Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoa

Euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoa

2004-10-28 / 07:06 / Ibon Usarralde eta Iñaki Martinez de Luna   HIZKUNTZA

Euskaraz hitz egiteko gaitasunaren eta euskararen mota guztietako erabileraren arteko tartea gero eta handiago izatea, kezka iturri zaigu. Euskarazko gaitasuna, erabilera baino abiadura biziagoan ari da hazten. Jauzi horren azalpenean, komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoak zeresan handia du. Komunitate euskaldunaren osasunaren berri izan nahian bizindar etnolinguistikoaren neurketa egin dute Arrasate, Lasarte-Oria, Bergara, Andoain eta Hernaniko Euskara Zerbitzuek elkarlanean. Kontzeptu eta tresna teoriko horren babesean, gizabanakoen hizkuntza portaera hautuan eragina duten ahalik eta aldagai gehien kontrolatzen saiatu dira.

Ikerketaren zergatiak

Ikerketaren zergatiak

Ikerketa orok izan ohi ditu zergati batzuk. Ezjakintasunen bati erantzun asmoz egin ohi dira. Ikerketa honen abiapuntuan ere hausnarketa, kezka edo ezinegon batzuk aurkitu daitezke. Hausnarketa guztien oinarrian bat: erabilera dela euskararen normalizazioaren adierazle adierazgarriena eta erabileran zeresana duten faktoreak identifikatu, bakoitzaren garrantzia zehaztu eta neurtu beharra dagoela eskuartze ekimen eraginkorrak bideratu nahi badira. Hemen, hausnarketa orokor honen inguruan arituko gara.

Badirudi, Euskal Herrian, oro har (salbuespenak salbuespen), baina bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) errealitateetako bat honakoa dela: euskaraz hitz egiteko gaitasuna eskuratzen duten gizabanakoen kopurua eta euskaraz hitz egiten duten gizabanakoena, biak, hazten ari direla. Bi aldagai horien hazkundea positiboa dela iruditzen zaigun arren, bada kezkarako arrazoirik.

Izan ere, euskaraz hitz egiteko gaitasunaren eta erabileraren artean zulo handia dago; gero eta jauzi handiagoa, hain zuzen: oro har, euskarazko gaitasuna lortzen duten gizabanakoen kopurua azkarrago hazten da, euskaraz hitz egiten duten gizabanakoen kopuruarena baino; joera nagusi hori, alabaina, ez da kasu guztietan betetzen. Hona hor 1-4 tauletan (1) datu batzuk :

1. taula: gaitasuna ehunekoetan
Eremuak1981198619911996
Arrasate%39%42,6%49,3%53,9
Andoain%37,2%41,1%45,3%49,7
Lasarte-Oria%23,9%28,4%32,5%35,3
Hernani%40,2%44,2%48,6%52,6
Bergara%62,5%65,7%66,6%68,7
Gipuzkoa%40%43,7%46,1%49,8

2. taula: gaitasunaren bilakaera
Eremuak81-8686-9191-9681-86BUH (2)
Arrasate9,2315,729,3338,210,99
Andoain10,4810,219,7133,60,83
Lasarte-Oria18,8214,448,6147,700,76
Hernani9,959,958,2330,840,82
Bergara5,121,373,159,920,41
Gipuzkoa9,255,498,0324,50,65

3. taula: ahozko kale erabilera ehunekoetan
Eremuak198919931997
Arrasate%19,3%22,99%30,72
Andoain%14,2%14,48%23,56
Lasarte-Oria%8,8%10,37%8,78
Hernani%21,3%23,97%26,83
Bergara%35,7%40,41%35,31
Gipuzkoa%17,02%19,65%22,92

4. taula: ahozko erabileraren bilakaera
Eremuak89-9393-9789-97BUH (3)
Arrasate19,1233,6259,171,43
Andoain1,9762,7165,621,17
Lasarte-Oria17,84-15,33-0,23-0,00
Hernani12,5425,9625,960,69
Bergara13,19-12,62-1,01-0,04
Gipuzkoa15,4516,6422,920,74

Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko hizkuntza gaitasunari dagozkion datuetan eta EKBk eginiko euskararen ahozko kale erabileraren datu horietan ikusi ahal dugunez, soilik, Gipuzkoa, Andoain eta Arrasateren kasuan hazi da gehiago ahozko kale erabilera, euskaraz hitz egiteko gaitasuna baino. Gainerako kasuetan, gaitasunaren hazkundea, erabilerarena baino handiagoa da. Erabilera modu ezberdinetatik, soilik, ahozko kale erabilera kontuan hartu badugu ere, oso kezka hedatua da gainerakoetan ere, euskaraz hitz egin dezaketen gizabanakoen kopurua euskaraz hitz egiten duten gizabanakoen kopurua baina arinago doala hazten.

Gaitasun edo ezagutzaren hazkundea erabat onuragarria eta beharrezkoa dela pentsatzen dugun arren (jakin gabe bai ez dagoela erabiltzerik!), erabilerarekiko dagoen jauziak kezkatu egiten gaitu eta, oro har, euskarari nahiz euskal hizkuntza komunitateari ezinegona sortu beharko liokeela deritzogu.

Gaitasuna erabilera bihurtzerako unean topatu ohi ditugun egoerak (guneak eta uneak) oso ezberdinak izan daitezke. Bertan, hizkuntza hautua baldintzatzen duten hainbat elementu eta faktore aurkitu ohi ditugu. Norbanakoak hitz egiteko gaitasuna eduki arren, ez erabiltzeko arrazoiak asko izan daitezke: gaitasun hori behar adinakoa ez izatea, solaskide guztiak euskaldunak ez izatea, bete beharreko dokumentazioa, soilik, erdaraz betetzeko aukera izatea, motibaturik ez egotea, erabilera eremuko baldintzak beste hizkuntza baten aldekoak izatea... Kasu batzuetan, elementu eta faktore batzuek baldintzatuko dute hizkuntza hautua eta beste batzuetan beste batzuek. Elementu eta faktore batzuek euskarara erakarriko dituzte talde eta gizabanakoak eta beste batzuk, aldiz, erdaretara. Gure ingurunean argi dago, oro har eta eremu batzuetako funtzio batzuetarako izan ezik, erdaren aldeko erakarpen faktoreak askoz indartsuagoak direla, euskarara erakartzen duten faktoreak baino.

Euskararen eta euskal hizkuntza komunitatearen normalizazioaren adierazle adierazgarriena, ordea, euskararen mota, maila eta esparru guztietako erabilera dela argi eduki behar dugu. Maila eta esparru guztietan erabiltzen ez den hizkuntza, gaixorik dagoen hizkuntza komunitate baten seinale da. Heriotzara kondenaturik eta, goiz edo berandu, hilko den hizkuntza komunitate eta hizkuntza baten aurrean aurkitzen gara, jakin bai baina erabiltzen ez den hizkuntza bat ikusi edo antzemanez gero.

Orain dela urte batzuk, Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko gaitasuna zuten gizabanakoen “ekoizpena” zen kezka iturri eta helburu; euskararen ondorengotaratzea, hain zuzen. Egun, EAEn bederen, kezka eta helburu nagusiak beste batzuk dira: euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten gizabanakoak “ekoizteari” utzi gabe, euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten gizabanako kopurua eta euskara erabiltzen duten gizabanako kopurua hurbiltzea. EAEn, euskaraz hitz egiteko gai diren gizabanakoen kantitateak (kalitateak ere bai?) gora egin du, herri batzuetako belaunaldi berrietan kopuru hori ia ehuneko ehunera iritsi delarik. EAEn, euskaraz hitz egiteko gai diren gizabanakoen “ekoizpena” ziurtatua dagoela dirudi (kantitatean bederen). Nola murriztu orain gaitasunaren eta erabileraren arteko jauzia?

Honakoa bilakatu da orain kezka eta helburu: zergatik dakienak ez du erabiltzen? Ikerketa hau galdera horri erantzuteko ahaleginean koka dezakegu. Dilema horren erantzunak, ordea, azterketa oro hartzaile bat eskatzen du: aurretik aipatzen genuen hizkuntza hautua ematen deneko eskenatoki horretan zeresana duten faktore eta elementu guztien eragina kontrolatuko duena. Gu faktore edo elementu horietako batzuetara mugatu garenez, ezinezkoa zaigu aipaturiko galdera horri erantzun oso eta erabateko bat ematea. Aitzitik, partzialki bada ere, ahalik eta erantzun osoena ematen saiatu gara.

Ikerketa honen zergatiak honako esaldian laburtu daitezke: euskararen erabilera, euskal hizkuntza komunitatearen normalizazioaren adierazlerik adierazgarriena izanik, erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu, bakoitzaren garrantzia zehaztu eta neurtzea beharrezkoa da eskuartze neurri eraginkorrak bideratu nahi badira.

Ikerketaren helburuak

Ikerketaren zergatiak aipatzeak, ikerketaren helburuak zeintzuk diren zehaztea suposatzen du. Hiru helburu zituen ikerketak:

  1. Quebec-en sortutako “Bizindar Etnolinguistikoa”ren (Etnho-linguistic Vitality) eredu teorikoa Euskal Herriko egoera soziolinguistikora modu aplikatuan doitzea eta garatzea.
  2. Euskararen erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu, bakoitzaren garrantzia zehaztu eta neurtzea, eta ahalegin hori teorikoki hornitzea.
  3. Andoain, Arrasate, Bergara, Hernani eta Lasarte-Oriako euskal hizkuntza komunitateen azterketa konparatibo bat egitea.
  4. Aurreko hiru puntuen bidez, ibilbide luze baten lehen urrats xume baina sendoa ematea

Ikerketaren lan-hipotesia

Ikerketa ororen oinarrietako bat, gezurtatu edo egiaztatu nahi den lan hipotesia da. Ikerketaren emaitzek hasieran formulaturiko ustea edo lan hipotesia frogatu edo gezurtatu beharko dute.

Hizkuntzen inguruan egituratzen diren komunitate nahiz taldeek, beraien biziraupen eta birprodukziorako egokiago edo desegokiagoak diren inguruneetan (gizarteetan) integratzen dira. Gizarte edo ingurune horietako baldintzek hizkuntza komunitateen barne nahiz kanpo osagaien egoeran eragiten dute. Era berean, hizkuntza komunitateen kanpo nahiz barne osagaien egoerak hizkuntzaren erabileraren aldakortasunean eragiten duela suposatzen dugu. Euskal Herrian, gizarte edo ingurune zehatzetan aurki ditzakegun baldintzek, euskal hizkuntza komunitatearen barne nahiz kanpo osagaien egoera bat edo bestea eragiten dutela iruditzen zaigu eta horiek, era berean, euskararen erabilera maila bat edo bestea. Hona, ikerketaren lan hipotesia:

Gizarte-baldintzak Euskal hizkuntza komunitatearen bizindarra Euskararen erabilera

Bizindar etnolinguistikoa izeneko eredu teorikoaren baitan hizkuntza portaeran eragiten duten faktore guztiak bilduz gero, emaitza neurri bereko euskararen erabilera litzateke: gizarte baldintzak zelakoak, bizindarra nolakoa, erabilera halakoa.

Gorago aipatu dugu hizkuntza hautua ematen deneko eskenatokian aurkitzen diren faktore nahiz elementu baldintzatzaileen azalpena, neurketa eta konparazioa ditugula helburu. Horrela eginez, gaitasuna/erabilera binomioaren bilakaera -konbergentea edo dibergentea- azaldu nahi dugu; hau da, frogatu nahi da herri bakoitzeko euskal hizkuntza komunitatearen kanpo nahiz barne osagaien baldintzetan eta kemenean agertzen diren aldeak gaitasun/erabileraren arteko zuloa -eta tarte horren joera- azaltzeko gai diren ala ez. Ea bizindar etnolinguistikoaren baitan biltzen diren faktoreek herri bateko euskararen erabilera azaltzeko gaitasunik duten ala ez.

Eredu teorikoaren aukeraketa prozesua

Zergati, helburu eta lan-hipotesi hori partzialki ahalik eta modu osoenean erantzun nahian, ikerketa babestu, oinarritu eta koherente bihurtuko zuen eredu teoriko bat aurkitzea beharrezkoa zen. Eredu edo euskarri teorikoak ikerketaren ezaugarrietara egokitu behar zuen; besteak beste, euskal hizkuntza komunitatearen barne nahiz kanpo osagai guztiak barneratu eta horiek ulergarri bihurtzeko modukoa izan behar zuen. Ikerketa “bizindar etnolinguistikoa” (BE) kontzeptuaren atzean dagoen eredu teorikoan oinarritzea egokia izan zitekeela erabaki genuen, eta, beraz, kontzeptu hau eta kontzeptu honen atzean dagoen eredu teorikoa dira ikerketaren euskarri.

Ondorio Nagusiak

Ikerketaren emaitzak zehatz-mehatz beranduago aurkeztuko baditugu ere, hasieran ondorio orokorrak plazaratzea ere egokia iruditu zaigu. Ikerketaren emaitza orokorrak honako grafikoan bildu ditugu:

Itxuraz, neurtu ditugun bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren artean badago nolabaiteko loturaren bat. Bi aldagaiek grafikoan marrazten duten ibilbidea antzekoa da: herri batean bizindar etnolinguistikoak gora eginez gero, euskararen erabilerak ere gora egiten du. Herri guztietan hori gertatzeak gure ikerketaren oinarrian egon den hipotesia neurri batean baieztatzeko nahikoa arrazoi ematen digula deritzogu: “euskal hizkuntz komunitatearen bizindar etnolinguistikoa nolakoa, euskararen erabilera halakoa”.

Dena den, grafikoaz gain, 5. taulan herri bakoitzeko bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren emaitzak laburtu eta euren arteko erlazioa (ratioa) azaltzen dugu. Honela, bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren arteko erlazioan sakontzen saiatu (hipotesiaren baieztapena edo ezeztapena aztertuz) eta erlazio horren intentsitatea zenbatekoa den azaldu nahi genuke.

5. taula: bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabilera
HerriakBizindar etnolinguistikoaren baitako emaitzakBizindar etnolinguistikoaren eta erabileraren arteko ratioaEuskararen erabileraren emaitzak
Arrasate%6222,07%303
Andoain%5341,89%284
Bergara%6711,72%391
Hernani%5631,87%302
Lasarte-Oria%4652,71%175

  • Bizindar etnolinguistikoaren baitan, emaitzarik hoberenak Bergaran (%67) lorturikoak dira. Ondoren Arrasate (%62), Hernani (%56), Andoain (%53) eta Lasarte-Oria (%46) datoz.
  • Euskararen erabilerari dagokionez ere, egoerarik osasuntsuena Bergarakoa (%39) da. Ondoren Hernanikoa (%30), Arrasatekoa (%30), Andoaingoa (%28) eta Lasarte-Oriakoa (%15) datoz.

Datuon arabera, neurtutako bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren ordenak ez datoz guztiz bat, baina bai neurri handian. Hau da, bi aldagai horietan ordena berdina da: lehenengo, laugarren eta bosgarren postuetan herri berdinak daude (Bergara, Andoain eta Lasarte-Oria), baina ez bigarrenean eta hirugarrenean. Bizindarrean bigarren postuan Arrasate eta hirugarrenean Hernani agertzen diren bitartean, euskararen erabileran bigarren postuan Hernani agertzen da eta hirugarrenean Arrasate. Hori da, beraz, daturik deigarriena eta apur bat gure azalpen logika puskatzen duena.

Bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren arteko ratioak ere joera deigarria erakusten du: bizindar etnolinguistiko handieneko herriak –Bergarak- ratiorik txikiena du (1,72) eta bizindar etnolinguistiko kaskarrena adierazten duenak –Lasarte-Oriak- ratiorik altuena (2,71). Gainontzeko herriak ere logika horren baitan ondo sartzen dira, Arrasate izan ezik.

Aurreko emaitza horiei guztiei erreparatuz gero, baliteke Arrasateko bizindar etnolinguistiko eta Arrasateko euskararen erabileraren arteko erlazioa berezia izatea. Izan ere, gainerako herrietako emaitzak gure azalpen logika horren baitan ongi kokatzen dira. Gure hipotesian hainbat ñabardura egin behar dira, beraz. Ñabardura horiek garatuko ditugu ondoren.

Dimentsioz dimentsio aztertuta, bizindar etnolinguistiko eta euskararen erabileraren arteko ratioetan, alde aipagarriak daude:

6. taula: bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabilera
HerriakDimentsio demografikoaKontrol eta sostengu instituzionalaEraikitako estatusaBizindar etno-
linguistiko subjektiboa
Bizindar etnolin-
guistikoa
Arrasate2,142,321,821,652,07
Andoain 2,23 1,711,821,511,89
Bergara1,931,411,59 1,631,72
Hernani2,10 1,741,821,381,87
Lasarte-Oria3,543,473,071,472,71

Taula honetako datuen arabera, kasurik aipagarrienak bi dira:

a) kontrol eta sostengu instituzionaleko Arrasateko ratioaren balore handia.

b) Bizindar etnolinguistiko subjektiboa, non dimentsio gehienetan egoera hoberenean dagoen udalerriak -Bergarak, hain zuzen-; ratiorik handienetakoa adierazten duen, eta egoera eskasenean dagoenak -Lasarte-Oriak- txikiena.

Gure azalpen logikari men eginez, Arrasaten ondokoa gertatu beharko luke logika horretan ongi txertatzeko: edo bizindar etnolinguistikoan lorturiko puntu kopuruak baxuagoa izan beharko luke, Hernanik lorturiko portzentajearen antzekoa, edo euskararen erabileran lorturiko emaitzek altuagoak izan beharko lukete. Bizindar etnolinguistikoan Arrasatek lorturiko puntu portzentaje altua (altuegia gure azalpen logikan behar bezala txertatzeko) kontrol eta sostengu instituzionalean lorturiko puntu portzentaje handiaren ondorio litzateke. Zehatzago oraindik, kontrol instituzional formal pribatuan lorturiko puntu portzentaje altuak, kontrol eta sostengu instituzionalaren dimentsioan beste herriekiko puntu portzentaje altuagoa lortzea suposatzen du eta honek, era berean, bizindar etnolinguistikoan puntu portzentaje altu hori lortzea.

Ezin dugu ahaztu, hala ere, bizindar etnolinguistikoaz eratu dugun neurgailuak une jakin bateko informazioa baino ez digula eskaintzen, lekuan lekuko aurrebaldintzak eta azken hamarkadatako joera harrapaezinak bihurtuz. Jasotako datuen arabera, baliteke Arrasatek duela urte gutxi arte zuen egoera lehia estuan duen Hernanikoa baino kaskarragoa izatea, adibidez, baina Arrasateko euskal hizkuntza komunitatearen kontrol eta sostengu instituzional kementsuaren poderioz, egoera horrek nahiz erabilerak urte gutxitan jauzi handia eman izana (Hernanin baino handiagoa, adibidez).

Azalpen horren arabera, 1-4 tauletan ikusi ahal izan dugun bezala, 1981ean euskarazko gaitasuna apalagoa zen Arrasaten (%39) Hernanin (%40,2) baino; eta beste horrenbeste gertatzen zen erabilerarekin: Arrasatekoa %19,3koa zen eta Hernanikoa %21,3koa. Baina 1981etik 1996ra bitartean, Arrasateko euskara gaitasunak eta erabilerak gehiago egin dute gorantz Hernanikoak baino, bi maila edo dimentsio horietan Arrasatek Hernaniri aurrea hartuz. Hau da, Arrasatek adierazten duen bizindar etnolinguistiko handiagoak euskararen erabileran aurrerapauso handiagoa ematea bultzatu duen arren, duela urte batzuetako egoera kaskarraren inertziak eragin handia du oraindik egungo erabileran. Horregatik, Arrasateko bizindarraren arabera dagokion erabilerak, teorikoki, egun duena baino handiagoa beharko luke izan. Une honetan eta ikerlan honen baitan, baina, ez dago balizko berezitasun horiek argitzerik, denbora-tarte luzean neurgailu bera aplikatzen ez den bitartean.

Beste pauso bat emanez, Bergara eta Lasarte-Oriako bizindar etnolinguistiko subjektiboaren inguruko berezitasunak azaltzea ez da erraza: batetik, bizindar objektibo altuena duen herrian, Bergaran, herritarren bizindar subjektiboak (euskararekiko interes, nahi eta usteek) euskararen erabilerarekiko ratiorik handienetakoa du eta, bestetik, Lasarte-Oriak bizindar etnolinguistiko objektibo ahulenarekin batera bizindar subjektiboaren eta euskararen erabileraren arteko ratiorik txikiena erakusten du. Baliteke, azalpen bila, eratutako neurgailuaren baitako dimentsioen pisu-esleipenari jo beharra egotea, edo ikuspuntu teorikoago bati eustea: herriz herriko bizindar objektibo ezberdinen gainetik aztertutako bost udalerrietako herritarrek euskararekiko pertzepzioa eta balorapena (bizindar subjektiboa) antzekoagoak izatea. Nork daki.

Ondorioz, 5. eta 6. taulek eskaintzen diguten informazioa ikusita, eta salbuespenak salbuespen, gure azalpen logika honako bi esaldi hauetan laburtu daiteke:

  1. Bizindar etnolinguistiko gero eta handiagoa orduan eta euskararen erabilera altuagoa. Bizindarra nolakoa, erabilera halakoa.
  2. Bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren arteko erlazioa ez da herri guztietan intentsitate berekoa. Bizindar etnolinguistikoa baxua denean, euskararen erabilerarekiko duen distantzia handiagoa da; aldiz, bizindar etnolinguistikoa altua denean, euskararen erabilerarekiko distantzia estuagoa da. Beste modu batera esanda, bizindar etnolinguistikoa baxua denean, euskararen erabilerarekiko lotura zehazten duen ratioa handiagoa da. Eta bizindar etnolinguistiko gero eta altuagoa izan, euskararen erabilerarekiko loturaren intentsitatea adierazten duten ratioa gero eta txikiagoa da. Edo, bestela esanda, bizindarra neurri batean sendotzen denean, erabilera are nabarmenago igotzen da.

Bukatzeko esan, emaitzei erreparatuta, eta saio esperimental guztiei dagozkien mugak onartuta, euskararen osasuna (erabilera) eta hizkuntza horren oinarrian dauden hiztun komunitatearen bizindar etnolinguistikoa harremanetan jartzeko asmoz eraiki dugun eredua baliagarria dela deritzogula.


(IBON USARRALDE LASARTE soziologian lizentziatua da eta IÑAKI MARTINEZ DE LUNA PEREZ DE ARRIBA soziologian doktorea.)

Oin-oharrak

(1) Gaitasunari dagozkion datuak Eusko Jaurlaritza (2000). Erabilerari dagozkionak (Altuna 1998).

(2) BUH: gaitasuna eta ahozko kale erabileraren Batez besteko Urteroko Hazkundea.

(3) BUH: gaitasuna eta ahozko kale erabileraren Batez besteko Urteroko Hazkundea.

Inprimatu


Erantzun

 
Liburua eskuratzeko
2004-10-28 / 07:12 / Larraitz Garmendia

Liburua ohiko liburu dendetan izango da salgai. Eskaera Soziolinguistika Klusterraren bulegora eginez gero ere, liburua eskuratu ahal izango da (kluster@sortu.org ePosta helbidean edo 943592556).

 
«Euskara, luzera, hiltzera kondenatuta dago»
2004-10-28 / 08:45 / erabili.com

Gaur (2004-10-28) Berria egunkariak Ibon Usarralde bizindar etnolinguistikoaren inguruko ikerketa egileari eginiko elkarrizketa argitaratu du:

«Euskara, luzera, hiltzera kondenatuta dago»

Ibon Usarraldek euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoa aztertu berri du Iñaki Martinez de Lunarekin batera; urrats sendoa izanagatik, lehena besterik ez dela argitu du

Ibon Usarralde (Andoain, 1978) Soziologian lizentziatua da, soziolinguistika alorrean. 2002az geroztik EMUN kooperatiba enpresan ari da lanean, hizkuntza normalizazio teknikari gisa. Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) lagun hartuta, Euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoa: Andoaingo, Arrasateko, Bergarako, Hernaniko eta Lasarte-Oriako udalerriak ikerketa lana egin du. Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako lehenengo lana da.

Hausnarketa, kezka edo ezinegona izan zen ikerketaren abiapuntua.

Hizkuntza baten osasunaren adierazlerik garbiena, azken batean, erabiltzea da. Ezagutza, motibazioa, egitura... Denak erabilerara bideratuta daude. Giltzarria erabilera dela kontuan hartuta, horri zerk eragiten dion jakitea komeni zaigu. Faktore horiek identifikatu nahian hasi ginen ikerketa hau egiten.

Euskara maila eta erabilera neurtzeko zein arlo hartu dituzue kontuan?

Hasteko eredu teoriko bat behar genuen, honi guztiari koherentzia emango zion eredu bat; bizindarrarena. Teoria horretatik abiatuta, eta errealitatetik zuzenean bizindar etnolinguistikoaren berri jasotzerik ez dugunez, teoriatik errealitatera dagoen jauzia esplikatzeko moldaketa batzuk egin genituen. Horrez gain, baina, kanpoan sortutako eredu teoriko bat genuenez, hori egokitu beharra geneukan.

Azterketa lanean hasi eta euskal hizkuntza komunitatea definitzeko arazoren bat edo beste izan duzue.

Kontzeptua definitzeko garaian arazoak izan genituen baina, era berean,definizio bat eman behar genuela garbi geneukan. Gu euskal hizkuntza komunitateko kidetzat euskara ezagutu, erabili eta atxikimendu bat sentitzen dutenak hartzearen aldekoak ginen. Noski, horrek ikerketa honen aurretik beste bat egitea eskatzen zuen. Egoera aztertuta, hizkuntza komunitateko kidetzat euskaraz ondo hitz egiten zutenak hartzea erabaki genuen.

Nagusiki bat aipatuko nuke: euskara gizarte baldintzak egokienak diren tokietan erabiltzen da gehien, eta eskasenetan gutxien. Euskal komunitateak euskara erabil dezan, aldeko gizarte baldintzak bilatu behar ditugu. Nagusiki bat aipatuko nuke: euskara gizarte baldintzak egokienak diren tokietan erabiltzen da gehien, eta eskasenetan gutxien. Euskal komunitateak euskara erabil dezan, aldeko gizarte baldintzak bilatu behar ditugu. Nagusiki bat aipatuko nuke: euskara gizarte baldintzak egokienak diren tokietan erabiltzen da gehien, eta eskasenetan gutxien. Euskal komunitateak euskara erabil dezan, aldeko gizarte baldintzak bilatu behar ditugu. Nagusiki bat aipatuko nuke: euskara gizarte baldintzak egokienak diren tokietan erabiltzen da gehien, eta eskasenetan gutxien. Euskal komunitateak euskara erabil dezan, aldeko gizarte baldintzak bilatu behar ditugu. Nagusiki bat aipatuko nuke: euskara gizarte baldintzak egokienak diren tokietan erabiltzen da gehien, eta eskasenetan gutxien. Euskal komunitateak euskara erabil dezan, aldeko gizarte baldintzak bilatu behar ditugu. Nagusiki bat aipatuko nuke: euskara gizarte baldintzak egokienak diren tokietan erabiltzen da gehien, eta eskasenetan gutxien. Euskal komunitateak euskara erabil dezan, aldeko gizarte baldintzak bilatu behar ditugu.

Azterketaren arabera, euskaraz hitz egiteko gaitasuna eskuratzen dutenen kopurua eta euskaraz hitz egiten dutenena hazten ari da. Hori ona da.

Bai. Printzipioz euskaldunen kantitatea gora doa. Eztabaidagarria litzateke, kalitatea kontuan hartuta, euskaldunen kopurua gora doan edo ez. Matrikula ereduak aztertuta, badirudi nolabait ziurtatuta dagoela belaunaldi berriek euskaraz hitz egiteko izango duten gaitasuna. Beste kontu bat da nola eta zenbateraino hitz egiteko gai izango diren. Gaitasuna abiadura batean ari da areagotzen, eta erabilera beste batean. Gerta daiteke mundu guztiak jakitea, baina gero ez bada erabiltzen, zertarako jakin?

Erdaren aldeko erakarpen faktoreak askoz indartsuagoak direla diozue, euskararen aldekoak baino.

Gizarte baldintzaren arabera hizkuntza komunitateek modu bateko edo besteko osasuna izango dute; erabilera ere horren araberakoa izango da. Argi dago Euskal Herrian, behintzat, gizarte baldintzak askoz ere erosoagoak direla erdarak erabiltzeko, euskarara jotzeko baino. Kontua da horri buelta eman eta, gizarte baldintza egokiak sortu behar ditugula hizkuntza komunitatea birsortzeko.

Maila eta esparru guztietan erabiltzen ez den hizkuntza, gaixorik dagoen hizkuntza komunitate baten seinale dela diozue. Hori da euskararen kasua?

Hizkuntza komunitatearen osasuna, azken batean, gure osasunaren parekoa da. Esparru eta maila guztietan erabiltzen ez den hizkuntzak katarroa edukiko du, ziurrenik, baina katarroa ez bada sendatzen, kroniko bihurtzeko arriskua dago. Euskarak nolabaiteko gaixotasuna badu. Ez da, agian, epe motzean hilko duen gaixotasuna, baina epe luzera desagertzera kondenatuta dago.

Ikerketa amaituta, bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren artean harremana badago?

Gure hipotesia zen sintonia bat bazegoela. Nolako bizindarra, halako erabilera. Ikerketarekin ikusi ahal izan dugu nolabaiteko sintonia mantentzen dela. Bizindarraren eta erabileraren arteko harremana estutu egiten da bizindarra altuagoa den neurrian.

Zertaz ari gara bizindar etnolinguistikoaz hitz egitean?

Azken finean, bizindar etnolinguistikoa kontzeptua erabiliz euskal hizkuntza komunitatearen osasuna neurtzen ari gara.

Ikerketak argitu al ditu zalantzak?

Genuen kezkari, neurri batean, erantzun diogu. Egindako ahalegina txukuna izan da, baina ibilbide luze baten hasierako pausua besterik ez da. Erabileran eragiten duten faktore gehiago identifikatzeko, bakoitzaren garrantzia zehazteko eta horiek neurtzen jarraitzeko gogotsu gaude, horrela egoerari buelta emateko ekimen egokiagoak landu ditzakegula uste baitugu.

Ikerketarena lehen pausua da. Hurrengo urratsak zein izango dira?

Oraindik ez dugu pentsatu honekin zer egin. Beste udalen batek halako eskari bat egingo balu ez dugu hausnartu horren inguruan zer egin dezakegun edo zer egin nahi dugun. Lehenengo pausua da eta modu batera edo bestera lantzen jarraituko dugu.

Zer ondorio atera duzue egindako azterketatik?

Nagusiki bat aipatuko nuke: euskara gizarte baldintzak egokienak diren tokietan erabiltzen da gehien, eta eskasenetan gutxien. Euskal komunitateak euskara erabil dezan, aldeko gizarte baldintzak bilatu behar ditugu.

 
Hainbat galdera
2004-10-29 / 10:01 / Amaia Zinkunegi

Ondo ulertu badut, bizindar etnolinguistikoa hizkuntzaren osasuna dela esan duzu. Nola neurtzen da hori? Zeintzuk dira bizindar etnolinguistikoaren baitan biltzen diren faktoreak? Eta hizkuntza komunitatearen kanpo nahiz barne osagaiak? Gizarte baldintzak aldatu behar dira euskara luzera hil ez dadin. Ba al dakigu zein baldintza diren horiek? Eskerrik asko erantzunengatik.

(AMAIA ZINKUNEGI Debako Udalaren euskara teknikaria da)

 
Motzean
2004-11-02 / 10:16 / Ibon Usarralde Lasarte

Kaixo Amaia:

Luzea litzateke zure galderei behar bezala erantzutea. Labur-labur hemen duzu erantzuna:

Bizindarraren bidez, euskal hizkuntza komunitatearen osasuna neurtu nahi izan dugu.

Gizarte baldintza batzuek, euskal hizkuntza komunitatearen bizindarra eragiten dute eta bizindar horrek erabilera bat. Hori da gure oinarrizko hausnarketa. Hausnarketa horri erantzuteko, lehenik, adierazleak aukeratu genituen. Ondoren, adierazle bakoitzaren garrantzia zehaztu genuen (ponderazioa). Eta azkenik, adierazle multzoa datuz elikatu genuen.

Zure jakin mina asetzeko bi bide proposatzen dizkizut: liburuan kontsultatzea edo Soziolingustika Klusterraren web gunean laster argitaratuko dugun tresna kontsultatzea.

Bi bide horietakoren baten bidez, adierazleei, adierazle bakoitzaren garrantziari eta neurketari buruzko informazioa jaso ondoren zalantzarik izanez gero, jar zaitez berriro gurekin harremanetan eta gustura jarraituko dugu solasaldi hau.

Agur bero bat,

(IBON USARRALDE LASARTE)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus