Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Aurki.com amarauneko euskarazko informazioaren topaleku

Aurki.com amarauneko euskarazko informazioaren topaleku

2005-05-05 / 07:00 / Luistxo Fernandez   INTERNET

Amarauneko 200 informazio iturrietako informazioa topa daiteke Aurki.com-en. Informazio guztia behar bezala sailkatuta eta euskaraz.

Aurki.com bilatzaile bat izan da 2000. urteaz geroztik, euskarazko sareko baliabideen direktorio edo aurkibide bat. Bere oinarria Open Directory Project (Dmoz.org), direktorio libre eta irekia zen. Haren ispilu bat izan da eta da Aurki.com. Beherago ikus Aurki.com zaharrek izan zuten itxura ezagutzeko. Baina 2005eko otsailean Aurki.com eraldatu egin da Jarioa proiektua bertan integratzeko. Direktorio-bilatzaileak martxan jarraitzen du, baina portada aldatu egin da, eta agregatzailea da gunearen muina orain.

Zer da agregatzaile bat?

Webgune automatikoa da agregatzailea. X iturri informatibo arakatzen ditu azken berritasunak jasotzeko, eta horiek erakutsi eta antolatzen ditu modu dinamikoan, etengabe eguneraketa batean.

Zer agregatzen du Aurki.com-ek?

2005eko martxoan, ofizialki aurkeztu zenean Aurki berritua, 175 informazio iturri inguru genituen, euskarazkoak denak, 14 talde tematikotan antolatuta: politika, euskara, udalak, herrietako berriak...

Informazio iturri horiek Interneten aurkitu ditugunak dira: euskaraz Interneten RSS estandarrean informazioa eskaintzen dutenak dira. RSS edukien sindikaziorako formatu punta-puntakoa da Interneten. Bere aplikazioak gero eta hedatuagoak dira, informazioa eta albisteak zabaltzeko, blogen eremuan, administrazioan, enpresa munduan eta abar.

Blogak Aurki.com-en

RSS iturriak apur bat denetarikoak dira euskaraz Interneten, baina haien artean, gero eta garrantzi handiagoa daukate blogek, euskal blogosferak alegia. Aurki.com-ek dituen iturrien artean heren bat izango dira jada blogak. argitalpen pertsonalerako Interneteko fenomeno berriak euskaraz zer ematen duen ikusteko, Aurki.com da leihorik zuzenena une honetan. 2004. urtean egin zuen eztanda nazioartean, eta gure artean ari da hedatzen. Aurki.com-ek zehatz batzuetan, adibidez Teknofiloetan edo Pertsonaletan, ederto ikusi daiteke hori.

Zer zerbitzu eskaintzen du Aurkik?

Aurki.com, bere eskala lokal eta zehatzean, Interneteko nazioarteko punta-puntako zerbitzu eta baliabideen konpendio bat da.

  • Google News. Hala nola Googleren albistegi automatikoak, egunerokotasunaren ikuspegi beti eguneratua eta gaika antolatua eskaintzen duen, berdin egiten du Aurki-ren portadak: ikusmira batean, azken berritasunak, azken ordua euskaraz, eta euskal blogosferak zer duen komentagai. Dena automatikoki eta etengabe berritua.

  • Bloglines bezalako RSS irakurgailu bat. Enpresa horrena da munduko feed edo RSS irakurgailu indartsuena. X informazio iturri jarrai ditzake erabiltzaileak, harpidetzaren bidez, ez hainbat gune tarteka bisitatuz, baizik eta harpidetza-zerbitzuaren ohartarazpena jasoz berriak dauden bakoitzean. Aurki.com-ek harpidetza zerbitzu erraza eskaintzen du, zuzena eta euskarazko iturriei enfokatua, baina XML, RSS edo bestelako sigla tekniko konplikatuak jakin gabe erabili daitekeena.

  • Planeta lokala. Internet planet edo planeta terminoak izendatzen ditu agregatzaile tematiko edo lokalak. Espainian daude Planeta Canarias edo Planet Granada, adibidez. Euskarazko planet konpletoa da, hortaz, Aurki, eta atalka sailkatua gainera; izatez, Espainiako adibide horiek baino dexente osoagoa.

  • Euskal sarearen aurkibide zehatz bat. Aurreko Aurki.com, bilatzaile-direktorioak, funtzio hori zuen, eta du oraindik, hortxe baitago oraindik. Baina Aurki.com berrituak ere aurkibide funtzioa izaten jarraitzen du. 175 informazio iturri, ez dira, ez, Interneteko euskarazko gune guztiak, baina 175 horiek dira, preseski, beren edukiak gehien berritzen dituztenak, eta berrikuntza teknologikoetan jantzienak daudenak, RSS sindikazioa eskaintzen baitute. Bitacoras.com zerbitzu batek gaztelaniaz betetzen duen papera baino askoz zehatzago betetzen du Aurkik, gaur egun, euskarazko Interneteko esparruaren estaldura ekskainiz. RSSrik eskaintzen ez duenak, eta Aurkin ez denak, atzean geratzeko arriskua du.

Zerbitzu hauek berrikuntza dira euskaraz. Baina ez bakarrik euskaraz. Nobedadea dira Euskal Herriko Interneteko garapenean. Aurki.com da euskal sarearen esparruan sortutako lehen albistegi automatikoa. Herri honetan sortutako lehen feed irakurgailua. Bertako blogosferaren ikusmira bateratu bat ematen duen lehen baliabidea. Erdaraz ez dago orain artean halakorik.

Nola dabil Aurki?

Aurki.com automatikoa da. Robot bat bere lana etengabe egiten.

Lan editorial oso txikia da. Iturri baten berri dagoenean, hura gehitu eta kito.

Software librearekin dabil Aurki.com. Programa hauekin: Zope (web aplikazioen zerbitzaria), Universal Feed Parser (feed irakurgailua), MySQL (datu basea), eta Localizer (interfazea euskarara itzultzeko). Programazio lengoaia Python da eta zerbitzariaren sistema eragilea, FreeBSD. Hori guztia software librea da.

Lan teknikoa, azpiegitura hori apailatzekoa, CodeSyntax enpresak egina da. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza izan du.

Aurkik iraganean zuen itxura

2000. urteko udan, Aurki, euskarazko direktorio bilatzailea hor goian. Urte bereko abenduan (azpian), Euskaldunon Egunkariaren albisteak integratuz... Orduan Egunkariak bere izenburuak horrela eskaintzen zituen. Orain, berriz, batez ere albiste biltegi bat den unean, Berria-k ez du RSS feedik eskaintzen.

2002tik oraintsu arte beste itxura hau izan du guneak.

Orain jada, loturen biltegi ez oso eguneratu bat izatetik, albisteen eta blogosferako nobedadeen atari etengabe (eta automatikoki) eguneratu bat izatera igaro da. Hemendik aurrera, ikusiko dugu.


(LUISTXO FERNANDEZ OSTOLAZA Eibar.org elkarteko kide eta CodeSyntax enpresako proiektu arduraduna da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus