Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Eleaniztasuna arriskuan teknologia berriekin

Eleaniztasuna arriskuan teknologia berriekin

2005-11-11 / 07:00 / erabili.com   INTERNET

Gaur egun munduan hitz egiten diren 6.000 hizkuntzetatik erdiak desager daitezke XXI. mendea bukatzerako, eta baliteke are hizkuntza gehiago eta azkarrago desagertzea, besteak beste Interneten eraginez. Horrelako datuak plazaratu ditu Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundeak, Unescok, Ezagutzaren gizarteetarantz txostenean. Teknologia berriek eleaniztasunarentzat dakartzatzen arriskuak nabariak dira txostenaren egileentzat, arautu gabeko hizkuntzentzat bereziki.

"Hizkuntza jakintzaren ardatz garrantzitsua da, eta ziberespazioan eleaniztasuna sustatzea ezagutza sistemen pluraltasuna eta kultur aniztasuna gordetzera daraman bide luzearen barruan oinarrizko etapa izan daiteke". Horixe dio Unescok bere txosteneko 9. atalaren sarreran, Tokiko ezagutzak, hizkuntz aniztasuna eta ezagutzaren gizarteak izenburupean.

Hizkuntza guztiek ziberespazioan eta oro har teknologia berrien esparruan beraien tokia izatea ezinbestekoa da Unescorentzat aurrikusita dagoen hizkuntzen galera handiaren aurrean. Gaur egungo errealitatea, ordea, gordina da Interneten euren txokoa aurkitu ez duten munduko hizkuntza gehienentzat. Baita, neurri batean, ustez indartsu eta sendo diren hizkuntza askorentzat ere. Ingelesaren hegemonia nabarmena da ezagutza zientifiko eta teknikoaren arloan, eta nagusitasun horrek beste hizkuntzetan adierazitako ezagutza gehienak zokoratzea dakar.

Hizkuntzen etorkizunaren erronka

Planetako aniztasun linguistikoa arriskuan dago eta hizkuntzen etorkizuna da, hain zuzen ere, Unescok aldarrikatzen dituen ezagutzaren gizarteek aurrez aurre izango duten erronketako bat.

Unescok dio "oso litekeena" dela XXI. mende honen amaierarako gaur egun mundu zabalean hitz egiten diren 6.000 hizkuntzetatik 3.000 edo gehiago desagertzea. Zenbait hizkuntzalariren aurreikuspena are goibelagoa eta ilunagoa da, eta hizkuntzen desagertze prozesuak gaur egungo hizkuntzen % 90 eta % 95 bitartean harrapatuko dituela uste dute.

Ingelesa eta besteak

Unescoren esanetan, teknologia berriek azkartu egiten dute munduko hizkuntzak desagertarazteko abian den bilakabidea.

Amaraunean ia erabili ere egiten ez diren milaka hizkuntza daude, eta horrek hizkuntza horien jatorrizko kulturak ere baztertu egiten ditu. Amaraunean ez dagoena, ez da esaldiari kasu eginez gero, asko dira beraz baztertuta gelditzen diren hizkuntzak.

Milaka hizkuntza horiek Amaraunean tokirik ez izatearen arrazoi nagusiena, kasu gehienetan, hizkuntzen ahozkotasun izakera da. Idazten ez den hizkuntza bat ezin da Interneten komunikazio-hizkuntza bezala erabili. Munduan gaur egun hitzegiten diren 6.000 hizkuntzen herena, ordea, bakarrik ahoz transmititzen dira.

Amarauneko orrialdeen hiru laurden, berriz, ingelesez idatzita daude, nahiz eta batzuen esanetan ingelesaren nagusitasun nabarmen hori erdiraino jeitsi den. 2000. urtean Internet erabili zutenen artean, erdia baino gehiago ama hizkuntza ingelesa ez zutenak ziren.

Saren sarea zabaldu ahala ingelesaren nagusitasuna pixkanaka jeisten joan arren, jeitsiera horren abantailak hizkuntza gutxi batzuen artean besterik ez dira banatzen. Ingelesaren atzetik datozen beste irakas-hizkuntzak direla, alegia, ingelesaren beherakadaz baliatzen direnak, baina ez horrenbeste hizkuntza txikiagoak.

Neurriak behar

Unescoren arabera, ezagutzan oinarritutako gizarteak eratzeko, ezinbestekoa da ziberespazioan eleaniztasuna sustatzea eta erabiltzea, eta horretan ahalegindu behar dute estatuek, sektore pribatuak eta gizarte zibilak. Neurri zehatzak ere proposatu ditu Unescok:

  • Idatzi gabeko hizkuntzen deskripzio zientifikoa eta transkripzioa bideratzea, idazkera konbentzio egonkorrak izan ditzaten.
  • Edukiak sortzeaz arduratzen diren enpresek irakas-hizkuntza berriak sustatzea.

Eleaniztasuna aberastasuna da

Unescoren azken txostenaren arabera, ezagutzak elkartrukatzeko eta aprobetxatzeko beharrezkoa da eleaniztasuna, eta are gehiago gutxienez zabalkunde handiko irakas-hizkuntza bat menperatzea. Irakas-hizkuntzen sustapenak ez du zertan izan behar tokiko eta berezko hizkuntzen babeserako kaltegarri. Ez, behintzat, estatuek arriskuan dauden hizkuntzak babesteko ezarrita dauden printzipioak behar bezala aplikatzen badituzte.

Hori ez da ordea beti gertatzen. Eleaniztasuna ahuldu eta elebakartasuna bultzatzeko neurriak lehenetsi izan dira sarri, nazio batasunaren eta kohesioaren izenean. Eta estatuek eleaniztasunaren aldeko jarrera azaltzen dutenean ere, hizkuntza eskubideen onarpen hutsa ez da nahikoa. Hizkuntzei ofizialtasuna emateaz gain, hauek erabilgarri izan daitezen beharrezko neurriak hartzea ezinbestekoa da.

Luzaroan pentsatu izan da eleaniztasuna garapenerako oztopo dela, eta uste horrek irauten du oraindik herrialde askotan. Oinarrizkoa da, ordea, eleaniztasuna gizateariarentzat aberastasun eta ondare dela onartzea, ez urritasun. Hizkuntza bat desagertzen denean gizaki guztientzako da galera, bizitzeko modu baten eta kultura baten desagerpena dakartzalako berarekin.

Hezkuntza eleaniztuna sustatu

Gizarte eleaniztunak sustatzeko lehen urratsak hezkuntzan eman behar direla dio Unescok. Eskolek kultura eleaniztuna bultzatu behar dute, ama-hizkuntzaren irakaskuntzaren beharrak beste hizkuntza batzuen irakaskuntzarekin uztartuz. XXI. mendean gutxienez elebiduna eta, ahal izanez gero, hiru hizkuntza ikastea ahalbidetuko duen hezkuntza sistemak bultzatu behar dira.


Agiri interesgarriak (eskuratzeko gainean sakatu)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus