Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Orotariko Euskal Hiztegia: 50 urteko lana

Orotariko Euskal Hiztegia: 50 urteko lana

2005-11-18 / 07:00 / Euskaltzaindia   HIZKUNTZA

50 urte atzera Euskaltzaindiak Koldo Mitxelenari eskatutako lana Ibon Sarasola euskaltzainak burutu du: Orotariko Euskal Hiztegia. 16 liburuki, 14.028 orrialde eta 125.987 sarrera. Euskararen hitz-ondarea.

Orotariko Euskal Hiztegia-ren jatorria Azkuek osatu zuen Diccionario Vasco-Español-Francés lanean bilatu behar da. 1955ean, 50 urte lehenago argitara emandako hiztegia agortua zegoela-eta, Euskaltzaindiak enkargua eman zion Koldo Mitxelena euskaltzainari Azkueren obra eguneratu, zuzendu eta osatzeko. Asmoa, hiztegi berria kaleratzea zen, agerikoa zen hutsunea betetzeko.

Lehen saiakera hark, baina, ez zuen etekinik eman. Batetik, lana oso astiro zihoalako: Mitxelenak lana Euskal Herritik kanpo zuen, Torrelavegan lehenik eta Salamancan gero, eta horrek eginkizunari behar bezala heltzea eragozten zion. Bestetik, La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak Azkueren hiztegia berrargitaratu zuelako.

Atariko ekimen horrek, dena den, Euskaltzaindiari erakutsi zion Azkueren lanaren bertsio eguneratua ateratzea baino egokiagoa izango zela obra guztiz berria egitea; Mitxelena berehala konturatu zen hiztegia osatzeko lan mardulagoa egitea ezinbestekoa zela, pertsona batek baino lan-talde zabalak burutu beharrekoa.

Lehen urratsak

Xede horri helduta, hiztegiaren egitasmoa Franco hil ondorengo urteetan berpiztu zen. 1976an estatuak nortasun juridikoa eman zion Euskaltzaindiari eta ofizialtasuna eskuratu zuen Hego Euskal Herriko lau probintzietan. Halaber, Mitxelena etxera itzuli zen, Euskal Herriko Unibertsitate sortu berrian katedra eskuratuta. Handik aurrera, zenbait harreman izan ziren Euskal Herriko administrazio publikoekin, eta bereziki Eusko Jaurlaritzarekin.

Proiektuaren filosofiari dagokionez, bere oinarriak Euskaltzaindiaren Hondarribiako Jardunaldietan ezarri ziren, 1981eko eguberrietan. Bertan, euskaltzain osoek aho batez onartu eta sinatu zuten Adierazpenean Hiztegigintza arloan plangintza orokor baten beharra aipatzen zen, baita hiztegi “orokorra, hiritartua eta espezializatuak”…

Asmoak gauzatuz

Hiztegia osatzeko lanak martxan bazeuden ere, egitasmoaren onarpen data formala 1984ko urtarrilaren 20an jar daiteke, Euskaltzaindiak Bizkaiko Foru Diputazio osteko Arbieto kalean zuen egoitzan egin zen bileran. Han izan zen Joseba Arregi, orduko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako idazkaria ere, Pedro Migel Etxenike Hezkuntza eta Kultura sailburuaren agindu zehatzak Akademiaren Zuzendaritzarekin adosteko.

Mikel Zalbide euskaltzain urgazle eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordezkaria ere aipatu beharrean gaude, bera izan baitzen Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektua aurrera eramateko lan garrantzitsua egin zuen pertsona, Ibon Sarasolarekin batera.

Besteak beste, aipatutako bileran, finantzabidea eta lan egitasmo orokorra zehaztu ziren. Hala bada, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek egitasmoa finantzatuko zutela baieztatu zen. Halaber, Mitxelena -Ibon Sarasola alboan zuela- lan-taldearen zuzendaria izango zen, baita hiztegiaren egilea ere, eta Euskaltzaindia argitaratzailea.

1984ko maiatzaren 16an hiztegia abian jartzeko hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, alde batetik, eta Euskaltzaindiak, bestetik.

Mitxelenak, baina, ez zuen ikusiko bere lanaren lehen fruitua, lehendabiziko liburua atera baino bi hilabete lehenago hil baitzen, 1987ko urriaren 11n.

Argitaratzea

OEH bezalako egitasmoaren emaitza erraldoiak argitaratzeko ahalmenik ez zuela jabetuta, Euskaltzaindiak enkantea egitea erabaki zuen, eginkizun horren ardura hartuko zuen argitaletxea aukeratzeko. 1986ko irailean, bost proposamenen artean (Haranburu Altuna, Mensajero, Desclée de Brouwer, Itxaropena eta Elkar), Desclée de Brouwer eta Mensajerok aurkeztutako eskaintza bateratua onartu zen. Hasiera batean zortziehun orrialdeko zortzi liburuki aterako zirela hitzartu zuten, nahiz eta lanak aurrera joan ahala aurreikuspena txiki geratu zela ohartu. Lehen alea atera aurretik, ez zortzi baizik hamalau liburuki beharko zirela ikusi zuten.

Lehen liburukia, 1987ko abenduaren 17an aurkeztu zen. Orduan, Euskaltzaindiak Plaza Barriko egoitza berria oraindik bukatu gabe zuelarik, ekitaldi publikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru jauregian egin zen, hiztegia osatzeko lehen erakunde laguntzailea izan zela aitortuz. Jose Alberto Pradera Bizkaiko Ahaldun Nagusiaz gain, bertan izan ziren Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako foru ordezkariak (Nafarroako Gobernuak ere bere atxikimendua gehitu zion hitzarmenari aurkezpen honen egun berean), Jose Antonio Ardanza lehendakaria eta Mari Karmen Garmendia Kultura sailburua.

Ibon Sarasolak ekitaldi horretan bertan adierazi bezala, “Orotariko Euskal Hiztegiak garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea bildu nahi du. Obra deskriptiboa da beraz, eta ez arauemailea, ez normatiboa".

Ondorengo liburukiak ere erakunde publiko desberdinen egoitzetan aurkeztu ziren: bigarrena, 1989ko martxoaren 16an, Gipuzkoako Jauregian; hirugarrena, 1989ko abenduaren 10ean, Durangon, Euskal Liburu eta Disko Azokan. Laugarrena, 1990eko abenduaren 13an, Iruñean; eta bosgarrena, 1992ko urtarrilaren 31n, Gasteizen.

Euskal hitz-ondarea

Ibon Sarasolak esan bezala, Orotariko Euskal Hiztegia “obra deskriptiboa da; beraz, eta ez arauemailea, ez normatiboa”. Haren xedea garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunak nolako hizkuntzaz baliatu diren ahalik eta osokien eta zehatzen azaltzeko helburua du hiztegi honek.

Orotariko Euskal Hiztegia 16 liburukik osatzen dute. 125.987 sarrera ditu eta 14.028 orrialde. Hiztegiko sarrera bakoitzak, lehenik hitzaren esanahia eskaintzen du gaztelaniaz edota frantsesez -askotan bietan-, baita aurreko hiztegigileek hitzari buruz esandako guztia ere. Ondoren, literatur tradizioko adibideak ematen ditu, urtea ere aipatzen duelarik.

Hasiera-hasieratik Euskaltzaindiak hiztegi horri eman zion garrantziaren erakusgarri, hona hemen Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko idazkariorde-kudeatzaile ohiak esandakoak: ´´Zuzendaritzak, Akademiaren gobernu-erakunde legez, administrazio-erakundeekiko kudeaketa eraman bazuen ere, osoko bilkurari, kontu emateaz gain, gai akademikoetan onarpena edota berrespena eskatzen zion´´.

Lehen liburukiaren hitzaurrea idazten ari zen Koldo Mitxelena hil zenean. Honela zioen: "Zer esan, eta neurri zabal batean zer esaten den, azaldu nahi litzateke, bada, hemen, eta ez zer esan behar litzatekeen. Irakurleari eman nahi zaizkio aukera egiteko behar lituzkeen lanabesak, hautaketan hasi behar badu".

Inprimatu


Erantzun

 
Erabiltzaileen oharrak jasotzeko helbide bat
2005-11-21 / 09:05 / Txipi Ormaetxea

Lehenbizi, zorionak egileei (zenbat ordu ote dago lan horren atzean?), eta, lehengoan Txillardegik esaten zuen legez, zorionak geure buruei ere horrelako tresna baliotsua izateagatik. Etxean liburuen artean dudan altxorrik preziatuenetakoa da, zalantza barik.

Eta orain proposamen txiki bat: aurki (agian bai!) izango dugun edizio digitala iritsi aurretik, zergatik ez da ipintzen helbide bat erabiltzaileon oharrak jasotzeko. Izan ere, milioika hitzen artean oso normala da akatsak izatea. Nik ikusi izan ditut batzuk, eta besteek ere ikusiko zituzten. Hola, denok irrikaz espero dugun edizio digitala hobea izango da.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus