Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Etxepekoekin euskaraz

Etxepekoekin euskaraz

2005-02-17 / 07:00 / Amaia Axpe   KULTURA

Etxepeko gorabeherak direla-eta, etengabeko aho-idatzizko harremak sortzen dira etxepe berean bizi direnen artean. Bizilagunen arteko idatzizko harremanak, batik bat, nekez izaten dira euskaraz. Egoera hori bestelakotzen laguntzeko euskarazko idazki-bilduma prestatu dugu Debagoienean. Idazki-bilduma, oso-osorik, erabili.com-en eskura dezakezu.

"IDATZIAK, etxejabeen komunitateetako agiriak" izeneko bilduma Debagoieneko udaletako euskara zerbitzuek eta Mankomunitateko euskara zerbitzuak prestatu dugu elkarlanean. Bilduma hau elkarlanean atera dugun bigarrena da eta etxe atariko auzokideen komunitateen idatzi ereduak ematen ditu. Lehenengo bilduman zeuden idatziak gai ezberdinen ingurukoak ziren baina bazuen arlo honen inguruko atal bat ere.

Helburua

Euskara zabaltzea eta normalizatzen laguntzea da liburuaren helburua, eta horretarako eskaini ditugu idatzi ereduak. Izan ere, gero eta gehiago gara euskara normal erabiltzeko eta esparru guztietan erabiltzeko ahaleginetan ari garenak.

Gure herrietan gero eta etxe berri gehiago egiten ari dira eta gero eta gehiago egingo dituzte datozen urteetan. Etxe berri horien erosleak kopuru handi batean gazteak dira, eta askotan euskaraz alfabetatuak. Bestalde, etxejabeen komunitateak sortzen direnean, hainbat tramite idatziz egin beharra sortzen da. Honetaz konturatuta, lehenengo bildumako idatzi ereduak motz geratzen zirela ikusi genuen eta osatzea erabaki genuen. Aprobetxatu behar genuen esparrua zen, gazteak, euskaraz idazteko gai zirenak eta atariko ardura berria izanda, euskarari sarbidea ikusten genion, horretarako zer hobea atarietarako eredu sorta osatu eta beraien eskura jartzea baino.

Etxejabeen komunitatean arduraren bat hartzen denean, egin beharreko agiriak euskaraz egiten laguntzeko eskaintzen ditugu idatzi ereduak. Laguntzeko diogu, izan ere euskaraz idazteko gaitasuna duenari laguntzeko balio dute eredu hauek, euskaraz idazten dakienak erabiltzeko dira. Etxejabeen Komunitateetan ematen diren egoeratan, zerbait idatzi behar denerako egokitutako testu sorta da hau, kasu bakoitzerako idatzi eredu desberdina eskainiz.

Liburua nola osatu dugun

Idatzi sorta osatzeko, gure herrietako etxejabeen zenbait komunitatetara jo genuen eta idatzi errealak jaso genituen, beraiek sortutakoak eta bertan erabiltzen zituztenak. Zenbait kasutan atartean jarritako ohar eta akta jaso genuen. Beraz, ezin errealagoak izan dira erabili ditugun ereduak. Bestalde, hainbat komunitateren kontuak aholkularitzek egiten zituztela ohartu ginen eta ondorioz aholkularitzekin ere harremanetan jarri ginen eta beste idatzi mota batzuk jaso genituen. Testuak batu ondoren, egokitu egin genituen kasu batzuetan eta zuzendu beste batzuetan, ahalik eta eredu errazenak, argienak eta erabilgarrienak sortzeko. Hizkuntza aldetik eta estilo aldetik egokitu ondoren, zenbait eredu abokatu batek gainbegiratu zituen. Izan ere, zenbait idatzi motek legea edo araudia errespetatu behar dute eta gu ez ginen hori egiteko gai.

Etxejabeen komunitateetako idatzien artean badaude komunitatea eratzen denean egiten diren idatzi edo dokumentu motak, adibidez, estatutuak eta araudiak. Hauek ere bildu ditugu, eta hainbaten artean aukeraketa eginda egokienak eta argienak iruditu zaizkigunak txertatu ditugu hemen. Komunitatea eratzerakoan zein bide har dezaketen gidatzeko ere balio dute idatziok, duten edukia oinarrizkoa baita.

Idatzi sorta osatzen ari ginen neurrian konturatu ginen erabiltzen genuen hiztegia espezifikoa zela eta agian lagungarria izango zela erabilitako hitz teknikoenak zerrendatzea. Eta hala egin genuen. Liburuxkaren azken orrietan idatzietan erabilitako hitzen hiztegitxoa egin dugu, bai euskara-gaztelania eta bai gaztelania-euskara. Hiztegia sortzerakoan eta idatzietan zenbait hitz txertatzerakoan zalantzak izan genituen bat edo beste bat aukeratzeko. Izan ere, gauza bat esateko hitz desberdinak erabiltzen ditugu bailarako herri desberdinetan (atari, atarte, bebarru...). Idatzietan baten aldeko aukera egin genuen eta beste hitzak hiztegian sartu genituen. Nahiz eta idatzietan “atari” hitzaren aldeko aukera egin, “atarte” eta “bebarru” atari bezain zuzenak dira, eta tokian tokikoa erabiltzea da egokiena.

Gertuko helbideak

Idatzi ereduetan agertzen diren i helbideak Debagoieneko herrietakoak dira guztiak (Arrasate, Aretxabaleta, Aramaio, Antzuola, Eskoriatza, Bergara, Ońati, Leintz Gatzaga). Honekin hurbiltasuna eman nahi izan diegu idatziei.

Lan talde zabala

Testuak aukeratzen eta egokitzen hainbatek parte hartu du:

  • Etxejabeen komunitateek
  • Aholkularitzek
  • Abokatuek
  • Euskara teknikariek
  • Itzultzaileek
  • ...

Irizpideak

Ahalegin berezia egin dugu gehien erabil daitezkeen idatziak aukeratzen, baita diseinu erakargarria eta erabilerraza den formatoa aukeratzen ere. Asmoa horixe baita, erabiltzea. Testu errealak dira hemen jasota daudenak.

Ahalik eta erraztasun handiena emateko, testu guztiak biltzen dituen CDa ere badu liburuxkak, erabiltzaileak testuak hartu, egokitu...egin ahal izango ditu, berriz idazten ibili beharrik barik. CDan, oraingo testuez gain aurreko liburuxkan argitaratutako testuak ere sartu ditugu: gonbitak, zorion agurrak, oharrak...

Guztia ahalik eta modurik errazenean azaltzen saiatu gara, eguneroko jardunean euskarari toki handiagoa egiteko tresna erabilgarria izan dadin.

Atal nagusiak eta ereduak

Liburua ataletan banatuta dago. Eta atal batzuk eredu bat baino gehiago daukate. Hona hemen atal nagusiak, belztuta eta atal bakoitzak dituen ereduak:

Bilera deiak eta aktak

  • Batzar Nagusirako deia eta akta
  • Atarikoen bilera deia eta akta
  • Batzar Nagusi Berezirako deia

Bilerara joateko ordezkaritza

Jakinaraztekoak

  • Zorren egoeraren berri ematea eta ordaintzeko eskatzea
  • Zorrak ordaintzeko eskatzea
  • Etxebizitza saldu izanaren berri ematea
  • Ordaindu gabeko kuotak erreklamatzeko demanda

Ziurtagiriak

  • Etxe saltzailearen zorren egoerari buruzko ziurtagiria

Errekerimendua

  • Etxe saltzaileak etxe jabeen komunitatearekin dituen zorrei buruzko ziurtagiria eskatzea elkarteko presidenteari

Balantze ekonomikoa

Errotuluak

Oharrak

  • Atarikoentzako oharrak,
  • Izena emateko orria,
  • Kexak idatziz biltzea,
  • Berokuntza instalazioaren urteko hustuketa,
  • Berokuntza sistema betetzea,
  • Igogailua nola erabili

Araudiak

  • Barne araudia eta estatutuak

Hiztegia

  • Idatzi ereduetan erabilitako hitzen hiztegitxoa:
    • Euskara-Gaztelania
    • Gaztelania-Euskara

Hala ere badago hurrengo argitalpen bati begira txertatu beharreko testu bat “Jabetza Horizontalaren Legea”, bere osotasunean. Sarri egoten da lege horren aipamena egin beharra eta sortan legea bera sartzeak, beste leku batera jo beharra saihestuko luke eta lagungarri gertatzen da.

Zabalkundea

Debagoienen

Gure udalerrietako etxejabeen komunitate bakoitzeko ardura dutenei banatuko diegu, atariko dokumentazioarekin batera izan dezaten eta ardura beste bati pasatzen diotenean beste dokumentazio eta material erabilgarriaren artean hau ere egon dadin. Euskaraz idazteko laguntzatxo bat behar duenari zuzenduta dago IDATZIAK. Debagoieneko herrietako etxejabeen komunitateetan banatuko da.

Dauden etxejabeen komunitateez gain, egongo direnen aurreikuspena ere egin dugu. Datozen urteetan etxe ugari egingo da gure herrietan eta etxejabeen komunitateak sortu ahala, Udalera baimen eske datozenean material hau eskainiko diegu. Izan ere, gazteak izango dira etxe berri horiek erosiko dituztenak eta zorionez gazteen artean gero eta gehiago dira euskaraz idazteko gaitasuna dutenak eta liburuxka hau oso lagungarri izango zaie.

Euskal Herrian

Debagoienetik kanpo ere banatuko da, izan ere Eusko Jaurlaritzako Euskara Planen zuzendaritzak 500 ale banatuko ditu erkidegoko udaletan. Beraz, zabalkunde handia izango du. Honetaz gain, UEMAk ere 2000 ale erosi ditu osatzen duten herrietan banatzeko; beraz, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere banatuko da. Guztira, 5.700 ale izan dira. Liburua eskuratzeko interesa dutenek, Elkar argitaletxean lortu ahal izango dute, bera arduratuko baita banaketaz.

(AMAIA AXPE AXPE Debagoiena Mankomunitatearen euskara teknikaria)


Artikulu honekin uztartutako agiriak (eskuratzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus