Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskarazko webgune elebakarren sailkapena

Euskarazko webgune elebakarren sailkapena

2005-04-20 / 07:00 / erabili.com   INTERNET

Cybereuskadi Elkarteak Euskal Herriko webguneen sailkapen-zerrenda berritu du Alexa-tik ateratako datuekin (2005-04-12). Sailkapen zerrenda horretatik erabili.com-en euskarazko webgune elebakarren zerrenda egin dugu. Zenbatgarren tokian ote da horrenbeste atsegin duzun webgunea?

Euskarazko webgune elebakarren sailkapen zerrenda egiteko Cybereuskadi Elkarteak egina duen Euskal Herriko webguneen sailkapena hartu dugu oinarri eta lehenengo 1.000 webguneen artetik euskarazko webguneen entresaka egin dugu.

Cybereuskadi elkarteak bere webgunean euskal webguneen sailkapena egina dauka. Sailkapen horretarako Alexak ematen dituen datuetan oinarritzen da. Alexa amarauneko joan-etorria aztertzen duen Amazon taldeko enpresa bat da.

Lehenenengo hiru tokitan Eibar.org, Sustatu.com eta Euskalerria.org daude. Azpimarratu beharra dago euskara hutsezko lehenengo 20 webguneren artean Azpeitiko bi daudela: Uztarria.com eta Erabili.com.

Aurreko urteko datuekin egindako sailkapena (orain urtebete) Sustatu.com-en argitaratu zuten. Ikusteko sakatu HEMEN

Parentesi artean, webgunearen helbidearen atzean, ageri den zenbakia Euskal Herriko wegune guztiak kontuan hartuta webgune hori zenbatgarren tokian dagoen adierazten du.

Euskarazko webgune elebakarren hurrenkera

  1. Eibar.org ( 44 )
  2. Sustatu.com ( 68 )
  3. Euskalerria.org ( 70 )
  4. Aurki.com ( 112 )
  5. Hikhasi.com ( 222 )
  6. Uztarria.com ( 239 )
  7. UKberri.net ( 305 )
  8. Hator.com (318)
  9. UEU.org ( 333 )
  10. Sarean.com ( 334)
  11. Zientzia.net ( 397 )
  12. Armiarma.com ( 398 )
  13. Emun.com ( 500 )
  14. Anboto.org ( 511)
  15. Elhuyar hiztegia ( 527 )
  16. Erabili.com ( 622 )
  17. EuskaraZ.com ( 637 )
  18. Bagera.net ( 658 )
  19. Susa-literatura ( 799 )
  20. BIZKAIe! ( 988 )

Inprimatu


Erantzun

 
Berria eta Argia falta dira
2005-04-20 / 10:13 / Eli Pombo

Zergatik osatu duzuen zerrenda horretan ez dira Berria eta Argia azaltzen? Berria 35. postuan dago Alexaren arabera eta Argia 192. postuan.

Agur bat,

(ELI POMBO Argiako internet koordinatzailea da)

 
Berria eta Argia?
2005-04-20 / 10:30 / Josu Azpillaga

Cybereuskadi-ko zerrendan, lehenengo 200en artean, beste bi ikusi ditut nik: berria.info eta argia.com. Eta biak geratuko lirateke lehenengo bosten artean.


(JOSU AZPILLAGA codesyntax enpresako kide da)

 
Euskarazkoak bakarrik
2005-04-20 / 11:13 / erabili.com

Sailkapen zerrenda osatzeko irizpide hauxe erabili dugu: euskarazko webgune elebakarrak izatea. Alegia, webgunearen edukiak euskaraz bakar-bakarrik egotea.

Berria.info webgunea nagusiki euskaraz dago baina ingelesez ere bai. Argia.com, berriz, euskaraz gain frantsez eta gaztelaniaz ere badago.

Horregatik utzi ditugu sailkapen zerreda horretatik kanpo, euskarazko webgune elebakarrak ez direlako.

 
Argia eta Berria kanpoan?
2005-04-20 / 12:18 / Asier Sarasua

>>Berria.info webgunea nagusiki euskaraz dago baina ingelesez ere bai. Argia.com, berriz, euskaraz gain frantsez eta gaztelaniaz ere badago.

????

Berriaren ingelesezko atala hutsaren hurrengoa da, eta Argiaren frantsesezko eta gaztelaniazko atalak, zer esanik ez; esaldi bakarra, eta kontakturako helbidea.

Ez dut uste inork Argia eta Berria webgune eleanitzen multzoan sartuko lituzkeenik.

Irizpide hori zorrotz jarraitzen baduzu, Erabili.com ere kendu beharko zenuke, artikulu batzuk gaztelaniaz daudelako (esate baterako hau )

Eta ziurrenik zerrenda horretako guztietan egongo da gaztelaniazko artikuluren bat, edo esaldiren bat.


(ASIER SARASUA Eibartik blogaren egilea da)

 
Cybereuskadi-ko rankingari buruzko zenbait ohar
2005-04-20 / 12:19 / Eneko Astigarraga

Goiena.net faltan bota dut. Cybereuskadi-ko rankingean ez da ageri. Beharbada, Cybereuskadi-k bere zerrendan ez duelako erregistratu.

Baina Alexaren arabera, Goiena.net, Aurki eta Argia-ren artean dago, 189 postuan (296.003 Alexaren ranking orokorrean) eta 6ena euskaldunen artean.

Nere ustez, Berria eta Argia zerrendan egon beharko luketela. Eduki gehiena euskaraz da.

Bestalde, esanda dago beste toki askotan, baina beharbada gogora arazi beharko da: Alexa ez da oso fidagarria bere rankingeko 100.000 postutik atzera. (Beraiek aitortzen dute)

Eta ranking orokorreko 100.000 lehenen artean bakarrik Berria.info, Eibar.org eta Sustatu.com daude.

Dena den, egin duzuen ranking-a euskarazko webguneen inguruko ideia emateko oso ona eta interesgarria da. Zorionak.


(ENEKO ASTIGARRAGA codesyntax enpresako kide da)

 
Zehaztapen bi
2005-04-21 / 10:47 / Jabi Zabala

Nirea ere (www.sarean.com) kendu beharko zenukete irizpide hori zurruntasunez aplikatzekotan, orrialde batean "about" ingelesez azaltzen baitut zeri buruzkoa den webgunea... Baina mesedez, Argia eta Berria euskara hutsezkoak ez direla esatea ere...

Dena dela, ez zaio eman behar garrantzirik Alexak egindako sailkapen horri, ez baita batere fidagarria. Soilik bere nabigazio barra instalatuta eta erabiltzen duten internauten nabigazio ohituretatik ateratako datuak dira. Oso lagun gutxik daukate barra hori eta gehienbat ingeles hiztunak dira, ingelesez baitago. Ez du funts handirik sailkapenak, baina gero horri ere elebakartasunaren irizpide harrigarri horren araberako "tokeak" emanez gero... Emaitza ez da batere fidagarria.


(JABI ZABALA Sarean.com blogaren egilea da)

 
Mendebalde.com beste orrialde guztiz interesgarria
2005-04-21 / 17:44 / Maribi Unamuno

Euskarazko web orrialdeen zerrendaren onuretariko bat elkarren berri izatea da, ziberespazioetan paratu arren, alkarren berri handi barik ibilten gara eta.

Alexaren datuotatik abiatuta balitz ere, ez legoke txarto bertoko "Alexa" bertokoen ezagupide eta erabilerarako osatzea.

Norbaitek ideiari helduko balio, har beza beste orrialde guztiz interesgarri baten helbidea mendebalde.com bertan Mendebalde Kultura Alkartearen eta jardunaren informazioaz gan, Euskalingua aldizkari akademiko elektronikoa irakurteko aukera ere aurki dezake hara doanak.

Baliabide informatikoen erabiltzaile autodidaktaren mugetan mugiduten naizenez, estimatuko nuke norbaitek testu honetan helbidearen ganean klikatuz bertara heltzeko aukera eskaintzea.


(MARIBI UNAMUNO GARATE Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus