Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  1.300 enpresatan hizkuntza-konpromisoak

1.300 enpresatan hizkuntza-konpromisoak

2005-10-20 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   ENPRESA

Euskal Herriko 50 langiletik gorako 1.300 enpresatan hizkuntza-konpromisoak zabalduko ditu Kontseiluak lan munduan euskararen presentzia areagotzeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez. Kanpainak "Enpresan Bai Euskarari" leloa du.

Langile komiteak inplikatu

Langile komiteak inplikatu

Kontseiluak euskararen normalizaziorako neurri zehatzak hartu eta gara ditzatela proposatu nahi die enpresei, bertako zuzendaritzak eta Langile Komiteak inplikatuz. "Enpresaren estamentu guztien parte hartzea beharrezkoa da", azaldu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Euskara Sustatzeko eta Euskalgintza Babesteko Akordio Soziopolitikoaren sindikatu sinatzaileek kanpaina hedatzen lagunduko dute, EHNE, ESK, ELA, HIRU eta LAB, alegia. "Sindikatuen parte hartzea izango dugu enpresa bakoitzean kanpainaren berri emateko", jakinarazi du Mendigurenek.

Lan munduan zeregin handia

Enpresa mundua, lan harremanen gunea, euskararen garapenerako eta normalizaziorako eremu zaila izan da betidanik. "Hezkuntzan, komunikazioan, kulturan eta abarretan euskaren erabilera sustatzeko asmoz urratsak eman badira ere, lan munduan zeregin handia dugu hizkuntzaren normalizazioa erdiesteko", adierazi du Kontseiluko Idazkari Nagusiak.

Euskara leihakortasunerako giltzarri

"Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez enpresek neurri zehatzak hartu eta euskararekiko konpromisoa adierazten diote gizarte osoari", azaldu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Arduradunak, Rober Gutierrezek. Lan munduan euskararen normalizazioan aurrera egiteko enpresen parte hartzea beharrezkoa dela argudiatu du Arduradunak. "Enpresetan euskara erabiltzeko gaitasuna izatea lehiakortasunerako giltzarrizko faktorea da".

19.000 kartel banatuko dira

Kanpainaren euskarria enpresan konpromisoa irudikatzen duen kartel bat da. Honen 19.000 ale banatuko dira lantegietan eta bulegoetan itsasteko. Honekin batera, helburuari buruzko azalpenak ematen dituen informazio orri bat prestatu du Kontseiluak. Bestalde, adierazpen bat zuzendu die enpresen Zuzendariei eta Langile Kominteei. "Prestutasuna adierazten duten enpresariak eta langileak harremanetan jarriko dira Kontseiluarekin eta ondoren konpromiso prozesuari ekingo zaio", azaldu du Ziurtagiriaren Arduradunak.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus