Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara poltsan

Euskara poltsan

2004-12-20 / 07:00 / Laura Moragues Oregi   ENPRESA

Zazpi Kaleetako merkatariek euskararen erabilera sustatzeko kanpaina egingo dute Gabonetan eta 30.000 erosketa poltsa banatuko dituzte euskararen aldeko mezuekin. Bilboko Udalak eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak euskara sustatzeko hitzarmena sinatu berri dute.

2005ean barrena jarriko da abian euskara sustatzeko hitzarmena eta eragin esparru anitz izango ditu: saltegietako publizitatea, leloak, Elkarteko mezu zein agerraldiak, kanpo errotulazioa, hostalaritzako menuak eta bestelako euskarriak.

Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak eta Bilboko Udalak, Euskara eta Kultura Sailaren bitartez, Zazpi Kaleetako ingurugiro komertziala euskalduntzeko akordioa sinatu dute, 2005. urtean zehar burutzen joango dena.

Akordio honetan azaltzen denez, “nabarmena da Bilbon merkataritzaren jardunak duen garrantzia, bai urian bertan baita inguru zabalean ere. Eta Bizkaiko hiriburuan inon bada merkatal gunerik, Zazpi Kaleak ditugu mendeetan zehar izaera hori gaur arte sortzen eta mantentzen jakin dutenak, harreman komertzialari garai guztietan oso kutsu bertakoa ematen jakinez”.

Era berean “Bilboko Udalaren zereginetako bat, erakunde publikoa den aldetik, euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea da, hizkuntza ofizial biak maila ofizialean ez ezik eguneroko errealitatean ere pareko garapena izan dezaten. Alde honetatik Zazpi Kaleetako merkatal gunea lehentasunezko eremua izan behar da Udalak udalerrian garatu beharreko hizkuntza politikan. Epe laburrera erabakita lehentasunen arabera, hauexek dira 2005 urterako ezarritako helburuak, denak Merkatari Elkartearen irudiaren esparruan eta merkatal gunearen hizkuntza paisaian eragitekoak”.

Horrela, euskarak gutxienez gaztelerak beste garrantzia izango du ondorengo esparruetan:

  • Elkartearen irudia osatzen duten logotipo, eslogan, ohar, zigilu eta bulegoko materiala.
  • Elkarteak emandako mezu labur eta zabalkunde handikoak, ahoz zein idatzizkoak.
  • Elkarteak egindako agerpen publikoak, idatziz zein ahozkoak .
  • Saltokietako kanpoko errotulazioa.
  • Saltokietako publizitatea, idatzia zein ahozkoa.
  • Saltokietako testu laburrak, esloganak eta kartelak.
  • Ostalaritzako menuak.

Akordio honetan jasotakoari lotuta martxan jarriko den lehen neurria Gabonetako kanpainan egingo da, erosketarako 30.000 poltsa banatuz. Poltsa hauetan Elkartearen eta Bilbao Euskaraz-en anagramekin batera “Zazpi kaleetan berriro be euskaraz - Vive el Casco Viejo en euskera” leloa irakurtzeko aukera egongo da.

HITZARMENA

Honela dio, hitzez hitz, sinatutako hitzarmenak:

Bilbon, 2004 abenduaren 13an.

BILDUTA

Alde batetik Jon Sánchez Ibarluzea jauna, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi ordezkaria eta Ana de Castro Rubalkaba andrea Euskara zinegotzia, ekitaldi honetarako ordezkari legalak.

Bestetik, Alberto Eguia Herrán, 14.526.665ª, Bilbo Zaharreko Merkatarien Elkarteburua.

Alde biek elkar ezagutzen diote Hitzarmen honek dakarren konpromisoa bereganatzeko gaitasuna, Bilboko Udaleko Idazkari Nagusiak horren fedea ematen duelarik.

AURRETIKOAK

  1. Nabarmena da Bilbon merkataritzaren jardunak duen garrantzia, bai urian bertan baita inguru zabalean ere. Eta Bizkaiko hiriburuan inon bada merkatal gunerik, Zazpi Kaleak ditugu mendeetan zehar izaera hori gaur arte sortzen eta mantentzen jakin dutenak, harreman komertzialari garai guztietan oso kutsu bertakoa ematen jakinez.
  2. Bilboko Udalaren zereginetako bat, erakunde publikoa den aldetik, euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea da, hizkuntza ofizial biak maila ofizialean ez ezik eguneroko errealitatean ere pareko garapena izan dezaten.
  3. Alde honetatik Zazpi Kaleetako merkatal gunea lehentasunezko eremua izan behar da Udalak udalerrian garatu beharreko hizkuntza politikan. Eta hauxe da hitzarmen honen xede nagusia, Merkatari Elkartea eta Bilboko Udala elkarlanean euskararen presentzia areagotzea geroago zehazten diren esparruetan.
  4. Epe laburrera erabakita lehentasunen arabera, hauexek dira 2005 urterako ezarritako helburuak, denak Merkatari Elkartearen irudiaren esparruan eta merkatal gunearen hizkuntza paisaiarenean eragitekoak.

KLAUSULAK

  • 1) Euskarak gutxienez gaztelerak beste garrantzia izango du ondorengo esparruetan:
    • a) Elkartearen irudia osatzen duten logotipo, eslogan, ohar, zigilu eta bulegoko materiala.
    • b) Elkarteak emandako mezu labur eta zabalkunde handikoak, ahoz zein idatzizkoak izan.
    • c) Elkarteak egindako agerpen publikoak, idatziz zein ahozkoak izan.
    • d) Saltokietako kanpoko errotulazioa.
    • e) Saltokietako publizitatea, idatzia zein ahozkoa.
    • f) Saltokietako testu laburrak, esloganak eta kartelak.
    • g) Ostalaritzako menuak.
  • 2) Helburu hauek betetzeko, eta elkarlanaren bidetik, Bilboko Udalak 24.000.- euro emango dio Bilbo Zaharreko Merkatari Elkarteari.

Hitzarmen honek indarrean iraungo du 2005 urte osoan eta eragin barik geratuko da bi aldeetarik batek klausularen bat beteko ez badu.

Eta alde biek sinatu egiten dute agiri hirukoiztu hau adostasunean, goian aipatzen den egun eta tokian.

Sin.: Jon Sánchez Ibarluzea jn.

Sin.: Ana de Castro Rubalkaba and.

Sin.: Alberto Eguia Herrán jn.

BILBOKO UDALAREN IDAZKARI NAGUSIA

(LAURA MORAGUES OREGI Zazpi Kaleetako Merkatari Elkartearen euskara sustatzeko arduraduna da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus