Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Urola-Kostan euskara lanean jarri nahi dute

Urola-Kostan euskara lanean jarri nahi dute

2004-05-07 / 07:04 / Xabier Urdangarin Lasa   ENPRESA

Lan-munduan sarbidea eman nahi diote euskarari Gipuzkoako Urola-Kosta eskualdean. Helburu horrekin lan-munduan euskara sustatzeko plana onartu dute aurtengo otsailean. Plan honek Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako lantegiak hartzen ditu.

Plana onartu bitarteko bidea 2002. urtearen amaieran hasi zen, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako 10 langiletik gorako lantegi guztietan euskararen egoerari buruzko datu-bilketa egin zenean, hain zuzen.

Hainbat izan ziren datu-bilketatik ondorioztatutakoak:

  • nahiz eta euskararen ezagutzak gora egin erabilerak behera egin duela,
  • euskararen ahozko eta idatzizko erabileraren arteko desoreka nabarmena dela,
  • idatzizko dokumentuak euskaraz egiteko zailtasunak daudela, etab.

Datu-bilketatik jasotako emaitza nagusia aintzat hartuta, alegia, gaur egun bereziki idatzizko erabileran Urola-Kostako lantegietako lan-hizkuntza gaztelania dela ikusita, ezinbestekotzat jo zen eskualdeko enpresa-munduan euskara bultzatzeko ekimenen bat martxan jartzea eta horretarako sektoreko jendearen hitza entzun eta parte-hartzea lortzea.

Horrela, 2003. urtean plana diseinatzeko lan-taldea osatu zen lan-munduko eragileekin: enpresariekin eta sindikatuetako nahiz lanbide-heziketako zentroetako ordezkariekin.

Lan-taldeak hiru bilera egin zituen:

  • Lehenengoan datu-bilketako emaitzen gaineko hausnarketa egin zen eta lan-munduan euskararen alde eta kontra egiten duten faktoreak identifikatu ziren; hau da, lan-munduan euskararen egoeraren gaineko diagnostikoa osatu zen.
  • Bigarren bileran planaren helburuak eta egin beharreko ekintzak/konpromisoak definitu ziren. Hain zuzen diagnostikoan jaso ziren faktore positiboak indartu eta negatiboei aurre egiteko martxan zer jarri zitekeen aztertu zen.
  • Azken bileran aurrekoetan landutakoa abian jartzeko beharrezko baliabide eta egituraren gainean eta plana enpresetan zabaltzeko moduaz hausnartu zen.

Lan-taldeak egindako lanean oinarrituz eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz, 2003. urtearen amaierarako diseinatuta zegoen Urola Kostako Lan-munduan Euskara Sustatzeko Plana.

Planaren ezaugarri eta edukiak

Planaren ezaugarri nagusiak honakoak dira:

  • Udal Elkartea osatzen duten herrietako enpresek, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresek parte hartu ahal izango dute.
  • 6 urteko plangintza da: 2004-2009. Hiru urtetan zehar enpresek hitzarmenak sinatzea da helburua. Hitzarmenak hiru urtekoak izango dira. Beraz, guztira 6 urteko plangintza landuko da.
  • Urtez urte berrikusiko da. Planari jarraipena egingo zaio eta urtez urte beharrezko aldaketak egingo dira.
  • Hitzarmen bidez garatuko da.

Hitzarmenen bidez enpresek gutxieneko konpromiso / eginbehar batzuk hartuko dituzte bere gain euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko eta Udal Elkarteak, eginbehar horiek betetzen laguntzeko, baliabideak jarriko ditu. Enpresa-motaren arabera hitzarmen-mota desberdinak egongo dira aukeran:

  • A hitzarmena: 10-50 langile artean duten produkzio- edo zerbitzu-enpresentzat.
  • B hitzarmena: 50 langiletik gorako enpresentzat.

Hitzarmenak zehazteko lan-taldeak landutako ekintza edo konpromiso-zerrenda hartu da oinarri gisa, enpresetan euskararen normalizazioa lortzeko eragin beharrekoak jotzen diren ardatzetan: irudi korporatiboa eta hizkuntza-paisaia, barne-harremanak, kanpo-harremanak eta giza baliabideak / trebakuntzan.

IRUDI KORPORATIBOA ETA HIZKUNTZA PAISAIABARNE-HARREMANAK
Barne- eta kanpo-errotuluak euskaraz jarri.

Irudi Korporatiboarekin lotura duten euskarriak euskaraz ere jarri (papeleria, gutunazalak, zigiluak, bisita-txartelak,..).

Publizitatea euskaraz ere egin (katalogoa, triptikoa, iragarkiak,).

Enpresako web orrian harrera euskaraz ere jarri.
Barne-inprimakiak euskaraz ere jarri (dieta-orria, baimen-orria,).

Euskararen erabilera areagotzeko motibazio eta sentsibilizazio-kanpainak martxan jarri.

Megafoniako mezuak euskaraz ere esan.
KANPO-HARREMANAKGIZA BALIABIDEAK ETA TREBAKUNTZA
Erakunde publikoekiko harremanetan erabiltzen den dokumentazio laburra euskaraz jarri edo bete.

Bezero eta hornitzaileekin erabiltzen den dokumentazioan euskara txertatu.

Harreragile euskaldunen kasuan:
  • Harrera euskaraz egiteko trebatu.
  • Euskaldunak direla identifikatu.
  • Lehen hitza euskaraz.
Langileen euskalduntze- eta trebakuntza-beharrak identifikatu.

Langileak euskaldundu eta trebatzeko ikastaroak antolatu.

Hitzarmen-mota bietan, 10-50 langile dituzten enpresentzako hitzarmenean (A) eta 50 langiletik gorako enpresentzako hitzarmenean (B), sinatuko dituzten gutxieneko konpromisoak berdinak izango dira.

Nolanahi ere, A motako hitzarmena sinatuko duten enpresei edo B motako hitzarmena sinatuko dutenei konpromiso horiek garatzeko Udal Elkarteak emango dizkien laguntzak desberdinak izango dira. Horrela:

  • A motako hitzarmenetan, 10-50 langile dituzten enpresen kasuan:
    • Euskarak enpresan duen egoeraren diagnostikoa, aholkularitza batek bideratuta,
    • Egoera hobetzeko / konpromisoak betetzeko lan-planaren diseinua,
    • Plana garatzeko aholkularitza,
    • Eusko Jaurlaritza eta beste erakunde batzuk ematen dituzten diru-laguntzen kudeaketa,
    • Itzulpen-zerbitzua (mugatua)
    • Eta euskalduntzerako diru-laguntzak emango ditu Udal Elkarteak.
  • B motako hitzarmenetan, 50 langiletik gora duten enpresen kasuan:
    • Euskarak enpresan duen egoeraren diagnostikoa, aholkularitza batek bideratua,
    • Egoera hobetzeko / konpromisoak betetzeko lan-planaren diseinua,
    • Plana garatzeko diru-laguntza. Laguntza hauek urtez urte jaistea da asmoa, enpresak beraiek euskararen gestioa bere egiten joan daitezen.

Hemendik aurrera

Orain, beraz, plana martxan jartzeko garaia da. Aldi honetan bi urrats edo fase bereizi ditugu:


ABIATZE-URRATSA (2004ko urtarrila-uztaila)

Planaren lehenengo urratsak emango dira:

  • informazioa zabaltzea eskualde- eta enpresa-mailan; komunikazio-plana bideratzea: logoa eta leloa diseinatu, mahaingurua egin, artikuluak kaleratu...
  • planean inplikatuko diren enpresak lortzea; informazioa bidali, telefono-deiak eta bisitak egin, etab.
  • eta enpresa eta udalen arteko hitzarmena sinatzea (2004. urteko ekaina-uztailean).

Helburua ondorengo hiru urtetan hitzarmen bidez 10 langiletik gorako Urola Kostako enpresen % 30 inguruan eragina izatea da. Hiru urtetan 36 enpresa lortzea; 28 enpresa 10-50 langile dutenen artean eta 8 enpresa 50 langiletik gorakoak. Urtez urte gorako progresioa planteatzen da:

Langile kopurua200420052006
10-50 langile8 enpresa10 enpresa10 enpresa
>50 langile2 enpresa3 enpresa3 enpresa
Guztira10 enpresa13 enpresa13 enpresa


GARAPEN-URRATSA (2004ko irailetik aurrera)

Fase honetan Udal Elkarteak eta enpresek sinatutako hitzarmenean hartutako konpromisoen garapenari hasiera emango zaio. Egin beharrekoak ondorengoak izango dira:

  • Plana garatu ahal izateko egitura sortzea; enpresetan euskara-arduraduna izendatzea (enpresa handien kasuan euskara-batzordea ere bai), Udal Elkartean koordinatzailea izendatzea, aholkularitza esleitzea...
  • enpresa bakoitzak hartutako konpromisoak betetzeko lan-plana diseinatu eta garatzea.
  • eta hurrengo urteetan (2006. urte arte) hitzarmena sinatuko duten enpresa gehiago lortzea.

Beraz, 2004. urte honetan Urola Kostako 10 enpresekin hitzarmenak sinatzea aurreikusten du Planak eta zalantzarik gabe horretarako, lan-munduko eragile guztion inplikazioa eta laguntza beharko dugu.

Apirilaren erdialdetik ekaina bitartean Urola Kostako udaletako eta Elhuyar Aholkularitzako ordezkariak enpresetako ordezkariekin harremanetan jarriko dira euren asmoen berri jakiteko.

Plan honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazue Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Zerbitzura (euskara@urolakosta.org , 943-894306).


(XABIER URDANGARIN LASA Urola Kostako Udal Elkartearen Euskara Zerbitzuaren arduraduna da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus