Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Gaur gazteak 'matraka' sortzen hasiko dira

Gaur gazteak 'matraka' sortzen hasiko dira

2004-10-20 / 07:09 / Estitxu Elduaien Uranga   KULTURA

Gaur, 2004ko urriak 20, argitaratuko da estrainekoz gazteek gazteentzako egindako aldizkari berria: Matraka. Astero 16 orrialdetan Euskal Herriko eta kanpoko errealitatearen berri emango du Matrakak euskaraz.

Zer da matraka

Zer da matraka

Matraka Berria egunkariaren ekimenez sortu den gazte astekari bat da, baina gazte astekari bat baino dezente gehiago ere bai. Matraka lana egiteko modu bat da, lan talde bat da: lan informatiboa egingo duen talde bat, informazioa sortuko duen taldea. Matrakakideok egingo dugu Matraka. Gustuko gaiak, kezkak, zalantzak, kritikak, iritziak eta beste azalduko ditugu; musikaz arituko gara, zinemaz, sexualitateaz, hezkuntzaz… gure gaiez. Astero-astero, Euskal Herriko eta kanpoko errealitateari begiratua emango diogu.

Matrakak 16 orrialde izango ditu, guztiak koloreetan. Asteazkenero Berriarekin banatuko da (25.000 ale), eta ostegunero, eskura eta doan, unibertsitateetan eta lanbide heziketako hainbat ikastetxetan (30.000 ale). Guztira 55.000 ale banatuko dira.

Zergatik Matraka?

Gazteei beren gustuko eta intereseko informazioa emateaz gain, gazteak egunkaria irakurtzera ohitzea ere izango du helburu Matrakak. Jakina da gazteak ez datozela egunkaria irakurri zale, eta jabetu behar dugu, orain lan egiten ez bada, gerora zaila izango dela gazteok erakartzea; hori lantzeko eta euskarazko egunkarira ‘ohituz’ joateko sortu da gazteentzako argitalpen berria.

Mundu osoko joera dugu gazteak ez direla egunkarizale. Horrela ari da gertatzen, adituek diotenez, AEBetan, eta horrek eraman ditu hango izar batzuek, Washington Post famatua tartean, gazteentzako egunkari doako bat sortzera, ez hiriburu horretako, Washingtongo, auzo marginaletako gazte ezeskolatuak erakartzeko, baizik eta unibertsitatera doazen gazteak egunerokoa irakurtzen zaletzeko. Pentsa beraz, Washington Post, Chicago Tribune eta Los Angeles Times kezkatuta badaude gazteen jokabide horrekin nola egon beharko genukeen gurean.

Euskal Herriko gazteen artean gero eta gehiago dira euskaraz ikasten dutenak, eta, beraz, gero eta txikiagoa da belaunaldi helduagoek euskara idatziarekin izan zezaketen zailtasuna; ondorioz, euskarazko argitalpenen kontsumoak ere gora egin beharko luke belaunaldi berriekin batera. Bada, ez da hala gertatzen. Jakina den bezala, euskal kultur produktuen kontsumoak ez du gora egin azken urteetan, eta liburu eta musikaren kontsumoak, gainera behera egin du. Arestian esan dugun bezala, mundu osoko joera dugu gazteak ez direla egunkarizale, baina Euskal Herrian, horrekin batera, euskaraz ikasi duen eta bizitzeko aukera duen eta prentsa irakurtzen duen gazteak ere maiz jotzen du erdarazkoa hartzera. Beraz, belaunaldi berriek berez dakartzaten aldaketekin batera, bere hartan jarraitzen du euskararen egoera normalizatugabe eta diglosikoak beti izan duen arazoak ere; gazte euskaldunak ere erdaraz bizi direla, alegia.

Gazteen kontsumo eza oso larria da prentsaren sektorearenztat baina larriago euskarazkoarentzat, belaunaldi gazte horiengan baitauzkagu jarrita esperantzak. Gazteen joera honek erakusten du orain arte errelebo naturala zena, bereziki landu behar ez zena, bukatu egin dela. Eta horrek eskatuko digu joera hori zuzentzeko ahalegin ekonomikoak egitea eta produktuak pentsatzeko orduan aldaki hori kontutan hartzea.

Matrakakideok egingo dugu Matraka. Dagoeneko 30 talde baino gehiago eratu dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Baina partehartze guztietara zabalik dago Matraka: gazte orok, nahi izanez gero, Matraka egin dezake. Zinema komentarioak nahi ditugu, musika taldeen gaineko iritziak, galderak elkarrizketak egiteko, ideiak … Guztion parte hartzea ezinbestekoa izango da Matraka gazte, fresko, parte-hartzaile, iritzi bilgune eta mezu emaile izan dadin.

Gazteen eskutik

Matraka-k badu gainerako gazte aldizkarietatik bereizten duen zerbait: gazteek berek beren ikuspuntutik idatzi ahal izango dute gustukoak dituzten gaiei buruz. Horretarako, matrakakide sarea Matraka astekarian idatziko duen kolaboratzaileak osatu da. Oraingoz, Euskal Herri guztiko 30 matrakakide inguru daude, baina apurka sarea zabalduz joatea da asmoa. Izan ere, nahi duen edozein gaztek nahi duenaz idazteko aukera izango du Matraka-n.

Nafarroako Unibertsitatean bost dira matrakakideak. Marta San Sebastian Kazetaritza ikaslea da horietako bat. Oraingoz, zinema atalaren ardura hartu du, baina bestelako gaiez ere idazteko prest azaldu da. «Tarteka, gai orokorren bat lantzeko asmoa daukat. Adibidez, Bide Ertzean taldekoei elkarrizketa egin diet. Gero, Iruńeko beste matrakakide batzuek hiesari buruz idatzi dute», agertu du. Beste arlo batzuei buruz idatziko badute ere, zinema izango da Iruńeko lan taldearen ardatza. «Astero, lau filmi buruz idatziko dugu. Bost garenez, aste bakoitzean gutako batek atseden hartu ahal izango du».

Mondragon Unibertsitateko ikasleek teknologia berrien atalaren ardura hartu dute. Oraingoz, Xabi Perez Informatika ikaslea eta beste ikaskide bi dira Mondragon Unibertsitateko matrakakideak, baina, denborarekin, gehiago izango direla uste du Perezek. Internetekin, play-station jolasekin eta teknologia berriekin zerikusia duten bestelako gaiak jorratuko dituztela agertu du. Gainera, agerian utzi du gogo biziz eta ideia askorekin daudela: «Lehenengo alerako, Moldavia herri birtualari buruzko erreportaia prestatu dugu. Hirugarren alerako, AEBetako hauteskundeetara aurkeztuko den Potus izeneko hamsterrari buruzko zerbait prestatzen ari gara...».

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campuseko ikasleek hartu dute musika atala lantzeko ardura, eta Lander Arbelaitz Kazetaritzako ikasleak azpimarratu duenez, edozein proposameni eta kolaboraziori baiezkoa emateko prest daude, horixe baita Matraka astekariaren filosofia. Leioako campusean hamar matrakakide daude oraingoz, eta Arbelaitzek azaldu duenez, lan taldean egingo dute lan, asteroko edukiak erabakitzeko. «CD berriei buruz ditugun iritziak, talde zaharrei buruzko erreportaiak Ramones taldearena aipatu du, elkarrizketak eta bestelakoak egingo ditugu», aurreratu du. Baina musikaz gainera, bestelako lanak egiteko asmoa dute Leioako campuseko matrakakideek. «Erasmuseko ikasleei elkarrizketak egingo dizkiegu, adibidez. Gure inguruan ibiltzen direnez eta ezagutzen ditugunez, guretzat errazagoa da horrelako gaiez idaztea», azpimarratu du.

Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Giza Zientziak eta Komunikazioko lau ikaslek ere osatu dute matrakakide taldea. Hezkuntza alorreko gaien ardura hartu dute, eta beren lana ahalik eta eraginkorrena izateko, Euskal Herriko ikasleen laguntza eskatu du Amaia Mendizabalek: «Ikasleen proposamenak entzuteko prest gaude. Eta ez kexak bakarrik. Gustuko zerbait ikusten badute, esateko beldurrik gabe».

Iparraldean ere osatua dago matrakakide sarea. Horien artean da Miren Artetxe. EHUko Euskal Filologia ikaslea da Gasteizko campusean, eta zutabe bat idazteko ardura hartu du. «Nire inguruan ikusten ditudan gaiez idatziko dut: etxekideren batek esaten didana, gazteen egoera, Iparraldean gertatzen ari den zerbait...».

Matrakakideak dira gazteentzako astekari berriaren nondik norakoak ondoena ezagutzen dituztenak, baina, agertu dutenez, inguruan dituzten gazteak Matraka ikusteko irrikaz daude.

Amaraunean ere bai

Baina ohiko paperezko edizioaz gainera, edizio elektronikoa ere izango du gazteentzako Matraka astekariak: www.matraka.info Paperezko edizioaren edukiak biltzeaz gainera, edizio elektronikoak izaera propioa izango du. Izan ere, www.matraka.info web orria paperezko edizioa egiteko bitartekoa izango da. Bertan, paperezkoan jorratu nahi dituzten gaiak proposatu ahal izango dituzte irakurleek, hurrengo elkarrizketatuarentzako galderak bidali, musika taldeei eta filmei buruzko iritziak eman eta abar

(ESTITXU ELDUAIEN URANGA Matraka aldizkariaren arduraduna da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus