Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen ordua iritsi da lan munduan

Euskararen ordua iritsi da lan munduan

2004-03-29 / 08:11 / erabili.com   ENPRESA

Enpresaz enpresako aurtengo negoziazio kolektiboetan euskarari buruzko klausula berezi bat txertatuko dutela iragarri dute ELA eta LAB sindikatuek, euskararen normalizaziorako “urrats praktikoak” eskatzeko.

Sindikatuen txanda iritsi da

Sindikatuen txanda iritsi da

Martxoaren 15ean erabili.com-en argitaratu genuen bezala, ELA eta LAB sindikatuak gertu daude euskararen normalizazioan lehen urratsei ekiteko. Azken urteotan euskara sustatzeko ekimen ugaritan parte hartu dute ELA eta LAB sindikatuek beste arlo batzuetako euskalgintzako eragileei laguntza eskainiz. Orain, berriz, ardura eta gidaritza hartzeko txanda iritsi zaie: euskara beren jardun arloan sustatze aldera erantzukizun osoa hartuko dutela jakinarazi dute. Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak berretsi duenez: "Herritarren hainbat ekimen babestu ditugu, baina ordua iritsi zaigu eragile propio bezala euskararen normalizaziorako konpromiso aktiboak hartu eta bultzatzeko".

Orain arte ezer gutxi

Azken urteotan lan-munduan euskarak bizi duen egoerari buruz zera azpimarratu du Rafa Diez-ek: "Bazirudien enpresako atetik aurrera euskara desagertu egiten zela: harremanetan, plangintzetan, produktuak merkaturatzeko orduan... Orain, ordea, enpresek euskarari ateak irekitzeko ordua da". Euskara eta lan munduaren inguruko diagnosia egin ez ezik, Euskal Herriko datu estatistikoak ere eman dituzte: 50 langile baino gehiago dituzten 2.600 enpresetatik ehun enpresa baino gutxiago dira euskararen normalizazio plana egin eta horren garabidean lanean ari direnak.

Orain artean lan munduan euskararen erabilera ziurtatu ez izanak enpresa munduko hizkuntza normalizazioa egoera larrian jarri du sindikatuetako bozeramaileen iritziz, hala, euskara eta enpresen arteko errealitatea "gordintzat" jo dute. Beraien esanetan "amildegia dago gizartearen hizkuntz errealitatearen eta euskarak lan munduan eta enpresetan duen presentziaren artean".

Euskal gizartearen nahiarekin bat

ELA eta LAB sindikatuek, eragile sozial diren neurrian, bat egin dute euskal herritarren gehiengoak euskara sustatu eta normalizatzeko duen nahiarekin. Hizkuntza eta lan munduaren arteko harremana indartzeko konpromisoa hartu ez ezik, enpresetan euskararen errealitatea hobetze aldera, euskararen normalizazio planak eta dinamikak bultzatuko dituztela adierazi dute.

Sindikatuen konpromisoak

Ildo horri eutsiz, ELA eta LABek lan munduan jauzi kualitatiboa ematea nahi dutela adierazi dute eta horretarako konpromiso jakin batzuk hartu dituzte. Aurtengo helburu nagusia, negoziazio kolektiboan, hitzarmen sektorialetan eta enpresetako hitzarmenetan euskararen aldeko aldarrikapena egitea izango da. Eta horretarako, lehenik eta behin, euskarari buruzko klausula berezi bat txertatuko dute; euskararen normalizaziorako "urrats praktikoak" eskatuko dituena, hain zuzen.

Euskara lan-baldintzen kalitatearekin uztartuta

Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko lehen arrazoia hizkuntza eskubideekin lotzen dute sindikatuek. Hala eta guztiz ere, hizkuntz eskubide kontua baino gehiago ere badela gogorarazi dute sindikatuek. Sindikatu abertzale hauen esanetan: "Euskararen erabilera bermatzeak enpresaren kalitatea hobetzen du". Beraz, langile euskaldunen lan baldintzen kalitatea bermatu nahi dute sindikatuek. Horrez gain, enpresetako zerbitzuen erabiltzaile eta produktuen erosle euskaldunei zuzenduriko kalitateaz ere egin dituzte hausnarketak.

Jarrera aktiboak ezinbestekoak dira

Helburu horiei eutsi eta indarra emateko, hala ere, enpresarien eta langileen arteko jarrera aktiboak ezinbesteko direla aitortu dute ELA eta LABek. Jose Elorrieta ELA sindikatuko idazkari nagusiaren esanetan, "langileen konpromisorik edo onarpenik gabe euskarak ez du normalizaziorik lortuko enpresetan". Eta ez hori bakarrik, enpresarien jarrerak ere egokia izan behar duela gaineratu du.

Gizartearen eskaria enpresetara

"Ordua da, enpresan euskaraz" kanpainak euskal gizarteak behin eta berriro euskara normalizatzeko adierazi duen premia lan mundura helarazi nahi du. Horretarako, kartelak eta esku-orriak banatuko dituzte enpresa eta lantoki guztietan.

Euskalduntzeko kanpaina, ordea, ez da epe motzeko kanpaina labur bat. Eta hain zuzen ere, epe luzerako egitasmoak ere zehaztuak dituzte eta hori guztia lortzeko metodoa eta jarraibideak mamitu dituzte. Ildo honetatik, 2003. urterako, negoziazio kolektiboari buruzko akordio konfederalean euskararen erabilera enpresetan bultzatzeko konpromisoa hartu zuten.

2004. urtean, berriz, aurrerapausoa emateko xedez, negoziazio kolektiborako akordioaren bitartez, "hizkuntza-normalizazio planei ekitea" erabaki dute. Horretarako, lehen euskarri eta baliabidetzat legea hartu dute eta enpresetako arautegietan euskararen erabilera ziurtatuko duten arauak zehaztu behar direla aldarrikatu dute.

Lan-ildoak finkatuta daude

Hemendik aurrerako lan egitasmo nagusiak ere zehaztu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Egitasmo hauek guztiak bideratzeko urratsak ideia nagusi hauetan oinarritzen dira:

  • Euskararen erabilera indartu behar delako diskurtsoa landuko dute.
  • Lege orokorrak landu eta horiek bideratzeko tresnak moldatuko dituzte.
  • Maila interprofesionalari dagokionean, babes edo marko instituzionalizatu bat landuko dute.
  • Normalizazio planari eusteko prest leudekeen enpresak aukeratuko dituzte.
  • Enpresetan euskara sustatzeko beharra gizarteratzen lagunduko duen kanpaina burutuko dute.
  • Euskararen normalizazioaren inguruko hausnarketak sakontzeko jardunaldiak antolatuko dituzte.

Xede eta egitasmo hauek guztiak aurrera bideratzeko elkarlanerako bideak zehaztu behar direla ere aitortu dute ELA eta LABeko ordezkariek. Hori guztia lorbidean jartzeko jarrera baikorra eskatu die langile, erakunde publiko zein pribatuei.

Inprimatu

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus