Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Harry Potter euskararekin aztikerian

Harry Potter euskararekin aztikerian

2005-01-05 / 07:00 / erabili.com   KULTURA

Euskal Telebistak Urteberri egunean ordu eta une berean “Harry Potter eta sorgin harria” filma emititu zuen ETBko lehenengo katetik euskaraz eta ETBko bigarren katetik gaztelaniaz. Euskarazko emanaldiak 15.000 ikusle izan zituen; gaztelaniakoak, aldiz, 302.000.

Gaztelaniak sorginduta

Gaztelaniak sorginduta

Harry Potter aztiak garbi utzi zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskal Telebistaren ikusleek nahiago dutela, aukeran emanez gero, emanaldi bera gaztelaniaz ikusi euskaraz baino. Izan ere, 2005eko lehenengo gauan telebistaren aurrean Harry Potter azti ospetsuaren ibilerak ikustera bildu ziren ikusleetatik %7k euskaraz ikusi zuen filma eta %93k gaztelaniaz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.000 lagunek ikusi zuten filma euskaraz, eta 302.000 lagunek gaztelaniaz -aurreko urte osoan film bakar batek ere ez zuen halako datu onik izan-.

Urteberri biharamunean ETB1en emititu zen Etxekoak telefilmak Harry Potter-en euskarazko emanaldiak baino hiru aldiz ikus-entzule gehiago izan zituen. Beraz, argi dago ikus-entzule euskaldun-elebidunak gaztelaniak sorginduta dauzkala eta film bera bi hizkuntzatan ikusteko aukeraren aurrean gaztelaniakoari heltzen diotela Urteberri egunean erakutsi zuten bezalaxe.

ETB1en %1,8ko batez besteko audientzia baino ez zuen lortu Harry Potter eta sorgin harria-k (katearen batez bestekoa % 5,3 da), eta ETB2n %37ko audientzia izan zuen (katearen batez besteko audientzia %17,1 da). Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak dira horiek. Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak ez dituzte eman.

Etxeko hizkuntzatik oso urruti

Harry Potter filmaren emanaldiak beste datu bat ere utzi du zalantzaren dantzan: etxeko hizkuntzarena.

Harry Potter filmaren tankerako emanaldiak familian ikusten dira: haur eta heldu elkarrekin.

2001eko azken erroldaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 284.084 dira etxean euskaraz bakarrik egiten duten euskaldunak.

Araban etxean euskaraz bakarrik egiten dutenak 5.504 biztanle dira, Bizkaian 96.415 eta Gipuzkoan 182.165 herritar. Datu hauek ez dira inola ere uztargarriak Harry Potter filmarekin gertatutakoarekin.

Aldaketa

ETBk, orain arte, euskarazko katean estreinatu izan ditu lortu izan dituen film garrantzitsuenak. Orain arte, telebista-emanaldietarako lortu izan dituen film berrienak lehenbizi euskaraz ematea lehenetsi izan du beti. Jokabide honekin film berriak euskaraz lehenago ikus daitezkeela nabarmendu eta irudikatu nahi izan du ikusleen aurrean, euskarari nolabaiteko gainbalioa emanez.

Harry Potter eta sorgin harria Euskal Telebistak aspaldian lortu duen film onena da eta horregatik erabaki omen zuten bi kateetan batera ematea. Filmaren emanaldiaren aurretik iragarki ugari eman zituzten filmaren berri emateko eta, Urteberri egunean bertan, filmaren nondik norakoei buruzko programa berezia eman zuten ETBko kate banatan. Dena dela, ikusitakoa ikusita, ETBtik adierazi dute oraingoz ez dutela halakorik berriro egiteko asmorik.

Inprimatu


Erantzun

 
Lehen ere ez zuten egin behar...
2005-01-05 / 08:35 / Andoni Sarriegi Eskisabel

Beasain, 2005-01-05a

"Gehiago ez omen dute hori egingo..." Daramaten hizkuntza-politikarekin, egiten duten bezalaxe, gero ere, edozer gauza egingo dute. LEHEN ERE EZ ZUTEN EGIN BEHAR. Nik ez dut ezagutzen munduan inor, bere hizkuntza nonahi eta beti erabat lehenesten ez duenik. Edo hobeto esan, bai, ezagutzen dut euskaldun izeneko kasta inozo berezi bat, etxez kanpokoa etxekoaren aurretik beti lehenesten duena. Kasta arraro bezain bitxia da eta bere Rh-a nahiz kromosomak aztertu egin beharko lirateke, ea genetika bidez birus horri sendabiderik aurkitzen zaion...

Nola liteke gauden baldintzetan (eta berdin edozein baldintzetan ere), HEMEN, EUSKAL HERRIAN, EUSKARAZKO jardunari, Euskal Herritar guztientzat, erabateko lehentasuna BETI ez ematea? Hori naturala eta normalak direnen artean mundu osoan egiten dena da, HEMEN SALBU noski. Memelo, inozo, gixaixo eta txoropitoek edota uste baino gaiztoagoak direnek bakarrik egin dezakete hori. Euskal Herrian, gauza GUZTIEI BETI EUSKARAZ eman behar zaie lehentasuna eta ahal den guztietan esklusibotasuna, hots, EUSKARAZ BAKARRIK ematearena edo azaltzearena.

ETB une honetan, euskara sustatzeko jarri omen zen hedabiderik erdalduntzaileenetakoa da. ETB1eko programazio osoa ETB2ren menpe eta agindupean dago. ETB2 ikusia izan dadin ETB1 suntsitzen da. ETB1en nazkatzeko moduko xoxokeriak ematen dira, ordu berean ETB2n Lopeztarrek, Fernandeztarrek eta Martineztarrek arrakasta izan dezaten. Haurren programak eta kirolak ere euskaraz emango OMEN ZITUEN ETB2 hura (sortu zutenean hala esan zuten) % 100 ESPAINIERA darabilen TELEBISTA ESPAINIAR INTEGRALA DA, bai hizkuntzaz eta bai edukitirik gehienez eta ETB1 haren gidoipean uzten zaion diru eta tarteetan lanean ari den kaxkarkeria ELEBIDUNA. ETB1en espainiera eta beste hizkuntza batzuk ugari darabiltzaten hainbat saio ematen dira. Adibidez: Abenduaren 30eko Eusko Legebiltzarrekoa. Zer arraiorengatik ez zuten eman ETB2n % 80 edo gehiago espainieraz izanda? Hainbat jaialdi eleaniztun, prestigioaren izenean, ETB1en ematen dira. Ez jauna! Eman ETB2n, Hemen erdaldunak hasi behar dute eleaniztasunez bizitzen. Erdaldunak hasi behar dute beren saioetan euskara ere entzuten eta onartzen. Euskaldunok aspalditik bizi gara elaniztasun inposatuan zoritxarrez.

Beraz, egin ETB1 % 100 euskalduna. Egin ETB2 eleanitza. Erdaldunak dira eleaniztu beharrekoak, ez gaur egun bezala % 100 espainieraz eroso bizitzeko erraztasun guztiak ematekoak. Gure tolerantzia ez ezik mendekotasuna ere aski frogatua dago. Orain haien tolerantzia eta eramankortasuna eta borondatea eta barrena probatzeko garaia da. Lepotik goraino gaude euskaldunok, geure lurrean, horrela tratatuak izatearekin!

ETB1ek bestalde, programazioan gu nazkatzeko jarrita dituen ordu nabarmenenetako betegarriak kendu eta egungotasuna eta indarra duten gauzak eskaini behar ditu. Eta Harry Potteren antzeko gauza indartsuak esku artean dituenean, beti, beti eta beti, lehenik eta alde handiz euskaraz bakarrik eskaini behar ditu. Aurreko igandean ere hori egin izan balu, agian 300.000 ikusle izango zituen euskarazko bertsioak. Nire bizilagun erdaldunek, ETB1 bakarrik egon zen garai hartan, euskaraz emandako kirolak, hainbat erreportaje, berri batzuek eta abar, ikusi egiten zituzten euskarazko katean, "porque eso que aparece no aparece en la televisión española" esaten zutenez. Hori sortu behar da hemengo erdaldunengan eta ez konplexuz bete eta euskaldunei lehentasunez erdarazko eskaintzak egin. Hala eginez gero, ez erdaldunek eta ez euskaldunok ikusiko dugu ETB1. Horrelako inozo-gaizto kastarik...!


(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL Beasaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna da)

 
Harridura
2005-01-05 / 08:57 / Pruden Gartzia

Barkatu hitza, baina nik aluzinatu egiten dut ETBko arduradunekin. Horra:

  • 1) Zerbait garbi egon bada azken (demagun) ehun urtean izan da euskara egoera MINORIZATU batean dagoela. Beste modu batean esanda, euskara eta gaztelania (utz dezagun orain Iparraldeko kontuak, nahiz eta berdin-antzerakoak izan, edo okerragoak), euskara eta gaztelania, esaten ari ginen, EZ DAUDE MAILA BEREAN.
  • 2) Eta horrek esan nahi du, adibidez, gizartearen aurrean ezin dela jokatu hizkuntza biak maila berdinean baleude bezala. Tira, nahi bada, esperimentu bat egin daiteke (pasa den egunekoa) eta, emaitza, horixe: hizkuntza nagusi bat dugu, eta beste bat (zirkunstantzia historikoengatik) menperatua, minorizatua, zapaldua, baztertua, zokoratua... eta abar.
  • 3) Axioma filosofikoa: ez dago injustizia handiagorik berdinak ez direnak berdinki tratatzea baino.
  • 4) Ondorio politikoa: ahulak babes berezia behar du, hots, erakunde publikoen eginbidea da AHULARI BABES BEREZIA ZIURTATZEA.
  • 5) Urrun, oso urrun, gaude normalizaziotik, hots, nolabaiteko parekotasunetik. Hori, lege mailan baino ez da lortu, eta hor ere ez osorik (ikus Espainiako Konstituzioa, besteak beste). Alegia, Euskal Herri osoan gizon eta emakumeen arteko erabateko parekotasun legala dago... baina horrek ez dakar, automatikoki, berdintasun sozial osoa izatea. Hortik ahulenak babesteko neurri bereziak hartu beharra, parekotasun osoa lortu arte.

ETBko jaun-andreok, egin duzue esperimentua, eta emaitza ezin garbiagoa izan da: lan asko dago egiteko, eta ez da erraza izango. Lasterbiderik ez.

Baina, eta barka berriro gordintasuna, esperimentua baino ETBko hizkuntza-politika aldatzeko saioa izan bada, PPk aspalditik planteatu izan duen ildotik, ikaraka utzi nauzue. Kasu horretan zuen guztion dimisioa eskatu beharko genuke, ahalbait arinen.

Euskarari babes berezi bat eskaintzeko prest ez dagoena hura hilobiratzeko lanean ari da.


(PRUDEN GARTZIA Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)

 
Harry Potter ez da magoa
2005-01-10 / 18:14 / gaztelumendi.org

Argigarria izan da Harry Potter pelikularena. Ni neu, 15.000 hoien artean egon nintekeen, baina aspertu egin nintzen. Ez nuen askorik ikusi, ez dut arrakasta konprenitzen, baina tira, gure etxean ikusi zen. Eta agian familia normal bat bezala kontatu gintuzten, seme alabarik izango bagenu bezala, euskal familia txukun bat.

Guk ere bokatak erosi genituen Gazte Leku tabernan, eta etxera etorri ginen filmea ikusteko. Tabernako telebistan konturatu ginen hasita zegoela. Etxera heldu, eta telebista eta portatila batera piztu nituen salan. Bokata jan eta Heineken botila handi bat -promozio berezia dago, oso botila polita oparitu zidan Arantzak- zabaldu nuen. Baina, blogean gauzak editatzen pasa nuen denbora, telebistakoari jaramon asko egin barik.

Ostea baina, -biharamuna, ajea- interesgarria iruditu zait. 15.000 / 302.000 oso argigarria iruditu zait. Harry Potter ez da magoa. Ez horixe! Eta ETBkoek aspaldian darabilten kezka -aurretik iragarri ziguten, Galanta dator esanez- areagotu egin da.

BERRIAn ere kezkatuta

Kezka sortu da euskal prentsan ere. Amagoian Ibanek berea azaldu zuen, Fermin Etxegoienek berea azaldu berri du. Biak BERRIAn. Nik ere nire kezkak azaldu gura nituzke, ikusle pasiboa naizen aldetik. Gustatzen ez zaidan telebista bat daukadan aldetik. Iritzia eman dezakedala uste dudan aldetik. Eztabaida ongarria izan daitekela sinestuta nagoen aldetik.

Kezkak Iurretan

Kezkatuta zebiltzan oso gure telebistak aspaldi honetan lortzen dituen emaitzekin. Telebistakoak esan gura dut. Oso kezkatuta. Negu honetan jasotako datuek kezkarazi egin omen ditu telebista publikoko arduradunak. Azken emaitzak onak direla saldu digute. Onak Radio Euskadirentzat, onak gaztelaniazko informatiboetan, onak edo Euskadi Gaztean, gorantz Euskadi Irratian apika, baina ETBren lehen kanalari buruz ez dugu deus irakurri, ezer entzun. Izkutatu egin zaigu porrota, ezta?

Eta orain, gabon bueltan froga nagusia. Euskara lehian jarri du ETB-k berak. Alde ala kontra egiteko? Zergaitik jarri zaio langa hori euskarazko telebistari? Euskarazko kanalak justifikaziorik ez duela esateko? Benetan euskaldunak minoritarioak garela esan, eta ETB BIaren aldeko apustua egiteko? Benetan hori errentagarria, audientziaduna dela esateko. Eta ETB DOS ere Kultura sailak -aurrekontu onartu berriekin beti ere- finantzatu beharko luke. Nire iritziak dira, zer uste duzue zuek?

Ala Lehendaritzak -erran nahi baita presidentziak- zuzenean ordainduko luke ETB berri hori, ETB DOS hori, Ibarretxeren telebistago bilakatuz bidenabar?

Kezkak dira. Nireak, gureak. Argi dagoena da, argi daukadana Harry Potter ez dela magoa. Berak ez du gure arazoa konpondu, ezta konponduko ere. Ez dut magian sinesten. Planak behar ditugu.

(PATXI GAZTELUMENDI kazetaria eta idazlea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus