Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain berriak izendatu ditu

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain berriak izendatu ditu

2004-11-26 / 17:50 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Gaur, azaroak 26, Euskaltzaindiak Gasteizen egin duen osoko bilkuran, ohorezko euskaltzain berriak izendatu ditu. Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izango ditu Akademiak gaurtik aurrera.

Euskaltzaindiko Araudiaren 39. artikuluak esaten duen legez, Euskaltzain ohorezkoen mailan sartuko dira Euskaltzaindiaren ustetan euskarari mesede bikainak egindako lagunak. Izendatuak izateko, idatzizko proposamena behar da, nahiz Zuzendaritzak nahiz bi euskaltzain osok egina, eta batzarrak berak onartzea.

Gauzak horrela, hona hemen Euskaltzaindiko osoko bilkurak gaur, 2004ko azaroaren 26an, onartutako ohorezko euskaltzain berrien zerrenda.

  1. Alvarez Enparantza, Jose Luis, Txillardegi
  2. Apezetxea, Pello
  3. Artola, Koldo
  4. Barrenengoa, Federico
  5. Camino- Hasquet, Josep
  6. Dirassar, Jean-Baptiste
  7. Intxausti, Joseba
  8. Lopategi, Jon
  9. Oroz, Patxi
  10. Orpustan, Jean-Baptiste
  11. Rotaetxe, Karmele

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi

Jose Luis Alvarez Enparantza Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an.

Ingeniaritza Industriala ikasi zuen, Bilbon, baita Linguistika ere, Pariseko Sorbonan. 1983an, tesia burutu zuen Bartzelonan, Euskal Azentu gaiari buruzkoa.

1904. urtean, aitona, Tolosatik Antigua auzunera joan zen eta han, Txillardegi izeneko baserria eta lurrak zeuden inguruan eraiki zuen etxea. Hortik datorkio Alvarez Enparantzari Txillardegi goitizena.

Etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1947an euskara ikasten, orduantxe prestatu baitzuen bere lehen “hiztegi” pertsonala. Horrekin batera, Bilbon ingeniaritza ikasten ari zela, gazte mugimendu abertzale zenbaitetan esku hartu eta presondegia ezagutu zuen lehenengoz. Beste ikasle batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, zeina gerora ETA bihurtuko baitzen 1958an.

1950ean, 20 urte zituelarik, euskaraz idazten hasi zen. Alphonse Daudet-en ipuin labur baten itzulpena izan zen sinatu zuen lehenbiziko lana.

1957an, Leturiaren egunkari ezkutua izeneko eleberri existentzialista argitara eman zuen eta euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri zuen. Urte horretan bertan, 1957ko uztailaren 26an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan, euskal literaturari buruzko eskolak eman zituen. 1961n, aldiz, erbesteko bidea hartu zuen. Beste zeregin askoren artean, Euskaltzaindiarekin kolaboratuko du Euskara Batuaren eratze prozesuan, prozesu honen eragile nagusienetakoa delarik. 1967an ETA utzi zuen. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Urte batzuk beranduago Herri Batasunaren senadore izatera iritsi zen.

1976. urtean, Unibertsitatean hasi zen lanean, linguistikaren espezialista gisa. Hala bada, Bordeleko Unibertsitatean, EUTG eta Deustuko Unibertsitatean, irakasle izen zen, 1976tik 1983 arte. 1983-84 ikasturtetik aurrera, Zorroagako Fakultatean, Sozio-linguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUk

Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan da. Branka aldizkariaren sortzailea. Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan da, 10 urtez (1992-2002).

Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa da eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, sorreratik. Pianoa ere jotzen du, zaletasunez.

Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko: 1980. urtean (Patxi Altuna aukeratu zuten); 1987. urtean (Juan Mari Lekuona); eta 1987. urtean (Ibon Sarasola).

2000. urtean, Euskaltzaindiak “Txillardegiren bibliografia 1956-1999” lana egin eta eman zion Txillardegiri berari. 954 sarrera bibliografiko ditu lanak.


Sariak, omenaldiak:

  • 1968. urteko Domingo Agirre Saria, Elsa Scheelen eleberriarekin
  • 1980. urtean, Zilarrezko Lauburu, Euskal Gramatika liburuagatik.
  • 1999. urtean, UEUk ohorezko kide izendatu zuen
  • 1999. urtean, 70 urte egin berriak zituela aitzakiatzat hartuz, Jakin aldizkariak ale berezia egin zuen Txillardegiri buruz.
  • UEUk omendu zuen. Txillardegi lagun giroan liburua idatzi zuten bere lagunek. UEUk argitaratu zuen 2000. urtean
  • 2002an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.
  • 2002an, Mendebalde Kultur Elkarteak omendu zuen, “Administrazinoa eta euskalkiak” jardunaldien barruan.
  • 2002an, SEI elkarteak ohorezko lehendakari izendatu zuen.
  • 2004ko irailean, Elkar argitaletxeak omenezko jardunaldiak burutu zituen.
  • 2004ko urrian, Koldo Mitxelena Kulturuneak omenezko jardunaldiak egin zituen.


Bibliografia

Lan nagusiak zerrendatzen dira. Horietaz gain, badira beste ehunka artikulu, akademikoak batzuk, kazetaritzazko besteak, aipatzen ez direnak. Orobat elkarrizketak, gutundegiak, txosten politikoak, eta beste.

Informazio osoa Azkue Bibliotekaren katalagoan aurki daiteke.

  • 1) Literatura
    • 1957
      • Leturia-ren egunkari ezkutua / J.L. Alvarez Enparantza (Txillardegi); irudiak, J.M. Alvarez Enparantza; sarrera, L. Mitxelena. - Bilbao : Euskal Idaz-Lanak, 1957. - 146 or., 7 o. lam. ; 20 cm. - (Len eta orain ; 3)
        • Argit: Donostia : Elkar, 1983
        • Argit: Donostia : Elkar, 1985
        • Argit: Hernani : Orain, 1995
    • 1960
      • Peru Leartza’ko / Txillardegi (Jose Luis Alvarez Enparantza). - Zarautzen : Itxaropena, 1960. - XI, 151 or. ; 19 cm
        • Argit: San Sebastián : Elkar, 1979 - 1965
      • Huntaz eta hartaz / Txillardegi. - Donostia : Elkar, 1983. - 107 or. ; 21 cm. - (Orhi ; 16)
    • 1969
      • Elsa Scheelen / J.L. Alvarez Enparantza “Txillardegi”. - Donostia : Kriselu, 1969. - 248 or. ; 19 cm. - (Kriselu ; 6)
        • 1968. urteko Domingo Agirre Sariaz Euskaltzaindiak hornitutako elaberria
        • Argit: Donostia : Elkar, 1978
        • Argit: Donostia : Elkar, 1981
        • Argit: Donostia : Elkar, 1985
    • 1979
      • Haizeaz bestaldetik / Txillardegi. - Zarautz : Itxaropena, 1979. - 227 or. ; 19 cm
        • Argit: Donostia : Elkar, 1988
    • 1984
      • Kosmodromo : (ipuin bilduma) / Txillardegi. - Donostia : Haranburu, 1984. - 75 or. ; 21 cm
      • Allende el viento / Txillardegi. - Donostia : Haranburu, 1984. - 181 p. ; 21 cm Honakoaren itzulpena: Haizeaz bestaldetik (1979)
    • 1988
      • Exkixu / Txillardegi. - Donostia : Elkar, 1988. - 228 or. ; 19 cm. - (Euskal literatura. Elaberria ; 67)
        • Argit: Baiona : Elkar, 1997 (6. argit.)
    • 1999
      • Putzu / Txillardegi. - Donostia : Elkarlanean, 1999. - 385 or. : ir. ; 21 cm. - (Literatura saila ; 193)
  • 2) Hizkuntzalaritza orokorra
    • 1972
      • Hizkuntza eta pentsakera/ Larresoro. - Bilbao : Mensajero, 1972. - 144 or. ; 18 cm. - (Etor Bidean Kultura ; 12)
    • 1979
      • Fonologiaren matematikuntza / prestatzaile, Txillardegi. - Iruñea : Udako Euskal Unibertsitatea, 1979. - 75 or. ; 30 cm
    • 1990
      • Bat : soziolinguistika eta glotopolitika aldizkaria. - 1 zk. (1990 otsaila)-. - Donostia : Euskal Kulturaren Batzarrea, 1990-
        • Aldizkariaren zuzendari-ohia eta kolaboratzailea
    • 1994
      • Soziolinguistika matematikoa / Jose Luis Alvarez Enparantza, Xabier Isasi Balantzategi. - Bilbo : Udako Euskal Unibertsitatea, 1994. - VI, 205 or. : ir. ; 24 cm. - (Soziolinguistika saila ; 5)
    • 1997
      • La aportación de Joan Coromines a la filología vasca / J.L. Alvarez Enparantza “Txillardegi”
        • In: Fontes linguae vasconum. - Pamplona. - Año 29, n. 74 (en.-abr . 1997), p. 85-91
    • 2002
      • Hacia una socio-lingüística matemática / José Luis Álvarez Enparantza “Txillardegi”. - Donostia : Euskal Soziolinguistika Institutua, 2002. - 216 p. ; 24 cm
  • 3) Euskara
    • 1970
      • Sustrai bila : zenbait euskal korapilo / Larresoro. - Donostia : Herri-Gogoa, 1970. - 156 or. ; 18 cm . - (Irakur sail. Erakaskintza)
    • 1974
      • Euskara batua zertan den / Larresoro. - Oinati : Editorial Franciscana Aránzazu, 1974. - 220 or. ; 20 cm. - (Jakin sorta ; 8)
    • 1977
      • L’emploi de l’indéfini en souletin: (à travers l’oeuvre du poète Etxahun) / José Luis Alvarez Enparantza
        • In: Fontes linguae vasconum. - Pamplona. - Año 9, n. 25 (en.-abr. 1977), p. 29-55
      • Oinarri bila : morfosintasian eta fonologian / Txillardegi. - Donostia : [s.n. ], 1977. - 240 or. ; 20 cm
    • 1978
      • Euskal gramatika / Txillardegi. - San Sebastián : Ediciones Vascas, 1978. - 430 or. ; 24 cm
      • La originalidad lingüística vasca a la luz de los fenómenos de sustrato / José Luis Alvarez-Emparanza.
        • In: Cultura vasca II / José Luis Alvarez-Emparanza [etc. ]. - San Sebastián : Erein, 1978. - P. 7-25
    • 1979
      • Euskal aditz batua / Euskaltzaindia ; taulen prestatzailea, Txillardegi ; hitzaurrea, Luis Villasante. - Bilbo : Euskaltzaindia, 1979. - 180 or. ; 22 cm
    • 1980
      • Euskal fonologia / Txillardegi. - San Sebastián : Ediciones Vascas, 1980. 454 or. : ir. ; 24 cm
      • La lengua vasca / Txillardegi
        • In: Historia de Euskal Herria. - Donostia : Ediciones Vascas, 1980. - T. IV, p. 1-43
      • Zubererazko transkribaketa bat / José Luis Alvarez Enparantza
        • In: Fontes linguae vasconum. - Pamplona. - Año 12, n. 34 (en.-abr. 1980), 29-36 or.
    • 1981
      • Toponimia egoeraren neurri : hitzaurrea = En torno a la toponimia : prólogo / Txillardegi
        • In: Orereta izenaren alde / argitaratzaileak, Agustinetako Auzo Elkartea [etab. ] . - [S.l. ] : [s.n. ], 1981. - P. 6-21
    • 1984
      • Euskal azentuaz / Txillardegi. - Donostia : Elkar, 1984. - 432 or. : graf. ; 24 cm “Sobre el acento vasco” deritzon doktoretza-tesia oinarritua
    • 1996
      • Lingua navarrorum / Txillardegi. - Hernani : Orain, 1996. - 103 or. : ir. ; 20 cm. - (Euskal gaiak) (Egin biblioteka ; 34)
    • 2004
      • Euskararen aldeko borrokan : euskalgintza eta euskalaritzako idazlan hautatuak: 1956-1983 / Txillardegi. - Donostia : Elkarlanean, 2004. - 259 or. ; 24 cm. - (Eztabaida ; 7)
  • Elkarlanean:
    • 1971
      • Atsotitzak eta neurtitzak / Oihenarte ; Larresoro’k prestatua ; Eugenio Goihenetxe’ren hitzaurrea. - Donostia : Herri Gogoa, 1971. - 227 or. ; 18 cm. - (Irakur sail. Olerki)
    • 1977
      • Diccionario general y técnico. 1, castellano-euskara / Luis María Múgica Urdangarín ; con la revisión de José Luis Alvarez Enparanza, Txillardegi. - San Sebastián : Ediciones Vascas, 1977. - 597 p. : il., mapas ; 24 cm
      • Hiztegi orokor-teknikoa. 2, euskara-gaztelera / Luix Mari Mujika ; Txillardegi-ren gainbegiratuaz. - San Sebastián : Ediciones Vascas, 1977. - 618 or. ; 24 cm
    • 1987
      • Euskal dialektologiaren hastapenak / koordinatzaile eta zuzentzaileak, Txillardegi eta G. Aurrekoetxea ; parte hartzaileak, I. Camino [etab. ]. - 2. ed . - Bilbao : Udako Euskal Unibertsitatea, 1987. - LXII, 604 or. : mapak ; 25 cm
  • 4) Euskal kultura eta beste
    • 1978
      • Euskal Herritik erdal herrietara / Txillardegi ; hitzaurrea, Joan Mari Torrealday. - [S.l. ] : [s.n. ], 1978. - 497 or. ; 21 cm
    • 1984
      • Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981 / Txillardegi. - Donostia : Elkar [etc. ], 1984. - 84 or. : ir. ; 17 cm. - (Adi ; 6)
    • 1985
      • Gertakarien lekuko / Txillardegi. - Donostia : Haranburu, 1985. - bol. 1 ; 21 cm Bigarren tomoa ez zen argitaratu
    • 1992
      • Antigua 1900 / José Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. - Donostia-San Sebastián : Argitalpen eta Publikapenen Gipuzkoar Erakundea, 1992. - 349 or. : ir. ; 22 cm. - (Otras ediciones ; 5)
    • 1993
      • Antigua 1900 / José Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. - bigarren ed. - Donostia- San Sebastián : Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1993. - 357 p. : il. ; 22 cm. - (Otras ediciones ; 6)
    • 1994
      • Euskal Herria helburu / Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. - Tafalla : Txalaparta, 1994. - 318 or. ; 19 cm. - (Amaiur ; 12)
    • 1997
      • Euskal Herria en el horizonte / J.L. Alvarez Enparantza, Txillardegi. - Tafalla : Txalaparta, 1997. - 305 p. ; 22 cm
        • Euskal Herria helburu-k egindako itzulpena (1994)
    • 2004
      • Santa Klara : gure uharte ezezaguna / Txillardegi. - Donostia-San Sebastián : Kutxa Fundazioa, 2004. - 193 or. : kol. eta z.-b. ir. ; 24 cm. - (Temas donostiarras ; 33) Gaztelaniazko laburpena
      • Euskararen aldeko borrokan : euskalgintza eta euskalaritzako idazlan hautatuak, 1956-1983 / Txillardegi. -- Donostia : Elkarlanean, 2004. - 259 orr. ; 24 cm . -(Eztabaida ; 007)

Pello Apezetxea

Pello Apezetxea Zubiri Goizuetan (Nafarroa) sortu zen, 1932ko ekainaren 24an.

Giza Zientziak, Filosofia eta Teologia ikasketak burutu zituen, Iruñeko Apaizgaitegian, 1943tik 1955 urtera arte. 1955an apaiztu zen eta Etxarri Aranatzen hasi zen lanean, apaiz laguntzaile, baita organojole eta Abesbatzaren arduradun gisa ere. Gero, Elizbarrutiko Presbiterio Kontseiluko kidea izan zen (1970-1985) eta Bortzirietako Artzapeza (1975-1985). Gaur egun, Etxalarko Parrokian erretorea da.

Ttipi-Ttapa hamabostekariko eta Telebista Fundazioko kidea. Aldizkarian, gainera, Etxalarko berri emailea izana da, 1990. urtetik 2002. urtera arte. Gaur egun, Fundazioko presidentea da.

Euskararen irakasle era eragile sutsua izan da betidanik Pello Apezetxea eta euskara klaseak eman dizkie umeei zein helduei, eskola publikoan, Gaueskolan edota Euskaltegian. 1976. urtean, Etxalarko 3, 4 eta 5 urteko haurrentzako Ikastola sortzen lagundu zuen.

Euskal Elizan Euskaraz nafar apaiz taldek kide eta bultzatzailea, 1985-1987 urteetan.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sortzaileetako bat dugu Apezetxea, 1989. urtean. 1990ean legeztatuz geroztik, Aholkulari Batzordekidea da, bai eta Etxalarko Euskara Batzordekidea ere.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • Etxalarko etxe eta baserrien izenak. 1985, Fontes Linguae Vasconum
  • Etxalarko usategiak, Sarezko ehizaren azalpenak eta zenbait datu historiko. 1989, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra
  • Etxalarko Toponimia. 1997, Nafarroako Toponimia eta Mapagintza. Bortziriak
  • Elizaren euskararekiko jarrera Nafarroan. 2003, Euskera
  • Etxalarko etxeak: izenak, zenbakiak eta telefonoak. Etxalarko Euskara Batzordearekin partaide gisa

Koldo Artola

Koldo Artola Kortajarena Donostian sortu zen,

1980tik 1998ra arte, Donostiako Aurrezki Kutxaren euskara bultzatzeko zerbitzua zuzendu eta kudeatu zuen Koldo Artolak.

Dialektologian aditua da Koldo Artola.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • Erronkariko uskararen azken hatsak... eino’re!
  • Erronkariko uskararen azken hatsak... oraino’re!
  • Ezkabarteko euskara, Iruñeko udal dermioaren ondokoa. Celedonio Zenoz andrearen ahotan
  • Fidela Bernat anderea, euskal hiztun erronkariarra (I eta II)
  • Hegoaldeko goi-nafarreraren azentua dela-ta (hurbitze saiakera)
  • Olaizko euskal eskuizkribuak
  • Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak (7 tomo)
  • Banka Hiztegia / Diccionario de Terminología Bancaria. Donosti Aurrezki Kutxa – Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala – Gipuzkoako Industria Bankua – Lan-Kide Aurrezkia. 1978 (Elkarlanean)
  • Hizkuntzalaritza Hiztegia. UZEI, 1982 (Elkarlanean)
  • Aurrezki-Kutxak Hiztegia. UZEI, 1983 (Elkarlanean)
  • Diccionario español – uskara roncalés / Erronkariko uskararen hiztegia. Estornés Lasa. 1997 (Elkarlanean)
  • Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa (EAEL- I). Aranzadi Zientzia Elkartea, Etnografia Mintegia, 1983
  • Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa (EAEL- II). Aranzadi Zientzia Elkartea, Etnografia Mintegia, 1990
  • Euskararen muga 1980. urtean

Pedro de Yrizarren kolaboratzailerik hurbilena, urte askotan zehar. Aditz-morfologiaren arloan, Yrizar euskaltzain ohorezko zenak egin eta Euskaltzaindiak argitaratu dituen Morfología del verbo auxiliar liburu sortan parte hartu du Koldo Artolak: Morfología del verbo auxiliar guipuzcoano I eta II, Morfología del verbo auxiliar alto navarro septentrional I eta II, alto navarro meridional, roncalés, bajo navarro occidental, oriental I, II eta III eta suletino.

Federico Barrenengoa

Federico Barrenengoa Arberas Amurrion (Araba) sortu zen, 1916ko urriaren 18an.

Magisteritza eta Filosofia ikasketak eginak ditu. Euskaldun berria -18 urte zituela ikasi zuen euskara- AEKn eta Ikastolen munduan ibilia da, beti ere euskararen aldeko lana egiten.

Toponimian eta onomastikan aditua. Ikerkuntza-lan asko egin ditu, Aiarako toponimiaz bereziki. Amurrioko euskal toponimia berreskuratzeko eratu zen lehenbiziko batzordean izan zen eta gaur egun parte hartzen ari da, Euskaltzaindiko Onomastika batzordearekin batera, herri horretako toponimia finkatze-lanetan.

Jose Paulo Ulibarri arabar euskaltzalearen biografia idatzia du.

Firestone lantegiko liburuzaina izan zen, jubilatu arte.

1979ko abenduaren 20an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Azkue Bibliotekako batzordekidea izana da.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • El euskera de la tierra de Ayala. 1976
  • Onomástica de la tierra de Ayala. 1988
  • Toponimia de la tierra de Ayala. 1989
  • Índice General y Etimologías de los apellidos y topónimos de la Tierra de Ayala. 1990
  • El valle de Ayala (I): de la prehistoria al siglo XVI (2003, Arabako Foru Aldundia).

Joseph Camino - Hasquet

Joseph Camino-Hasquet Arnegiko (Nafarroa Beherea) “Argaia” baserrian sortu zen, 1927ko otsailaren 7an.

Ikasketak Arnegi, Hazparne, Uztaritz eta Baionako seminarioetan burutu zituen. 1951n apeztu zen, orduan Baionako San Andreseko bikario zen.

1953. urtean, Ipar Euskal Herriko umeen eta gazteen aholkulari ihardun zuen. Urte berean, Donazaharren, Euskaltzaleen Biltzarraren idazkari hautatu zuten.

Pan Pin aldizkaria sortu zuen. Etxea, Gazte, Otoizlari eta Herria aldizkarietan ere idatzi du noizbehinka.

1965ean, Baionako apez nagusi hautatu zuten. Lau urte beranduago, 1969an, Hazparneko misionisten buru aukeratu. Gero, Hazparneko apez nagusi izan zen (1976. urtean), Baionako katedraleko apez nagusi (1982an), Seminarioko buruzagi (1987an), Ipar Euskal Herriko bikario nagusi (1990ean) eta apez laguntzaile Getarian (Lapurdi), 2002an.

Euskaltzaindiak, 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • Eskual lanen sariak. 1957
  • Eskualzaleen Biltzarra eta eskual-lana. 1956
  • Idazlariaren mintzaldia. 1957
  • Idazle jaunaren mintzaldia eskuarazko lanez. 1955

Jean-Baptiste Dirassar

Jean-Baptiste Dirassar 1937ko otsailaren 17an jaio zen, Hazparnen, (Lapurdi) “Irriberria” baserrian (Zelai auzoan). Eskolak Zelaian eta Hazparneko San Josep ikastegietan burutu zituen.

17 urte bete zituenean, lanean hasi zen, Basque Eclair eta Herria agerkarietan: lehenengoan, frantsesez idazten zituen kronikak (10 urtez lan egin zuen egunkari horretan) eta bigarrenean, aldiz, pilotari buruzko kirol artikuluak egiten zituen, euskaraz.

Sud-Ouest egunkarian, frantsesez eta euskaraz, 25 urtez aritu izan da, kazetari gisa.

Jubilatuz geroztik, Herria agerkarian gero eta ardura gehiago hartu du bere gain. Gaur egun da bere arduradun nagusia.

Ondoko lanak argitaratu ditu: Hegiko bordatik (1995) eta Bihotzeko mina (1999)

Joseba Intxausti

Joseba Intxausti Rekondo Seguran (Gipuzkoa) sortu zen, 1936ko uztailaren 20an.

Filosofia (Nafarroako Erriberrin), Teologia (Arantzazun) eta Historia Moderno eta Garaikidea (Bartzelonan) ikasketak eginak ditu. Euskal Herriko historia erlijiosoa eta Euskararen Historia Soziala bereziki landuak ditu Intxaustik.Fraide frantziskotarra izana da.

Irakaskuntzan ibilia da: besteak beste, Euskal eta erdal literaturak, alfabetatze-ikastaroak, Kristau Elizen Historia, Artearen Historia eta Eliza eta aldakuntza-uneak Historian irakatsi ditu, Foruan, Bartzelonan, Arantzazun, Tolosan edota Amerikan.

Jakin Taldeko kidea (1958tik) eta UZEIko bazkidea (1978tik) da. UZEIko lehen zuzendaria izana da. 1978tik 1981 arte, Udako Euskal Unibertsitateko Historia Sailaren arduraduna izan zen. Jakin aldizkaria ere zuzendu zuen (1959-62), bai eta Gure Izarra (1957-58) eta Anaitasuna (1972-74) ere. 1989tik 1990 arte, Jakin aldizkariko bitarteko zuzendari-ordetza egin zuen.

Euskararen Aholku Batzordeko partaidea, 1988tik 1992 urtera arte. Eusko Ikaskuntzako bazkidea ere bada, 1985etik.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, 1961eko abuztuaren 25ean.

Kulturaren aldeko Euskal Fundazioko idazkaria da, 1994 urteaz geroztik.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • Un poco de gramática y algo de morfología del verbo vasco. (1959, Itxaropena)
  • Izatea ta bere zentzua (1960, Egan)
  • Euskal Aditza. (1960, Jakin)
  • Iraultzaren hildotik (1972, Jakin)
  • Euskal Idazleak Gaur (Elkarlanean. 1977, Arantzazu)
  • Mendez mende Histori agiritegia. Gidaliburua (1987, Elkar)
  • Euskara Nafarroan (1989, Eusko Jaurlaritza – Nafarroako Gobernua)
  • Euskara, euskaldunon hizkuntza (1989, Eusko Jaurlaritza)
  • Euskara, Denona (1989, Nafarroako Gobernua)
  • Euskal Herria, el país de la lengua vasca (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez. 1991, Nafarroako Gobernua – Eusko Jaurlaritza)
  • Euskal historialariak eta frantziskotarrak. (1999, Arantzazu)
  • Arantzazu, un santuario vasco del siglo XX liburua zuzendu zuen (2001, Arantzazu)
  • Segura historian zehar (Zuzendaria. Segurako Udala, 2003)
  • Arantzazu. Ikerlan eta saiakerak. XX. mendeko historiaz (2004, Arantzazu)

Jon Lopategi

Jon Lopategi Muxikan (Bizkaia) sortu zen, 1934ko martxoaren 17an.

Sakramentinoen Ikastetxean ikasi zituen Humanitateak (Tolosan) eta Filosofia eta Teologia (Arratiko Areatzan). Derioko Magisteritza Eskolan Maisu titulua lortu zuen.

Bertsolari eskolatua da eta, 24 urtez hasi bazen ere, arrakastatsu suertatu da plazaz plazako bere ibilbidea. Bizkaiko Txapela lau aldiz eskuratu du: 1962an, 1963an, 1966an eta 1967an. Bestetik, 1961ean eta 1962an, Mungian, eskualdeko txapeldun suertatu zen eta 1962an ere, Gernika egindako final aurreko saioan, lehenengo saria eskuratu zuen.

Euskal herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari dagokionez, 1989an eskuratu zuen txapela. Txapelketa honetan ere, bi aldiz geratu da bigarren (1982an eta 1986an).

Bergarako UNED zentroan, EGA titulurako eskolak eman zituen, 1982tik 1990 arte. Zentro bereko Magisteritza Eskolan, Bertsolaritzari buruzko ikastaroak ere eman ditu. Bestalde, Udako Euskal Unibertsitatean bertsolaritzaren inguruko ikastaroak eman ditu, 5 urtetan.

1983tik 2000 urtera bitartean, Bizkaiko Ikastolen Elkartearen eskutik, Bizkai osoko ikastoletan eta zenbait eskola publikotan Bertsolaritza gaiaren arduradun nagusi izana da, bai irakasle moduan, baita bertso-eskolen sortzaile gisa. Gaurko Bizkaiko bertsolarien maisua da Lopategi.

Olerti eta Karmel aldizkarietan eman du argitara bertso gehienak. Epaimahaiko eta gaijartzaile moduan ere ibilia da Jon Lopategi, baita hizlari gisa ere, hitzaldi ugari eman baititu ahozko literaturari buruz.

Patxi Oroz

Patxi Oroz Arizkuren Beriainen (Nafarroa) sortu zen, 1934ko abenduaren 2an.

Alemanian ikasi zuen Filologia -espainola, frantsesa eta latina- eta hainbat unibertsitatetan jardun zuen, irakasle gisa: Tubingako Unibertsitatean, Bonnekoan eta, berriro ere, Tubingakoan: honetan irakatsi zuen Hispaniar Filologia 1981etik 2000 urtera arte, hots, jubilatu zen arte. Tartean, 1988an, Hispaniar Filologian katedra lortu zuen.

Literatura irakasle izan bada ere -Espainiako literaturaren aro eta genero ezberdinak irakatsi ditu bere ibilbide profesionalean- Hizkuntzalaritza da Orozek bereziki landu duen gaia. Hala bada, gaztelaniaz eta hizkuntz erromanikoez gain, euskara ere aintzat hartu izan du, eta hizkuntz horren eta iberiarraren arteko harremanaz aritu izan da haren lan zein eskoletan. Izan ere, 1981n, “Wilhelm von Humboldt und die Theorie des Basko-Iberismus” gaia prestatu zuen tesirako.

1993an, Kultura Ministroak ohorezko diploma eman zion, 25 urtez jarraian, Baden-Württemberg-en egindako lanagatik.

Carmen vasconicum plus quingentis linguis izeneko bere liburua goraipatu zuen Koldo Mitxelena zenak. Gaur egun, liburu horren edizio berritua prestatzen ari da.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • A raíz de algún topónimo menor de la Cuenca de Pamplona, en: Homenaje a Antonio Tovar, Madrid 1972.
  • Die Casilla pre-ocupada. Ein bei Isidor implizierter linguistischer Begriff, en: Sprachtheorie und Pragmatik, Akten des 10. Linguistischen Kolloquiums, Tübingen 1976
  • El ibérico, lengua en contacto, FLV 23, 1976, 183-192.
  • Zur Volksliteratur der Basken - Das Lied Haltzak eztü bihotzik, (Koldo Mitxelenarekin batera)
  • Vicisitudes de un padrenuestro en vasco en el siglo XVII, Seminario, 14, 1980
  • La relación entre el vasco y el ibérico desde el punto de vista de la teoría del sustrato, Iker -1, 1981
  • Reminiscencias de una canción occitana en el cancionero vasco
  • Gabriel Arestiri omenaldia
  • Wilhelm von Humboldt und der Basko-Iberismus
  • La casa de mi padre, de Gabriel Aresti (1933-1975),
  • De homografía conflictiva en ibérico. Salamanca 1985.
  • Coincidencia formal y excepción gramatical. Euskera 30, 1985

Jean-Baptiste Orpustan

Jean Baptiste Orpustan Ortzaizen (Nafarroa Beherea) sortu zen, 1934ko urriaren 3an.

Bordeleko Unibertsitatean eta Sorbonan egin zituen ikasketak. Tesia 1983. urtean irakurri zuen, “Nom et statut de la maison basque mediévale en Basse-Navarre, Labourd et Soule, étude d’histoire et de toponymie médiévales” izenburupean. 1986an, Bordeleko Unibertsitateko katedra eskuratu zuen.

Lapurdum aldizkariaren sortzailea eta lehenbiziko zuzendaria izan zen. Bestalde, artikulu ugari idatzi ditu, ondoko aldizkarietan: Bulletin du Musée Basque- Baiona R.I.E.V., Euskera, Egan, Iker, Hegats, Nouvelle Revue d’Onomastique, Boletin de la Societé des Sciences, Lettres et Arts de Bayyonne, Maiatz, e.a.

Pierre Lafitteren edota Oihenarten lana aztertu du, bai eta horren gaineko liburuak argitaratu ere.

Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko aholkularia da.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • Pierre Lafitteren Ixtorri-mixterr edo Eiherazainaren Ipui hautatuak. Donostia, 1989
  • Toponymie basque: noms de pays, vallées, communes et hameaux historiques de Labourd, Basse-Navarre et Soule. Bordele, 1990
  • Proverbes et Poésies basques d’Oyhenart (1657-1664). Izpegi-Baigorri, 1992
  • Oihenarten hiztegia. Izpegi-Baigorri, 1993
  • Précis d’histoire litéraire basque (1545-1950) cincq siécles de litérature en euskara. Izpegi-Baigorri, 1996
  • Le nom des maisons médiévales en Labourd, Basse-Navarre et Soule. Izpegi-Baigorri, 2000

Karmele Rotaetxe

Karmele Rotaetxe Amusategi Bilbon jai ozen, 1932ko urtarrilaren 17an.

Batxilergoa Frantzian ikasi zuen. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Hamar urte beranduago, 1977an, “Estudio estructural del euskera en Ondarroa” izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzendua- lortu zuen Doktoretza.

1977tik aurrera, euskara klaseak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Geroztik, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan. 1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Sailaren arduradun gisa. 1997an, EHUko Kazetaritza Fakultatera itzuli zen.

2001 urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua da.

Europako Zientziarako Erakundean hizkuntzaz arduratzen den taldeko partaidea izana da.

1979ko abenduaren 23an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Akademiako Gramatika batzordekidea da, hasieratik. Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu du hasieratik eta, gaur egun, parte hartzen ari da.

Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratu ditu artikulu ugari.


Argitaratutako lan nagusiak:

  • Sur un point de morphologie nominale du basque. Fontes Linguae Vasconum, 1971
  • L’accent Basque: Obsevations et hipothésis. 1978
  • Cultura oficial y lenguas minoritarias. 1980
  • Lingüístca lógica: la construcción ergativa vasca. 1978
  • Numeral eta aditzen artek okonkordantziaz. 1979
  • Pluraleko ergatibo-adierazleari buruz. 1978
  • Sociolingüística (une honetan honen bertsio berria prestatzen ari da, euskaraz)

Albiste honen aurrekariak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Ez daukat Euskaltzaindiaren izendapena onartzerik.
2004-11-30 / 07:06 / Jose Luis Alvarez Enparantza

Euskaltzaindiak Euskaltzain Urgazle izendatu ninduen 1957ko Irailaren 26an. Geroztikako 47 urte horretan, honegatik edo hargatik, ez nau Euskaltzain Oso izendatu. Eta horrela jokatzeko eskubidea ez diot inondik inora ukatuko.

Baina urte horietan hartutako erabakietan ez dut ezertan neure botoa emateko aukerarik izan; boto eskumena, betidaniko barne-araudiak finkatuta, 24 Euskaltzain Osoei dagokielako, eta ez beste inori .

Oraingoan, gaur prentsa bidez ikasi dudanez, nire irizpideaz kontsultatu gabe, Ohorezko Euskaltzain izendatzea erabaki du.

Askotan esan eta idatzia dut, ordea (Hemeroteka lekuko) ez nagoela prest orain neure euskaltzain mailan aldaketarik batere onartzeko. Areago Euskaltzaindiak alor desberdin batzutan hartua duen bidea gaitzesten dudalarik .

Ez dut ikamikarik nahi; eta gai honetaz ez dut besterik deus ere erantsiko.

Beude gauzak beren horretan.

Euskal Herriak eta euskarak berak badaukate ohorezko izendapen hauek baino kezka iturri larriagorik. Anitz esker, beraz . Baina ez daukat Euskaltzaindiaren izendapena onartzerik.


(JOSE LUIS ALVAREZ ENPARANTZA Txillardegi hizkuntzalaria eta idazlea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus