Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Andres Urrutia da euskaltzainburu berria

Andres Urrutia da euskaltzainburu berria

2004-12-17 / 14:07 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Jean Haritschelharren lekua hartzen du Bilboko euskaltzainak. Zuzendaritza zaharraren bost partaide berriz izendatu dituzte.

Andres Urrutia da euskaltzainburu berria, gaur, 2004-12-17an, Bilbon egin den ohiz kanpoko barrengo batzarrak hala erabakita. Andres Urrutia da Akademiak duen lehen euskaltzainburu bilbotarra. 2005eko urtarrilean hartu eta ekingo dio langintza berriari.

Euskaltzainburua ez ezik, Zuzendaritzako kide guztiak ere hautatu dituzte euskaltzainek gaurko bilkuran, hots, buruordea, idazkaria, diruzaina, Jagon sailburua eta Iker sailburua. Hauxe da gaurtik aurrera, eta datozen lau urteotarako, Euskaltzaindiak izango duen Zuzendaritza berria:

  • Euskaltzainburua: Andres Urrutia
  • Buruordea: Beñat Oihartzabal
  • Idazkaria: Xabier Kintana
  • Diruzaina: Jose Luis Lizundia
  • Iker sailburua: Henrike Knörr
  • Jagon sailburua: Andres Iñigo

Zuzendaritza zaharraren partaide berrizendatu dituzte gaurko bileran: Urrutia, Oihartzabal, Kintana, Lizundia eta Knörr.

Euskaltzainburu Andres Urrutia

Andres Urrutia Badiola Bilbon jaio zen, 1954ko abenduaren 21n. Batxilergo ikasketak Indautxuko Jesuitetan egin zituen. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak burutu zituen, 1976an lizentziatu zelarik, abokatu-ekonomista sailean. Ondoren, notarioa izateko oposizioak prestatu zituen eta, gainditu ostean, Ondarroako notarioa izan zen, 1981etik 1994 arte. 1994az geroztik, Bilbon notario dihardu. Bestalde, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakasle da, eskola batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz ematen dituela.

Deustuko Unibertsitatean Euskara Juridikoa Mintegia sortu zuen, eta, gaur egun, horren eta Zuzenbide Fakultateko euskara koordinatzailea da. Bestetik, 1984. urtetik 1988. urtera bitartean Euskararen Aholku batzordeko kidea izan zen. Euskal Herriko Foru Zuzenbideari buruzko Legea atondu zuen legelarien batzordean parte hartu zuen.

Aldi berean, arlo juridikoan ondu ditu hainbat lan lexikografiko eta terminologiko euskararen inguruan, batez ere, UZEI elkartean (Administrazio Hiztegia, Zuzenbide Hiztegia, Hirigintza Hiztegia...). Orobat, Labayru ikastegiko kolaboratzailea eta horren udako ikastaroaren irakaslea.

Literaturaren arloan, euskarazko autore klasiko batzuen edizioak prestatu (Eguzkitza, Eusebio Erkiaga...), eta narrazioak eta itzulpenak burutu ditu.

Testu juridikoen itzulpenean ere aritu da, eta, Gotzon Loberarekin batera, koordinatu ditu Deustuko Unibertsitateak argitaraturiko euskarazko zuzenbide eskuliburuak (zuzenbide zibila, merkataritza zuzenbidea, zuzenbidearen historia, lan-zuzenbidea....) eta lege-testuen bertsio elebidunak, gaztelaniaz eta euskaraz, hala nola, 2003an, Espainiako Konstituzioaren euskarazko bertsio eguneratua, Euskaltzaindiak egina, Deustuko Zuzenbide Fakultateko hainbat irakaslerekin batera.

Bide beretik, 2004an, argitara eman da hainbat urtetan zehar eginiko lana, hots, Kode Zibilaren euskarazko bertsioa, historian lehenengo aldiz. Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak, Euskal Gaien Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak burutu dute lan hori, eta Andres Urrutia lan-talde horren buru izan da.

Oro har, Zuzenbidearen alorreko euskara teknikoa lantzeko egin eta egiten duen lana azpimarratzekoa da, besteak beste, bere bi liburu hauen bitartez: Euskara legebidean eta, Gotzon Loberarekin batera, Euskara, zuzenbidearen hizkera. Bide beretik, antzinako testu juridikoak ikuspegi juridiko-linguistikoetik berreskuratzeko eta aztertzeko ahalegin berezia egin du, oraintsu argitaratu duen Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833–1877. Euskarazko testuen bilduma eta azterketa. Bertara batu dira XIX. mendeko hainbat testu juridiko-administratibo euskaraz, hiztegi eta bestelako xehetasunekin.

Literaturaren alorrean ere badu zer esanik, bai sorkuntzan, bai eta itzulpengintzan ere. Horrela, Idatz & Mintz aldizkarian argitara eman ditu hainbat idazlan. Sorkuntzaren ikuspegitik, bi narrazoi-liburu argitaratu ditu: Orrialdeak eta, berrikitan, Berbondo. Itzulpengintzari dagokionez, berriz, galizieratik Mutiko baten oroitzapenak eta Méndez Ferrínen Tagen Atarako itzulera liburu klasikoak aipatzekoak dira. Hainbat autoreren testuak ere euskaratu ditu: Percival eta Marisorgina, Méndez Ferrínenak; eta Hareazko erlojua, Alvaro Cunqueirorenak; Tolkien-en Silmarilion; eta James Joyceren Ostatua.

1991n Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta sei urte geroago, 1997ko martxoaren 21ean, euskaltzain oso. Alfonso Irigoienen ordez izan zen hautatua eta sarrera hitzaldia Bilbon egin zuen, “Legearen zirrikituetatik barrena: ahozkotik idatzizkora” gaia jorratu zuela. Jose Antonio Arana Martijak erantzun zion. Akademiaren barnean Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoaren batzordekide eta buru izana da. Gaur egun Jagon sailburua da, bai eta Argitalpen Batzordeko kidea eta Lege-Ekonomia Batzordeko kidea ere (Lege Azpibatzordeburua).

Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kidea da, bai eta Euskal Idazleen Elkartekoa ere. UZEIko Zuzendaritza Batzordeko kidea da.

2004an eratu den Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lehendakariordea da.

Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-estatutuak arauturiko Ebazpen Batzordearen kidea da, Bizkaiko Foru Aldundiak hala izendatuta.

Euskal kultura eta herriko gaiez artikulu ugari argitaratu ditu Labayru Institutuaren (aldizkari honetako erredakzio-kontseiluko kide da) Karmel, Ondarroa, Jakin eta Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarietan. Bestalde, Euskal Herriko egunkari zein agerkari digitaletan argitaratuak ditu bere artikuluak.


Sariak:

  • Bizkaiko foru-zuzenbidea berritzeko lege-testua atondu zuen legelari-batzordearen partaide moduan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Andres Mañarikua y Nuere Saria. 1992
  • Euskal Jaiak ehun urte. Iurreta. Narrazio lehiaketa, lehen saria. 1991


Argitaratutako lan nagusiak:

  • A) Bakarka
    • Euskara legebidean. 1990
    • Orrialdeak. 1992. Idazlan bilduma
    • Mutiko baserritar baten oroitzapenak. Galizierazko literaturaren klasiko baten itzulpena 1988.
    • Hainbat autoreren narrazio-itzulpenak (Méndez Ferrín, Alvaro Cunqueiro, J.R. Tolkien, James Joyce)
    • Eguzkitza, Juan Bautista: Gizarte-auzia. Ugazaba ta langille arteko goraberak. 1991. Euskal Klasikoak bilduman
    • Berbalauaren kulunkan. Eusebio Erkiagari omenaldia. 2001.
    • Legeen Tratatua. Jean Domat. 2004. Itzulpena.
    • Frantziako Kode Zibilaren atarikoa. Portalis. 2000. Itzulpena.
    • Berbondo. Ipuinak. 2004.
    • Euskara, Zuzenbidearen hizkera. 1995. Gotzon Loberarekin batera
  • B) Taldean:
    • Administrazio Zirkulazio Hiztegia. 1983
    • Zuzenbidea Hiztegia. 1984
    • Euskaldunaren Hizkuntza Eskubideak: gida liburua. 1990
    • Hirigintza Hiztegia. 1994
  • C) Koordinatzaile eta arduradun gisa:
    • Practicum. Derecho Civil Foral del País Vasco. 1995
    • Zuzenbide Zibila. 5 liburuki. Itzulpena
    • Administrazio Zuzenbidea. 3 liburuki. Itzulpena
    • Merkataritza zuzenbidea. 1998. Itzulpena
    • Zuzenbide politikoaren hastapenak. . 2001. Itzulpena.
    • Zuzenbidearen historia. 2003. Itzulpena.
    • Lan-zuzenbidea. 2004. Itzulpena.
    • Zigor Kodea / Código Penak. 2004. Lege-testuak.
    • Kode Zibila / Código Civil. 2004. Lege-testuak.
    • Foru-lege zibilak / Leyes civiles forales. 2002. Lege-testuak.
    • Espainiako Konstituzioa / Constitución Española. 2004. Lege-testuak.
    • Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833–1877. Euskarazko testuen bilduma eta azterketa. 2003.

Aurreko euskaltzainburuak

Euskaltzaindiaren barne arauaren arabera, karguak lau urterako hautatzen dira baina badago berriz kargua hartzeko aukera. Izan ere, Haritschelhar 1989tik izan da buru. Bera baino lehen, hauexek izan dira Euskaltzaindiaren buruak:

  1. Resureccion Maria Azkue (1919-1951)
  2. Inazio Maria Etxaide (1952-1962)
  3. Jose Maria Lojendio (1963-1964)
  4. Manuel Lekuona (1967-1970)
  5. Luis Villasante (1970-1988)

Ezkerretik hasita: Jagon sailburua: Andres Iñigo; diruzaina: Jose Luis Lizundia; idazkaria: Xabier Kintana; euskaltzainburua: Andres Urrutia; buruordea: Beñat Oihartzabal eta Iker sailburua: Henrike Knörr

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Andres Urrutia euskaltzainburuaren artikuluak erabili.com-en (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus