Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Lagunarteko gazte-hizkerarekin jolasean

Jaime Altuna Ramirez - Urtxintxa / Kultura / 2004-06-21 / 07:50


Azken urteetan, euskararen normalizazioan lanean ari den jendearentzat, eta, batez ere, gazteekin lan egiten dutenen artean, egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala lantzeko beharra nabarmen ikusten da.



Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean programarekin gai horretan eragin nahi dugu. Hau da, gazteek hizkuntzarekin jolastea bilatzen dugu, euskararekin ondo pasatzea. Beraiek erabiltzen dituzten esamoldeetatik eta guk proposatutako berrietatik abiatzen gara ligatzeko, haserretzeko eta adar jotzeko gaietan euskarak behar duen tartea berreskuratzera animatzeko.

Gazte hizkera informala erdaraz

Euskara gehien erabiltzen den herrietan ere, gazteek erregistro kolokiala erdaratik hartzeko joera dute, nahiz eta euskarak erregistro hori izan eta beraiek esamolde berriak sortzeko gai izan. Hori, noski, askoz nabarmenagoa da euskararen presentzia horren nabarmena ez den lekuetan. Ingurune horietan gazte hizkera informalaren erabilera gaztelaniaz edo frantsesez ematen da.

Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen eta, beraz, ez dute euskara egoera ez-formaletan erabiltzen. Andoaingo (edo Durango, Donostia, Elgoibar, Laudio, Altsasu...) hamabost urteko neska edo mutil kuadrila batentzat, nahiz eta ikasketak euskaraz egin eta guraso euskaldunak izan, adin tarte horretan hainbestetan ematen diren haserretze egoeratan hizkuntza nagusiena gaztelania izango da: “De qué vas pringau?”, edo zerbait gustukoa dutela adierazteko “Qué guay!” edo “mola!” moduko esaldiak hitzetik hortzera erabiliko dituzte.

Bestalde, erregistro kolokial hori baitaratzeko, ingurune hurbila eta familia izan daitezke esparrurik garrantzitsuenak. Andoaingo gazte horietako batzuk gurasoengandik honelako hitz goxoak jasoko dituzte: “kuttuna”, “laztana”, “poxpolina”... baina, kontuan hartzen badugu, hainbat gazteren ingurunea nahiko erdalduna dela eta gehiengo baten kasuan gaztelaniak indar handiagoa duela, transmisio horrek huts egiten du neurri handi batean. Beraz, beste hainbat gaztek “cariño” edo “preciosa” esaerak errazago erabiliko du.

Komunikabideak izan daitezke erregistro kolokiala zabaltzeko eta indartzeko beste bide bat, baina oraingoz oso tresna gutxi dauzkagu euskaraz, Euskal Herri osoan ikus daitekeen telebista kate bakarra eta irrati gutxi batzuk. Aurreko adibidearekin jarraituz, Goenkaleko aktoreek “purrutxo” eta “kurrintxo” hitz goxoak erabiltzea eraginkorra izango da. Hala ere, oraindik gai hau gehiegi garatu ez denez, askotan, gaztelanian (komunikabide nagusienak Hegoaldean kokatzen baitira) oinarritzen diren esamoldeak zabaltzea lortzen da euskarazko komunikabide horietatik.

Azkenik, eskolak eta aisialdiko jarduerak dauzkagu transmisioa lantzeko. Aisialdiko jarduerak (kirola, aisialdi taldeetako jarduerak, gazte ekipamenduak...) oso interesgarriak izan daitezke gai hau lantzeko. Izan ere, gehienak egoera informaletan oinarritzen diren jarduerak dira. Hala ere, baliabide gutxi dituzten arloak izanik, nahiko motel joan daitekeen prozesua izan daiteke.

Eskolari dagokionez, ez dago zalantzarik euskararen transmisioan sekulako garrantzia duela. Gazte askok euskararekin duten lotura ia bakarra eskola da. Gainera, ikastetxean bertan, erregistro kolokiala erabiltzeko egoera informal asko aurki daitezke: atseden orduak, txangoak, eskolara sartu eta ateratzeko garaia.... Horiek oso gune egokiak izan daitezke euskarazko erregistro informalak erabiltzeko, baina gazteek ez dituzte bereganatu erregistro horiek, eta, beraz, ezinezkoa da erabiltzea.

Egoera aldatzeko egitasmoak

Gai honi heldu nahian, hainbat lan eta egitasmo abiarazi dira azken urteetan: Ikastolen Elkarteak Ahozkotasunari buruz egindakoa, Kike Amonarrizek, Asisko Urmenetak eta Antton Olariagak eskainitako hitzaldi eta argitalpenak (Mantxut, Frexkue...) eta Bertsozale Elkarteak (Andoni Egañak eta Joxerra Gartziak) egindako lanak, besteak beste.

Lan horietaz gain, Urtxintxa Eskolak eta Ttakun Elkarteak haur eta gazte aisialdian dugun esperientzian oinarrituz, Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean programa garatzen dugu. Lagunarteko hizkera kolokiala erabiltzera animatzea da egitasmo honen azken helburua, eta horretarako aurretik aztertu ditugun azken bi arloetan eragin nahi dugu:

Nola sortu zen Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean programa?

Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean (LHJ) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzuak sortutako programa bat da. Egitasmo hau Ttakun Kultur Elkarteak eta Urtxintxa Eskolak elkarlanean garatzen dute. Urtxintxa Eskolak 17 urte daramatza aisialdiko eta hezkuntzako formazio eta interbentzio egitasmoetan lanean. Ttakun Kultur Elkartea Lasarte-Orian euskararen erabilera bultzatzeko asmoz sorturiko elkartea da, eta sortu zenetik aisialdiko egitasmoak garatu ditu.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzutik egitasmo hau sortzeko ideia eskaini zenean, Urtxintxak eta Ttakunek elkarlanean aritzeko aukera ikusi zuten, egitasmoaren helburuek bi elkarteenekin bat egiten dutelako, eta bi elkarteen arteko harremana ezin hobea delako.

Programa hau 2001. urtean DBHko lau ikastetxetan jarri zen martxan: Alaitz Institutuan, Lekarotzeko Institutuan, Biurdanako Institutuan eta Lizarrako Ikastolan. Emaitzen ondorioz 2002. urtean programa Nafarroako beste ikastetxeetara zabaltzea erabaki zen, horrela, hiru urte hauetan Nafarroako 14 ikastetxetako 1.200 gaztetxok hartu dute parte.

LHJ egitasmoa sortu eta berehala, Nafarroatik kanpoko hainbat erakundek programaren inguruko interesa azaldu zuten. Horren ondorioz, 2003. urtean LHJ programa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait tokitara iritsi zen.

Helburua: egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabili

Programaren azken helburua hau da: gazteak animatzea euskarazko erregistro kolokiala erabil dezaten. Badakigu gure interbentzioa oso mugatua dela, batez ere, denbora aldetik, horregatik, taldeen ezaugarri soziolinguistikoak kontutan hartuz, azken helbururaino iristea zaila da. Dena den, talde gehienetan tarteko helburu orokorrak betetzen ditugu:

  1. Gai jakin batzuen inguruan esamolde batzuk landu

    Nagusiki adar jotze, ligatze eta haserretze gaiak lantzen dira. Gai horietan beraiek erabiltzen dituzten esamoldeak ikusi eta aukera berri batzuk eskaintzen zaizkie.

  2. Hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela erakutsi

    Programa honen saioetan eta jarduera osagarrietan ondo pasatzea oso garrantzitsua izango da, hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela ikusteko. Horrela, errazagoa izango da aurrerantzean ere landutako esamoldeak erabiltzeaz gain beraiek berriak bilatu eta sortzea.

  3. Erregistro kolokiala erabiliz gustura sentitu

    Euskarazko esamoldeak landu eta ikasteaz gain, erabiltzea eskatuko zaie; era berean, erabiltzen dituzten bitartean ondo sentitzea eta beraientzako gauza atsegina izatea da helburua. Horrek aurrerantzean esamolde horiek erabiltzen jarraitzea erraz dezake.

  4. Egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabili dezaten animatu

    Euskarazko esamolde erakargarriak eskainiz, gazteak esamolde horiek erabiltzen hastea da gure helburua. Horretarako, ezinbestekoa da saioetan gazteak entzule baino partehartzaile zuzenak izatea, eta esamoldeak etengabe erabili behar izatea.

Nola iritsi helburu horietara?

LHJ programa esku-hartze zuzeneko hainbat saio eskaintzeaz gain, baditu jarduera osagarri batzuk: Kuxkuxeroa txata, Txutxu-Muxuka txat gaztea, Hitzontzia liburutxoa.... Beraz, esan genezake bi ekintza mota egiten direla: alde batetik, gaztetxoekin saio batzuk dinamizatzen ditugu, eta ondoren, zenbait jarduera osagarri eskaintzen dizkiegu.

Saio dinamiko eta parte-hartzaileak

Oinarrizko programan esku-hartze zuzena hamar ordukoa da. Bost astez, bi orduko bost saio egiten dira. Saioen metodologia erabat dinamikoa eta partehartzailea da. Lehentasunezkoa da gazteek ondo pasatzea saio hauetan, benetan helburuak lortu nahi badira. Horregatik, azalpenak oso gutxi izaten dira (esamoldeak berak aztertzen direnean soilik ematen dira azalpenak), eta beraien esperientzia eta esamoldeetatik abiatuz, jolas, antzerki eta dinamiken bidez, lortu nahi diren helburuetara iristen ahalegintzen gara.

Hori dela eta, espazioaren antolaketa ere berezia izaten da. Saio gehienetan ikasgela bera erabili ahal izango da (ikastetxeetan eginez gero) mahaiak baztertuta eta biribil batean eseriz. Hala ere, programa hau garatzeko komenigarriagoa ikusten da esku-hartze zuzeneko saioak egiteko ikastetxetik ateratzea. Honela egin dugun tokietan sortzen den giroa egokiagoa izaten da. Adibidez, Azpeitiko ikastetxeekin programa hau garatzeko garaian, bertako Zapotxoko Gaztegunea erabili dugu.

Saioen dinamizatzaileei dagokienez, gazteak dira, aisialdiko programetan esperientzia dute, heziketarekin lotutako formazioa dute, hizkuntza naturaltasunez erabiltzeko aparteko arazorik ez dute, eta gaztetxoen partehartzea errazten eta dinamizatzen trebeak dira.

Beraz, metodologia ez da ikastetxean erabiltzen den ohikoa, aisialdiko jardueretan erabiltzen dena baizik. Azken batean erregistro kolokiala lantzeko giro informalak sortzen ahalegindu behar dugu. Horrela, egoera komunikatibo naturalak sortzen ahaleginduko gara, eta, nahiz eta egitasmo antolatu bat izatean egoera erabat naturalak sortzea ia ezinezkoa izan, egoera horietatik gertu daudenak probokatzea posible da.

Hiru urrats gaiak lantzeko

Nagusiki hiru gai lantzen ditugu: adar jotzea, haserretzea eta ligatzea. Gai horiek lantzeko gidoi berbera erabiltzen dugu:

  1. Dakitena jaso

    Gai horren inguruan erabiltzen dituzten esamoldeen berri ematen diote elkarri gaztetxoek.

  2. Proposamen berriak egin

    Egon daitezkeen beste hainbat esamolde eskaintzen zaizkie, beraiek dakitena osatzeko asmoz.

  3. Erabili eta hizkuntzarekin jolastu

    Esamolde horiek erabiliz eta berriak sortuz hizkuntzarekin jolasean ibiltzen gara.

Hiru puntu horietaz gain, hasiera eta amaierarako dinamika eta ekintza bereziak antolatzen dira: alde batetik, taldeari gaia aurkeztu eta talde giroa lortzeko eta, bestetik, saioari bukaera emateko asmoz, egindakoaren ondorioak atera eta errepasoa egiteko.

Ligatzeari buruzko hizkeraren inguruko saio baten adibidea

Aurreko puntuan aipatu dugun gidoiari jarraituz, hauxe da bi orduz egiten dugun saio baten adibidea:


AriketaAzalpenaAdibideak
Aurkezpena eta girotzeaLigatzearen gaiaren ahozko aurkezpena.

"Maite zaitut" jolasa.
"Maite zaitut" aulki-jolasa da, antzezpen kutsua duena.
1.Dakitena jasoPiropo lehiaketaGaztetxoen proposamenak jaso eta denen artean aztertu ondoren baloratu; ondoren, dinamizatzaileek piropo berriak proposatzen dituzte"Trena izan nahiko nuke zure tunelean sartu ahal izateko", "Egunero jaten dugun ogia baino hobeto zaude"
2. Proposamen berriak egin"Hori gerribuelta!", "Mutil hori etxera eramateko modukoa da", "Hori den mutil trastea!"
3. Erabili eta hizkuntzarekin jolastuHitza lotzearen jolasa.Jolas honekin ligatzearekin lotura duten hitzak edota esaldiak sortzen ditugu, izenak eta izenondoak lotuz.Ilea-disdira: "Zure ile disdiratsuak islatzen nau"
Errepasoa eta ondorioak"Hitzak korriketan" jolasa.Talde-jolas honetan lehiaketa txiki bat antolatzen dugu, aurretik landu duguna gogoratzeko.B: berotuta egon
X: xarmanta
A. ametsetako neska
D: dotorea
G: galanta

Jarduera osagarriak eta saio bereziak

Aurretik aipatu ditugun hamar orduko saioak egin ondoren, gazteei hainbat jarduera osagarri eskaintzen dizkiegu. Eskaintza hori urtez urte handitzen ari da, horrela, 2001. urtean Hitzontzia liburutxoa besterik ez bagenuen ere, 2002. urtean Kuxkuxeroa txata sortu genuen, eta 2003. urtean beste txat bat gehitzeaz gain (Txutxu muxuka txat gaztea) Hitzontzia sarean jarri genuen. 2004an, berriz, beste hainbat jarduera osagarri berri prestatzen ari gara. Ikus ditzagun ekimen horiek banan-banan:

Honetaz gain, bi orduko saio bereziak egiten ditugu. Saio horiek gaztetxoentzako hitzaldi ludikoak dira. Dinamizatzaile batek ligatzeari buruzko teknikak azaltzeko aitzakiarekin zenbait hizkuntza jolas proposatzen dizkie gaztetxoei. Hizkuntzarekin jolastea eta hizkera kolokiala euskaraz erabiliz ondo pasa daitekeela erakustea da helburua.

Nolako erregistroak lantzen dira?

Landu beharreko erregistroak zeintzuk diren eta zein eredu eskaini behar zaien izan daiteke egitasmoaren gairik zailena eta eztabaida gehien sortu ditzakeena. Ahalik eta gauzarik logikoena eta errazena egiteko asmoz, esamoldeen bilketa bat egin zen, albait zerrenda luzeena osatuz. Zerrenda horretatik, hasiera batean, hizkuntza aldetik onartzen zailak direnak soilik kendu ziren: erdarazkoak diren esamoldeak edo erdarakada nabarmenak direnak.

Hortik aurrerako guztiak hizkuntza aldetik egokiak direla-eta, eredu moduan eskaini daitezkeela erabaki da. Hala ere, askotan programa ikastetxeetan lantzen denez eta Ttakun eta Urtxintxa Elkarteen heziketa egitasmoekin oso aurkakoak diren esamolde batzuk topatu ditugunez, bigarren hustuketa batean baloreen aldetik, gure ustez eta malgutasun osoz, oso egokiak ez diren hitzak baztertu dira: sexistak, arrazistak... Saioetan gazteren batek zerrendatik kanpo arrazoi horregatik utzitako hitzen bat proposatzen badu, esaten zaio hizkuntza aldetik egokia dela baina guk eredu moduan ezin dugula eskaini, eta, aukerarik baldin badago, bestelako esamolderen bat proposatzen zaio.

Eskaintzen diren esamolde guztiek ezaugarri hauek bete behar dituzte:

Programaren hainbat datu

ARABAAmurrio
BIZKAIALeioa, Gordexola eta Bilbo
GIPUZKOAAzpeitia, Donostia, Zestoa, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Hernani
NAFARROAIruñea, Garralda, Barañain, Berriozar, Otsagabia, Altsasua eta Burlata

2003. urtean LHJ programa garatu dugun hainbat esparru
EsparruaAdibidea
AntolatzaileaPrograma
UdalekuakNafarroako Euskara Zerbitzuen SareanPasaiako Arrokaundieta aterpetxean gazteentzako udalekuetan gazte hizkera lantzeko ekintzak.
Aisialdiko begiraleen prestakuntzaZestoako UdalaHerriko begiraleei zuzendutako Euskara suspertzeko ikastaroan gazte hizkerari buruzko saioak.
InternetUrtxintxa Eskolawww.aisia.net orrialdean gaztetxoek euskarazko gazte hizkera erabiltzeko txat bereziak:
Gaztetxoentzat saioakGordexolako UdalaHerriko 12-16 urteko gaztetxoei zuzendutako gazte hizkerari buruzko saioak (Kultur Etxean, eskola orduetatik kanpo).
IkastetxeakAzpeitiko UdalaHerriko institutuetako DBH3ko gazteei zuzendutako saioak: antzezpenak, jolasak, talde dinamikak... (Azpeitiko Zapotxoko Gaztegunean, eskola orduetan ).
EuskaltegiakHernaniko aek Alfabetatze taldeko ikasleei hizkera kolokialari buruzko jarduerak: saioak, hitzaldiak...

Eta hemendik aurrera, zer?

Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean programa "gaztea” da, hiru urte besterik ez du, horregatik pixkanaka, egitasmoa osatzen eta handitzen ari gara. Alde batetik, programa bera toki gehiagotara zabaldu nahi dugu eta jarduera osagarriak gehitzen jarraitu nahi dugu: irakasleentzako gida, lehiaketak... Beste aldetik, gazte hizkera kolokialaren gaiaz hausnartzea eta proposamen berriak egitea eta jasotzea gustatuko litzaiguke. Horretarako, udazkenean gazte hizkerari buruzko jardunaldiak antolatuko ditugu, egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertzeko eta gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea ikusteko.

(JAIME ALTUNA RAMIREZ Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean egitasmoaren koordinatzailea da eta Urtxintxa Aisialdi Eskolako kide)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/berriak/1086940689