengoak dira enpresok:
    • Diseinu grafikoko enpresak
    • Inprentak
    • Fotokopia-dendak
    • Web egileak
    • Informatikako dendak
    • Informatikako programa egileak
  • Buruntzaldeko kanpainaren bidez interbenitzen diren sektoreak. Urtero egiten dira kanpainak merkataritzako sektore desberdinetan: jatetxeak, arrandegiak, harategiak, ile-apaindegiak, fruta-dendak, besteak beste. Dagokion sektoreko establezimenduak bisitatzen dira kanpainaren berri emateko. Bisita hauek aprobetxatuko ditugu karpeta berria aurkezteko.
  • Udaleko hornitzaileak. Herrikoak direnei, modu pertsonalean helaraziko diegu karpeta berria, Euskararen Normalizazio Planaren inguruan Udalak dituen planen berri emateko aprobetxatuz.
  • Plan integralak egiteko aukera dutenak. Egoera linguistiko berezia duten enpresa txikietako batzuei (1-10 langile) Plan integralak egitea proposatzen diegu urtean behin. Hauei ere aurkeztuko diegu karpeta berria garaia heltzen denean.

(MARIFER GOROSTIZA NARBAIZA Lasarte-Oriako Udalaren Euskarako Zerbitzuko hizkuntza normalizatzailea da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus