Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen aldeko Akordio Soziopolitikoa sinatu dute

Euskararen aldeko Akordio Soziopolitikoa sinatu dute

2004-11-09 / 19:29 / Nerea Pikabea Amundarain - Kontseilua   BESTELAKOAK

“Euskara sustatzeko eta euskalgintza babesteko Akordio Soziopolitikoa” sinatu dute Kontseiluaren ekimenez Bilboko Euskalduna Jauregian izandako sinaketa ekitaldian. Euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte publikoki 11 alderdi politiko eta sindikatuk.

Hauexek dira Akordio Soziopolitikoa sinatu duten erakundeak: ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza), Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea), ELA (Euskal Langileen Alkartasuna), ESK (Ezker Sindikalaren Konbergenzia), Hiru (Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatua), LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), STEE-EILAS (Euskadiko Irakaskuntzaren Langileen Sindikatua), Zutik eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.

Joanmari Larrarte Kontseiluko lehendakariak Akordio Soziopolitikoa sinatzeko arrazoien inguruan hitz egin du. “Gure hizkuntzaren normalizazio prozesua une erabakigarrian dago. Batetik, moteltze kezkagarri bat eman da normalizazio prozesuan eta, bestetik, azken aldian euskalgintzak jazarpenak pairatu ditu”.

Bere esanetan euskararen normalizazioaren aurkako erasoa “ez da kanpaina puntuala”; estatu mailako eraso estrategikoa dago horren atzean”. Larrartek azpimarratu duenez, “orain arte erabili ditugun hizkuntz politikek aldaketak behar dituzte, corpus juridikoa aldatu beharra dago aurrerapauso sendoak eman nahi badira; eta hori dena urgentziaz egin behar da”. Bukatzeko, adierazi du “normalizazioa areagotzeko eta euskalgintza babesteko sinatu dela Akordio zabal hau”.

Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek berriz, ekimena “anitza, iraunkorra eta sendoa” dela esan du, eta “gizartea inplikatzea” dela horren nahia. “Gizarte eragileak, instituzioak eta politikariak euskalgintzarekin batera, normalizazioan aurrerapausoak emateko aukera eskainiko du Akordio honek”.

Akordioan jasotzen diren konpromisoak azaldu ditu Mendigurenek. Bi zutabe nagusi ditu konpromisoak. Bata euskararen normalizazioak bultzada berri eta biziagoa izan dezan beharrezkoak diren ekimen politiko, instituzional eta sozialak indarrean jartzeko konpromisoa:

  • gaur egungo proiektu eta programak indarberrituz eta hobetuz.
  • ofizialtasunaren garapena eta hizkuntz eskubideen bermea lurralde osoan ekarriko duten neurri legalak bultzatuz.
  • normalizaziorako estrategikoak diren proiektu berriak abian jarriz.
  • erakundeetan barne euskalduntze politika eraginkorrak sustatuz.
  • erabakimenik ez duten instituzio eta erakundeetan euskararen alde aipaturiko neurriak har daitezen eraginez, eta horretarako egitasmoak bultzatuz.

Beste konpromisoa euskalgintza osatzen duten elkarte eta erakundeen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko bitartekoak ezartzea da.

Bukatzeko, Mendigurenek azpimarratu du “ateak zabalik daude etorkizunean olatu honekin bat egiten duten guztientzat”.

  • Akordio Soziopolitikoaren dokumentu osoa eskuratu nahi duenak HEMEN aurkituko du.


(NEREA PIKABEA AMUNDARAIN Kontseiluko komunikazioburua da)

Inprimatu


Erantzun

 
Euskararen babes falta nabarmen utzi du Kontseiluak
2004-11-10 / 11:39 / Antton Pikabea Lazkano

Horrelako ekitaldiek poza baino gehiago tristura eragiten dute. Izan ere, gaur egun politika arloan euskarak duen banaketa eta adostasun falta nabarmenak dira:

  • Non daude EAEko biztanle ordezkaritzarik handiena daukaten alderdiak: EAJ, PSE, PP eta baita Ezker Batua ere?
  • Non daude Nafarroako alderdi politikoak: UPN, CDN, PSN eta, batez ere, Nafarroa Bai alderdia?
  • Non daude Ipar Euskal Herriko alderdi politikoak?
  • Adostasun eza nabarmena baldin bada, zergatik erabaki du Kontseiluak Akordio Soziopolitiko hau hain eragile gutxirekin publiko egitea? Ez al zuen merezi "sukaldeko lan" handiagoa egitea?
  • Sinatu ez dutenak herritarren aurrean nabarmen utzi nahi al ditu Kontseiluak ekitaldi honekin? Jokabide honekin elkarrengana bildu beharrean ez ote dira alderdi politikoak elkarrengandik eta euskararengandik, oraindik ere, gehiago aldenduko?


(ANTTON PIKABEA LAZKANO euskara teknikaria eta itzultzailea da)

 
Euskarak galdutako aukera
2004-11-25 / 14:49 / erabili.com

Jesús Uzkudun Illarramendi jaunak, Euskadiko Langile Komisioetako (CCOO) Batzorde Eragileko kideak "Euskarak galdutako aukera" izenburudun iritzi-artikulua argitaratu du erabili.com-en albiste honi buruz. Iritzi-artikulua irakurtzeko sakatu HEMEN

 
Euskararentzako aukera berria
2004-12-02 / 07:07 / erabili.com

Xabier Mendiguren Bereziartu jaunak, Kontseiluko idazkari nagusiak, "Euskararentzako aukera berria" izenburudun iritzi-artikulua argitaratu du erabili.com-en albiste honi buruz. Iritzi-artikulua irakurtzeko sakatu HEMEN

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus