Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Patxi Ondarra euskaltzain osoa hil da

Patxi Ondarra euskaltzain osoa hil da

2005-07-30 / 18:40 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Euskararentzat lan isil eta etengabekoan ziharduen Patxi Ondarra euskaltzain nafarra hil da. Andres Urrutia: “Patxi Ondarra euskaltzain osoaren heriotzak Nafarroako euskara lutuz jantzi du”. Andres Iñigo: “Bere isiltasunean langile fina eta nekaezina izan da amaiera arte”

Patxi Ondarra euskaltzain osoa gaur -uztailak 30- zendu da. Bere aldeko hileta-elizkizuna abuztuaren 1ean izango da, goizeko 11:30etan, Iruñeko Kaputxinoen Komentuan.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenez, “Patxi Ondarra euskaltzain osoaren heriotzak Nafarroako euskara lutuz jantzi du. Hartara, Aita Ondarra dugu, Aita Polikarpo Iraizozkoa, Aita Damaso Intzakoa eta Aita Jorge Riezukoa euskaltzainak bezalaxe, belaunaldi baten partaide eta lekuko. Garai latzetan aritu ziren horiek euskararen sustatze lanetan, Nafarroaren nortasunari eutsi nahian. Begien bistakoa, bestalde, Aita Ondarraren ezaugarrietan, halako ahalegin berezia, erlijio-bokazioa eta euskalgintza batera bizitzeko, irakaskuntza eta ikerketaren bitartez”.

Urrutiaren esanetan, “haren esku trebea sarri-sarri izan zaigu ararteko, euskal testuak edota idazle nafar euskaldunak aztertzeko eta argitaratzeko. Orobat, Euskaltzaindiaren lan eta egitekoetan zereginak gauzatzeko. Horiek dira haren emaitzak eta oinordekotza. Besteak beste, eginaren testigantzak eta eginkizunaren eragileak”.

Bestaldetik, Andres Iñigo Nafarroako ordezkariak gogorarazi du Patxi Ondarra orain dela 25 urte izendatu zutela euskaltzain oso. “Pertsona isila izan da -erran du- eta isil-isilik joan zaigu inola ere espero ez genuenean. Bere isiltasunean langile fina eta nekaezina amaiera arte. Etengabe aritu da lanean bere gustuko zituen gaien inguruan eta interesgarriak dira Nafarroari egin dizkion ekarpenak kultura eta euskara alorretan”.

“Hor ditugu -gaineratu du euskaltzainak- besteak beste, berak landu dituen Nafarroako testu zahar ugari, Goñerrikoak bereziki, Joakin Lizarraga Elkanokoari buruzko lan franko, azkeneko urte hauetan Aita Polikarpo Iraizozkoaren lanak hiru liburukitan, etab. Bere ikerketa lanetan gramatika eta hiztegi gaiak zituen gogoko, eta azpimarratzekoa da 1965ean argitara eman zuen lehendabiziko lana Bakaiku bere sorterriko hiztegitxo bat izan zela eta amaitu berria duela, eta Fontes aldizkariaren hurrengo alean argitaratzeko emana, hiztegi hori osatua”.

Bestalde, esan du “ezin da ahaztu, arkeologia gaietan izan duen zaletasuna, argitara eman dituen lanak, eta guztien gainetik, arlo honetan egindako aurkikuntza, Soalarko menhirra, egun Elizondoko Oteitza museoan dagoena. Erraten ahal dugu paperean gutxitan agertu den gizon isil hau, zorionez, paperean idatzirik lan emankorrak utzita joan zaigula”.

Patxi Ondarra Erdozia Bakaikun jaio zen, 1925ko maiatzaren 19an. Hamabi urterekin Altsasura, kaputxinoen seminariora, joan zen ikastera. Apaizgo ikasketak burutu ondoren -Altsasun, Hondarribian, Zangozan, Lizarran eta Iruñean egin zituen ikasketak- apaiz kaputxino bilakatu zen, Zangozan, 1945. urtean. Lau urte geroago, 1949an, Iruñean apaiztu zuten eta handik bi urtera Txilera joan zen. Bertan hamahiru urtez izan zen, Paine-n, kaputxinoen seminarioan irakasle moduan, eta zuzendariorde ere izan zen, hiru urtez. Txiletik etorri ondoren, Tuteran, Zangozan eta Donostian ibili zen irakasle. 1968an kaputxinoek Lekarozen duten ikastetxean hasi zen irakasle gisa, eta zeregin horretan ihardun zuen 12 urtez; gero, 1990tik 1993 arte, Lekarozen bertan izan zen, baina jadanik ez zituen klaserik eman. 1993an Iruñeko kaputxinoen etxera abiatu zen eta hor bizi izan da, gaur arte.

Ameriketan zegoela, Michigan-en hain zuzen ere, Proficiency in English agiria lortu zuen. Gero, Lekarozen, Filosofia eta Letretako lizentziadura eskuratu zuen, Filologia Espainola espezialitatean, 1980. urtean.

Bizitza osoan irakasle ihardun du Ondarrak, 1951tik 1990 arte. Lekarozen maisu zegoela, arkeologia lantzen hasi zen eta horri buruzko zenbait idazlan idatzi zuen. Izan ere, megalito -trikuharri, tumulu, harrespil, zutarri-harribakoitz- bilatzaile, aurkitzaile eta argitaratzaile izan dugu. Beste barik, Baztango Soloarko menhirraren aurkikuntza –1973. urtean- neurri handi baten, hari zor diogu. Gaur egun, Elizondoko Jorge Oteiza Museoan kokaturik dag menhirra.

1977. urtean Bianako Printzeko Indusketa eta Arkeologia batzordeko kide hautatu zuten.

Euskaltzaindiak 1979an izendatu zuen euskaltzain urgazle eta euskaltzain oso, berriz, 1980ko uztailaren 31n. Polikarpo Iraizotzen ordez hautatua izan zen. Sarrera hitzaldia Altsasun egin zuen, “Polikarpo Aitak zituen euskal esku-idatzi zaharren aurkezpena” gaiaz. Jose Mari Satrustegik erantzun zion. Euskaltzaindian baitan Euskalkiak-Dialektologia batzordeko buru izan da. Gaur egun Gramatika batzordeko kidea zen eta Onomastika batzordeko aholkulari.

Bere artikuluak ondoko aldizkarietan argitaratu dira: Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo; Baztandarren Biltzarra; Bidasoako Ikaskuntza aldizkaria, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko aldizkarian; Egan; Nafarroako Etnologia eta Etnografia koadernotan; Euskera; Fontes Linguae Vasconum; Kobie; La Verdad; Litterae Vasconicae-Euskararen Iker Atalak; Príncipe de Viana; Pueblos de Navarra Hoy (Navarra Hoy egunerokoaren gehigarria).

Eusko Ikaskuntzako kidea zen eta Comisión de Excavaciones y Arqueología delakoaren partaide ere izan zen, batzordea desagertu arte.

Argitaratutako lan nagusiak:

  • Voces vascas de Bacaicoa. 1965
  • Producción literaria de Joaquín Lizarraga. 1972
  • La parábola del hombre y el dragón. 1977
  • La escuela de gramática de Joaquín Lizarraga. 1978
  • Manuscrito de pláticas en euskera guipuzcoano. 1978
  • Catecismo del siglo XVIII en vascuence de Uterga (Valdizarbe). 1980
  • Joaquin Lizarraga en el Diccionario de Azkue. 1980
  • Goñibarko euskara VXIII. Mendeko sermoietan. 1981
  • Primer sermón en vascuence navarro (1729). 1981
  • Materiales para un estudio comparativo del vascuence de Elcano, Puente la Reina, Olza y Goñi. 1982
  • Ongui iltzen laguntzeco itzgaiak. Joakin Lizarraga, edizio kritikoa. Euskaltzaindiaren Lekukoak bilduman. 1974
  • Dos plásticas en vascuence del siglo XVIII. 1987
  • Goñerrin aurkitutako sei euskal testu (1743-1753). 1989
  • Joakin Lizarraga Elkanokoaren lanen edizio kritikoak. 1980-90-94
  • Hitz Neurtuko Lanak. Aita. Polikarpo Iraizozkoa
  • Hitz Lauzko Lanak. Aita. Polikarpo Iraizozkoa
  • Idazlanak. Fr. Migel San Friantzizkorena. 1997
  • Izuko Parrokuaren Testuak. Juan Martin de Ibero. 1996 eta 1998


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus